Hitzaldia
02Ekaina
2007
02 |
Hitzaldia

JOXE JOAN GONZALEZ DE TXABARRI
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskaltzaindia

Hitzaldia
Ekaina 02 | 2007 |
Hitzaldia

Egun on eta ongi etorri, Gipuzkoako Foru Aldundiko batzar areto nagusira: Jargi aretora.

Euskaltzaindiarentzat eta Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat esanahiz beteriko eraikin eta aretoa aukeratu du Mikel Zalbide Elustondo jaunak sarrera-hitzaldia irakurtzeko. Jakin, ondo dakizuenez, areto honetan egin zuen Euskaltzaindiak batzar eratzailea eta bertan aukeratu Resurreccion Maria Azkue lehen euskaltzainburu eta Luis Eleizalde idazkari, lagun zituztela Julio Urkixo eta Arturo Kanpion lehen euskaltzainak. Gela honetantxe izendatu zituzten Eguzkiza, Inzagaray, Landetxe, Lhande eta Olabide jaunak euskaltzain; baita Schuchardt, Vinson eta Uhlenbeck ere ohorezko euskaltzain. Eta bertan aukeratu zituen lehen berrogeita lau euskaltzain urgazleak; besteak beste, Manuel Lekuona, Severo Altube, Toribio Alzaga eta Ramón Menendez Pidal.

Soka luzea da eta ez da eten.

1886. urtean, Aristides Artiñano jaunak Durangoko lore-jokoetan aurkeztu zuen “Proyecto de Academia Vascongada” txostena.

1906an, euskal erakundeetako mahaietan dabil egitasmo hori. Adolfo G. de Urkijo jauna zen orduan presidente Bizkaiko Diputazioan. Eta Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Diputazioei zuzendu zitzaien, “Laurak bat” izenburupean, lau euskal diputazioen babespean euskal akademia eratzeko proposamena eginez, euskararen zaindu eta zabaltzeko .

Aldi berean, Ramón María de Lili zen Gipuzkoako Diputazioko presidentea . Eta Gipuzkoako Diputazioak aho batez eta dagoen dagoenean onartzen du Bizkaikoaren proposamena. Eta jakin nahi du zein den Araba zein Nafarroako Diputazioen gai honekiko jarrera. Baiezkoa izanez gero, norbait izendatuko du Gipuzkoakoak Euskal Akademia eratze-lanetan parte har dezan, eta erakunde berriaren aurrekontuak bideratzen hasiko da .

Nafarroak ere baietza eman arren, Arabakoak ezezkoa adierazi zuen, eta egitasmoa bere horretan geratu zen mahai gainean, garai egokiagoen zain.

Eta, etorri, etorri ziren garai hobeak. Bizkaiko Diputazioak, 1918ko urtarrilaren 25eko diputatuen bileran, onartzen du Cosme de Elgezabal eta Felix de Landaburu diputatuek aurkeztutako mozioa. Mahai gainean da Euskal Akademiaren sortzeko egitasmoa. Hego Euskal Herriko beste hiru diputazioekin batera gauzatu nahi da eta, azterkizun izan dadin, Oñatiko Batzarrera bidaltzen da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1919ko apirilaren 1ean, Diputazio Probintzialaren ohizko bileran, Valde-Espina markesa buru zelarik eta Aldundiko Sustapen Batzordearen proposamenari jarraiki, onartu zituen Euskaltzaindiaren Estatutuak. Hauek Oñatiko Kongresuan izendatutako ponentziak idatzi zituen, euskararen ikerketa eta babeste-erakundea sortuz .

