Iñigo Urkullu
08Otsaila
2008
08 |
Hitzaldia

Nueva Economía Foroa. Kongresu eta Senaturako EAJren hautagaien aurkezpena

Iñigo Urkullu
Otsaila 08 | 2008 |
Hitzaldia

Duela hilabete batzuk, foro honetan bertan, Josu Jon Imaz lagunak eta Euzkadi Buru Batzarraren presidente ohiak kazetari batzuen galderari erantzun zien Espainia liluratzeko zegoela lan egin beharra, edo tankerako zerbait. Hitz haiek, testuingurutik aterata erabili zirenez, sua piztu zuten, hemen gauden askok buruan izango dugun bezala. Batzuek, nazionalismoaren klaudikazio gisa hartu zituzten hitz haiek; beste batzuek, berriz, suge-enkantatzaile baten hausnarketak zirela esan zuten. Era guztietako balorazioak izan ziren, horrenbestez. Baina ziur nago ez dagoela hitz horiei eta beren esanahiari beldurrik izan beharrik: liluratu, independentzia, akordioa, adostasuna... Hitzak eta kontzeptuak dira —nahiz eta aitortu behar dugun geure isiluneen jabe garela, geure hitzen errudun, baina, batez ere, interpretazio interesatuenak edo interesgabeenak—. Eduki politikoz eta ideologikoz beteriko kontzeptuak dira, berriro diot, eta, nola edo hala, gu guztion zati dira.
Hitzek —berriro esango dut— eta beren esanahiek ez dute zertan inor izutu. Portaerek ematen dute beldurra, eta haiek dira baztergarriak: jarrerak, itzulinguruak edota irizpide aldaketak, hauteskundeetako interesen arabera. Edonolako zalantzarik gabe, izutzen eta higuina ematen duena ETA da. Terrorismoak, beraz, izua sorrarazten du, eta halaxe egiten du terrorismoa politikoki erabiltzeak ere. Eta aurrekoa bereizita, epaile batzuek ere izua sortzen dute, eta handia, gainera. Politikaren eta politikari batzuen mende dauden epaileek. Madrilgo gobernuek eta beren arduradun politikoek ere zertxobait izutzen dute, azken batean, Euskadirenganako duten jarrerak loteria ematen duelako: oso garbi dute sari nagusia lortu nahi dutela, nahiz eta 2001etik Euskadiko hauteskunde bonboa astintzen ari diren. ETAk, berriz, izutu eta erabateko higuina ematen du.

Edonola ere, Josu Jon Imazen zioena —eta Euzko Alderdi Jeltzaleak Juan Ajuriaguerrak orain 30 urte baino gehiago Madrilen defendatu zuena— zera da: Espainiak eta Euskadik elkar ulertu beharra dutela. Espainiako Gobernuaren, Lehendakariaren eta alderdi politikoen artean, herritarrek adierazitako borondatea errespetatzeko konpromisoa aintzat hartuta. Alde guztietan egindako etengabeko lanak, isilean eginak, ahalbidetuko du bakea lortzea. Horiek dira gure erabateko lehentasunak, gure nahiak, herri osoaren gurariak. Argi dago; politikatik abiatuta bakea lortzeko arriskatu egingo dugu. Honetan asko baitugu jokoan, nahiz eta gure esku ez egon. Gure etorkizuna eta, herrialde garatu moduan, gure biziraupena ari gara jokatzen (munduko herrialde garatuenetako moduan, gainera).

Konpromiso hau, adostasuna eta elkar ulertzea alegia, gure hauteskunde programako lehendabiziko puntuan dago jasota —Estatuaren egitura erreformatzeko planteamenduarekin batera—. Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen Ibilbide Orriaren isla da, Euzko Alderdi Jeltzalearen planteamenduak babestua eta bere Ponentzia Politikoan jasoa dago. Gure programaz eta proposamenez hitz egingo dute gure hautagaiek: Emilio Olabarriak (Kongresuko zerrendaburua Arabatik), Josu Erkorekak (Kongresuko gure bozeramailea eta zerrendaburu Bizkaitik) eta Jose Ramon Belokik (Gipuzkoako zerrendako lehena).

Haiek eta Euzko Alderdi Jeltzalearen Euskal Taldeko kideen rol garrantzitsuan eta ezinbestekoan lagun dituztenek hitz egingo dute gure konpromisoez Madrilen. Madrilgo Kongresuan, hurrengo legegintzaldian, Euskal Autonomia Erkidegoan hautatutako hamazortzi euskal diputatu izango dira. Eta, hara non, Euzko Alderdi Jeltzalearen diputatuek aurkeztu, planteatu eta defendatu dituzte bizitza kalitatearekin, ongizatearekin eta gure autogobernuarekin zerikusia duten ekimen ia guzti-guztiak.

Gainontzekoek, orain arten EAren diputatu lanak egin dituenak izan ezik —beraiek beti esaten duten moduan, eta ondo esanda, gainera—, Euzko Alderdi Jeltzalearen Euskal Taldeko diputatuak baino gehiago izanagatik ere, beren lana egin dute. PPri edo PSOEri botoa ematea, edota PPren zein PSOEren politikei eta ekimenei botoa ematea. Eta hori ederki egin dute, sekula ere ez dute hutsik egin Estatuko interesei lehentasuna ematen, euskal herritarren interesak zapuztuta. Euskadiko PSEk eta PPk sekula ere ez dute beren alderdien irizpide orokorren kontra botoa eman, nahiz eta Euskal Taldearen planteamenduak bestelakoak izan. Guretzat, Euskadi % 100 da, eta, haientzat, asko jota % 5, eta ozta-ozta.

Gure interesak defendatzeko aldarririk gabe, Madrilen nekez jorra daitezke gure ongizatearekin lotutako auziak.

Autogobernu ahalmenetik eta kontzertu ekonomikotik deribatutako ongizatea eta garapena. Gaur hausnarketa laburra merezi du gai honek: Rodríguez Zapaterok kontzertua blindatzeari ezezkoa eman badio ere, Luxenburgoko Gorteek ebazpena egun batzuen buruan emango dute. Orain, sekula baino gehiago, euskal gizarte osoak (edozein dela ere ideologia) kontzertua defendatu beharra du, eta aldeko jarrera hartu. Alde horretatik, euskal alderdi guztiok konpromiso bat sinatzea proposatuko dugu, gure autogobernuaren enblemaren alde.

Edonola ere, horretan eta aurretik azaldutakoan: euskal autogobernuaren garapen normalizatuan eta euskal gizartearen elkarbizitza politikoan bakea eta normalizazioa bilatzeko bideetan kolaboratzan islatzen da Emilioren, Jose Ramonen eta Josuren lana, eta, ondorioz, baita horiek ordezkatzen duten taldearena ere.

PARTEKATU