Iñigo Urkullu
06Abendua
2008
06 |
Iritzia

KONTZERTU POLITIKOA, ALDAKETA SOZIALA ETA KONSTITUZIOA

Iñigo Urkullu
Abendua 06 | 2008 |
Iritzia

Azpeitira bidean, Inaxio Uriaren hiletara joatean, bihotza uzkurtuta artikulu hau azken aldiz errepasatzen ari naiz. Non aurkitu itxaropenerako arrazoiak? Benetan uste dut norberak ahalegina egin behar duela bere erantzukizunak ahalik eta ondoen egiteko. Eta nahi horren barruan sartzen da, era berean, orainaldiari eta etorkizunari buruzko artikulu hau ere, ETAk egindako atentatu gaitzesgarriaren aurretik idatzitako lerroak, baina Azpeitiko sarraskiaren ostean aldatu nahi izan ez ditudanak.
Orain hogeita hamar urte paretak kartelez eta pinturaz josten genituen. Komunikazioa kalean egiten zen. Gaurkoaren moduko egunetan, orain hiru hamarkada, 1978ko erreferendun konstituzionalean abstenitzeko «alpargataren kanpaina» egiten genuen, ahoz ahokoa. Trantsizioko erregimen hartako telebista ofiziala baino ez genuen, eta, komunikabideak artean zentsurak kontrolatuta, mezua kalez kale zabaltzen zen. Parrokietako edota sakristietako bileretan. Gastronomia edota kirol topaketetan.

Kidetzea eta alderdi hartzea aisialdiko taldeetan egiten zen. Dendetan, jarduera kulturaletan, mendi irteeretan, txikiteo bueltetan eta tertulia garaietan.

Hogeita hamar urte geroago, liturgia hura gogoratzeak ia anekdota hutsa dirudi.

Izan ere, Euskadin gertatu den aldaketa soziala (etengabe aurreratzen ari den gizarte garatu gisa) bikaina izan da. Bilakaera ikaragarria, esango nuke.

Inork ez du ia harremanik bizilagunekin tabernan. Apenas ikusten dugu elkar eskailera buruan edota merkataritza zentro handi bateko aparkalekuan, kirol-jantzi erosoak soinean ditugula eta apaletatik aukeratutako jakiz betetako orgatxoa tontortuta dugula.

Modu selektiboan eta indibidualizatuan komunikatzen gara. Hamarka telebista eta irrati kate ditugu, mando batekin edota ahots-seinale batekin aldatzen direla. Mugitzeko erabateko askatasuna daukagu lokomozio bideei, telefoniaren hedapenari edota diseinu oso txikia duten datu terminalei esker.

Eta Interneti esker, sareen sarea. Bide horren ardatza, ordea, mezua bera da oraindik ere. Adierazteko aukera askea ematen du, baina, aldi berean, aukera asko ematen dizkigu interesatutako manipulazioa egiteko ere, mezuak ez kontrastatzeko edota txutxu-mutxuz, gezurrez edota egia izpirik ez duten mezuek eragindako desinformazioa emateko.

Hori da gizartearen eraldaketak duena. Tximistaren abiaduran ari gara aurrera egiten, eta joerei edota gaizki esanei bide emanez. Baina garbi dago, berritzea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Eta Euzko Alderdi Jeltzaleak beti eman du pauso bat aurrera aro berriei egokitzeari dagokionez.

Gaur Konstituzioaren urteurrena da, eta Euzko Alderi Jeltzaleak gure web orriarekin lotutako partaidetza erremintak aurkeztu behar zituen ekitaldi zabal batean. Hala zegoen programatuta, baina Ixaxio Uriari elkartasuna adierazteko bertan behera utzi dugu. Komunikazio erreminta berria aurkeztu nahi genuen, www.eaj-pnv.eu, komunikazio zuzenaren mundu berrira gerturatzeko. Edukien atari dinamikoa, multimedia zerbitzuak eta interaktiboak dituena; herritarrekin komunikatzea errazten duen ataria, hain zuzen. Joan-etorriko kanalekin, igorlea-mezua-hartzailea eskema tradizionala alde bietara bete dadin. EAJren mezua garbi hel dadin, zaratarik edota interferentziarik gabe, gurekin harremanetan jarri nahi duen terminalarekin zuzenean. Bertan, edozer euskal herritarrek beren ezinegonak, zalantzak, sentsazioak edota bizi-sentipenak igortzeko.

Aro berriak, behar berriak, politikan parte hartzeko modu berriak.

Arestian esan dut orain hogeita hamar urte kartelak pegatzen genituela eta pintadak egiten genituela, garai hartan Espainiako Estatuak erreferendumean ipini behar zuen Konstituzioaren inguruko iritzia emateko.

