Egun on denoi. Zorionak, alderdikideok, zorionak bai, gaur egun handia delako abertzale guztiontzat eta, bereziki, Euzko Alderdi Jeltzalearen militante guztiontzat. Gaur, duela 113 urte, gure fundatzaileak, gure maisuak, Sabino Aranak, alderdi hau sortu zuen, orduan Euskal Herria izenarekin ezagutzen zenak behar zuenaren etorkizuneko ikuspegi argiarekin. Eta berak Euzkadi bihurtu zuen. Horrela, Europako erromantizismoaren mugimenduekin lotutako eduki nazional modernoaz hornitu zuen ordura arte subjektu politikoaren erreferente unitariorik izan ez zuen milaka urteko herria. Euskal sentimenduaren suspertzearen hasiera izan zen, urte askotan zehar eta ordura arte karlistaden porrotaren eta foruen abolizioaren ondorioz lur jota, deprimituta eta zigortuta egon zena. Bere pentsamendua tokiz eta garaiz atera eta horrenbeste iraundu badute ere, Sabino argia zen benetan. Bere herriaren agonia ikusi zuen, bere inguruan gertatzen ari ziren aldaketak ikusi zituen (industrializazioa, immigrazioa, euskal nortasunaren seinaleen galera, euskarak hizkuntza moderno bezala irauteko zituen zailtasunak...), eta Herriaren alde egiteko tresna behar zela ikusi zuen.
Tresna hori EAJ izan zen eta da. Beraz, 113 urte eman ditugu Herriaren alde egiten, Nazioa eraikitzen, «Euzkotarren Aberria Euzkadi da» goiburua egia bihurtzen. Bitartean, hainbat gorabehera bizi izan ditugu, une alaiak eta tristeak, kartzela eta erbestea sufritu ditugu eta birsortu egin gara, zatiketak izan ditugu eta proiektu bezala indartuta irten gara horietatik. Azken hogeita hamar urteetan, diktaduraren tunel luzearen ondoren, Herriaren erreferentzia instituzionala eta politikoa izan gara, 1977an, atzera begira bakarrik bizi zen alderdi zaharra eta burgesa ginela esaten bazuten ere. Telesforo Monzón bezalako gure erreferente historikoetako batzuk –gutxi beraz–, bestelako adierazpen abertzale batzuen alde egin zuten, gazteekin gehiago bat egiten omen zuten adierazpen iraultzaileagoetara. Euskal gizarteak, ordea, ez zien iraultzaren hitz politei kasurik egin eta guri eman zigun makila Herrialde hau zuzentzeko, demokrazia berreskuratzeko eta euskal botere politikoaren erakundeak pixkanaka sortzeko, gure autogobernuaren erakundeak errekuperatuta. Hogeita hamar urte geroago, harro begira diezaiokegu guk egindako lanaren emaitzari, Euskadi gaur dagoen lekuan egon dadin lagundu duten ehunka abertzale-jeltzaleen lanari, hain zuzen. Harro egoteko modukoa da. Euskadik ez ditu gaur egun bezain beste erakunde propio izan, ez dugu inoiz horrelako garapen ekonomiko eta sozial handirik eduki, ez da inoiz, azken urteetan, euskal kultura eta hizkuntza gaur dagoena bezain bizirik egon.
Gure alderdiaren xedea Nazioa eraikitzea izan da, eta hala izaten jarraituko du. Baina ez Nazio abstraktu bat, ezta iraganean oinarriturikoa, baizik eta bertakoen zerbitzura egongo den Nazioa, pertsona askeek eta proiektu nazionalari beren borondatez atxikitako pertsonez osaturiko Nazioa. Guztiontzako eskubide zibilak eta politikoak izango dituen Nazioa, demokratikoa, garapena eta gaur egun osatzen dutenen ongizatea zainduko duena, eta kanpotik datozenak, euskal herritar berriak, besoak zabalik hartuko dituena. Bizikidetza harmonikoan eta errespetuan oinarrituriko nazioa, gure gizartean biltzen diren partaidetza sentimendu ezberdinak onartuko dituena. Baina edozeren gainetik, Nazioa izango dena. Euskal Nazioa, gure etxea, gure semeena eta haien ondorengoen etxea izango dena.