Julian Elorza Aizpuru azpeitiarra (1878-1964) probintziako diputatu izan zen 1911tik 1919ra eta Gipuzkoako Aldundiko presidentea 1919tik 1924ra. Buru-belarri jardun zuen, 1918.etik aurrera, Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko Kongresuko prestakuntzan, eta ekinkide nabarmena izan zen hurrengo urteetan Eusko Ikaskuntzaren zereginetan. Garai horretako lanen emaitzak dira Oñatiko Batzarraren antolaketa bera (1918), Euskaltzaindiaren sorrera (1919) eta Lizarrako Estatutua (1931). Bere jardun politikoan, nabarmen ageri da karlista eta foruzale zela. Garaiko kronikek diotenez, Julian Elorza Aizpuru jaunaren agintealdian ezagutu zituen Gipuzkoako Aldundiak garairik ospetsuenak, eta herritarren aldeko itzal sendo eta bikaina erdietsi zuen, bere ekimen, gogo eta politika egiteko era trebeagatik .

1919ko irailaren 21ean, Eusko Ikaskuntzak Oñatiko Batzarrean erabakitako egitasmoari jarraiki, eta Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Ikaskuntzaren buru zen Julian Elorza jaunaren deiari erantzunez, Gipuzkoako Diputazioan izan zen Euskal Akademiaren batzar eratzailea. Lau euskaltzain izendatu zituzten Oñatin, unibertsitatean: Resurreccion Maria Azkue, Arturo Kanpion, Luis Eleizalde eta Julio Urkixo. Beste lehen zortziak Gipuzkoako Aldundian: Txomin Agirre, Pierre Broussain, Mr. l’Abbé Adema, Ramon Inzagaray, Jose Agerre, Juan Bautista Eguzkiza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande .

Hamabost egunen buruan, 1919ko urriaren 7an deitu zuen Euskaltzaindiak bere lehen bilkura akademikoa, Gipuzkoako Aldundiaren egoitza nagusira deitu ere. Julian Elorza Aldundiko presidenteak hartu zituen euskaltzainak eta Euskaltzaindiaren bilera zuzendu. Euskaltzainburuaren hautatzeari ekin zioten euskaltzainek, eta Resurreccion Maria Azkue hobetsi. Egun horretako batzar-agiriak dioenez, “Elorzak Azkue Euskaltzaindia’ren Buru izendatu zuan. Orduan au bere lendakarizko alkian ja&3i zan eta euskaltzain guzieri eskerrak eman zien” .

Ez dira hemen amaituko, ordea, Euskaltzaindiak eta Gipuzkoako Aldundiak 1919an izandako harremanak. Abenduaren 23an, gipuzkoar Aldundiak aho batez erabakitzen du Euskaltzaindiaren diru-kontuen sostengurako 5.000 pezetako diru-laguntza . Irudi lezake lau txakur txiki zirela. Ez, horregatik! Izan ere, 1919ko Diputazioaren aurrekontu osoa 8.308.814,49 pezetatakoa zen. Beraz, baliabide guztien % 0,06a eskaini zizkioten Euskaltzaindiari. Egun, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuak 805.617.921 eurokoak dira, eta 302.938 euro zuzentzen dizkio Euskaltzaindiari Gipuzkoako Foru Aldundiak; hau da, 2007ko aurrekontuaren %0,037. Aditzaile onari…

Gipuzkoako Diputazioan erabaki zuen Euskaltzaindiak egoitza nagusia Bilbon kokatzea eta, geroztik, damuturik-edo, osoko bilkurak hilabete batean Bilbora eta hurrengoan Donostiara, Aldundiaren jauregira, deitu zituen. 1920tik 1936ra bitartean, Azillonako markesari esker –euskaltzalea eta “Cía. de los Ferrocarriles Vascongados”-eko presidentea baitzen markesa– euskaltzainek doan egiten zuten joan-etorria pullmanean Donostiatik Bilbora edota Bilbotik Donostiara. Nahiz eta egoitza nagusia Bilbon izan, osoko bilkurak eta batzorde-bilerak Gipuzkoako Aldundira deitzeko joera berezia izan du Euskaltzaindiak. Ezbairik gabe, Gipuzkoako Aldundia da Euskaltzaindiaren lan-bilera gehien ezagutu dituen herri-erakundea.

