Espainiako gobernuburu eta PSOEren idazkari nagusi José Luis Rodríguez Zapatero Euskadira etorriko da bihar. Nire hitzak berari zuzenduta daude; batez ere, bere alderdiko buruzagi nagusia den aldetik. Eta neure alderdiaren izenean esango ditut, Euzko Alderdi Jeltzalearen izenean. Biak Espainiako Estatuko eta Euskadiko alderdi nagusietako arduradunak gara. Era berean, euskal ingurune politiko-ideologikoan, gure alderdiak dira herritarren babes handiena daukatenak. Orain dela gutxiko historiari begiratzen badiogu eta, bereziki, 1977tik hona emandako pausoei, gure alderdiek hiru akordio nagusi hitzartu dituzte. Akordio horiek gorabeherez gain, argiak eta itzalak izan dituzte.
Garai politiko berri baten atarian gaude. Hogeita hamar urte pasatu dira trantsizioa hasi zenetik eta han sortu genuen jantzi instituzional eta soziopolitikoa txiki, modaz pasatuta eta hariak aterata geratu da gaur egungo Euskadirako. Oihala, haria eta orratza berriz hartu behar ditugu eta jantzi berria josten hasi. Euskadiren kasuan, ez du balio prêt-à-porter izatea; ezin dugu Espainiako Autonomien saltegira joan eta apaletik gustuko dugun lehenengoa hartu. Traje berezia izan behar du, neurrira egindakoa, abertzaleok gure nahiei uko egin gabe. Horregatik, hainbat hilabete daramatzagu elkarrizketa politikoa abiatzeko eskaintza egiten, asmo honekin: puntadak ematen, patroiak lotzen eta joskerak zein oihalak definitzen has dadila.
Euzko Alderdi Jeltzalea eta Lehendakaria, gure erantzukizuna kontuan hartuta, eskaintza sendo eta zintzoa egiten ari gara. Rodríguez Zapatero oker dago pentsatzen badu –PSEk edo bere idazkari nagusiak aholkatuta- beste arrazoi edo behar batzuek eragin dutela eskaintza hau. Horregatik, ez zait ez harrigarria, ez bitxia iruditzen EAJk eta lehendakariak erakutsitako prestutasunaren aurrean Patxi Lópezek hain argi esatea Rodríguez Zapateroren eta Lehendakariaren arteko bileraren emaitza ezezkoa izango dela –nahiz eta egitasmo irekia izango dela aurretiaz adierazi-. Izan ere, EAJ eta Lehendakaria legez kanpo dabiltzan interpretazioa elikatzen jarraitzen dute PSOEk eta Patxi Lópezek, badakitelako akordiorik lortuz gero, hautagai sozialistak protagonismoa galduko duela. Larriena da, guzti honen atzean, PSEren “denentzako kafea” Estatu eredu antolamendua dagoela.
Berriz esango dut, dagokion erantzukizuna kontuan hartuta, Euzko Alderdi Jeltzaleak, Estatu eztabaidan, etorkizunerako akordioa eskaintzen du, epe luzekoa eta eragin handikoa, gutxienez, Euskadiko hurrengo belaunaldiari aterpea emateko. Argi gera dadila ez garela hau hauteskundeetan pentsatuz egiten ari. Autogobernuan eta demokrazian sakontzea da proposatzen dugun akordioaren helburua; hau da, euskal botere politikoa handitzea eta gure herritarrek, unean-unean, beren etorkizuna eta beren nazioaren estatus juridiko-politikoa erabakitzeko eskubidea berreskuratzea. XXI. mendeko autogobernua nahi dugu, alde bikotasunean oinarritutakoa; hots, gobernu espainiarrek ez dezaten ahalmenik izan –ezta euskal erakundeek ere– hitzartutakoa graziaz eta alde batez aldatzeko edo urratzeko.
