ABERRI EGUNA 2008. ASKO EGIN DUGU, BESTE HORRENBESTE DUGU EGITEKO
Euskotarren Aberria Euskadi da. Zein esaldi bakuna, sinplea, eta, era berean, abertzale garenontzat, esanahi handikoa!. Abertzaleagoa den edo ez bere buruari galdetzen dion horrek, abertzalimetroaren jabedun ikusten diren horiek, euskal abertzaletasunaren arbitro eta epaileentzako, esaldi hau gure erantzunik egokiena da. Madrildik zer nahi dugun argitzeko eskatzen diguten horientzat, gure azken helburuen berri galdetzen digutenontzat ere, erantzun berbera. Herri bat, euskalduna, Nazio bat, Euskadi. 113 urte daramatzagu lanean esaldi hori, behin betiko, errealitate bihurtzeko, ez soilik gure bihotzetan -dagoeneko badagoen tokian-, baizik eta baita gure Herrialdean ere.
Esaldia esanguratsua da oso, izan ere, Euskadi, gure aberria, euskaldunon etxea dela esaterakoan Herrialde honetako hiritarron borondateari deia egiten diogu. Gure pentsamoldearen erdigunean pertsonak jartzen ditugu, gure gizartean kokatutako pertsonak. Historia, lurraldea edo eta legeetatik harago, guk pertsonak jartzen ditugu gure pentsamoldearen erdigunean. Borondate guztiak batzen dituen aberria, nazio partekatua, irekia, emakume eta gizon askeentzako aberri askea. Hori da, hain zuzen ere, ETArengandik desberdintzen gaituen aldekotasunik handiena, hau da, metodoetan ez ezik helburuetan ere aldentzen gaituena. ETAk ez du aske diren emakume eta gizonen aberria nahi. Hori horrela izango balitz ez luke erailko, ez luke minik, ez sufrimendurik ezta ere beldurrik ekarriko euskal zein ez kaleetara. Lotsarazi eta haserrarazi egiten gaitu norbaitek bata bestearekin zerikusia dugula pentsatze hutsak. Bion arteko, edo beraien isiltasunarekin erakunde hori babesten duten horiekiko, kointzidentziarik txikienak izugarri haserrarazten gaitu. Bioi amildegia bereizten gaitu, demokraziatik pistolen diktadurara doan amildegia, askatasunetik terrorismora doan amildegia bereizten gaitu. Eta hori da gaur handitasunez aldarrikatu behar duguna. Aberri Eguna da egunik egokiena – euskal aberriaren izenean- ETAri bere desagerpena eskatzeko. Gure ametsa oztopatzen duen horri, hots, gizon eta emakume askedun Euskadi errealitate bihurtzea oztopatzen duen horren desagerpena eskatzeko eguna da. Euskal Herriaren izenean, ETA EZ!!!!
Hastapenetatik, hirurogeigarren hamarkadatik, mundu horrek gurearekiko desberdina zen bidea hartu zuen, kanpotarrak ziren ideologiez hornituz, ideologia estremistez, gure idiosinkrasiarekin zerikusi gutxi zeukaten ideiez eta, beti bakezalea izan den herrian, borrokarako bitarteko gisa armak erabiliz. Gure bideak are gehiago aldendu ziren oraindik akasduna den demokrazi honen pixkanakako berreskurapenarekin. Gu, urratsez urrats, Euskadi berria landu dugu. Juan de Ajuriaguerrak gure izenean sinatu zituen Moncloako Itunetatik gaur egunera, EBBren Presidentziaren kargua ni baino lehen izan duten guztiek; Garaikotxea, Arzalluz, Sudupe, Insausti-Uzturre eta Imaz, Euskal Nazioa akordioen bidez eraiki nahi izan dute, Itunen bidez. Gehienetan lortu zuten. Ajuriaguerra eta Garaikoetxea, Suarezekin; Arzalluz, Felipe Gonzalez eta Aznarrekin hauek bere hitza bete gabe utzi egin zuten arte. Guk ez dugu ezer demostratu beharrik. Gaurko Euskadi da gure hitza eta ekimena. Orain, etapa berria zabaltzen zaigu eta aurrean Zapatero dugu.
Esan dugu eta ekintzekin erakutsi dugu. EAJren ustez, ezin dezakegu utzi ETAren eskuetan noiz eta nola mahai gaineratu, bere osotasunean, euskal gatazkaren ebazpena. ETAk berriz su etena iragarri arte euskal politika geldiarazteko nahia, gizarte demokratikoaren beharrekin bateraezina den protagonismoa ematen dio erakunde terroristari.
