Lehenik eta behin, LEMA erakundea eskertu nahi nuke gaur hitz egin behar dugun gaiari buruzko ideiak, gogoetak, adierazteko eman didan aukerarengatik, zoritxarrez erantzunik gabe bada ere. Jorratuko dugun gaia ondokoa da: globalizazioa, Europa eta prozesu honek eskualdeetan eta udalerrietan izango duen eragina, eta, nola ez, egunez egun eraikitzen den Europaren zati den euroeskualdearen, Euskal Herriaren, etorkizunean gogoeta honek izango duen eragina.
Egun bizi dugun errealitateak inflexio-puntua osatzen du historian. XVI. eta XVIII. mendeen artean, hedatutako merkatuek eta kultura- zein hizkuntza-uniformetasunak, apurka-apurka, egitura politiko moduan, estatu-nazioa eratu zuten. Egun, informazioaren teknologiek modu esanguratsuan aldatzen dituzte gizarteak eta horietako harreman-sareak. Garai honetako ezaugarririk nabarmenetako batzuk ondokoekin daukate zerikusia: informazioa gordetzeko gaitasun paregabearekin, munduko leku batetik bestera informazio hori transmititzeko berehalakotasunarekin eta informazio hori eskuratzeko aukera mugagabeekin eta edozein pertsonak zein erkidegok informazio hori, dimentsioa edonolakoa izanda ere, zabaltzeko daukan aukerarekin. Eta tolesgabea litzateke informazioaren eta komunikazioaren gizartea deitu ohi diogun honek egitura politikoei eta antolatzeko moduei bere horretan eutsiko diela pentsatzea.
Iraultza teknologikoaren ondorioak agerian geratu dira ekonomiaren arloan, globalizazio izenez ezagutzen dugun fenomenoarekin. Horren adierazpenik nabarmenena mugikortasuna da: produktuen mugikortasuna mundu osoan, mota guztietako zerbitzuen mugikortasuna (finantzarioa, teknologikoa, juridikoa, etab.), kapitalen mugikortasuna.
Arlo honetako mundu osoko adituak bat datoz informazioa estatu-nazio klasikoa, egitura politikoa den heinean, apaltzen eta eraldatzen ari dela esatean. Merkaturik zabalenek estatuaz gaindiko egiturak behar dituzte; izan ere, merkatua arautzeko ingurumen-, gizarte-, zerga- eta moneta-arloari buruzko erabakiak hartu behar dira. Esan daiteke egitura zorrotzek —eta XIX. mendeko estatu-nazioak hala dira— maila apalagoko arazoak jorratzeko handiegiak izatearen eta hedadura handiagoko arazoak arautzeko txikiegiak izatearen anakronismoa daramatela.
Hain zuzen ere, horrek bultzatzen du garatutako munduan «eskualdetutako» espazioak sortzea, eta horren adibide dira Europar Batasuna, Mercosur, Merkataritza Libreko Tratatua eta ASEAN. Horien artean badaude, Europar Batasuna adibidez, makroestatu egitura politikoaren izaera hartzen dutenak. Hala, sendotutako barne-merkatua zein moneta bakarra dauzka, eta esparru poliziala eta judiziala martxan jarri ditu. Eta oraindik ere finkatu ez den segurtasun komuna ere kontuan izan behar da.
Fenomeno horrekin batera, munduan bada garatzen ari den beste bat ere. Horiek estaturik gabeko herrien nazionalismoak lirateke, eta hainbat egilek estatu-eskualdeen pizkundea ere deitzen diote. Globalizazioaren fenomenotik zuzenean sortu den lehenengo motibazioa «sustraien beharra» bezala ezagutzen den sentimendua da. Nazioz haraindiko munduan, mundu irekian, giza banakotasunaren pertzepziotik erabat urrundutako dimentsioa duenean, gizakiek identifikatuta sentitzen diren ingurunean euren sustraiak bilatzeko beharra daukate; izan ere, ingurunerik gabe ez dute euren burua ulertzen.
Globalizatutako gizarte zein ekonomian, tamaina handiak abantaila izateari utzi dio. Dirua eta informazioa nazioz gaindikoak izatera igaro diren honetan, litekeena da unitate txikiak ekonomikoki bideragarriak izatea.
1992an argitaratutako prospektiba-lan interesgarriak, Erromako Klubaren Lehengo iraultza globala txostenak, bi joera aztertzen ditu. Zaharra zentralista eta uniformetasunaren aldekoa da, eta modernoena, berriz, kultur nortasunetan eta atxikimendu askeko maila nazionaletan oinarritzen da. Aipatutako txostenak ondokoa dio: «Ustezko gatazka egungo sistema politikoan bi joerak adiskidetzearen zailtasunean datza; izan ere, sistema hau estatu-nazio ereduaren gainean irmo finkatuta dago. Beraz, erabakiak hartzeko maila egokiak berriro planteatu behar dira, horien ondorioez aprobetxatzen edota lan egiten dutenen erabakiak hartzeko guneak ahalik eta gehien hurbiltzeko».
