Atzerapenik ez bada, 2010ko apirilaren 3an izango da, Espainian, "itzaltze analogikoa". Fran-tziak ez omen du oraindik erabaki. Ez da teknikoei bakarrik ardura zaien arazoa. Egun horretan, orain arteko telebista eta irrati analogikoak amatatu egingo dira eta, aurrerantzean, emisio guztiak sistema digitalez izango. Horretara, hurrengo urte bietan telebista eta irrati digitalez jabetzen ez denak ez du ezer ikusterik edo entzuterik izango.
Zein ote analogikoa eta digitalaren arteko aldea? Ez naiz teknika-kontuetan sartuko baina bai ostera esango, seinale digitala analogikoa baino seguruago, zehatzago, neurterrazago, fidagarriago eta programagarriagoa dela. Nolabait esateko, digitala demokratikoa da eta analogikoa, berriz, demokraziaurrekoa. Edo, beste modu batez esanda, alderdi politikoen sistema digitala da eta ETAren diskurtso guztia, analogikoa.
Alderdien seinaleak ezberdinak dira, edozenbat programazio eskaintzen dute eta ez dute beti asmatuko, baina euren joko politikoa datu zehatzetan oinarritzen da eta alderdi bakoitzak duen herri-atxikimendua edo euren programek herritarrengandik jasotzen duten onespena zenbakitan neurtzen dira.
"Herria gurekin", "Nafarroa Euskadi da", "Iparraldea ere independentziaren alde", "Herri armatua inoiz ez zanpatua", "zuek faxistak zarete terroristak", "jo-ta-ke irabazi arte" eta horrelakoak itzaltzear dauden seinale analogikoak dira. Orro horiek Nafarroan, Iparraldean eta Autonomi Erkidegoan dituzten babes eta botu-onespen zehatzak, berriz, digitalak dira.
Zer amatatuko ote da lehenago, irrati-telebista analogikoa ala MLNV abertzale-sozialista analogikoa? Bi urte baino ez dira falta jakiteko.