Iñigo Urkullu
23Iraila
2008
23 |
Hitzaldia

2020 ikusmugarako gizarte aldaketa sustatuz. Euskadiren etorkizuna

Iñigo Urkullu
Iraila 23 | 2008 |
Hitzaldia

Euskalduna Jauregian
Egun on. Egun on guztioi.

Sabino Arana Fundazioak ikerketa bat egitea eskatu zion Conpenhagen Institute for Futures Studies erakundeari, «2020 ikusmugarako gizarte aldaketa sustatuz. Euskadiren etorkizuna» izenburukoa. Bada, gaur bertan ezagutuko ditugu txosten horretan jasotako lehen ondorio eta gomendioak. Nazioarteko sona duen erakunde independenteak eginiko azterlana Eusko Alderdi Jeltzalearen «Think Gaur Euskadi 2020» etorkizun egitasmoaren barruan egin da.

Daniar institutuak etorkizuneko joeren eta egoeren inguruan emandako aholkuak aintzat hartuko ditu EAJren politikak, Euskadiko gizarterako desio duen aldaketa arrakastaz gauza dadin. Euskadiko gizartea etengabeko eraldatzearen eta modernizatzearen aldeko berme izaten jarraitu nahi dugu, azken hamarkadatan egin dugun bezala. Eta EAJn Europako iparraldea dugu gizarte aldaketa burutzeko erreferentzia eta inspirazio eredu. Gertutik aztertu nahi izan ditugu herrialde horietako gizarte politika arrakastatsuak, hemengo errealitatera egokitzeko asmoz.

Euskadiko biztanleon artean aniztasunean oinarrituta eraiki beharreko etorkizun itxaropentsu horretan, ETA iragana da; iragan mingarri, odoltsu eta antzua. Beste behin ere esango dugu ETAk zitaldu eta antzutu egiten duela inguruan duen oro, eta ezker erradikal politikoa inoiz baino zentzugabeagoa eta koldarragoa dela orain. ETAren terrorismoa gure orainalditik eta etorkizunetik kanpo dago. Bonba autoek etorkizunetik eta Europatik kanpo uzten dituzte indarkeria zaleak, denboraren salbuespena bailiran. Bonba autoek fundamentalismo zentzugabeenen parean jartzen dute ETA. Jakin ezazue, ETA egonagatik ere, Euskadiko gizartearentzat etorkizun hobea eraikitzeko ahal den guztia egiten jarraituko dugula.

Orain, etorkizunez beteriko ekitaldiarekin jarraitu baino lehen, minutuko isilunea egitea eskatu nahi dizuet. Bizitzarekin konprometitzea, ETA ozen gaitzestea. Laguntza, elkartasuna eta gertutasuna adieraztea Luis Conde-ren senideei eta terrorismoaren biktima guztiei.

PARTEKATU