Bizitzan zehar izan badira erabaki konplexu samarrak hartu beharreko uneak. Alegia, guk geuk onesten ditugun egitasmoei lehentasuna eman ala egitasmo horien garapena geure eskuartzeari atxiki. Nekez esan dezaket eztabaida hau nere baitan izan ez denik azken asteotan. Eta, hartu beharraren beharrez, erabakia hartu dut. Lau urtez Eusko Alderdi Jeltzaleko Euzkadi Buru Batzarraren lehendakari izan ondoren, ez naiz hurrengo hauteskundeetan hautagai izango. Hamahiru urtez EAJk eskatutako funtzioak konpromiso irmoz betetzen ahalegindu ondoren –Europako Legebiltzarrean diputatu, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu eta Euzkadi Buru Batzarraren lehendakari— berriro lanbide pribatuari ekingo diot.
Betidanik jo izan dut politika gizarte-zerbitzutzat. Gure gizarte hau eskuzabala izan da nerekin ume-umetatik, neretzat jarduera politikoa gizartearekiko eta hiritarrekiko konpromiso pertsonala besterik ez da izan eta, zenbait sakrifizioren truke izan arren, nere Herri honi zor diodan guztiaren ordainetan. Horregatik, beti defenditu izan dut politikagintza sartu-irteneko esparru bezala. Eta, behin zerbitzua amaituz gero, normala alde egitea da, jarduera politikoan iraunerazi gabe. Honela baino ezin dakioke-eta eutsi klase politikoaren eta gizarte zibilaren arteko loturari, gaur egun horren beharrezko dugun loturari hain zuzen ere.
Nere ahalbideen arabera Euskadik bakea lortu dezan saiatu naiz. Indarkeriarik, mehatxurik eta estortsiorik gabeko Euskadiren alde ahalegindu izan naiz, gizakiaren baloreak oinarri izango dituen euskal gizartea eraiki ahal izateko. Eta harro asko aitortu dezaket balore horiek erruz edoski ditudala, gaztetandik izan dudan EAJren militantziari esker.
Herri-nortasun ezberdinak ditugunok osatu dezakegun euskal gizartean sinesten dut; batzuon eta besteon artean burutu dezakegun Euskadi dut maite; irizpide anitzez eraiki beharreko etorkizuna dut amets. Elkarbizikidetzan oinarritutako hiritarren borondate demokratikoak erakarri dezakeen Euskadin sinesten dut, eta jarrera ezberdinen arteko hitzarmen handiek baino ezin dietela etorkizunaren erronkei taxuz erantzun uste dut. Beti ere gure seme-alabak gogoan izango dituen Herria, non euren burua osorik garatzeko behar bezainbateko aukerabideak aurkitu ahal izango dituzten. Gero eta mundu zabalago eta katramilatsuagoan aritu beharrez, baloreetan oinarritutako euskal nortasuna landuko duen Euskadiren alde dihardut, gurea maitatu nahiak ez gaitzan inoren kontra jardutera behartu. Eduardo Chillida eskultore ospetsuak bere emaitzei buruz esan ohi zuenez, euskal lurrean sustraituak baina munduan zehar zabaldutako adarrez eta hostoez.
Jose Antonio Agirre, Manuel Irujo, Juan Ajuriagerra, Jabier Landaburu eta beste hainbat jeltzaleren gizalegez eta politika-moldez zizelkatutako Alderdi barruan izan dudan erantzukizunak harrotzen nau. Zertaz harrotu dugu gure aurrekoen eskutik oinordetzan jaso dugun EAJ dela eta, ez baitu alferrik balio izan edozenbat milaka euskotarrek beraien konfiantza eman diezaiguten eta, honela, Euskadiren autogobernua, elkabizikidetza, ongizatea eta egonkortasuna erakarri. Baina ondare hau ez da gurea. Kudeatzea baino ez dagokigu. Eta EAJk hiritarrei zenbait unetan zabaldu izan dizkien arrazoibide anitzak, zatiketa-itxurak eta larritasun-puntuak euskal gizartea noraezean nahasi besterik ez dute egin eta guk nahi dugun herrigintza bideratzeko behar diren gehiengo sozialak gureganatzeko ahalmena eragotzi.
