Ez dut inor ezagutzen gerraren alde edo justiziaren kontra dagoenik. Arazoa sortzen da, ostera, lehentasunak eta baldintzak jartzerakoan. Zer da lehenago, bakea ala justizia? (Ser humano en los conflictos. Jonan Fernández, 2006). Eta eztabaida honetan, nork bere tranpak egiten ditu.
Zenbaitek dio ez dela bakerik gabeko justiziarik. Jarrera honen arabera, lehenik justizia osoa behar da omen lortu, ondorioz bakerik izan dadin. Ez ei dago bakea aldarrikatzerik aurretik justiziarik ez bada, justiziarik ezak bake-aukera guztiak eragozten dituelakoan.
Zeharo kontrako jarrerak, berriz, besterik dio hain zuzen: bakea derrigorrezkoa omen da, justiziarik izan edo ez. Justizia beharrezkoa da, ahalik eta justiziarik gehien eskatu behar da, bai, baina justiziarik ezak ezin omen du inoiz bakea auzitan jarri.
Biek ematen dute zentzuzkoak eta biek dirudite garbiak, baina biek ezkutatzen dute iruzur bikoitz berbera. Batetik, biek ukatzen dute gradualismoa, bakea zein justizia absolutuak balira bezala. Eta, bestetik, biek dute onartezinezko helburu beretsua: justizia absolutua aldarrikatzen duenak bakerik eza zilegiztatu nahi du, armetan jarraitu ahal izateko. Eta bake absolutua aldarrikatzen duena, berriz, gertu dago zenbait kasutan justiziarik eza zilegi dela defenditzeko.
Ez dago, ordea, bakea eta justizia elkarren aurkako norgehiagokan jartzerik, biak behar ditugu-eta aldi berean. Ez dago noiz erabateko justiziarik lortuko zain geratzerik, bakeak egin ahal izateko. Eta ez dago noiz erabateko bakeak egingo, justizia indarrean jartzeko.
Bien arteko aukera-maukeran dihardutenak, nahiz eta balore etikoak hitzetik hortzera aipatu, iruzurretan ari dira.