Egunon! Joan den astean zuen aurrean azaldu genituen Think Gaur programaren kultura arloko mintegi honetako lehenengo zatian egindako lanaren nondik norakoak. Ekimen hori gaur arratsaldean egingo den topaketa publiko batekin osatuko da. Lehendakaria eta artearen, euskararen eta kulturaren arloko ehun pertsona ospetsu inguru ere bertan izango dira.
Hedabideen aurreko gaurko hitzaldi honetan etorkizuneko hizkuntza politikaren inguruko gogoeta bat azaldu nahi dizuet.
Hizkuntza, batez ere, adierazteko bidea eta komunikatzeko tresna da. Euskara, gure nortasunaren ezaugarri nagusietakoa eta gu guztion ondare dena, adierazteko eta komunikatzeko bidea ematen duen tresna da batik bat, hizkuntza biziak eta hiztundunak horixe baitira.
Une batez atzera begiratzen badugu ikusiko dugu orain arte egindako bidea. Azken hogeita bost urteotan aurrera egin dugu kopuruari eta kalitateari dagokionez. Demografiari, sektore ezberdinei eta funtzionaltasunari dagokionez ere urratsak eman ditugu, baita hizkuntzaren transmisioa bermatzeko eta gizartean errekonozimendua lortzeko bidean ere. Hil kanpaiak eta agoniazko diskurtsoak ez datoz bat errealitatearekin. Asko aurreratu dugu baina, kontuz, bide luzea dugu oraindik egiteko.
Guztion ahaleginei esker egin dugu aurrera; erakundeei, gizarte eragileei eta euskal herritarrei esker, hain zuzen. Aurrera egin dugu legezko marko bat sortzeko gai izan ginelako, oinarrizko akordioak lortu genituelako, oinarri sendoak eraiki genituelako eta aukera berdintasunaren, hizkuntzen bizikidetzaren, atxikipen aske eta positiboaren, aurrerakoitasunaren eta pragmatismoaren printzipioak ardatz zituen hizkuntz politika garatu genuelako, elebakartasuna, gehiegizko ideologizazioa, erabilpena, inposizioa, presioa eta gatazka alde batera utzita.
Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek ebaluazioa egiteko termometro gisa balio dute, eta egoeraren diagnostiko ezin hobea egiten dute. Euskal Autonomia Erkidegoan, 16 urtetik gorako 10 herritarretatik hiru elebidun aktiboak dira, bi elebidun pasiboak –euskara ulertu bai baina ez dute erraztasunik eta ez dira moldatzen– eta bost, herritarren erdia alegia, gazteleradun elebakarrak. 16 urtetik beherakoetan, aldiz, gazteleradun elebakarren ehunekoa % 10era ere ez da iristen.
Horixe da errealitatea, gure errealitatea, guk kontuan hartzen dugun errealitatea eta guztion atxikipen positiboarekin pixkanaka eraldatu nahi dugun errealitatea. Think Gaur Euskadi 2020 gogoeta estrategikorako prozesu irekia da, etorkizunera begira dagoena. Hori horrela, honako galdera egiten diogu geure buruari: Zein da etorkizun hori? Zein da etorkizun hori euskarari dagokionez?
Gure hizkuntza propioa daukagu, gurea eta geurea bakarrik dena, euskara. EAEn eta Nafarroako hainbat tokitan hizkuntza ofiziala da eta Iparraldean ez da ofiziala. Beste bi hizkuntza ere baditugu, gaztelera eta frantsesa, hizkuntza ofizialak direnak eta horiek ere gureak. Gaztelaniari eta frantsesari ez diegu uko egiten. Gure hizkuntza propioa izateak eta hizkuntza hori erabat normalizatzeko apustu sendoa egina izateak ez du esan nahi beste hizkuntzei uko egiten diegunik, ezta beste hizkuntzak arriskuan jartzen ditugunik ere. XXI. mendean aniztasuna baliotzat daukagu, eta elebakartasuna mugatzat.
Euskal gizartea elebiduna, hiru eleduna, eleaniztuna izatea da gure nahia; benetakoa eta eraginkorra den elebitasuna lortu nahi dugu; hizkuntzak erabiltzeko benetako aukera berdintasuna nahi dugu. Elebitasun perfektua utopia da ziurrenik, baina benetako elebitasuna, elebitasun eraginkor eta orekatua, lortu dezakegun erronka da. Euskal gizartea elebiduna eta kohesioduna izatea nahi dugu; izan ere, ezin baita hizkuntza politika iraunkorra eta elebitasuna eraginkorra izan gizartean kohesiorik ez badago. Ez, ez da gurea bi komunitateak aipatzen dituen diskurtsoa eta diskurtso hori ez zaigu gustatzen, ezta hizkuntzaz kanpoko gaietan ere. Ez, euskal gizartearentzat nahi dugun eredua ez da elkarren aurkako unibertso linguistiko itxietan banatutakoa. Euskal gizarte elebidun, eleaniztun eta kohesioduna; hori da gure eredua.