Egun hauetan «abentura» hitza erabili dute askotan gure eskaintza definitzeko. Benetako abentura Euskal autogobernua da, ordea, eta utzi egin behar dio horrelakoa izateari. Azken hogei urteotan, gure estatutuak, gure autogobernu ahalmenak, abentura bat baino gehiago amesgaizto bat bizi izan du, zalantzaz betetako eguneroko abentura bat, non Espainiako Gobernuaren beharren arabera ematen edo ukatzen ziren eskumenak; gehienetan, ukatu. Izatekotan, hauxe da abentura: Euskadi bete nahi ez duten estatutu batekin gobernatzea. Eta PSOEko presidenteari galdera jakin bat helarazi nahi diot: egia ala gezurra da 30 urteren ondoren gaur egungo estatutuko 37 eskumen transferitzeke daudela? Eusko Legebiltzarrak transferentzien zerrenda bat onartu zuen 1995ean, Alderdi Popularraren, Alderdi Sozialistaren, Euzko Alderdi Sozialistaren, EAren, EB-Berdeak-en eta UAren babesarekin; hau da, Legebiltzar ia osoaren babesarekin. PSOEk Gernikako Autonomia Estatutua betetzeko borondaterik izan al du, EAJren proposamenen aurrean estatutua handitzearen alde egin arren? Hasteko, euskal herritarren gehiengo zabalaren babesa duen akordio hori betetzeko exijitzen dugu. Akordio hori, gainera, Eusko Legebiltzarrak onartu eta herritarrek berretsi zuten, erreferendum bidez. Horrela amaituko litzateke abentura.
Baina etorkizuna ere gure atera deika ari da dagoeneko. Eta egoera horren aurrean, autogobernua eguneratzean, aldebikotasunean eta euskal gizarteari galdetzeko ahalmenaren aitorpenean oinarritutako akordio bat eskaintzen eta aldarrikatzen dugu, orainerako eta etorkizunerako.
Akordio hau gure gizartearentzat funtsezkoa den garai honetan eskaintzen eta aldarrikatzen dugu. Garai politiko-sozial honetan, tresna berriak behar ditugu Euskadik, bere autogobernuaren bidez, gure herritarren ongizatea bermatu, gure herriaren ekonomiari eutsi eta, batez ere, gure familien ekonomiei eutsi ahal izateko gainera datozkion erronkei aurre egiteko. Mundu gero eta globalizatuagoan eta nazioartekoagoan bizi gara eta atzeraldi ekonomikoaren arriskua ikusten hasi gara.
Guri, gure alderdiari, ezin zaigu eskatu –ezta euskal herritarrei ere– aurrerapausoak ematen jarraitzeari uko egitea, euskal herritarrek bizi-kalitatea, ongizatea, aurrerapena eta garapena galtzea. Izan ere, euskal gizarteak erabaki ahal izateko aldarrikapenaren eta hartzen dituen erabakiak kontuak hartuak izan daitezen aldarrikapenaren atzean ez dago estatus juridiko-politiko jakin bat bakarrik, baita elkarbizitza baketsua ere eta, horrekin batera, nazioa eraikitzeko gizarte eraikuntza egitea.
Berriz esango dut, euskal gizartearen aurrean daukagun erantzukizuna kontuan hartuta egindako eskaintza da. Ez gara akordio bat erregutzen ari. Gobernuko presidenteak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak hala interpretatzen badute, erabat oker daude. Konstituzioa, herritartasuna, adostasuna, etb bezalako hitzekin egindako jokoak ez dizkigute balio. Are gutxiago, PSOEk beraien artean bultzatutako adostasunekin bakarrik jarduten badute. Adostasuna, adierazpen desberdinen arteko borondate eta eztabaiden artean ematen denean soilik da baliagarria. Akordiorik ez badugu, gutako bakoitzak bere planteamenduak eta ekimenak defendituko ditu... amaierara arte. Joko-arauak errespetatuz, erabateko normaltasun politikoz eta konpromiso demokratiko batekin.
Konpromiso demokratiko horren oinarria, jakina, ETA irmoki eta garbi gaitzesteko konpromiso etikoa da. Gaur egungo egoerak ere hala eskatzen du. Hainbat aldiz esan dudan bezala, ETArekin ez gatoz bat, ez printzipioetan, ezta helburuetan ere. «Gora Euskal Herri independente, sozialista eta iraultzailea» aldarria ez dator bat gurekin. Gaur, beti bezala, «Gora Euskadi Askatuta!» aldarrikatzen dugu guk.