Zuen aurrean agertzen naiz gaurkoan, oraingoa izan ezik aurreko Legegintzaldiotako Herrizaingo Sailburuen ondoan. Beraien aurrean eta beraien ondoan, Ertzaintzak bere sorkuntzatik izan duen ibilbidea eta eman duen zerbitzua aldarrikatu eta eskertu nahi dugu; eta, horrekin batera, EAJ-PNVk Erakunde honekiko duen adiskidetasuna eta babesa adierazi nahi du. Orain eta gero, Ertzaintza izan eta izango delako Polizia Integrala, eta Euskadiko Autonomi Erkidegoan bera delako banakako eta talde segurtasunerako arduradunik gorena.
Hitz hauekin Ertzaintza guztien lana omendu nahi dugu. Beren lan, ahalegin eta esfortzuarekin erakutsi dute polizia gizalegezko eta demokratikoa dela. Azken bi asteotan ikusi dugu egoera ezberdinetan modu batean edo bestean polizia talde honen eta bere arduradunen egitekoa auzitan jarri dela. Horren aurrean EAJ alderdiak ertzaintza bakoitzari, banan-banan adierazi nahi diogu gure eskerrik beroena, Euskadiko Autonomi Erkidegoaren lur honetan erroak dituen polizia demokratikoa izan delako; hor egon delako, Euskadiko hiritarron segurtasunaren alde egiten; beti, Zuzenbidezko Estatuari eta Euskal Autogobernuari zor zaion errespetutik abiatuta.
Eta, Arkauteko Akademian egin genuenaren ostean, gaurko honetan bereziki, Euskadiren zerbitzuan terrorismoak eraman dituen edo larriki zaurituta utzi dituen ertzaintzak omendu nahi ditugu. ETAk hasieratik pentsatu zuen Ertzaintza bere arerioa zela eta gogor ekin dio euskal autogobernuaren zutabe den hau erasotzeko. Ertzainen aurkako atentatuak egin ditu eta beraien ospe ona zapaltzeko kanpaina luze, zikin eta lotsagarria garatu du. Beraien odolak, terrorismoaren biktimen odolarekin batera, Euskal Herria osoa min eta sufrimenduz bete du. Baina, beste aldetik ere, odol hau da askatasunaren, bakearen eta bizikidetzaren alde ematen den tributua. Askatasuna, bakea eta bizikidetza, horiek dira, polizia guztiek gizartearentzat gorde eta zaindu behar dituzten baloreak.
Arro gaude zuotaz, EAJ alderdiak Ertzaintza zuzentzeko aukeratu dituen emakume eta gizonetaz. Gaur, zoritzarrez, hemen falta zaizkigu Luis Mari Retolaza eta Jose Manuel Martiarena, azken hau ez dagoelako Euskadin. Zuen bizitza pertsonala eta zuen lana eman duzue hain kargu ohoragarri baina latzean. Alderdiaren izenean, gure esker onik sendoena, gu guztiokin, euskal gizarte osoarekin konpromisoa hartu zenutelako; egunez egun, urtez urte, ekimen osoz, Euskadiren alde lan egin duzuelako, euskal gizartea askatasunean bizitzea zuen helburua izan delako.
Esteban Urkiaga gudari eta olerkariak, Lauaxeta bikain eta sentiberak hauxe idatzi zuen: "Dana eman behar jako maite dan Askatasunari". BAI! Hori bai dela Ertzaintza guztientzat idatzitako esaldia, zuontzat guztiontzat hain zuzen. Zuen ibilbide horretan benetako esanahia hartzen du gure Lauaxetak esan zuena.
Baina, ez gara iraganaz soilik arituko. Orainaz eta etorkizunaz ere hitz egin nahi dugu. Argi eta garbi adierazi nahi dugu Ertzaintza babestu eta lagundu egiten dugula, era guztietako delinkuentziaren kontrako borrokan, eta beti ere gure gizartean bizikidetza ona eragiteko ahaleginean. Beti izango dute gure ulermena eta gure laguntasuna, Giza Eskubideak oinarri izan dituelarik, bera izan da Euskal Autogobernuak emandako Polizia bakar eta integrala. Guk europar segurtasun sisteman guztiz integratuta egongo den Ertzaintzaren aldeko apustua egiten dugu. Polizia Autonomoaren aldeko apustua egiten dugu, autonomiko izatea baino gehiago dena, segurtasun taldeekin lankidetzan jardungo duena, baina inoiz ere haien menpean.
Polizia euskalduna eta euskaldundua, Herri honetako etxe eta familietatik sortua. Zuzenbidezko Estatuarekiko begirunetik abiatuta, terrorismoa jazartzen eta borrokatzen du zorroztasun eta esfortzu bereziarekin. Euskaldunoi dagokigu egiteko hau, terrorismoari aurre egitea eta haren kontra egitea. Bereziki, Ertzaintzari dagokio lan hau. Horretarako, Euskal Instituzioek, orain arte egin duten moduan, beharrezko dituen giza baliabideak eta materialak eman behar dizkio bere lana era seguru eta eraginkorrean egin dezan. Eta, jakina, Estatuko eta Europako instituzioek gainerako europar poliziei ematen zaien lankidetza eta laguntasuna eman behar diote.
Gaur eskaintzen diren "linea bero" horietatik harago -eta, adierazpen horren esanahia ezagutu nahiko genuke, hau da, orain arte ezagutu dugunarekin alderatuta- eta, egoera politiko berriek sortutako borondateetatik harago, gure ustez hauxe da une egokia eta aproposa Ertzaintza erakundeak gaindi ditzan bidean izan dituen oztopoak. Ondorioz, dagokion lana egin dezan, hau da, Gernikako Estatutuak agindu dion egitekoa, euskal gizarte osoak eskatzen dion zerbitzua.
Besterik ez. Amaitzeko, errespetuz eta esker onez betetako agur bero eta hunkitua bidali nahi diegu zortzi mila ertzainei eta beren familiako guztiei.