Hitzaldia
21Azaroa
2007
21 |
Hitzaldia

JOSUNE ARIZTONDO
Euskadiren aita (1865-1903)

Hitzaldia
Azaroa 21 | 2007 |
Hitzaldia

MAHAINGURUA. AZAROAK 20. EUSKALTZAINDIAREN EGOITZA NAGUSIA. Bilbao
Sabino Aranaren berri lehen aldiz 5-6 urte nituenean izan nuen, “Gure didarrak ez entzuteko, non zagoz aita Sabino, hemen negarrez urtuten gagoz zu hil zinen ezketino” ikasi nuenean. Laster jakin nuen Sabino Ondarroan egon zela 1902an Batzoki jaioberria ospatzen; Aberria erakutsi zigula eta euskara garbia ere berari esker genuela. Mokulua, urrutizkina, irola, txadona, izparringia, idazkortza, berebila, etab. eta hainbat euskal-izen, Sabinoren gomutarekin ditut lotuta. Gogoan dut baita, ordutik ez urte askotara, eskolan, horrelako hitz eta izenak zekizkiten beste lagun batzuekiko sentitzen nuen konplizitatea. Oraindik orain irauten duena, bestalde.

Sabino Arana gainera bere garaiko semea zen. Baina garaiko ezaugarriak eta gertakizunak irakurtzeko modu propioa zuela Sabinok esango nuke. Sabinoren proiektua eta ekarpena ezin dira behar bezala ulertu testuinguruari erreparatu gabe. Baina testuingurua ezinbesteko baldintza izanik bere pentsamenduan, ez da nahikoa. Bere proiektua pertsonala da: Sabino, euskal abertzaletasunaren eragilea da, “aita”. Bere asmo eta ametsen aldeko ekintzaile sutsua.

Testuinguruaz, zerbait aipatzearrren:

Alde batetik, XIX. mendearen amaierako euskal gizartearen ezaugarri nagusia aldaketa da, aldaketa sakona, gainera: gizarte berria sortzen doa, berritasun ekonomiko, produktibo eta teknologikoetatik haratago: Biztanlego berria (1875-1900 epealdian Bilbo, Ezkerraldea eta meatze-eremuetako populazioa x2,5 biderkatuko da); izate etnokultural berria; ideologia berriak (sozialismoa tarteko); gizarte mugimendu eta molde berriak (langile mugimendua…). Eta guzti horrek, ordura arteko gizarteari izugarrizko astinaldia zekarkion identitate-krisia eragin arte, ez dakarrelako aurrekoaren oinarri eta egitura nagusiak integratzeko ez tresnarik eta ez diskurtsorik. Eta horrek, traumatikoa bihurtzen du aldaketa.

Beste alde batetik, esandako aldaketa sozio-kultural horrek foru sistemaren deuseztapena du lagun: 1876ko uztailaren 21ko legea hain zuzen. Eta honek, ondorio zuzenak aparte ere, egonezin sakona eragiten du euskal gizarte tradizionalean: foruak euskaldunen irudimen eta memoria kolektiboaren muina dira, euskal komunitatearen mendeetako erreferente sinboliko nagusia, askatasunari eta zoriontasunari lotutako sinboloa. Eta hor dago zauria.

Eta azkenik aurrekari batzuk ere aipatu nahi ditut euskal berezitasuna eta euskal kontzientzia hauspotzeko baliagarri suertatu zirenak. Bi aipatzearren, euskaldun gehienek galdutako gerraren esperientzia, batetik, eta, bestetik, foruzale erradikalen jarduna (“Sociedad Euskalerria” eta “Asociación Euskara de Navarra”)…

Laburbilduz,

a)gizarte berri baten hastapenak,
b)gizarte tradizionalaren krisia,
c)foruen deuseztapena, eta
d)euskal senaren indartzea…, kontutan hartu barik ez dago Sabinori buruz hitz egiterik. Zergatik?. Bada, Sabinok bere proiektua eraiki zuelako krisi horrek eraginda eta gizarte berri horren eragileei eta ondorio nagusiei aurre egiteko. Eta osagai guzti horiekin Sabinok historiaren eta, batez ere, etorkizunaren gidoia berridatzi egin zuen.

