Iñigo Urkullu
02Maiatza
2009
02 |
Hitzaldia

Zaldibarko batzokiaren berinaugurazioa

Iñigo Urkullu
Maiatza 02 | 2009 |
Hitzaldia

Egunon! Ospatzeko eguna dugu gaur. Beti da ospatzeko eta zoriontzeko gauza, Zaldibarkoa moduko Batzoki bat berriztatzen eta eguneratzen denean.

Gure Batzokiak beti izan dira gure ekimen politikoa agerian jartzeko erakustokirik onenak; eta, jakina, izaten jarraitu beharra dute geroan ere. Gure Batzokiak lehen, orain eta geroan be izango dira pertsonengandik hurbil egoteko tresnarik onenak, gure hiritarren ondoan egon gaitezen.

Batzokiak dira gure herrietako kezkak eta interesak biltzeko tokiak, eta horrela jarraitu behar dute geroan ere. Entzuten jakitean oinarritutako gestio politikoa egiteko gai izan gaitezen, denei irekita dauden egoitzak dira gure Batzokiak.

Eta, gaur, urrats berria emango dugu norabide egokian. Gaur, Zaldibarko Batzokia berrinauguratzen dugulako. XXI. Mendeko Batzokia, XXI. Mendeko hiritargoari zuzendua.

Izaskun Bilbaori entzun berri diogu. Izaskun argia eta zuzena da. Badaki konfiantza eta sinesgarritasuna adierazten, berak ordezkatzen baitu emakumeen lidergo berritzailea. Konfiantza eta sinesgarritasuna dira erabili ditudan hitzak eta Rodriguez Zapaterok ez du ez bata ez bestea transmititzen. Ez du orain egiten  eta are gutxiago transmititzen zituen Patxi Lopez hasi baino lehenago. Ez dakigu zein den Euskadirentzat planteatzen duena, hitzarmen orokorretik jakin duguna salbu. Kanpaina aldian topaketaren inguruan egin zituen agindu haiek, Patxi Lopezek zakarrontzira bota ditu lotsatu gabe. Beno......bai, gauza bat jakin badakigu, Arantza Quiroga Legebiltzarraren lehendakariaren lehen erabaki instituzionala izan da Gernikako Bonbardaketaren urteurrenean ez agertzea. Hori da Patxi Lopezen botoarekin aukeratua izan den Lehendakariaren erabakia. Paper gainean izango da agian Patxi Lopezen gobernua, baina praktikan, Madrilgo PPren eskuz idatzitakoa eta gidatutakoa izango da. PPren iritziz Espainiaren interesekoak edo Zapateroren esanetan interes orokorraren mesederako atzera egiteko politikak nagusituko dira. Atzera egiteko politikak estatutuaren inguruan, hezkuntzaren inguruan, euskararen inguruan... Bakarrik joango den gobernua bizi dugun egoera honen aurrean... Abenturaren amildegira sartu den gobernua; eta, Basagoitik berak esan duen moduan " PP delarik Lehendakaria jarri eta kentzen duena".

Izaskunen ezaugarririk nagusiena azpimarratu nahiko nuke orain: lan gogor, sendo eta etengabean oinarritutako konpromisoa. Bere jarduerak Eusko Legebiltzarraren Presidente gisa, ondo baino hobeto erakusten du hau, eta eurolegebiltzarkide gisa egingo duen lanerako bermea da.

1.- Garrantzizkoa da, Izaskun Bilbaoren eskutik, Euskadik bere ahots propioa izan dezan Europan. Garrantzizkoa da Izaskun Bilbaok Europan gure hiritargoaren interesak defendatzea. Eta, garrantzizkoa da Euskadik jakitea Euskadin bertan gertatzen dena; eta, hemen ere ezagutu dezagun Europan erabakitakoak Euskadin duen eragina. Horretarako, EAJk bere tokia behar du Europan, Izaskun Bilbaoren lanaren bidez.

Zalantzarik gabe, Euzko Alderdi Jeltzalea da Euskadiren alde egiten duena, bere interesak defendatzen dituena; hau da, Euskadiko interesen alde egiten du Udaletan, Aldundietan, Eusko Legebiltzarrean eta Europar Legebiltzarrean.

EAJ Europan ez badago, nork defendatuko ditu Euskadiri eragiten dieten gaiak eta ardurak? Gai garrantzitsuak dira hauek: politika ekonomikoa, arrantza, kultur aniztasuna, gutxitutako hizkuntzak, nekazal politika eta abarrak... Izaskun Bilbaok defendatuko ditu aurreko urteetan Andoni Monforte, Jon Gangoiti, Josu Jon Imaz eta Josu Ortuondok egin duten moduan.

