Iñigo Urkullu
13Otsaila
2008
13 |
Hitzaldia

Galeuscat-en ekitaldia Madrilen

Iñigo Urkullu
Otsaila 13 | 2008 |
Hitzaldia

Bestelako Estatua, posible ez ezik, beharrezkoa ere bada
EAJren izenean hitz egingo dut gaur hemen, etorri diren alderdi politikoetako ordezkariek lagunduta. Galizia, Euskadi eta Katalunia dira, hurrenez hurren, gure erreferente nagusiak. Baina badakigu gure mugetatik harago ere ikusten. Gure nazionalismoa, gure nortasun zeinu nazionalak defendatzeko desioa eta konpromisoa, gure herrientzako ahalik eta subiranotasun handiena lortzeko helburua, herritarrei hitza emateko guraria, bateragarriak dira egungo Estatuaren ikuspegia eraldatzeko eta bilakatzeko asmoarekin.

Gure ustean, bestelako Estatua, posible ez ezik, beharrezkoa eta komenigarria ere bada. Hori izango da gure egitekoa Gorte Nagusietako hurrengo legegintzaldian. Eta hain zuzen ere Madrilera etorri gara hori esatera, guztiok batera. Zenbaitek gure eskaintza kalkulu merkantilista dela pentsatuko dute. «Hara, hemen dira berriz ere, beren erkidegoetara pribilejio eta diru gehiago eramateko», esango dute batzuek. Eta beste batzuek, berriz, klaudikazioa leporatuko digute, beren muturreko joerei ez heltzeagatik. Edonola ere, gure apustua sendoa eta serioa da. Eta gure eskaintza, zintzoa.

Espainiako Estatuak ezin du horrela jarraitu. Gauzek ezin dute horrela jarraitu. Azken urteetan ikusi dugun moduan, bi eredu ditugu: alde batetik PPrena, goresten duguna, eta bestetik Rodríguez Zapaterorena eta PSOErena, batere definitua ez dagoena. PPren eredua argia eta atzerakoia da. Trantsizio garaitik hona lurralde politikan, gizarte ereduan, familian eta abar egin diren aurrerapen apal guztiak lehengoratu egin nahi ditu, Estatu zentralista uniformizatu, elebakar eta hierarkizatua berrezartzeko. Eta hona gure eredua, oinarri plurinazionaleko Estatu berriaren alde egiten duena. Estatu horretan, herritarrek, herriek eta nazioek atsegin izango dute, desberdindutako herri eta komunitate gisa dituzten nahiera legitimoak aseta izango dituzte, eta goragoko eremuko entitate bat osatzeko eta eraikitzeko konpromisoa hartuko dute, herritarren borondatea aintzat hartuta. Herritarren askatasunei errespetua izango dien Estatua, eta garapenari dagokionez progresista.

Bada, PSOEk aukeratu egin behar du. Aipatutako ereduetako zeinekin identifikatzen den eta zein garatu nahi duen esan behar digu, bai guri, bai herritarrei, oro har. Adierazi beharko digu Auzitegi Konstituzionalak blokeatuta jarraitzea nahi duen, auzitegi horren alderdikeriei men eginez; esan beharko du botere judizialak eta hainbat epailek nahi dutena egiten jarraitzea nahi duen, hierarkia katolikoarekin orain bai orain ez harremanak izaten jarraitu nahi duen (batzuetan de la Vegari kandela ipinita, eta besteetan Bonori), eskuin mediatikoarekin ondo konpontzen jarraitu nahi duen, propaganda egiteko ilegalizazioekin jarraitu nahi duen, boterea eta kreditu zentralista galtzeko beldurrari garrantzi handiagoa emango dion eskari nazionalistei baino. Bada, jarrai dezatela indefinizio horrekin. Benetan nahi duena NAZIOaren nortasun tradizionalaren ereduari eustea bada, PPrengana jo beharko du, Alderdi Popularrarekin duen desberdintasun bakarra Espainia laikoagoa defendatzea baita.

Baina Espainiako Estatua berrantolatzeko apustua egiten badu, kortserik gabe, leialtasunez eta aldebiko betebeharrekin, hortxe izango gaitu gu guztiok. PSOEren apustua Estatu irekiaren aldekoa baldin bada, organoek eta botereek lurraldeak kontuan hartuko dituztenekoa, hortxe izango gaitu gu guztiok. Askatasun indibidualak eta kolektiboak defendatuko dituen Estatua eraiki nahi baldin badu, hortxe izango gaitu gu guztiok. Herriak modu egokian mamitzeko nortasun nazionalak kudeatzen laguntzeko formula bilatu nahi baldin badu, hortxe izango gaitu gu guztiok.

Hori da PSOEk eta Rodríguez Zapaterok egitea nahiko genukeen aukera. Zer bide hartuko duen jakin beharra daukagu. Legegintzaldi honetan batetik bestera ibili da, inkestek eta prentsako titularrek ondo erakutsi diguten bezala. Politika horrek lurra joa du. Benetako PSOE eta benetako Rodríguez Zapatero ezagutu beharra daukagu. Azken urteetan, etengabe aritu gara abalak eta laurogeita hamar egunerako letrak sinatzen, Gobernu sozialistari muturreko eskuinarekin zuen borrokan laguntzearren. Nazionalistak izan gara kili-kolo zebilen Gobernuari behin baino gehiago lagundu diogunak. Ordainetan, promesa lausoak, dirurik gabeko txekeak eta emandako hitza jatea baino ez ditugu jaso. Fase hori, baina, amaitu da. Politikan garai berriei heldu behar diegu. Hemen gaudenok eskaintza zintzoa egingo dugu norabide horretan. Legegintzaldi honetan, hirugarren «polo» politikoa izan gara ordezkaritzari dagokionez, bai Kongresuan, bai Senatuan. Eta hurrengoan ere hala izaten jarraituko dugu. Gure jarrera, beraz, estrategikoa izango da Espainiako politikagintzan, eta, hauteskundeetako emaitzen arabera, ziur asko erabakigarria. Eta hala izango da, gure herrietako gizon-emakumeek hala erabakiko dutelako martxoaren 9an. Eta Gorte Nagusietatik legegintza aldaketa iruzurti baten bidez desagerrarazi nahi gaituztenen aurrean, guk akordio handi bat lortzeko borondate zintzoa dugula diogu hemen: guztiak errespetatuko dituen Estatu berria sortuko duen akordioa, baita Galizia, Euskadi eta Katalunia ere.

PARTEKATU