Iritzia
05Otsaila
2008
05 |
Iritzia

Superasteartea

Iritzia
Otsaila 05 | 2008 |
Iritzia

Amatiño

Iritzia

Euskadi Irratia


Sei ordu barru argituko du, Ipar Ameriketan, zorioneko superasteartea. Gaur hasiko da benetan erabakitzen hautagai demokrata eta, behar bada, Estatu Batuetako hurrengo presidentea.
Auskalo gero nork irabaziko ote duen hauteskunde-aurrekoetan baina, demokratei dagokienez behintzat, estreinako hautagaia izango denik ezin ukatu: Hillary Clinton baldin bada, lehendabiziko emakumea eta, Barack Obama izanez gero, berriz, aurrenengo lehen beltzarana.

Ez dakit nik inork pentsatu ote zuen orain berrogei urte, hurrengo belaunaldian emakumerik izango zenik Etxe Zurian. Baina zinez diotsuet nekez uste zezakeela inork, orduan, Kenian sortutako afrikarraren semea lehendakari izatera iritsiko zenik noizbait.

Gogoratu dezagun, orain dela berrogei urte, Obama mutiko koxkorra zela, beltzen eta zurientzako komun ezberdinak zeudela Ipar Ameriketan; beltzek autobus publikoetako atzeko eserlekuetan jarri behar izaten zutela, eta baita eserita zeuden emakumeek jaiki ere, gizonezko zuriak zutik egon ez zitezen. Gogoratu ere, Obama jaio ostean erail zituztela, telebistaren aurrean, John Kennedy eta Robert Kennedy politiko demokratak, eta Malkom eta Martin Luther King buruzagi beltzak.

Berrogei urte geroago gauzak dezente aldatu dira. Bai, dexente edo, baina ez erabat. Izan ere, ama zuria zuen arren, denok ari gara Obama beltza dela esaten. Antza denez, zuriok beltz ikusten dugu oraindik Obama. Baina, arrazoi berberaz, beltzek zuri dela esan lezakete ezta? Ala ez?

PARTEKATU