Gure konpromisoa da Europan adieraztea Euskadik pentsatzen duena eta Euskadik behar duena. Eta, ondorioz, Euskadin esatea Europan gertatzen dena, eta Euskadirako izan daitezkeen ondorioen berri ematea.

Euskadik Europan egon behar badu, Euzko Alderdi Jeltzaleak Europar Legebiltzarrean egon behar du. 

2.-  CiU, Coalición Canaria, Partido Andalucista, Bloc Nacionalista Valencià, Unió Mallorquina eta Unió Menorquina alderdiekin batera eratu dugun Europarako Koalizioak Espainiar Estatu eta Europa aberri anizdun, kultur anizdun eta hizkuntza anizdunaren alde egiten du.  .

Guretzat, demokrazia aniztasuna da. Demokrazia da ezberdinen artean egindako politika. Demokrazia da ahotsa duten gutxiengoek osatzen dutena. Ezin dugu onartu, ez dugu onartuko PP-PSE horien arteko bipartidismorik.

EAJ eta Europarako Koalizioa dira hurbileko ordezkariak

PP eta  PSOEk alderdi biko Espainia nahi dute. Aniztasunik gabea..

PP eta PSOErentzat Europa ez da orain lehenetsi beharrekoa. Espainia jokoan jartzeko aitzakia baino ez da. Indarrak neurtzeko erabiliko dute, alderdi biren arteko lehia baino ez zaie interesatzen. 

Eta, Euskadiko botoak, Espainian gobernatuko duena zein den erabakitzeko baino ez dituzte nahi.

Kolore bakarrekoa izateak suposatzen duen berdintasunaren aurrean, aukera kolore anizduna ordezkatzen dugu, gure gorri, berde eta zuriarena. Eta, horiekin batera datoz Catalunya, Kanariar Irlak, Andaluzia, Valentzia eta Balear Irlek ordezkatzen dituzten koloreak. Gu guztiok biltzen gaitu Europarako Koalizioak.

3.- Euskal hiritargoaren arazoak izango dira Europan garatuko dugun jardueraren ildo nagusiak.

Euskadiren arazoak krisia eta langabezia badira, horiek ere izango dira Europan izango ditugun kezka nagusiak.

Azken hauteskunde kanpainan ere esan genuen: Sinesmen osoa dugu Euskadin, bere indarrean, bere gaitasunean. EAJk lidergoa du instituzioetan eta horri esker, azkenak izan ginen krisian sartzen. EAJk bere aldetik jarriko du ahalegina, krisialditik irteten lehenak izan gaitezen.

Hurbiletik jarraituko diogu Patxi Lopezek eta PPk babestutako bere gobernuak egingo duten politikari. Ez dugu  Rodriguez Zapaterorena egiterik nahi. Ez dugu Zapateroren  huts egite berberak egiterik nahi. Ez dugu gastatzerik eta errealitatera bere nahien arabera ezkutatzerik nahi, inbertsioak nahi ditugu. Ez dugu baliabideak alferrik botatzerik eta galera jasanezinak  eragiterik nahi. Etorkizuna sortzea nahi dugu. Eta, ez dugu onartuko Euskadiri  gertatzea Rz Zapateroren Espainiari gertatu zaion gauza bera.

Beti izan garen moduan, arduratsuak izango gara Euskadirekin. Euskotarrak, gara eta Euskadi dugu aberri. Beti defendatuko dugu Euskadi.

Beraz, PP-PSOE alderdiek ekainaren 7ko Europarako Hauteskundeak, Espainiako hauteskundeetarako lehen hautespen aldia izatea nahi badute, guk bistaratu beharra dugu martxoaren 1eko hauteskunde autonomikoetan lortu genuena.

 Sozialista eta Popularren arteko  muturreko hitzarmen horrekin desengainatuta daudenei,  eta aukeratutako lagunek dituzten benetako asmoak ikusirik Eraikitzeko dugun konpromisoa eskaintzen diegu, krisialdi ekonomikoaren kontra eta Bakearen eta euskal autogobernuaren alde. Baina batez ere eskaintza hau egiten diegu euskal hiritar guztiei, gizarteak jakin baitaki EAJ-PNVren helburu bakarra Euskadi dela, "Orain inoiz baino Gehiago".

Ekainaren 7an, euskal hiritargoak martxoaren 1ean Euzko Alderdi Jeltzaleari eman zion lidergoa indartzeko aukera du.

Ekainaren 7an Euskadik botoa eman behar du. EAJ-PNVri eman behar dio botoa. Europarako Koalizioaren alde. Izaskun Bilbaoren alde. Europan, Euskadiren ahotsa.

PARTEKATU