GAUR, San Prudentzio egunez, Arabako Foru Diputazioak Arabako Domina emango dio Jabier de Landaburu zenaren familiari, "euskal herriaren zein Arabaren onetan eta euskal baloreen suspergarri" egindako lan eskergaren gomutaz.
Landaburu Gasteizen jaio zen 1907an eta Parisen hil, atzerriratua, 1963an. Bere familia osoa ezagutu nuen nik umetan. Ez nuen askorik ulertzen zer egiten zuen aitarik gabeko seme-alaba umezurtz mordo harek Zarautzen, baina banenkien sekula aipatzen ez zen arrazoiren bategatik aitak ez zuela beraiekin etortzerik.
Askoz ere geroago jakin nuen, berriz, Eusko Jaurlaritzaren lehendakari-orde izan zela, diputatu jeltzalea Madrilen, Eusko Ikaskun-tzaren bazkide eta autonomi-estatutuaren eragile, Arabako politikoen artean euskara-sustatzailerik nabarmenena eta garai hartako europazalerik amorratuena.
Jabier Landaburuk osatu zuen -Jose Antonio Agirre, Manuel Irujo, Jesus Maria Leizaola eta beste zenbaitekin batera- euskal aber-tzaletasunak eman duen belaunaldirik sendoenetakoa. Jende jakituna, prestatua eta posibilista, nazioarteko bokazioaren jabe eta etorkizuna sumatzeko gauza. Sekula ez dugu jakingo zer gertatu ote zitekeen gerrarik eta osteko diktadurarik izan ez balitz baina, aldi berean -gerra guztien gainetik eta eragozpen guztien azpitik-, itzelezko belaunaldi harek frogatu zuen oinarrizko baloreen defentsa eta duintasuna.
Inondik ere ahazterik ez dugunez, belaunaldi harek landu zituen, estreinako, orain pil-pilean ditugun kontzeptu politikoak, alegia: nazio zibikoa, mugabako Europa, aniztasuna, nazioarteko elkartasuna, gizakiaren balorea, indarkeriarik eta mehatxurik eza, burujabetza partekatua eta abar.
Jaioko dira berriak...