Iñigo Urkullu
21Maiatza
2009
21 |
Hitzaldia

EITBren inguruko Prentsa aurrekoa

Iñigo Urkullu
Maiatza 21 | 2009 |
Hitzaldia

Atzo eta gaur ere, komunikabideek azaldu dituzte Eusko Jaurlaritzak Euskal Irrati Telebistarako dituen balizko egitasmoak; eta, hain zuzen ere, zuzendaritza taldearen inguruan dituen planak. Azken hilabete hauetan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak baino lehenago eta ostean ere, PP eta PSE alderdiek eta Patxi Lopez lehendakariak ere, behin eta berriz hitz egin dute Euskal Herriko komunikabideei buruz. EAJ isilik geratu da, adierazpen hauek alderdi bi hauen diskurtso politikoak zirelakoan, eta zain geunden auzi hau Instituzioetan agertu arte. Orain, Eusko Jaurlaritza berriak publikoki onartu egin du pertsona zehatzak dituela buruan Euskal Irrati Telebista zuzentzeko. Beraz, EAJri ere iritzi zaio hitz egiteko garaia.

Heldu da garaia orain arte esan gabe geratu dena azaltzeko. Euskadiko Alderdi Sozialista eta EAJ alderdiok igaro den legegintzaldian  sinatu genuen EITBren gaineko akordio luze, zehatz eta argia. Eusko Legebiltzarrean alderdi biotako bozeramaile ziren José Antonio Rubalkaba eta Rodolfo Aresek sinatu zuten, eta bertan azaltzen zen alde batetik EITBren erreforma zabala, eta bestetik Erakundearen gaineko Legea berriztatzeko oinarriak ezartzen ziren, besteak beste, Zuzendari Nagusi berria  aukeratzea eta taldearen kudeatzea sendotzeko konpromiso sendoak.

Zehatzago esanda, Erakundearen Administrazio Kontseiluaren osaketa berria zehazten zen, eta horretarako Batzorde Exekutiboa sortuko zen, oraingoak baino eskumen eta egiteko zabalagoak izango zituena. Horrez gain, Zuzendari Nagusia aukeratzeko era berria aurreikusten zen, prozesua errazteko eta interinitate aldi luzeak ekiditeko, azken bi legegintzaldiotan bizi genituenak esate baterako. Horrek gai guztiak batuko zituen EITBren gaineko Lege berria, artikuludun testu bidez hitzartua izan zena, lehen aipatutako akordioa sinatu ostean; eta, lehenago ere esan dut, alderdi biotako ordezkariek sinatu zutena: Rubalkaba bera, Isabel Celaá eta Antonio Rivera legebiltzarkideek eta garai hartan EITBren Zuzendari Nagusia eta orain BBBren lehendakari den Andoni Ortuzarren laguntasun teknikoarekin.

Akordioak honakoa ezartzen zuen "Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak Legea berriztatuko duelarik, administrazio kontseilu berria izendatuko da Lege berrira egokitzeko eta EITB erakundearen Zuzendari berria izendatuko da. EAJ-PNV eta PSE-EE (PSOE) alderdiek hitza ematen dute EAJ-PNVk proposatutako hautagaia bozkatuko dutela".  

Eskura dugu akordio izenpetu honen testua, orain eta hemen esandakoa egia besterik ez dela egiaztatzeko.

Azken bi asteotan ikusi izan dugu Patxi Lopezek eskua luzatzen ziola EAJri akordioetara iristeko asmoz. Beno ba, hemen du lehen aukera bere eskaintzaren benetakotasuna erakusteko. Ez du ezer berririk negoziatu behar, alderdi bion artean adostutakoa eta orain arte ezagutzera eman ez dena betetzea baino ez dauka. Eta, ulertuko duzuenez, esandako hau ez bada orain arte jakinarazi, ez da izan EAJren interes edo borondateagatik.

PARTEKATU