Iñigo Urkullu
29Azaroa
2008
29 |
Hitzaldia

Sabino Arana Goiriren heriotzaren 105. urteurrena

Iñigo Urkullu
Azaroa 29 | 2008 |
Hitzaldia

Egun garrantzitsua da gaurkoa gure alderdiarentzat. Ekitaldi hau xumea izan arren, nahiz eta komunikabide gehiegirik ez dagoen, gaur hemen elkartzeak esanahi politiko handia du, eta gure alderdi politikoaren erroekin konpromiso esplizitua erakusten dugu. Era berean, Sabino Arana maisuak abertzaletasuna, nazionalismo modernoa, defendatzeko erabili zuen «Euskotarren aberria Euskadi da» lelo hura defendatzen jarraitzeko konpromiso irmoa hartu dugu.
Eta apaltasunez, gainera; izan ere, gure hastapenak apalak izan ziren, zailak, debekua eta klandestinitatea izan genituen nagusi, ezin izan baikenuen politika egin modu askean. Guri abentura zirraragarri bat tokatu zaigu: Euskadiri nazio gisa behar dituen erakundeak ematea. Nire lehen hitzak hurrengo abertzale belaunaldiak omentzeko izango dira: euskal auziarengatik bizitza eman zuten eta EAJ-PNV siglak eman zizkiguten, baina, edonola ere, gure alderdia balio abertzalez eta gizatiarrez jantzi zuten.

Apaltasunak duen balore hori alderdi bezala zein nazio bezala ditugun erronka berrietarako ere barneratuta behar dugu izan. Alderdiaren eremuan, XXI. mendeko bigarren hamarkada hasteko gutxi falta dugun honetan, egungo euskal gizartearen aurrean egoten jakin behar dugu, apaltasunez eta autokritika egiteko gaitasunarekin. Gizarte horren ispiluan begiratu behar dugu, eta ikusi behar dugu bertan proiektatutako irudia zuzena den edota aldaketak, ukituak behar dituen.

Ukitu batzuen beharrean geunden. Eta hala ari gara egiten Think Gaur Euskadi 2020 prozesuarekin. Euskadirekin dugun konpromisoa eguneratzen ari gara. Baina ez Euskadi abstraktuaren inguruan, hiru milioi herritarren osatzen duten Euskadin baizik. Prozesu horretan, Ebro ibaitik Atturri ibairaino heltzen den nazioan bizi direnetan pentsatzen dugu, kontuan hartuta nazio horretako mugak mundu globalizatu, konektatu eta dependentzia aniztun batekin egiten dutela bat. Urtarrilaren amaierarako konpromiso horren lehen zirriborroa prestatuta edukiko dugu, EAJ herrialde honetako herritar guztiekin sinatzeko prest egongo den zirriborroa, alegia Alderdi abertzale baten konpromisoa izango da, eta bere ardatza Euskadi eta bertako herritarrak izango dira. Alderdi gizatiarraren konpromisoa izango da, gizarte askea, bidezkoa, solidarioa eta ekonomikoki progresista den alderdiarena. Eta alderdi bakezale baten konpromisoa izango da, ideia batzuen alde hil bai baina akabatu ezin dela egin pentsatzen duena.

Eta apaltasuna nazio gisa, herri gisa, ditugun erronkei aurre egiteko. Eremu politikoan eta ekonomikoan. Bi Estaturen mendeko nazioa gara (Espainiakoa eta Frantziakoa). Elkarren artean desberdinak badira ere, barnean dituzten errealitate nazionalekiko sentsibilitate falta berbera dute. Haietako batek ere ez du naturaltasunez hartzen Frantzia edota Espainia ez diren nazioak badituztela barruan. Zoritxarren ez zaigu Danimarkarekin bizi izatea tokatu. Baina horretarako ere perspektiba izan behar dugu. Sabinorengatik gaur eguneraino, Euskadi nazio gehiago edota gutxiago da? Zuzeneko bidea hartu dugu edota atzera bidean goaz herri gisa? EAJk bi galderei ematen dien erantzuna hau da: Euskadi sekula izan dena baino nazioago dela, zuzeneko bidea hartu dugula eta sekula baino autogobernu erreminta gehiago ditugula eskuartean.

Egia da oraindik ere ez dugula nahi beste egin aurrera, egia da oraindik ere eskubidez tokatzen zaizkigun erreminta guztiak ez ditugula. Baina zuzeneko bidea hartu dugu, eta zuzeneko norabidean egin dugu aurrera. Horretan, beste guztian bezalaxe, ETA erabat oker dabil. Hasiera-hasieratik pertsonak ez ezik, EAJ ere akabatzen ahalegindu da, euskal auziaren erreferente eta lider izateari utz diezaion. Txibertan huts egin zuen, Aljerian huts egin zuen, Lizarran huts egin zuen eta Genevan ere huts egin zuen. Euskadi ez da bonbekin, hildakoekin, estortsioekin eta mehatxuekin askatzen. Euskadi eguneroko lanarekin askatzen da, euskal herritarren kontzientzia nazionalean aurrera eginda. Aurrerabide hori aurrerapen sozialarekin eta ekonomikoarekin dago lotuta, herritarrentzat sortzen dugun ongizatearekin.

