Iritzia
08Urtarrila
2008
08 |
Iritzia

Sinesgarritasuna

Iritzia
Urtarrila 08 | 2008 |
Iritzia

Amatiño

Iritzia

Euskadi Irratia


Edozein agintarik, egia esan ez ezik, sinesgarritasuna ere eskaini behar du eta bart iluntzean Alfredo Rubalcaba Barne Ministroari sinesgarritasun punttu hori falta izan zitzaion.
Esanak esan, ez da gero batere normala eguerdi aldean atxilotua izan den gaztea hamabost ordu geroago, gau erdi ondoko ordu txikietan, ospitaleko zainketa berezien gelan amaitu beharra, saihetsa hautsita, birikia zulatua eta soina beltzunez eta ubelez josia, kristoren jipoia eman izan baliote bezala.

Ez dezagun gero geure burua engainatu. Hemen eztabaidan dagoena ez da Igor Portu ETAkoa den ala ez; ezta ospitale inguruan protestaka bildu zirenak ETAk inor garbitu izan duenean etxean isilik-mixilik geratu ote diren ere. Gaur eta hemen auzitan dagoena ez da ETAren sinesgarritasunik eza, edozein hiritarren giza-eskubideak eta segurtasuna bermatu behar dituen sistema demokratikoaren sinesgarritasuna baino.

Tratu txarra beti da, beti gero, salagarria, arbuiagarria eta onartezina.  Ez dago batere aitzakiarik, ez dago indarkeriarik ñimiñoena barkagarri edo ulergarri egin lezakeen ezer. Berdin da norbaiti eskua joan ote zaion,  baten batek ez ikusi egin duen ala nahita hartutako erabakia izan den. Kontua da, itxura guztien arabera, Igor Porturen oinarri-oinarrizko eskubideak urratu egin direla eta demokraziaren beraren zutabeetako bat hankaz gora jausi.

Donostiako Guardiako Epaitegiak ekin zion atzo bertan ikerketari. Hiritar guztioi zor zaigu gertatuaren berri zehatz mehatz jakitea eta, errurik balitz, erantzukizun politikoak eta penalak argitzea.

PARTEKATU