Egun on eta eskerrik asko. Hauteskunde orokorretarako gure hautagaiak eta kanpaina aurkeztu nahi dizkizuegu. Nire ustez, erabat aurreikusgarriak dira aurtengo hauteskundeak eta kanpaina-aurrea. Nahiz eta alderdiren batek, azken orduko urduritasunak jota, neurri populistak eta demagogikoak hartu dituen, etikoki onargarria denaren mugaraino iritsita (inkestekin eta inkestentzat bakarrik gobernatzearen ondorioz), aste hauetan ikusten ari garenak ez gaitu ustekabean harrapatu.
Aurtengo kanpaina-aurrea aurreikusgarria dela esan dut. Hala baita. Guztiok genekien zer egoerara iritsiko ginen. Legea nahi bezala erabili dute. Azkenean, ustez lege horren hartzailea denak bere nahierara baliatu du. ETAk ere badu zerikusirik, berak erabakitzen baitu ezker erradikalak noiz eta nola aurkeztuko dituen hautagaiak. Batzuetan behintzat, eta hori benetan da gaitzesgarria, interes komunak izaten dira legez kanporatzen duenaren eta legez kanporatuaren artean. Eta are baztergarriagoa da hori guztia beti, beti, hauteskunde kanpainan gertatzea.
Ezin da gizarte honen nahiekin jolasean ibili. Nire ustean, hau guztia; ilegalizazioek, hainbat epailek eta magistratuk bizitza politikoan muturra sartzeak edota Europako herrialdeetako enpresa publikoek euskal enpresen kontrako operazio ekonomiko posibleek —kontrapartida moduan, Espainiako Gobernuaren babesa izanik, akaso— garaitzen gero eta zailagoa den amildegia sortu baino ez dute egiten.
Estatuko PP-PSOE eztabaida alde batera utzita, hemen, Euskadin, eztabaidagaia beste bat izango da. Alde batetik Madrilera euskal herritarren interesak defendatzera joango diren alderdiak daude, eta bestetik beren interesak, proposamenak, proiektuak (gureak bezain zilegiak) defendatzeko diputatu gehiago lortu nahi dituzten alderdiak, horien helburuak, askotan, euskal herritarren interesen kontrakoak izango badira ere. Hemen, Euskadin, bipolarizazio bat egongo da, baina ez Estatukoa bezalakoa. PPren eta PSOEren proposamenek, azken lau urteetan, Euskadiri EZETZ esan besterik ez dute egin. Ezezkoa eman diote Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Politiko Berriaren proposamenari, ezezkoa emateke dituzten transferentziei, ezezkoa kontzertu ekonomikoaren blindajeari. Ezezko sistematikoa. Edozeri. Beste alde batetik, Euzko Alderdi Jeltzalearen proposamenak eta konpromisoa ditugu.
Ez genuke gezurrik esango Madrilen Euskadirako aurkeztutako proposamen baiezkoren eta aurrerakoien % 95 Euzko Alderdi Jeltzalearen Euskal Taldeak aurkeztu dituela esango bagenu. Euzko Alderdi Jeltzaleak beti pentsatu du ezinbestekoa dela euskal interesak defendatzeko foro guztietan egotea. Beste batzuek, orain hala egin nahi badute ere, bi hamarkada baino gehiago daramate kontrakoa esaten. Beraiek jakingo dute zergatik.
Kanpaina honetarako aukeratu dugun leloa honako hau da: Euskadin bizi naiz ni. Zu non bizi zara? Lelo horrekin, bizitza kalitatearekin eta ongizatearekin lotutako proposamenak defendatuko ditugu Madrilen. Nire ustez, Euskadik jarduteko eskumena izan behar du herritarren interesak jokoan dauden esparru guztietan, eta are gehiago zalantza politikoa eta ekonomikoa bizi ditugun garaiotan. Eta hori, Madrilen, Euzko Alderdi Jeltzaleak bakarrik egin dezake.
Egongo dira beste diputatu batzuk ere, baina, beti bezala, euskal herritarren ongizaterako auzi garrantzitsuren bati heltzean, eta beren alderdien, PPren edota PSOEren interesen kontra egitean, gehienetan zalapartaka egingo dute hanka Kongresutik edota Senatutik, eta, bestela berriz, kontrako botoa emango dute.
Euskadik munduko herrialde garatuenetakoa izaten jarraitzeko, ezinbestekoa da Madrilen euskal alderdi sendoa izatea. Eta hori da gure helburua.