Iritzia
13Otsaila
2008
13 |
Iritzia

Bertolt Brecht-en aplikazioak

Iritzia
Otsaila 13 | 2008 |
Iritzia

Entzule batek kontu hartu dit, ezker abertzale giroko alderdiak sufritzen ari diren egoeraz ez dudala txintik ere esan. Ea zertan den nere solidaritatea. Hobe nukeela Bertolt Brecht-en poemaz gogoratu, alegia: komunisten bila etorri ziren eta komunista ez nintzenez, ez nuen ezer esan. Gero juduen bila eta, judu ez nintzenez, isilik geratu nintzen. Ondoren sindikalisten eta katolikoen bila etorri ziren, baina ez katoliko eta ez sindikalista ez nintzenez... Azkenean nere bila etorri ziren eta, beranduegi, ez zidaten ezer esateko aukerarik ere eman.
Ondo dago Bertolt Brecht aipatzea, baina ez gero ahaztu, berea omen den poema horrek beste hainbat aplikazio ere baduela. Esaterako, lehenik goardia zibila hil zuten; gero, berriz, zinegotzia; baita umeak eta etorkinak ere. Ondoren enpresaria bahitu, hurrenean dendariari iraultza-zerga eskatu... baina ez goardia zibil, ez zinegotzi, ez ume, ez etorkin, ez enpresari, ez dendari... ez nintzenez, ez nuen ezer egin. Atzenean neri tokatu zitzaidan eta, ordurako, berandutxo.

Ondo dago, bai, elkartasuna aipatzea, baina non zinen zu, entzule, zure auzokoari laguna hil ziotenean, zure kaleko dendariari iraultza-zerga eskatu zitzaionean edo ezer ez zekien funtzionario gizajoa zuloan sartu zutenean?

Ez dakit nik nondik datorren solidaritate hitza. Baina badakit, ordea, zer esangura duen elkartasunak: El-ka-rre-kin, egin beharra. Elkarrekin, zuk eta biok elkarrekin alegia. Baina ez zuk nahi duzuna bakarrik, baita nik nahi dudana ere.

PARTEKATU