Hizkuntzaren aldetik oraindik ere desoreka nabarmena duen gaur egungo errealitatetik abiatuta benetako elebitasun eraginkorrera iristeko bidea luzea izango da, hainbat belaunaldi igaro beharko dira. Pixkanaka egingo dugu bidea eta zailtasunak ere sortuko zaizkigu. Hiru dira bide horretan beharrezkoak diren aktiboak: Gizarte, politika eta kultura mailako adostasuna, euskal herritarrek atxikipen askea eta positiboa izatea eta ahulenari lagunduko dioten politika aktiboak.
Euskara normalizatzeko oinarrizko legearen inguruan oinarrizko adostasuna lortzeko gai izan ginen 1982an. Gaur, 25 urte geroago, akordio hura berriro mahai gainean jarri eta ahal bada zabaltzen saiatu behar dugu. Demagogiarik gabe, gatazka artifizialik gabe, euskara hizkuntzarekin zerikusirik ez duten interesen alde norbere ondare eta tresna bihurtzeko tentaziorik izan gabe. Adostasuna beharrezkoa da eta are garrantzitsuagoa dena, posible egin behar dugu. Maitasun adierazpenak eta funtsik gabeko erretorikak alde batera utzita, adostasuna behar dugu konpromisoetan, benetako elebitasun eraginkor horren alde urratsak egiteko benetako konpromisoetan, alor horretan jarriko baikara ados. Inork ez, ezta inortxok ere ez digu guri hizkuntzen bizikidetzari eta gizarte kohesioari buruzko leziorik emango. Ekintzak ditugu berme.
Atxikipen askea eta positiboa da euskara normalizatzeko prozesuko bigarren balioa. Ez dago beste printzipiorik, printzipio demokratikoa baizik. Euskal gizarteak berak markatu behar du erritmoa. Gizarteari bizkarra ematearen, harrokeriazko elebakartasunean bizitzearen eta inposizioaren ordez, pertsuasio, konbentzitze, atxikipen aske eta positiboaren alde egiten dugu euskal gizartea benetan eta eraginkortasunez elebidun izan dadin.
Eta gizarte, politika eta kultura mailako akordioarekin eta herritarren atxikipen aske eta positiboaren batera, hizkuntza politika aktiboa behar dugu, egungo egoera desorekatua gainditzea ahalbidetuko duten politika aktiboak. Askatasunaren aldekoak gara, aukera berdintasunean askatasuna izatearen aldekoak, hain zuzen. Horregatik, egungo egoera desorekatu hau zuzentzeko, ahulenari lagunduko dioten politika aktiboak ezarri behar dira, gutxiengoarena den eta minorizatua dagoen hizkuntzari lagundu behar zaio, euskarari alegia, normalizazioa eta hizkuntzen benetako bizikidetza lortzeko.
Ez da hori ustezko euskal kutsuko keinuekin mozorrotutako liberalismo linguistikoa defendatzen dutenak mugiarazten dituen jarrera. Izan ere, hizkuntzen arloan laissez faire, edo egiten uzteak, orain daukagun status quo hau eta ezegonkortasun egoera indartzea dakar, handienaren aldeko apustua egitea da, indartsuenaren alde, eta beraz, aukera berdintasuna haustea. Azken batean, Euskadi elebakarrari onespena ematea litzateke hori, eta hizkuntzen benetako bizikidetzan ez sinestea eta horren aldeko apusturik ez egitea.
Horixe da erronka, pixkanaka baina urrats sendoak emanez benetakoa eta eraginkorra den euskal gizarte kohesionatua eta integratua lortzeko aurrera egitea. Etxepare zuzen zebilen: euskara jalgi hadi plazara, jalgi hadi mundura. Gure nortasuna jokoan dago plazan, gure herrietako plazetan eta munduaren plaza handian, Andu Lertxundik euskararen zortzigarren eremu deitu zion unibertso horretan. Eta eremu hori ez da mehatxurik gabea baina, batez ere, aukeraz betea dago. Aipatzen ari garen eremu horretan aniztasuna balio bat da eta berrikuntza eta sormena aktiborik onenak dira. Guztion artean baldintzak sortzen baditugu, ez daukat zalantzarik euskarak irabaziko duela partida, guztiok irabaziko dugula partida.