Horregatik, egun abertzalea izatea, batez ere, ekonomiaz hitz egitea da: gure herriaren etorkizunean eta bideragarritasun ekonomikoan lan egitea. Krisia gure artean dugu. Berdin da gure egoera gure ondokoena baino hobea den ala ez. Krisiak eragindako euskal herritarrei ez die asko balio beste toki batzuetan okerrago daudela jakiteak. Baina alderdi txarrei gauza onak atera behar dizkiegu. Gure egitura ekonomikoak, krisia krisi, egoera ekonomiko larri honetatik azkarrago eta hobeto ateratzeko oinarriak ditu. Horretarako, dugun euskal indar politiko guztia erabili behar dugu. Krisiari aurre egiteko deia egin behar diegu gure erakunde guztiei, guk egin dugun moduan. Eta, horretarako, gure aldarrikapen guztiak batu beharko ditugu: oraindik ere ez ditugun erreminta guztiak lortzeko. Oraindik ez ditugun erreminta horiek esku artean izateak krisiaren kontra borroka egiteko aukera gehiago emango lizkiguke.

Ez dugu egoera horren aurrean amore emango. Erabakitzeko ahalmena, kontsulta egiteko eskubidea, kontzertu politikoa, euskal estatu gehiago, euskal boterea, eguneroko autogobernu-subiranotasuna, formaz desberdinak diren baina gauza bera esan nahi duten kontzeptuetan aurrera egiteko. Hemen, Euskadin eta euskal herritarrekin, gizarte aske, bidezko eta solidarioa eraikitzeko zer egin behar den erabakitzeko ahalmena izatea eta berreskuratzea; bakean bizi izateko; nortasunean, kulturan eta alor ekonomikoan globalizazioak dakartzan erronkei aurre egiteko.

Edota egungo egoerara gerturatuta, krisiaren kontra oinarri onekin neurriak hartzeko. Gizarte Segurantza geure esku balego, enplegu politikak eta kreditu ofiziala euskal eskuetan baleude, krisiaren kontra hobeto ala okerrago egingo genuke? Egin zeuen buruari galdera. Hobeto, argi eta garbi. Hori dela eta, ematen ez badizkigute eskumen horiek, gureak diren erreminta horiek emateari uko egiten badiote, hemen sortu beharko ditugu. Krisi ekonomikoari aurre egiteko, eskumenen inguruko eztabaidek ez digute geldiaraziko. Neurriak hartu beharra dagoela uste dugu, krisiaren erasoei aurrean Euskadi defendatzeko erremintak sortu beharra dagoela. Berdin da Espainiako Gobernuak edota bere Konstituzio Auzitegiak zer dioen.

Beste behin ere, erakusten dute Euskadin ahots propioa duen gobernua behar dela, eta ez Madrilen esaten dutenaren interpretea.

Beste behin ere erakutsi dute Madrilen interesak eta Ezker Erradikalarenak askotan, gehiegitan, berberak direla. Iraganean bat etorri dira, orain ere bat datoz, eta ziur bihar ere bat etorriko direla. Hurrengo asteetan ikusiko dugu.

Guk geure bidean jarraituko dugu, azken 115 urteetan bezalaxe. Askotan, txantxetan, zera esaten dugu: «Sabino zenak burua altxatuko balu...». Ba Sabino gaur hemen gurekin balego, nik uste dut pozik egongo litzatekeela, harro egongo litzateke abian ipini zuen autogobernu erreminta harekin. Erreminta hark euskal aberria autogobernu maila hauetara gerturatu izanarekin harro. Gure ikastolak pozarren ikusiko lituzke, baita euskarazko telebista eta irratia entzun ere. Osakidetzan gaitzak sendatzean, zergak bere Aldundi maiteko Ogasunean ordaintzean... harro sentituko litzateke. Hemen gertuko Urdaibaiko proiektuarekin ilusio handia izango luke. Edota Europa osoa zeharkatzeko abiadura handiko trena hartzean... Baina hori bai, nazioa eraikitzen jartzeko akuilatzen jarraituko luke, ez liguke denbora-pasa egoten utziko lortu dugunarekin pozik; ez, egin dugunetik abiatuta, gure Euskadirentzako erabateko subiranotasuna lortzera animatuko gintuzke.

GORA EUZKADI ASKATUTA!!!!!!!

PARTEKATU