Dirudienez, Batasunaren aldeko ezker abertzale sozialistek ezin izango dute hauteskunde orokorretan parte hartu. Ondorioz, gainerako alderdi guztiak kritikatu dituzte: PSOE eta PP, parte hartzen ez uzteagatik, eta EAJ, EA eta EB, berriz, parte hartu dezaten ez laguntzeagatik.
Txalogarria gero Batasuna inguruak Espainiako hauteskundeetan jarri duen interesa. Orain zortzi urte guztiz kontrako jarrera izan zuen. Orduko egunkarietan begiratu besterik ez, Otegik esandakoak irakurtzeko: "Frantziako Errepublikak eta Espaniako monarkiak eskaintzen diguten aukera tranpa da". "Estatuko parlamentuan euskaldunok ez dugu zer eginik". "Gure eskubide politikoak euskal parlamentu nazionala hautatzeko baino ez ditugu erabiliko". "Hau ez da oraingorako erabakia, gerorako ere baizik", etab.
Orduko mezuen arabera, Batasunaren ustez demokratikoena hauteskunde espainiarretan ez parte hartzea zen eta PSOEren eta PPren iritziz, aldiz, Batasunak parte hartzea guztiz komenigarria omen zen egoera normaltzeko. Aldi berean, Batasunak EAJ, EA eta EBren jarrera kritikatzen zuen, hauteskunde espainiarretan parte hartzeagatik, eta PP-PSOE bikoteak hirukoari leporatzen zion, berriz, Batasuna konbenzitzen behar beste ahaleginik ez egiteagatik, parte hartu zezan.
Orain, ostera, alderantziz. Batetik, parte hartzerik ez duen honetan, Batasunak parte hartu nahi du. Eta, bestetik, PSOE eta PPren ustez, Batasunak parterik ez hartzea normalizazioaren kaltetan ezezik, mesedetan omen da.
Baina orain ere, orduan bezala, errudunak beti betikoak: EAJ, EA eta EB. Nahiz-eta hiru hauek Alderdi Legearen kontra azaldu Eusko Legebiltzarrean eta PP, PSOE eta Batasuna, alde.