Gaur egun, EAJren baitan batasuna lortzeko ahaleginek gu guztiok behartzen gaituzte. Baita ni ere. Ezin dugu, inola ere, duela lau urteko lidergo-trantsizioak eragin zuen zatiketa berriro errepikatu, EAJk larrutik ordainduko luke-eta. Beti uste izan dut bizitza honetan ez dela sekula egon behar besteek zer egingo zain. Norberari dagokio jorratu beharreko urratsak jorratu beharra. Guzti honengatik, hautagai ez izateko hartu dudan erabaki honek barne-prozesua erraztu eta gure aukera politikoa elkartu eta indartu baino ez du nahi. Gainerako alderdi politikoei zor zaien begirunea gogoan izanik, benetan uste dut EAJri dagokiola gehienbat euskal politikaren zubigilearenak eta orekatzailearenak egitea, hain zuzen ere EAJ zatitzeak eta ahultzeak eragotziko lituzketen zubigintza eta oreka. Hartara, gure hautesle-kopuruaren araberako ordezkaritza baino ez dagokigun arren –eta epe laburreko jokabide motzak alde batera utziz--, benetan uste dut EAJren zatiketa-arriskuak nolabaiteko erradikalismoa eta ezegonkortasuna eragingo lituzkeela euskal politikagintzan.
Bada aipatzeke laga ezin dudan beste hausnarketa bat. Euskal abertzaletasun demokratikoaren jokabideak berebiziko zeregina bete du gure Herri honen eraikuntzan. Mundua bizkor asko ari da aldatzen eta, aurreko belaunaldiek sekulako ahaleginak egin zituzten bezala gure egitasmoa eraberritzeko eta eguneratzeko, gure belaunaldi honek ere beste horrenbeste egin beharko du. Nazio-estatua, burujabetza eta independentzia bezalako kontzeptuak aldatzen ari dira eta ez dute honez gero iraganean izan zuten esangura berbera. Mugak ahultzen eta desagertzen ari dira gure inguru-minguruan eta, gure jatorrizko arrazoibideak gaurkotzeko orduan, euskal abertzaletasun demokratikoaren aldetik aitzindari izaten asmatu behar dugu, bere nortasuna eta askatasun-sistema historikoa galzorian zituen Herri hau babesteko eta jagoteko sortu baitzen EAJ. Baina alderdi batek nekez ekin diezaioke ezinbesteko eraberritzeari, bere barruan etengabeko norgehiagoka diharduen bitartean. Hausnarketa zuhurrak batere zalantzarik gabeko lidergoak eskatzen ditu eta alderdi batuak eta sendoak.
Euskal gizartearengan zein Eusko Alderdi Jeltzalea osatzen dugun pertsona guztiengan dudan konfiantza azpimarratzen amaitu nahi dut. Konfiantza dut, bai, oraingo nahiz ondoko erronkei aurre egiteko dugun gaitasunean eta seguru nago nere erabaki hau harri-koskorra besterik ez dela izango abiatu beharreko bide luzean. Eskertu nahi dut, bihotz bihotzez alderdikideengandik nahiz herrikideen aldetik jaso izan dudan laguntza zintzoa. Eta, aldi berean, benetan, baita barrutik zein kanpotik kritika eginez nere erabakiak lantzen eta zorrozten lagundu didaten guztiak ere. Eusko Alderdi Jeltzalearen kohesioa indartu egingo da. Eta oneski uste dut euskal gizarte osoaren onerako izango dela. Baita gure ideiak eta egitasmoak gurekin partekatzen ez dituztenen onerako ere.
Josu Jon Imaz
Eusko Alderdi Jeltzaleko Euzkadi Buru Batzarraren lehendakaria