Hala ere, Sabinoren irudia askotan manipulatua izan da. Esandako perlak hor daude, baina testuinguruaz ahaztuta eman diren perlak manipulazio hutsak besterik ez dira. Sabino ez zen “martziano” bat izan, bere garaiaren seme baizik. Hiru adibide aipatzearren:

1. Sabinoren nazio kontzeptua ez da salbuespen bat, eta neurri handi batean –ez erabat- erromantizismo alemaniarrarekin lerratzen da, zeinean nazioa ezaugarri objektibo batzuen izateari lotzen zaio (arraza, hizkuntza, historia, usadioak…) eta ez herritarren hitza eta erabakimenari.

2. Sabinok arrazan oinarritu zuen euskal nazioa. Baina arraza oso ohiko eta modako kontzeptua zen garaiko Europan, giro arrazista, inperialista eta militarista nagusia baitzen mendebal osoan. (Jean-Claude Larrondek ekarri zigun duela urte batzuk bitxikeria hau, Cánovas del Castillok Le Journal periodikuan “(...) creo que la esclavitud era para ellos (los negros de Cuba) mucho mejor que esta libertad que solo han aprovechado para no hacer nada y formar masas de desocupados. Todos los que conocen a los negros le dirán que en Madagascar, como en el Congo y en Cuba, son perezosos, salvajes, inclinados a obrar mal, y que es preciso manejarlos con autoridad y firmeza para obtener algo de ellos. Estos salvajes no tienen otros dueños que sus instintos, sus apetitos primitivos.”). Sabinok arraza kontzeptua nazioak bereizteko erabiltzen du, ez arrazen arteko nagusitasun/menpekotasun teoriak eta politikak justifikatzeko. Paradoxa hutsa da beraz, Canovas inork ez hartzea arrazistatzat eta askok ostera bekatu hori egoztea Sabino Aranari.

3. Sabinok tradizioa asmatu/birsortu egin zuen, horrek ematen zion legitimazio indarra baliatuz, identitate nazionala sortzeko orduan. Mitologia, legenda historiko, eta historiografia foruzale eta erromantikoaren iturrietan edan zuen. Eta gero ideologikoki interpretatu. Horrela, Bizkaia/Euskeria/Euskadi historian zehar askatasunean bizi izan da XIX. mendean, Espainiako estatu liberalaren erasoa medio, menperatua izan den arte. Ondorioz eskubide osoa du jatorrizko askatasunezko estatusa berreskuratzeko, euskal nazioaren salbamenerako bide bakarra delako. Honela, logika historiko honen arabera, legitimatzen du Sabinok bere proiektu politikoa.

Beraz, batzuentzako mesias eta martiri, beste batzuentzat arrazista ultramontanoa, mutur bi horien artean ortzadar oso bat dagoela esango nuke nik, historiaren haritik aztertu beharrekoa, nahiz eta hari horiek, ikuspegi historiko horiek anitzak izan arren.


Guzti hau dela eta, Jurgiren liburua, hiritar, abertzale eta euskaltzale bezala, eredugarritzat joko nuke, eta ez euskaraz idatzita dagoelako edo irakurterraza delako bakarrik; eredugarria da nire ustez, funtzio sozial bat betetzen duelako.

Nire inpresio apala hauxe da: Sabinori buruz asko idatzi da, baino askotan -gehienetan- idatzi den hori zenbait estrategi politikoren esanetara idatzi da.

Ez dakit Sabinoren gaineko ikerketa berri asko behar diren ala ez, ezagutza berria sortu behar den ala ez. Gogoeta hori adituei dagokiela uste dut. Baina uste dut ezinbestekoa dugula, honez gero (105 urte zil zela, 112 EAJ sortu zuela) batetik, Sabinoren now how horretara aurreiritzirik barik hurbiltzea, eta, bestetik, now how hori gizarteratzeko bide berriak urratzea.

Eta hemen kokatuko nuke, hain zuzen ere, Jurgi Kintanaren ekarpen nagusia. Sintesia egiteaz gain, kontakizuna eta interpretazioa oso egokiro lotzen ditu eta, gainera, modu zabalean hedatu eta irakurtzeko moduko testua burutu du.

Hedapenik eta irakurle barik ez dago ez eraginik, ezta ere historiaren funtzio sozial eraginkorrik. Beraz, zorionak Jurgi Kintanari eta zorionak Elkar argitaletxeari, liburuarengatik, bildumarengatik eta edizioarengatik.

