Egun on. Buenos días. Aurkezpen honetara gatoz gu, estatuko alderdiak Bruselara joango diren bezala.
«Egun on» esateko beharrarekin, «Buenos días» esateko beharrarekin. Eta proiektuko nire kideek «Bon dia» esan dute eta esango dute. Pluraltasunaren eta aniztasunaren oroigarri praktikoa da.
Aurkezpen eta hauteskunde hitzordu honetara gatoz, gogorarazteko ez garela bizi zuria ala beltza, gorria ala urdina den estatu batean; kolore anitzeko estatu batean bizi gara, estatuko alderdi handiei gustatu edo ez.
Dirudienez, batzuentzat, Europako hauteskunde hauetan, Europak berak du garrantzi gutxien. Espainiako politikaren «minutua eta emaitza» zein den jakiteko baino ez dute jokatu nahi; aurretik nor doan, gorria edo urdina.
Eta guk gaur goizean nabarmendu nahi dugu Europa garrantzitsua bada, garrantzitsuena estatuko eta, beraz, Europako pluraltasuna eta aniztasuna islatzea dela.
Estatu plural batean bizi gara. Plurala da eta plurala izan nahi du.
Bide batez esan dezagun Rz. Zapatero presidente jarri zenean Espainia plurala aldarrikatzen zuela, eta bigarren legegintzaldi honetan, aldiz, ideia hori desagertu dela haren diskurtso politikotik. Edo are okerrago, parlamentuan dituen beharren arabera diskurtsoan sartu edo alde batera uzten duela. Beraz, hor ez dago inongo uste sendorik: Rz. Zapaterok ez du inoiz politika argirik izan.
Iazko astean Rodriguez Zapateroren bozeramaile ezagun bati esaten entzun nion, gorritu gabe gainera, hauteskunde hauek berebizikoak izango direla Europa eskuma aldekoa edo aurrerakoia den jakin ahal izateko. Euskadin beraiek erabaki dute jada gobernua formalki sozialista izango dela baina... erabakiko duena, erabakitzen ari dena, Alderdi Popularra da. Zenbat itxurakeri!. Hurrengo europar hauteskundeetan benetan jokoan dagoena, Europan ordezkaritza bat izatea da. Gure kasuan, euskaldunon interesak, eta ez aldiz Alderdi Popularrarenak ez eta Alderdi Sozialistarenak, defendatzen duten ordezkaritza bat izatea.
Anitza eta plurala den Europaren espiritua aldarrikatu nahi dugu guk. Eta uste sendoz aldarrikatu nahi dugu, gainera.
Estatuarentzat Europarentzat nahi dugun gauza bera nahi dugulako aldarrikatu nahi dugu hori.
Gauza bera nahi dugu han eta hemen. Askatasuna errespetatuz eraiki nahi dugu. Aniztasuna eta pluraltasuna errespetatuz eraiki nahi dugu.
Ordezkatzen dugun koalizioak «benetako europar izaera» ordezkatzen du. Europa ordezkatzen du. "Europaren aldeko Koalizioa" aniztasunaren aberastasuna ordezkatzen du.
Zuri edo beltzaren ordez, hona hemen gure koloreak.
Eta gureak, Euzko Alderdi Jeltzalearenak, honako hauek dira: pasioaren eta lurrarekiko maitasun eta konpromisoaren gorria, lur guztiak maitatzeko aukera ematen duena.
Itxaropenaren, elkartasunaren eta denontzako garapenaren berdea.
Eta bakearen zuria. Hizki larriz idatzitako bakearena. Beti praktikan jarri izan dugun bakearena. Beti landu dugun bakearena.
Modu askotan esan izan dugu, eta modu guztietan esango dut: «ETA ez»; «ETA kanpora», «ETA, alde egin ezazu gure bizitzetatik», «ETA sobera dago».
Egunotan ETAren ahuleziaz hizketan aritu dira. Nik ez dut solasaldi horretan parte hartuko, eta ez dut ahulezia mailari buruzko analisirik egingo. Ez dut horrelako arinkeriarik egingo, ezta manipulazio mediatikorik ere. Baina azpimarratu nahiko nukeena da, nazionalistak garen aldetik, bere desagerpena iragarriko duen ETA ahula nahi dugula.
Baina, era berean, ez dugu ulertzen zergatik dioten, bat-batean, Euskadin bakean eta aske biziko garela, edota 2011n bakean biziko garela. Zoritxarrez, gure ustez, arinkeria antzuak dira.
Europa bakea da. Europa maite dugu, eta bakea nahi dugu. Eta Europak bakea bilatzen jarraitzea nahi dugu, betiko eta bidezko bakea.
Europa toki-aukera aproposa da zenbait alor jorratu ahal izateko:
a.- Gureak bezalako jomuga nazionalak bideratzeko
b.- Politikaren jardunetik, egitura konposatuen Estatuen erabateko soberani kontzeptua zalantzan jartzeko
c.- Kooperazioaren bitartez ikasi ahal izateko
EAJk arrazoi hauengatik egin du beti Europaren alde. Nahiz eta jakin badakigu gaur egun dugun ereduarekin estatu gabeko nazioek ez dugula modelo honetan sarbide askorik. Hala ere, pixkanaka estatu gabeko nazioek garapen ekonomikoan eta gizarte kohesioan gero eta protagonismo gehiago izango dugulakoan gaude.
Finean, sinesten dugun hura proposatzen dugu. Aniztasuna. Askatasuna. Pluraltasuna. Europa eraikitzea, elkarrekin atxikita, modu askean atxikita.
Adostasuna lortuta eraikitzea, aberastasuna eta aniztasuna errekonozituta.
Hori da Europa. Hori da Euskadi. Eta hori bera proposatzen du gure koalizioak Euskadirako, Europarako eta Espainiako Estaturako: pluraltasuna, aniztasuna eta atxikimendu askea.