Nahikoa daukagu abertzaleok eta EAJ alderdizaleok azkenaldion PSOEren Gobernuak martxan jarri duen itxurakeria eta marketin kanpainarekin! Gobernatzeko era berriei buruz hitz egiten zigun lehengo egunean PSOEko legebiltzarkide batek komunikabideotan, aho betez, Eusko Jaurlaritza berriak ekarri dituen haize berriak goraipatu eta neurri berriei buruz sasi-maisutasunez hitz eginez.
Adostasun zabala lortzearen alde agertzen omen da PSOE, berorren iritzi-artikuluaren arabera. Lehenik, eta hitz baten esanda, ez da EAJ adostasunaren aurka agertuko den alderdia inoiz. Ez da horrela izan bere 114 urteko ibilbide politikoan eta ez da sekula santan horrela izango etorkizunean ere. Elkar-ulermena izan da beti geure ildo politikoaren oinarri eta horretan jarraituko dugu. Baina mezuak ez dira maltzurkeriaz aldrebestu behar. Normala da bakoitzak bere opilari ikatza hurbiltzea, baina ez modu horretan. «Eskua luzatzearen beharra» hitzetik hortzera darabilte azkenaldion PSOEren buruzagiek eta ez gara gu ziri horretan sartuko. Eskua aurrera eta eskua atzera, esku hori Jaurlaritza laguntzeko behar dela eta abarrak. EAJk argi asko ezagutzen du beso hori, eta historiak erakutsi digu ez dela fidatzekoa. Hala ere, Euskadirentzat emankor eta mesedegarri den edozein ekimenetan, EAJ beti izango da hor, eta, tentuz, EAJk erabakiko du noiz eta nola lagunduko dion Jaurlaritza horri. Baina ez ditzagun gauzak nahastu. Ematen du memoria hauskor eta makala daukatela zenbaitzuek. Esku hori PPren altzotan jarrita daukatela gogoratuko nieke batzuei lehenik. Eta gero, gerokoak. Adostasun zabalak eta eztabaidarako eremuak bilatzearekin, ados, beti, baina ez edonola.
Gobernatzeko era berriak aipatzen dira. Hilabete batean. A zelako marka! Erabaki, jarduera, neurri berriak. Ekonomia berpizteko ekimenak, babes urria dituztenentzat neurri zehatzak, gizarte larrialdietarako laguntzak. Milioiak eta milioiak, euroak barra-barra. Hitz potoloak! Hedabideak bidelagun, edonor ager daiteke ekimenen bultzagile eta eraberritzaile gisa. Aurrekoen jardunetik etekin mamitsuak jasotzea uler genezake, abileziak abilezia, baina ez da zilegi. Eta horiek guztiak argitzea ere komeni da. PSOEren jaurlaritzak dituen bozgorailu guztietatik uler genezake krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri horiek guztiak berritzaileak direla. Zeinek daki Lopezen gobernuak iragarritako autonomo, enpresari eta enpresa txiki eta ertainentzako 500 milioi euroren laguntzak Ibarretxe lehendakariaren gobernuak aurreikusita zituela 2009rako? Bertsuak direla? Ez dagoela inolako nobedaderik? Zeinek daki gizarte larrialdietarako publizitatu dituzten diru-laguntzetan ere ez dagoela berrikuntzarik? Aurreko Gobernuak mugarri sendoak ezarri zituen gizarte politikaren arloan. Ahaztu dutenentzat gogoratzea besterik ez ditugu: Familia Legea, Diru Sarrerak Bermatzeko Legea eta Gizarte Zerbitzuen Legeak. Horiek zutabe dira. Hortaz, zeregina, orain, horiek martxan jartzea da. Gizarte politikaz gabiltzala, ez nuke tintontzian utzi nahi, bide batez, eremu honetan ditugun eskakizunak. Ordua litzateke alargunen pentsio baxuak, jubilatuenak eta Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren igoeren eskakizuna Gobernu espainolaren aurrean behingoz aldarrikatu eta eskatuko balute. Are gehiago, lehen itxita zeuden ate batzuk zabalik direnean eta Espainia eta Euskadi arteko gobernuen artean «linea beroa» zabaldu den aldi berri honetan.
Gobernatzeko era berriak aipatzen dira, bai. Hilabete batean. Marka itzela, bai, baina ez, ordea, eztabaida ireki eta zabalaren lekuko. Zer eztabaida ireki? Mezu horrek ez du salmenta onik azken egunotan Eusko Legebiltzarrean ikusi ditugun sailburuen agerraldiak ikus-entzun ditugunon aurrean. Espetxe politikaren eskumena ez dela transferituko, Bakea sustatzeko Hezkuntza Planaren ildo nagusiak aldatuko direla edota Ertzaintza Schengen hitzarmenean gehitzeko aukera urriak dituela jakinarazi digute Legebiltzarrean. Zoritxarrez, horrelako hamaika ikusteko jaioak garela ematen du legealdia honetan.
Gobernatzeko era berriak aipatzen dira. Hilabete batean. «Euskal gizartean aldaketa ikusten hasi da», diote batzuek. Aldaketa? Argi berria piztu ote da? Onerako ala txarrerako ote? Sumatzen dut onerako guztiak aurrekoek ezarri dituztela dagoeneko eta, txarrerakoak, ikusten hasiak gara Gobernu berriaren hanka-sartzeekin: web orri alderdikoi bat martxa-jartzea edota Guggenheim-aren diru-partiden ezjakintasun nabarmena, esaterako. Aldapa malkartsuan, EAJk tinko eutsiko dio. Eta, gobernu berri eta argi berriekin gabiltzala, guk argi daukagu; «ez dugu inoiz esango azken burukoa dela, milaka gara ta eguzki berriaren argia geurea da».