Abertzale eta jeltzale moduan kezka bat ere adierazi beharra daukat hemen. Kontutan hartuta Sabino izan dela, azken mendean euskal gizartearen bilakaera historiko-politikoan gehien eragin duen pertsona, zer daki jendeak Sabinori buruz? Inkesta bat egingo bagenu, zer aterako litzateke? Jurgiren liburuan ematen den irudia edo klixez eta estereotipoz betetako irudi birtual eta interesatua? Beharbada, badago hor zer eginik eta zer zuzendurik. Eta bide honetan liburu hau ekarpen nabarmena da, dudarik barik.

Baina, zergatik izan zuen Sabino Aranak horrelako eragina euskal gizartean? Seguru asko, gaurko hitzak erabiliz, eskaintza eta eskaera uztartzen asmatu zuelako. Sabinok eskaini zuena gizartearen sektore batek behar zuenarekin bat zetorren. Lehen aipatu dugun gizarte-aldaketa bortitza medio, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako euskal gizartea gizarte desegituratua da, identitate ezaugarri sendoenak galdu dituena, berririk aurkitu barik oraindik, erreferente sinbolikoetan umezurtz sentitzen dena. Eta Sabinoren proiektuak hain zuzen ere horixe eskaintzen du: identitate berria, komunitate izateko sen berria, unibertso berriko kide izateko aukera. Garaiko euskal gizartean asko ziren “berri ona”-ren (Jurgiren hitzak erabiliz) gose zirenak.

Euskal gizartean Sabinok duen atxikimenduak beste osagai bat ere badu: ortodoxia eta praxiren arteko uztarketa dialektikoa.

Proiektuaren muina ez da ortodoxia erradikala bakarrik eta praxia edo pragmatismoa honen desbideratzea edo bertsio litgh/kutsatua. Muina bietan datza, bien arteko uztarketa dialektikoan. Eta Sabinok bere bizitza politikoan uztarketa hau barneratzen joan zen, kontraesanez barneratua bada ere, eta corpus teoriko koherente batean sistematizatu barik bada ere. Nik esango nuke uztarketa hau izan zela, hain zuzen, abertzaletasunari euskal gizartearen ateak parez pare ireki zizkiona.

Gaur egun errealitatea interpretatzeko ditugun parametroekin, duela 110-120 urte testuinguru historiko guztiz bestelakoan sorturiko proiektu baten inguruan zer dugun begiko eta zer ez hain gustuko esatea ez dakit oso zilegi zaigun. Dena den, hau salbu eta oharra eginda, ilunen edo ez hain gustukoen artean honakoak aipa nitzake:

 Sabinok ideologikoki bi komunitateetan banandu zuen euskal gizartea: arrazan oinarritutako euskal komunitatea eta bestelakoak –dena den, aldaketa bortitza dela medio, XIX. mendearen amaierako euskal gizartea berez ere gizarte desegituratua zela-.

 Sabinoren proiektuan euskal nazioaren aldarrikapenak berekin dakar Espainiaren ukazioa, bere aldarrikapenak, etsaiaren bazterketa dakar, bien arteko erlazioak euskal izate nazionalaren biziraupena arrisku bizian jartzen baitu. Honen ondorioz Espainiaren satanizazioa eta arrazan oinarritutako euskal komunitatearen kide ez direnen segregazioa aldarrikatuko du.

 Nazioaren kontzeptu probidentzialista; hau da, herritarren borondatea oinarritzat hartzen ez duen nazio kontzeptua.

 Sabino Aranaren integrismo erlijiosoa, Jainkoarengan hasi eta amaitzen dena –Jaungoikoa eta Lagizarra, Gu Euzkadirentzat, Euzkadi Jaungoikoarentzat-.

Begiko eta argien artean, beste hauek:

 Burujabetza helburu eta eskubide duen euskal nazioaren aldarrikapena. Eta proiektu nazionala osatzea.