Zalantza politikoz eta ekonomikoz betetako une berezi eta zailean ospatzen dugu 113. urteurren hau. EAJk, beti bezala, egoerak eskatzen duen mailan jardun behar du. Gaur, 1977. urtean bezala, EAJ herrialde honetako zentralitatetik baztertu nahi duten ahotsak entzuten hasi gara berriz, EAJ erradikalizatu egin dela eta gizartearen benetako interesetatik eta arazoetatik aldendu dela erakutsi nahi dutenak. Abertzalea eta nazionalista ez den Ajuria-Enea nahi dute garaikur gisa. Hala, Estatuaren mapa bi koloretan soilik banatuko litzateke, gorri sozialista eta urdin popularra. Euskadiren berdea kendu nahi dute. Desberdintasunak traba egiten die, gure desberdintasunak gogorarazten die beraiek nahi duten Estatu monolitikoa eta zentralista lortzea ez dela posible.
Eta asmo hori lortzeko, edozer erabiliko dute. Rz. Zapaterok argi utzi du oraingo bere lehentasun nagusia. Eta bere lehentasun nagusia ez da euskal erakundeak krisialdi ekonomikoaren aurka borrokatzeko gailuez hornitzea, dialogoa erraztea edota Euskadiko elkar bizikidetza politikoa normalizatzeko ituna. Ez. Patxi López lehendakari bilakatzea nahi du. Eta hori gertatzen ez den bitartean, badirudi herrialde hau kondenatuta dagoela, paralisira, betiko gatazkara, ZPk ongi hezitako lehendakari bat jarri arte, Gobernuaren ordezkari bezala mantso jokatuko duena, ezer mugituko ez denaren etsipenera. Ez diegu trabarik jarriko. Beraiek hauteskunde autonomikoak besterik ez dituzte buruan, hauteskundeekin obsesionatuta daude. Ez da gure kasua, eta gure ustez, ezta Euskadiko gizartearena ere.
Badaude baita, EAJ, erakundeen arduratik aldendu nahi dutenak. Baina Euzko Alderdi Jeltzalea ez da, batzuek eta besteek horrela nahi izan arren, historiari begira dagoen ikuslea. Bai. EAJren helburua, euskaldun guztiei zuzendurik dagoen eremu juridiko-politikoaren alde lan egitean datza, hau da, aberriarenganako eta errealitate historiko, kultural eta hizkuntzarekiko begirunea duen eta bere etorkizuna zehazteko balio duen eremu juridiko-politikoaren alde lan egitean datza. Bai. Euskal gizartearen aurrerabide-dinamikaren parte hartzaile zuzenak izan nahi dugu eta guk bultzatzen dugun aurrerabidea gizarte aske, hots, gizon-emakume askeen, balioetan oinarritzen da.
Gaur egungo Euskadiko gizarteak beste kezka batzuk ditu: egoera ekonomikoa, prezioen igoera, etxebizitza lortzea eta hori ordaintzea, egungo bizi-mailari eustea –gaur egun Euskadin dugun bizi-maila altua–, eta atzerapen ekonomikoa –Zapaterok onartu nahi ez duena– gure artera ere iritsiko den. Gu ere kezkatuta gaude, Euskadiko gizartearen kezkak gureak ere badirelako.