Kontsentsu hartatik kanpo geratu ginen. Gaur, ordea, uste dugu kontsentsu hark balio izan duela bide demokratikoan Espainiak aurrera egin dezan. Baina gaur, atzo bezala, Euskadirekin eta bere komunitate autonomoarekin, badu oraindik ere auzi bat betetzeke.

Gure planteamendua, garai hartan, garbia izan zen: Euskadiri autogobernu estatusa errekonozitzea, XIX. mendean indarrez kendutako modus vivendi hura. Hala aurkituko genuela elkarbizitza puntu hura.

Baina Espainiako Estatuak eta bere ordezkari politikoek ez zuten jakin aldarrikapen horri erantzun egokia ematen. Euskal lurraldeen eskubide historikoak Xedapen Gehigarrian aitortzea ez zen nahikoa izan, ezta marko konstituzionalean eguneratzeko beharra ere. Deszentralizatutako Estatu eredua diseinatu zuten, baina, gure kasuan, legezko talde baten mendeko autonomia bat ezarri zuten: Espainiako nazioak lehentasuna izango zuen.

EAJ euskal nazioa osatzeko sortu zen, Euskadi euskal herritarren aberria dela aintzat hartuta. Eta eredu konstituzional hertsi hura zail egiten zitzaion onartzea.

Edonola ere, EAJ ez da inoiz izan alderdi maximalista, muturreko alderdia. Eta formulazio politiko hark ematen zizkigun autogobernu bideak onartu egin ditugu. Aldez aurretik Errepublika eta estatutuen bidea onartu genituen moduan.

Gaur, hogeita hamar urte geroago, harro gaude zortzigarren tituluaren bidean aurrera egin izanarekin. Apustu hari esker, gure historian lehen aldiz, euskal herritarren bi herenak proiektu instituzional bera babesten ari dira.

Erabaki hari esker, herri gisa asko egin dugu aurrera, nahiz eta oraindik ere Herri osoa ez garen. Eta inork galdu nahi ez dituen ongizate, bizitza-kalitate eta autoestima nazional maila lortu dugu.

Baina gaur, XXI. mendean, kokatu egin behar dugu aurrera egiten jarraitzeko. Urrats bat gehiago eman. XIX. mendean sortu zen gatazka bat XXI. mendean gainditzea lortu behar dugu.

Urrats hori errekonozimendua eta elkarren errespetua deitzen da, aldebikotasuna, erantzunkidetasun politikoa eta ekonomikoa mugarik gabeko espazio batean, subiranotasun bateragarriak dituen espazio batean. Subordinazio eskema alde batera utzi, beharrezko koordinaziora bidean urrats bat emateko.

Koordinazio horretan euskal herritarrei ondo badoakigu, eta hala joango zaigu, Espainiari ere ondo joango zaio. Estatu asimetriko formulazio berria; defentsa, moneta politika, diplomazia eta egiturazko elementuak eskumen orokorrekoak izango direna. Eguneroko politikak, ordea, bertako gobernuaren eskuetan, herritarrengandik gertu.

Gai ekonomikoetan, bizikidetza maila hau kontzertuaren edota hitzarmenaren inguruan sendotu da (baita Europan ere, ez ordea ustekaberik edota hondoratzerik gabe).

Zergatik ez saiatu arlo politikoan?

Arauak eta merkatua hautsi gabe, iritzi desberdinekoa izateko gaitasuna hautsi gabe.

Aro berriek konponbide berriak eskatzen dituzte. Iraganean errotuta bizitzea bizikidetza tentsio bati eustea da, etorkizuneko bideak guztioi zapuzten dizkigun bidea. Etorkizunak, nahita nahi ez, hitzarmena behar du, ulermena, gertutasuna, gizartea, Euskadi gehiago, askatasun gehiago eta subordinazio gutxiago, Estatu gehiago... Euskal Estatua, ordea, egungo krisi ekonomikoak eman dizkigun sintomen eta arrazoien kontra egiteko.

Zergatik ez saiatu. EAJk hala egingo du, behin eta mila aldiz, behar izanez gero. Formula batekin edo bestearekin. Betiere giza eskubideak aintzat hartuta, eta ETA erabat gaitzetsita. Gelditu gabe.

Gure zeregina da, herri honetako gehiengoak hala nahi duela uste baitugu. Elkarrekin bizi bai, baina bakoitzari bere askatasun eta autonomia espazioa utzita, inoren subordinatu sentitu gabe; inork oztopoak jarrita ere mugatu gabe; gaur edozer erabakita ere bihar ere erabakitzeko modua inork ez duela zapuztuko uste izanda Kontrakoa. Hobetzeko aldatuko dutela.

Inork ez dezala izan beldurrik eremu honetako ateak irekitzeko, eremu honek, guretzat behintzat, txikitxo izaten jarraitzen baitu. Edonola ere, ez gara bestek erabakita itxita geldituko.

Hori da, laburbilduta, Kontzertu Politiko berriarekin defendatzen duguna.

PARTEKATU