 100 urte baino gehiago iraun duen herri mugimendu bat sortzea, Euskal Herriaren bizkarrezurra bilakatu dena. Gainera, hasiera hasieratik, ezaugarri eta jokamolde berriak erabili zituen Sabinok. Besteak beste,
o mobilizazioa eta herri partaidetza, Espainiako sistema politiko elitistaren aurrean, jauntxokerian eta hauteskunde ustelkeriari aurre eginez;
o prentsa erabili zuen proiektu politiko berria hedatzeko;
o sinbologia atxiki zion bere proiektuari: izena, goiburua, ikurrina, ereserkia, “Gora Euzkadi askatuta”, euskal izendegia…, nazio sinboliko osoa. Eta honek guztiak bere mugimendua bereiztea sendotzea eta kohesionatzea sekulako ekarri zuen;
o gizarteratze orduan, lagunarteko–guneak eta elkarteak sortu zituen.

 Ortodoxia eta praxiren arteko uztarketa dialektikoa, lehen esan bezala: uztarketan datza muina –ez batean, ez bestean-, eta honek unean uneko eta tokian tokiko errealitateei egokitzeko aukera eman dio.

 Foru sistemaren oinarrian dagoen burujabetza printzipioaren interpretazio dinamikoa, oraindik ere, eta etorkizunari begira, potentzialtasuna duena. Besteak beste, interpretazio horrek eman zion bide Sabinori berari lurralde historiko bakanetatik Zazpiak bat –euskal zazpi estatuen konfederazioa- jasotzeko.


Laburbilduz, zer eta nola garrantzi berekoak eta baterakoak ziren Sabinorentzat: ortodoxiari eustea ezinbestekoa zuen baina baita abertzaletasunaren iraupena ere, hau da, hazkundea eta eragin sozio-politikoa batera ikusten zituen eta ez bakoitza bere aldetik.

Sabinok argi ikusi zuen XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako gizartean erradikalismo politikoaren bidea antzua zela, bai gizarte atxikimenduaren ikuspegitik, eta bai (errepresioa medio) abertzaletasuna klandestinitatera eramaten zuelako. Ondo ikasi zuen ikasgaia: malgutasun+irmotasun ekuazioaren etekina askoz ere altuagoa zen intrantsigentziarena baino. Sabinok, Estatuaren sistema politiko-instituzionalean parte hartu zuen, inoiz ukatu barik bere ortodoxia abertzalea, ezta gutxiagorik ere.

Eboluzio espainolista delakoa bi ardatzez osaturiko dinamikan kokatu behar da:

o Lehenengoa errepresioarena. Sabinok “Grave y trascendental” kartzelan idatzi zuen, bere mugimendua jazarpen bortitza jasaten ari zen koiuntura batean, hain zuzen. Gainera, Sabinoren eta oro har euskal nazionalismoaren aurkako errepresioa ez zen 1902/1903 urtetara mugatu, konstante bat izan zen (Sabino bera 1895. urtean bost hilabete luze eman zituen kartzelan).

o Bigarren ardatza, lehen esan bezala, ortodoxia erradikala eta praxi pragmatikoaren arteko uztarketa dialektikoa ez da koiunturala, 1898.urtetik (gora behera guztiekin) urratzen ari zen bide batean giltzarri bat baizik. Malgutasuna + irmotasuna ekuazioari eustea giltzarria da (1898ko proposamena Gorte Nagusietan). Nahiz eta, Sabinoren baitan bide hori kontraesanez beterik egon eta sarri askotan teorizazio eta sistematizazio bakoa izan.

Guzti honen ondorioz, Sabinok utzi digun ondarea anitza da:

 Euskal proiektu nazionala: Euskadi nazioa da, aske izateko eskubidea duena. Nahiz eta gaur defendatzen dugun nazio kontzeptuak beste oinarri batzuek ere badituen: herritarren atxikimendua, hain zuzen.

 alderdi politiko eta herri mugimendu baten sorrera: 112 urte bete dituena eta euskal gizartearen bizkarrezurra dena.

 errealitateari egokitzeko eta politikagintzarako formula bat: ortodoxia-praxia / malgutasuna-irmotasuna. Muina ez dago batugai batean zein bestean, muina batuketan datza; hau da ekuazio bakoitzean aldagai biren arteko uztardura dialektikoan dago muina, ez aldagaietan.

 burujabetzaren interpretazio dinamikoa, eta hauxe da, hain zuzen, etorkizunari begirako giltza, eta gaur egun oraindik potentzialtasun osoa duena.

PARTEKATU