Lehen nazioa eraikitzea aipatu dut, baina pertsonentzako nazioa eraiki nahi dugu. Hori da gure helburua. Eta Euskadiko herritarrek beren etorkizuna erabaki dezatela nahi dugunean, Kontsultaren Legea bezalako ekimenak bultzatzen ditugunean, ez dugu grina nazionalistarekin egiten, herritarrek nahi duten nazioa eraikitzeko baizik. Euskaldunentzat egiten dugu, baina bereziki beraiek kontuan hartuta. Euskadi gero eta askeagoa izatea nahi dugulako, baina batez ere, aberatsagoa, bizitzeko toki hobea. Hogeita hamar urte hauetan erakutsi dugu autogobernua zenbat eta handiagoa izan, garapen ekonomikoa eta soziala ere hazi egin dela, Euskadik zenbat eta botere politiko gehiago izan, zerbitzu publikoak hobeak izan direla, autonomia finantzarioa zenbat eta gehiago izan, enplegu eta aberastasun gehiago sortu dela. Eta orain, garai txarrak datozela dirudienean, Espainiarekiko mendekotasun gutxiago izatea behar dugu, krisialdiari aurre egiteko tresna guztiak gure esku edukitzeko. Pentsatzen baldin badugu krisi ekonomiakoaren kontrako borroka Rz. Zapateroren eskuetan utzi behar dugula eta besteok ez daukagula gai honetan inolako zer eginik, etorkizun beltza etorriko zaigu. Gobernu berrian ia ehun egun eman dituzte, eta nabaritasuna, krisia, ukatzeko ahaleginak besterik ez dituzte egin, dena primeran zegoela esanez. Baita Patxi López Ajuria-Eneara eramateko ahaleginak ere.
Euskadiko gaur egungo egoera ona eta krisialdi ekonomikoari Espainiak baino hobeto aurre egiteko aukerak, alde batetik, autogobernuari zor dizkiogu, eta bestetik, gure gobernariei –gehienak Euzko Alderdi Jeltzalearen gizonak eta emakumeak–, ez dituztelako hauteskundeak gogoan. Proiektuak, ekimenak eta programak jarri nahi dituzte abian, ondokoak bultzatzeko: industria, ekoizpena, enplegua (oraindik eskumen guztiak transferitu ez dizkiguten arren), berrikuntza (Garmendia ministroak Euskadiri ez zaiola komeni esan arren) osasun kalitate mailarik altuena edota behartsuenekin elkartasuna (adibidez, alargunentzako osagarria, Estatuko eskumena izan arren, Eusko Jaurlaritzak jarri duelako abian).
Gaur egun pozgarria da abertzaleentzako, horregatik eta zorion espiritua ez estaltzeko, ETAri hogei segundo baino ez dizkiot eskainiko. Dirudienez, gaur atentatua egin nahi zuen, Ertzaintzaren aurka. Euskadiko herritarrentzako egun handi honetan, Euskadiko herri erakunde baten aurka. Hori bada Euskadi askatzeko bere modua, ez dugu nahi. ETA ez zuketen sortu behar, eta orain aukera bakarra dago, Euskadiren onurarako, gaur bertan, bihar baino hobeto, desager dadila. Haiek bultzatzen duten Euskadi beltza, odoleztatua eta pistolen mendekoa da. Gurea Euskadi gorri, berde eta zuria da, irekia, aberatsa, modernoa eta librea, gizon eta emakume libreen nazio librea, Sabinok amestu zuena eta 113 urte hauetan abertzaleen belaunaldiek amestu dutena. EAJk proposatzen duen Aberria egiteko bidean ez dago bidai-kiderik soberan, ez dago inolako bazterketarik, bortxakeriaren bazterketa ez baldin bada. Gure bidean ez dago euskal gizartearen borondateari egindako betorik. Horregatik, hain zuzen ere, euskal nazioaren eraketa EAJtik etorri behar da. Gure konpromisoa, geure buruei sor diegun exijentzi etikorik eta aberria demokraziatik soilik eratu daitekeen ideietatik dator. Nire hitza ematen dut, EBBren presidente gisa, bere legatua jarraituko dugula amets horiek egi bihurtu arte.
Gora Euzkadi Askatuta!!!!!!!!!!