Iñigo Urkullu
20Maiatza
2008
20 |
Hitzaldia

Eduardo Frei presidentearekin bilera

Iñigo Urkullu
Maiatza 20 | 2008 |
Hitzaldia

Ohore handia da guretzat gaur Sabin Etxean Frei presidenteari harrera egitea.

Izan ere, Eduardo Frei, Txileko alderdi kristau-demokratikoaren buruzagia eta Txileko presidentea, beti izan da Euzko Alderdi Jeltzalearen lagun. Euskal Herriarekin maiteminduta dagoela ere esango nuke. Horregatik, beste behin ere eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Herriarekiko agertu duen adeitasunagatik, eta Euskal Herria eta Txile egunez egun elkarrengandik hurbilago egoteko egin dituen ahaleginengatik. Eskerrik asko, presidente!!!

Gaur goizean, Sabino Arana Fundazioak antolatutako «Mundu globalean etorkizuna duen herrialdea» mintegian parte hartu du Eduardo Freik.

Dakizun bezala, presidente jauna, ekainaren hasieran Latinoamerikako hainbat buruzagirekin eta Europako Alderdi Demokratako ordezkariekin etorkizunari buruz gogoeta egiteko elkartuko gara berriz ere Bilbon. Izan ere, etengabe eraldatzen ari den mundu honetan, herrialde txikiok bizkorrak izan behar dugu, eta bat egin beharra daukagu ongizate eta garapen handiagoak lortzeko globalizazioak eskaintzen dituen aukera berriak bilatzeko.

Euzko Alderdi Jeltzalea «Think Gaur Euskadi 2020» ekimenaren lehen urrats publikoak ematen ari den une honetan, bereziki egokia zaigu Frei presidentearen ekarpena.

Izan ere, aldeak alde, Txile garapen iraunkor eta egonkorraren erreferentea izan baitaiteke guretzat. Mundura irekitzen jakin duen herrialdea da Txile. Horren erakusle, Asiako hego-ekialdean sortzen ari diren potentzia berriekin merkataritza harreman gehien dituen herrialdea dela ziurrenik, ehunekoak aintzat hartuta. Lehengaietan aberatsa izan arren, geografia konplexua du Txilek, luzeran dituen 4.000 kilometroetatik 1.000 izotzez josita baitaude, eta beste hainbeste basamortu baitira. Hala ere, zailtasunak gainditu eta inflaziorik gabeko sistema ekonomiko egonkorra abian jartzeko gai izan da. Eta, horrez gain, egonkortasun politikoa ere lortu du. Frei presidenteak, Alwyn presidenteak bezala, betidanik arerio izandakoen artean adostasun puntuak bilatzen jakin du. Muturreko eskuinaren eta muturreko ezkerraren aurrean, Txileri egonkortasun demokratikoa eman dioten akordioak lortu ditu.

«Think Gaur Euskadi 2020» ekimenean interes bereziarekin aztertu nahi dugu Frei presidentearekin Txileko kristau-demokraziaren azken agiri pragmatiko eta ideologikoa; hots, . Lau eginbehar nagusi finkatu dituzte agiri horretan mundu globaleko erronka gisa.

Frei presidentea: erronka horiek geure ere egiteko baimena eskatzen dizut, zuek bezala neoliberalismotik eta populismotik urrun gaudela aitor dezagun. Hona erronkaren funtsa:

«Guztiontzako herrialdea eraikitzea, garapen osoa eta iraunkorra erdiesteko estrategia sustatuz, eta herritar guztien artean berdintasuna eta hazkundea ahalbidetuz. Demokrazia gehiagoko eta hobeko herrialdea eraikitzea. Gure herrialdea nazioartean lidergo egoeran kokatzea. Euskadi giza bizitza oneko herrialdea bihurtzea, bizitzea merezi duen lekua, herritarren ahaleginak, elkartasunak eta sormenak balioa duten lekua, etorkizuna baikortasunez eraikitzen duena, betiere gizakia ardatz hartuta».

Frei presidentea, euskaldunon adiskidea zaren aldetik, hurrengo hilabeteetan ere zure laguntza eta aholkua jaso nahiko genituzke, euskal herritarrei eskaini nahi diegun kontratu sozial berria, «Think Gaur Euskadi 2020» ekimena alegia, behar bezala garatu ahal izateko. Sabino Arana Fundazioaren mintegian azaldu duzun bideari helduz, ekimenak etorkizunerako proiektu pizgarriak eskainiko dizkio herrialde txiki honi, gero eta globalagoa den mundu honetan.

PARTEKATU