Espainiako gerra ostean, 1941ean hasiko da pixkana-pixkana Euskaltzaindia berpizten, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Diputazioen babespean. Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburua hil ostean (1951), Gipuzkoako Foru Diputazioan egiten dira ia Euskaltzaindiaren bilera guztiak.

1960ko hamarkadaren amaieran, Manuel Lekuona euskaltzainburu eta Joan San Martin idazkari zirela, ireki zuen Euskaltzaindiak lehenbiziko ordezkaritza Donostian, hementxe: batzar-areto honen eskuinaldean, “Julio Urkijo” liburutegian. Hamabost urte luzez izan zuen Euskal Akademiak ordezkaritza jauregi honetako solairu nagusian, harik eta 1985ean Foru Diputazioak Euskaltzaindiari Hernani kaleko bulegoak zabaltzeko egokiera eskaini zion arte.

Gure belaunaldiko euskaltzale askok eta askok lotzen dute Euskaltzaindiaren irudia euskaltzainek “Julio Urkijo” aretoan egindako bilera-argazkiarekin. Leku aproposagorik! Bertara deitu izan dituzte makina bat bilera euskaltzainburuek. Zazpi euskaltzainburuetako hiru izan dituzue gipuzkoarrak: Ignazio Maria Etxaide, Jose Maria Lojendio eta Manuel Lekuona. Laugarren batek, Luis Villasantek, jaiotzez bizkaitarra izanik ere, Gipuzkoako Arantzazun eman zuen ia bizitza osoa. Jean Haritschelhar baxenafarrak ere etxean bezala eman ditu bertan euskaltzain- eta euskaltzainburu-lanetan berrogeitaka urte.

Luzea eta iraunkorra izan da, beraz, Euskaltzaindiaren eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko harremana. Elkarren arteko begirunean eta errespetuan oinarritua. Erakundetik erakundera.

Orain, Mikel Zalbide jaunak Euskaltzaindiaren jaiotetxean egingo du sarrera-hitzaldia, Euskaltzaindiak batzar eratzailea izan zuen areto berean. Egokia aukera, harira datorrelako, horretarako hautatu duen gaia: “Pedagogoa Batzar Nagusietan. Hizkuntza azterbideak, Iturriagaren argitan”. Lehenagotik baitator soka, eta sakonagoa baita.

Gipuzkoako herri-erakundeek gutxienez XVIII. mendetik aurrera izan dute euskararen egoeraren kezka bizirik, puri-purian, Udal, Diputazio eta Batzar Nagusietan. Garaian garaiko erantzun egokiak eskaintzen saiatu dira. Larramendi, Iturriaga, Lardizabal eta Iztuetaren ahaleginak bete-betean uztartzen dira urteotako Diputazioen euskararen aldeko egitasmoekin. Euskal hiztegiak, euskal gramatikak… izatearen egitasmoak eta euskara eskoletan irakastearen ahaleginak eta ondoriozko euskalgintza publikoak, berrehun urteko soka luzea du Gipuzkoako Aldundiaren eta Batzar Nagusien jardunean.

Foru-izaera eta foruzaletasuna, usadioz, burujabetzarekin, zergak bildu, bide-azpiegiturak eraiki eta mantentzearekin, gizartegintza, lurraldeko baso eta mendien zaintza eta soldaduska ez egitearekin lotu izan da. Foru-izaera horrek izan du, ordea, ezaugarri berezirik Gipuzkoan: euskararen hizkuntza-egitura landu eta gizarte-erabilera esparruan sendotu eta zabaltzea. Hizkuntza corpusa eta statusa, duela berrehun urte! Paradoxa badirudi ere, euskalgintzaren aldeko jarrera eta politika horiek ez ziren foruen deuseztatzearekin itzali; eta, gorabeherak gorabehera eta salbuespenak salbuespen, bizirik iraungo dute Gipuzkoako Aldundian.

