Maria Eugenia Arrizabalaga
21Urria
2009
21 |
Iritzia

Nork ulertu dezake Españako "zuzenbidezko estatua"?

Maria Eugenia Arrizabalaga
Urria 21 | 2009 |
Iritzia

AZKEN gertakizunek ez dute bakearen lorpena ikusmugan kokatzen. Rubalcaba Barne Ministroak abuztuan iragarri zuen, "nahiz eta indarkeria gaitzetsi, ezker abertzaleak ezingo dio aukera politiko berri bati bide eman, ez ETAk bizirauten duen bitartean". Esaldi horrek harri eta zur utzi gintuen, ETAren iharduera ankerra ez gaitzestea izan baita azken urtetan, PPek eta PSOEk Alderdiaren Legea indarrean jarri zutenetik, zenbait alderdi politiko jokoz kanpo uzteko erabilitako arrazoia.

Hala baina, Rubalcabak esan bezala, ezker abertzalearen erraietatik ezingo da, nonbait, inolako aukera politiko berririk sortu, bere helburua ildo politiko hutsetan oinarritua egonda ere, ETAren iharduera armatuari muzin eginda ere. Atzekoz aurreko logika horretan ulertu daiteke, erraz askorik, Garzonek egindako azken operazioa, non Otegi, Etxeberria, Diez Usabiaga eta beste zazpi lagun atxilotuak izan diren, ETAren aginduei jarrai, Batasunaren bertsio berri bat indarrean jartzeko saiakeran ari zirela aitzakiatzat hartuz.

Azken aspaldian Espainiak ohituta gauzka zuzenbidezko estatuaren izenpean legearen edonolako moldaketetara, eta eskubide politiko eta zibilak ez ezik, norbanakoen eskubideak ere ezabatzen dituen sistema politiko eta judizial baten joan etorri bitxietara. Dagoeneko gehiegi ohituta gaudela somatu arren, etengabe sortzen dira harridura berri bat eragiten diguten albisteak.

Egia da ETAren iharduera krudelak eta euskal gizartean honek eragin duen saminak argudio ikaragarriak eskaintzen dizkiela legearen bermeak eta bere aplikazioa irauli dituztenei. Eta hauxe da, hainbat eta hainbat familiatan eragindako dolua eta beldurra ez ezik, ETAk Herri honi eskaini dion ondorio politiko bakarra.

Baina, "dena ETA da" esate hutsak ez gaitu itsu uzten; oraindik ere guzti honen atzean dagoen joko maltzurra ikusteko gai gara. Eta joko horren bidegabekeriazko ondorioak salatzeko ahalmena gordetzen dugu.

"Dena ETA da" esanez ilegalizatu dituzte orain artean ezker abertzalearengandik sortutako alderdi eta mugimendu politiko guztiak. Ilegalizazio horrengandik alderdi politiko espainolek etekin politiko mardulak jaso ere, jaso dituzte, Eusko Legebiltzarrera eta Jaurlaritzara begiratu besterik ez dago. Emaitzari "normalizazioa" deitu diote. Euskal Herriaren ukapenaren eskutik ezarri nahi diguten "normalizazioa".

Orain berriz, ez dira mugatuko alderdi politiko berri baten ilegalizaziora; alderdi berriaren ernaltze beraren porrota dute, antza denez, helburu, "Batasunaren Mahai nazioanala birsortzeko saiakera" berri bat besterik ez dela egotziz. Bere horretan, demokraziaren, partaidetza eskubidearen, ordezkaritza politikoaren eta adierazpen askatasunaren ikuspegitik, larria litzateke; baita lege sistemak berezkoak izan beharko lituzkeen bermeen ahultasuna berriro agerian jartzeagatik ere. Baina azken aspaldian denon belarrietara iritsi diren zurrumurruak egi antza izan badute, Garzonen azken operazioak larritasun-plusa du, euskal herritar guztiok gordetzen saiatzen garen bake itxaropena itzaltzera jotzen baitu. Nola lortu benetako bakea eta Herri honen benetako normalizazioa iharduera politikotik, ETAren ukaziotik, ez bada?

Guk, abertzale eta bakezale izanik, beti ukatu dugu ETA. ETAren ankerkeria eta hark eragindako oinaze zenbakaitza. Baina, beti, aldarrikatu dugu ere gure Herriaren, Euskal Herriaren normalizazio politikoa, demokrazia sendo batetan eta herritarren gehiengoaren borondatean sostengatua. Bakea lortu ahal izateko, hitza eta elkarrekiko begirunea erein beharra azaldu dugu. Euskal Herria herritarren erabaki-tzeko eskubidean eta bakearen lorpen desiratuan eraikitzen dela sinestuta gaude.

Gertatzen direnak ikusita, zer da Espainiak Euskal Herriarentzat nahi duena? Ezker abertzalearen aldekoak ezin al dute ETA ezetsi? ETAk al du, Espainiako ministroen eta epaileen iritzitan, ezker abertzalearen kanporaketa kronifikatzeko ahalmena?. Demagun, ETAren oniritzirik gabe ETAri ezetz esaten dion ezker abertzalerik sortuko balitz, ETAren izateak sorrera eragotziko al lioke?

Guzti honek analisiaren hondora garamatza: Estatuak, ekintza hauen bitartez prozesuak kontrolpean mantenduko dituen eszenatoki bat osatu nahi du; eta zenbait mugimendu ezinbestean izanez gero, Estatuak, gutxienez, bere kontrolpetik at gera daitekeen edozein ekimen politiko eta demokratiko denboran atzera bota nahi du.

PARTEKATU