Madrilekin izan dugun harremanei esker jakin badakigu hitzak, askotan, Madrilen eta hemen, Euskadin, esanahi desberdina dutela. Guretzat hitza eta hizkia gauza bakarra eta betebeharrekoak dira. Espainiar boterearen ustez, eta horrela erakutsi dute azken 30 urteotan Gernikako Estatutuaren ez betetzearekin, emandako hitza iraungitze epea dauka eta abaguneen araberakoa da. Azken hogeita hamar urte hauetan eta hauetatik asko ikasi dugu EAJn. Eta irakaskuntza horiek garai politiko berri honetan lagundu egin behar digute. Garai politiko honetara EAJ, beti bezala, estaldurarik gabe, konplexurik gabe, hurreratuko da. Estaldurarik gabe, Herrialde honentzako subiranotasun eta askatasun mailarik handiena, hiritarrok nahi duten maila, lortzea delako gure proposamena. Eta konplexurik gabe, ez ezker erradikal abertzaleak ezta ELAk ere – izan ere, gero eta antza gehiago baitaukate bata bestearekin mintzatzerako eta gu erasotzerako orduan- ez dutelako, esku artean Euskadirentzako akordio ona baldin badaukagu, akordio hori sinatzea oztopatuko. Nahiz eta Herrialdea saltzen dugula salatu. Biak, ezker erradikalak eta ELAk, egun hauetan guri iztupa ematera dedikatu dira, beraien bidea ezarrarazi nahi izan digute, “beraiena”. Abertzaleen arteko tirabiren errua guri bota digute, nortzuk eta beraiek, hots, inorekin akordio batera heltzeko guztiz ezgaiak diren horiek.
Gu, geureari, Herrialde honetako gizon-emakumeen alde lan eginez. Akordiorako aukerak baldin badaude, PSOEk eta RZ. Zapaterok Herrialde honek Akordio berezi baterako eskubidea duela onartzen baldin badute, denbora larregi irauten ari den blokeo politikoa apurtzeko aukera baldin badugu, burujabetzaren alde urrats erraldoia emateko aukera baldin badugu, hor izango gaituzue. Nahiz eta ETAk oztopokoak jartzen saiatu, nahiz eta ELAk edo EAk oztopoak jartzen saiatu, inoren oztopoak alde batera utzirik; gu han izango gaituzue!.
Zapaterori ere esan nahi diogu: beherapenen ituna proposatzen badigu ez gaituela ondoan izango. Maiuskulekin egindako politikaren garaia da. Gu, EAJ, egoerak eskatzen duen mailan gaudela erakutsi dugu urte guzti hauetan. Estatuaren bizkarrezurraren eraikuntzan parte hartu eta gure burujabetasunaren berreskurapenaren liderrak izan garela erakutsi dugu. Orain, negoziaketarako prest gaude berriz. Zapaterori sendo eta argi esan nahi diogu. Eta bera ere egoerak eskatzen duen mailan egongo den galdetu nahi diogu. Euskaditik egiten diogun planteamenduei “baiezkoren” bat emango digun jakin nahi dugu. Orain arte, ezezkoak baino ez ditu eman. Bere “baiezkoak” entzun nahi ditugu; euskal gizartearen borondatearen errespetuari bai, Euskadiren nazionalitate singulartasunaren aitorpenari bai, normaltasun politikoari eta gure Herrialdeko bakeari bai. Baiezko horietan oinarrituta, ziur nago, euskaldun eta espainolak, harmonian eta errespetuarekin, elkar bizi ahal izango dugula.
Emaitza onak izan ez ditugun hauteskundeetatik irten berri gara. Gure buruari kritika egin diogu. Erakunde indartsuen ezaugarria da kritika, izan ere, erakunde indartsuek, baturik daudenek, eta, batez ere, etorkizuna irabazi nahi dutenek baino ezin baitezakete autokritika egin. Hori da, hain zuzen ere, gure helburua: etorkizuna irabaztea. Ez guretzat, baizik eta Euskadirentzat, euskal gizartearentzat.
Horregatik, udaberri honetan, giza apustu politikoa proposatuko dugu. Euskadi 2020 deitu diogu. Zenbaki borobila, polita da eta, batez ere, gure oinetakoetatik urrunago begiratzen dugula adierazten duena. Gaurtik eta hemendik baino urrunago begiratzen dugula eta Herrialde honen lider gisa, data horretara arte behintzat, ikusten garela azaltzen duen data da.
Politikaz hitz egin behar dugu, bai, baina gaur eguneko politika gehiago egin behar dugu. Gizarte politika, politika ekonomikoa, zientzia eta berrikuntza politika, kultur eta hezkuntza politikadun ideia berriak erabili behar ditugu eta Euskadi, 2020. urteko zeruertzean, Europako nazio aurreratu eta solidarioenetarikoa bezala kokatu behar dugu. Jarraitu beharreko bideak diseinaturik ditugu jada gure agirietan jelkideen lanari esker.
Eta Euskadi 2020 deritzon prozesu honetan zuen konpromisoa behar dugu, jelkide eta jeltzale guztiona. Gure ideia guzti hauek Alderditik kanpora eraman nahi ditugu, izan ere, egitasmo hau euskal gizartearentzat egin nahi baitugu baina, batez ere, euskal “gizartearekin” egin nahi dugu.
Horregatik egitasmo irekia izango da, dinamikoa, partaidetzaduna, nahi duen guztiak bere ikuspuntu eta ideiak ekarpen gisa eskaini ahal izango dituen egitasmoa. Eta hortik irtengo da ondoren EAJk, Herrialde honetako alderdi liderrak eta horrela izaten jarraitzeko bokazioa duenak, euskal gizartearekin irmoki sinatuko duen gizarte hitzarmena. Hitzarmen horrek ordezkatzen gaitu eta, beraz, jelkide eta jeltzale guztioi dei egiten dizuegu, gurekin batera, XXI. mendeko aberri ideologiaz busti dezagun eguneroko gobernua.