Iritzia
08Martxoa
2008
08 |
Iritzia

Enpoderamendua

Iritzia
Martxoa 08 | 2008 |
Iritzia

Nahiz eta herrialde askok Emakumeen Diskriminazio Era Guztien Kontrako Konbentzioari baietza eman, edonora begiratuz, Nazio Batuak Barne, gizonezkoak dira abantailak eta boterea dutenak emakumeen kalterako. Nahiz eta egoera hori gaur egun okerra eta ezegokia iruditu, gizonezkoen indarra eta nagusitasuna ahalbideratzen jarraitzen dugu. Emakumeen egoera marginala, txikia eta garatu gabeko potentziala, munduko biztanleriaren erdiarentzat zigorra dira, eta gainera, denok ahultzen gaituzte». Stephen Lewis. 2006ko otsailaren 26an NBEko Emakumeen Gizarte eta Justizia Batzordearen aurrean.
Errealitate horretaz ohartzeak, arlo publikoetan, erabakitzen den tokietan eta boterea dagoen tokian, emakumearen parte-hartzeari buruzko iritzia aldatzea zein garrantzizkoa den erakutsi digu emakume batzuei. Eta baita jarrera eta metodo berriak garatzea lortzeko ere.

Metodoetako bat eta oso inportantea enpoderamendua da. N. Kabeerrek dio, emakumeok geure bizitzan aukera estrategikoak egiteko daukagun trebetasuna dela, batez ere, trebetasun hori murriztuta egon ohi izan den tokietan.

Horrek eman dezake enpoderatzea erabaki hutsa dela, baina izugarrizko zailtasun eta erresistentziei egin behar zaie aurre, batez ere erabat arra den kultura batean. Hori erabat argi ikus daiteke, boterean, erabakitzeko arloetan zein politikan emakumeak daukan ordezkaritza mailan.

Eta gaur egun nagoen toki honetatik, hausnarketa batzuk trukatu gura nituzke; dagoenetik, egin behar denari hurbilduz, enpoderamendua definizio hutsa izatetik, egiaztapen izatera pasa dadin.

Politika erako arloetan, parekotasun aldeko ekintzetan ahaleginak egin badira ere, oso argi ikus daiteke boterearen garrantziari dagokionez, emakumearen ordezkaritza alderantzizko proportzioan dagoela; hau da, toki edo sail hurbiletan emakume gehiago dago, eta karguaren erantzukizuna edo garrantzia handiagotu ahala, harenpresentzia txikituz doa.

Beraz, auzi berriak dauzkagu berdintasun hori ikus dadin, eta, horretarako, gainditu egin behar da emakumea berdintzat hartzeko erresistentzia, zein alderdi politikoen gizonek dauzkaten generoak eraikitako kulturari lotutako estereotipoak. Horregatik, emakumeak erabakitzeko tokietara heltzeko bermea bezain garrantzizkoa da, bertan geratzea. Bukatu behar da gizonezkoak ezinbesteko gisa ikustea, eta emakumeaak, aldiz, aldagarritasun sentsazio halako batez. Bukatu behar da eragin politikoan gizonei egokitutako ezaugarri eta beharrizanek markatzen dituzten era, denbora eta jarrerekin.

Emakumearen eragin baikorra, bai estrukturen aldaketan bai gobernatzeko diskurtsoan aldarrikatu egin behar da, eta eztabaida politikoan esparru pribatua beharrezkotzat jo, erabaki publikoak eta sozialak parekatzen saiatuz. Esparru biak diren-direnean tratatu behar dira kontrajarritzat agertu barik.

Emakumeen interesen aldeko kontzientzia hartzean daukagun eragina aldarrikatu egin behar dugu, eta gizonezkoen zein emakumeen berdintasuna aitortu, erabakiak hartzerakoan, baliabideen eskuratze eta kontroletan zein garapenaren onuren gozamenean. Ezinbestekoa da, beraz, beste era batera ulertzea politikan parte hartzea zer den, eta emakumeen zein gizonen ekintza politikoak berdintasunean egiteko beste esparru eta moduak ikusgarri egitea.

Emakumeok prozesu politikoaren parte izan behar dugu, geuk sinisten ditugunetan indar eginez eta geure egitasmo eta gobernu jardunetan sartuz. Boterea eraiki, azken finean.

Eta emakumearen ahotsa ezinbestekoa denez, haren kexak eta interesak entzun daitezen, politika kargudun diren emakumeen arteko sareak indartu egin behar dira. Horregatik, politikan kargudun garen emakumeok, besteentzako bide eta komunikabide izan behar dugu.

Baina hori lortzeko, borrokatu egin behar da, ekin egin behar da, hasi egin behar da, eta goiz hasi, eta daukagun gizarteak jartzen dizkigun zailtasunak gainditzeko ausartak izan behar dugu eta arriskuak geure gain hartu behar ditugu, eta aurpegi eman behar diegu. Konfiantza izan behar dugu geure emakume izaeran, eta konfiantza hori esparru guztietara helarazi.

Badakigu ez dagoela miraririk, bidea egiteko dagoela, baina bizkortu beharra dago. Emakumeok derrigortuta gaude egunean-egunean politikoki azkarragoak izatera, interbentzionistagoak izatera, esku-hartzaileagoak, eta Kabeerrek dioen moduan, oso-oso trebeak gure tokiaz jabetzeko. Beraz, politikan ere, enpoderatu egin behar dugu.

PARTEKATU