Esanaren lekuko, ekar ditzadan harira Blanca Urgellen hitz esanguratsuok:

“Oso ezaguna da Euskal Herriko instituzioak historian zehar euskararekiko desatxikimenduaren seinale nabarmenak eman dituztela (…), gure idazleak argitaratzeko dirua dela-eta igaro behar izan dituzten estuasuna bezain ezaguna (…). Dakidalarik, ordea, inor ez da alderantzizko ikuspuntutik auziari begiratzen jarri, alegia, nondik atera den kalera diren buru-lan ez hain gutxiren diru-laguntza. (…) Orain artean ezagutzen ditugun zertzeladen arabera, oso leku jasoan jarri beharko genuke Gipuzkoako Foru Aldundia, are gehiago itzalpeko (ikerlarien erruz itzalpeko) literatur gipuzkeraren eragile izan dela aitortu beharrean gaudelarik. Aipatu besterik ez, jadanik hain goiz, Larramendiri argitaratu Diccionario Trilingüe-a, baina batez ere ari garen garaian [1820-1860], Iztueta, Iturriaga eta Lardizabali egin enkarguak eta eman diru-laguntzak” .

Ez dugu euskaldunok inoiz izan euskalgintzaren eragile izan den erakunde publiko orokor eta bateraturik. Egun, askok pentsatzen dugu, mugak muga, Eusko Jaurlaritzak betetzen duela eginkizun hori. Egun aproposa gaurkoa azpimarratzeko euskalgintzaren ikuspegitik, euskararen gau ilunetan, Gipuzkoako Aldundiak bete izan duen zeregina, azkeneko laurogei urteotan Euskaltzaindiarekin eskuz esku .

Euskaltzale askorentzat, Euskaltzaindiak irudikatzen du, erakunderen batek irudikatzekotan, euskal gizarte-egitasmoa bere osoan. Zazpi euskal herrietako euskaldunek osatzen duzue, ikerketa eta berrikuntza uztartzen ari zarete, euskararen bizi-iraupenerako oinarri sendoak jartzen, herrikoitasunaren izerdi bizigarria eta zientziaren zehaztasunaren hotza bikain uztartzen. Itzal eta begirune zabala duzue euskaldunon artean.

Egungo hizkuntza-politikek badute zinez, atzokoak eta herenegungoak bezalaxe, zuzendaritza eta argibide akademikoaren beharrik. Herrikoitasuna, jakinduria eta herri-pedagogia neurrian eskainiko dituen autoritate moralez jantzitako giza talderik. Herri Erakundeek eginkizun jakin hauetariko batzuk utzi izan dituzte Euskaltzaindiaren esku.

691.895 mila bizilagun gara Euskal Herriko Gipuzkoa hiria barrutian. Azkeneko azterketa demolinguistikoek diotenez, %52 elebidunak. Hiru euskalkitan hitz egiten dugu euskaraz egungo gipuzkoarrok: goi-nafarreraz, Oiartzualdean; gipuzkeraz, Urola Kostan, Donostia-Beterrin, Tolosaldean eta Goierrin; Gipuzkoako bizkaieraz, Debarroan. Euskalgintzaren ekimen eta gizarte-indar ugari eta berezi daude Gipuzkoan kokatuta Euskal Herri osora begira. Gipuzkoako herri-erakundeak (udalak, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia) aitzindari dira, beren helburu behinenen artean euskararen gizarte-normalizazioa eta hizkuntza-politika aberats eta integratzaileak aurrera eramaten. Egun, gizarte elebidunean bizi gara. Euskal Herri euskalduna dugu amets. Soka luzea da. Oinarriak sendoak. Katea ez da eten.

1919ko irailaren 21ean Julian Elorza garai hartako Diputazioko presidenteak Resurreccion Maria de Azkue euskaltzainburuari laga zion bere aulkia, batzar-areto honetan Euskaltzaindiaren batzar eratzailearen buru izan zedin. Gaur, Andres Urrutia euskaltzainburua, zeurea duzu Diputatu Nagusiaren besaulkia, Mikel Zalbide Elustondo jaunaren sarrera-hitzaldian buru izan zaitezen.

Etxean zaudete. Ekin eta jarrai.


Donostian, 2007ko ekainaren 2an.

PARTEKATU