Iñigo Urkullu
22Urtarrila
2008
22 |
Hitzaldia

Juan Mari Atutxaren aldeko agiria

Iñigo Urkullu
Urtarrila 22 | 2008 |
Hitzaldia

AUZITEGI GORENAK “ATUTXA KASUAN” EMAN DUEN EPAIARI BURUZ
Lehenengo eta behin, Euzko Alderdi Jeltzaleak bere elkartasun osoa adierazi nahi die atzo Auzitegi Gorenak Auzitegi Gorenari berari ustezko desakatu-delitua egiteagatik kondenatu dituen Juan Mari Atutxari, Kontxi Bilbaori eta Gorka Knörri.

Euzko Alderdi Jeltzalearen iritzian, epai horrek argi eta garbi erakusten du Estatuan estamentuzko justizia predemokratikoa eta korporatibista dagoela.

Estamentuzkoa, zeren eta Auzitegi Gorenak atzo jendaurrera azaldu zuena euren epaia baita, eurentzat emana; izan ere, Auzitegi Gorenak berari egindako ustezko kalteak ordaintzera behartzen ditu hiru kondenatuak. Eta horretarako akusazio popularrak kasu honetan eman dion muleta berak nahi duen moduan erabili du, Botin kasuan ez bezala, auzitegi horrek berak ez baitzuen kasu horretan hori kontuan hartu.

Horrezaz gainera, estamentuzko justizia da, ezen, berbarako, elementu juridiko berak erabiltzeko kapaz da interes ekonomikoak absolbitzeko, politikari ‘gogaikarriak’ (Atutxa, Bilbao eta Knörr) herri karguetarako ezdoitzeko edo, eta beldur gara etorkizunean ez ote den gertatuko, gobernuaren harikoak ez diren hiritarrak espetxeratzeko, ‘Egunkaria’ kasuan jazoko den bezala.

Baina, horrez gain, erabaki honek alarma guztiak pizten ditu; izan ere, etorkizunean, erabaki horrek ondorio zeharo larriak ekar ditzake oraindik epaitzeke dauden antzeko kasuei dagokienez, adibidez, Lehendakariaren aurka egun zabalik dagoen kausari dagokionez. Epai hau dela bide, Auzitegi Gorenak bidea zabaltzen die eta legitimazio juridikoa ematen die beste auzitegi batzuei modu berean jardun ahal izan dezaten.

EAJk justiziaren ideologizaziorako bidea jada geldiezina dela uste du. Espainiako instantzia judizial gorenen epaiak aretoen osaketaren arabera hartzen dira, ez epaitzen ari den auziaren funtsaren arabera. Ez dago hori luzaro jasan dezakeen demokraziarik.

EAJren ustez, epai honek argi eta garbi islatzen du gero eta gabezia gehiago dituen Espainiako demokraziak egindako trantsizioa oraindik ere amaitu gabe dagoela. Edozein motatako kontrolaren mugan kokatzen den epaile talde batek, gizartearen etorkizun politikoan esku har dezake Espainiako demokrazian.

Horrenbestez, une honetatik aurrera, EAJ ez da bere instantzia judizial gorenetan eskuin muturreko ideien eta taldeen gotorleku bilakatu den justizia batek ordezkatuta sentitzen. Ez hori bakarrik, euskal herritarren gehiengo handia ere justizia horrek ordezkatuta sentitzen ez dela uste du EAJk.

Epaia bera prentsa ohar baten bidez ezagutarazi izana Auzitegi Gorenak lortu nahi zuenaren isla garbia da; hau da, esklusiboki mediatikoa eta politikoa den erabaki batekin gizarte osoa aztoratzea.

PARTEKATU