Gure ustean, euskaldunon ustean, gogoeta hori oso interesgarria da. Penintsulan dagoen Euskal Herrian, guretzat autogobernuak berebiziko garrantzia izan zuen testuinguru honetan. Lehenik eta behin, Hegoaldean euskal erakundeak eta Hegoaldeko Euskal Herriko gizartean autogobernuko erremintak sortzearen garrantzia nabarmendu behar da. Hegoaldea Europako errealitate berriko ehundura ekonomikora eta sozialera egokitu izanaren jatorria ondokoak dira: erabakiak hartzeko gaitasun propioa, baliabideak beharretara egokitzeko aukerak, agian zuetariko batzuei aski ezaguna egingo zaizuen eta trenbide-sareari buruzko akordioak emandako azken pausoa agerian uzten duen azken hamabost urteotako azpiegituren arloko esfortzu paregabea, ia ezerezetik abiatuta sortu dituzten zentro teknologikoen eta unibertsitate-zentroen sarea, maila orotan industriari babesa emateko programak, inbertsioak sustatzeko finantza-neurriak.
Eta hau guztia posible egin duten erremintak Gernikako Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoa izan dira. Azken hori Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako lau lurraldeek garatu duten zerga-erregimen subiranoa eta berezia da. Horrek errentaren gaineko zergak, kapitala, enpresen irabaziak, BEZa eta zerga bereziak biltzeko aukera ematen digu, baita gure errealitate ekonomikora egokitutako eta gure ingurune ekonomikoan eta sozialean jarduera eta aberastasuna sortzen dituzten zerga-mailak definitzeko ere.
Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek biltzen dituzte zerga guztiak, eta, Espainiako Gobernu zentralak hornitutako zerbitzuak ebaluatu ostean (kanpo-politika, armada, etab), kupoa deitzen zaion diru-kopurua ordaintzen da urtero. Hala, Euskadiko administrazioek 12.000 milioi euro inguru administratzen dituzte.
Azken 25 urteotan, garapen teknologikoak gure ekonomia dinamizatu du. Baina, batez ere, gizartea aldatu du. Bizimoduak eta ohiturak, gizarte edota nazioarteko harremanak, egun, desberdinak dira elkarrekin konektatutako mundu honetan. Modu irekian hitz egin ohi dugu informazioaren eta komunikazioaren teknologiek sustatutako aldaketa teknologikoez. Eta modu zehatzagoan, berriz, gizarteetan, egitura politikoetan, estatu-nazioan eta subiranotasuna bezalako kontzeptuetan dituzten eraginez.
Zabaldutako mundu honetan, espazio handiak aukeratzen ditugun honetan, eta, ikuspuntu itxiegia dutela ikusi izan dugun buruzagiek jarritako oztopoak albo batera utzita, Europak batasun politikoa eta Konstituzio komuna defendatzen dituenean, pentsa daiteke txikiek ez daukatela lekurik; ez dela lekurik geratzen, gure moduan, Europako kontzertuaren baitan herri txiki baten aitorpena eta garapena lortu nahi dituztenentzat.
Aldiz, geure begien aurrean daukagun globalizazio-prozesu ukaezina albo batera utzi gabe, datu objektiboek guztiz aurkakoa erakusten digute: txikia da munduko oreka berri honetara ondoen egokitzen den dimentsioa. Tamaina handia eta eskalako ekonomiak ere, jada, ez dira lehiakortasun-faktoreak nazioentzat; aldiz, txikia dena hobeto egokitzen da gizarte berri honetako eraldaketa azeleratuetara. ETE berriak, egun batetik bestera, munduko leader bihurtzen dira produktu on bati esker. Egun, Europa, azken 150 urteetan ez bezala, inoiz baino estatu gehiagok osatzen dute, eta nazio, eskualde eta erkidego homogeneoak azaleratzen ari dira autogobernu handiagoa eskatuta, bertako herritarrei ongizatea hobea eskaini ahal izateko.
Sarean eratutako mundu berri honetan egi bihurtu da lehen imajinatu ere egin ezin genuen dualtasuna. Batetik, distantziak eta mugak desagertu egin dira. Baina, bestetik, erdigunearen eta periferiaren, handiaren eta txikiaren kontzeptua ere desagertu egin da.
Eraldaketa berrien atarian gaude. Horiek, aldi berean, aukerak eta mehatxuak izango dira, azken finean, nortasun dinamikoari eusten eta hori garatzen saiatzen diren euskal nazionalismoa bezalako nazionalismoarentzat. Guretzat oso garrantzitsua da hori guztia ongi aztertzea, hala, geure bidea eratu ahal izateko. Erronka hurrengo belaunaldiei ordezkoa behar bezala helaraztea da. Helburua gure seme-alabei guk oinordetutakoa baino eraikuntza- eta garapen-egoera hobean dagoen gizartea uztea da.
Hori dela eta, gure beste jomugetako bat Europako proiektua eta Euskaditik izan behar dugun parte-hartzea dira. 1937az geroztik, Agirre lehendakariak, Landabururekin eta bere belaunaldikoekin batera, egungo Europar Batasuna eratuko zuen Europaren aldeko mugimendu honetan hartu zuen parte.
Europako proiektuaren sortzaileen bizitza aztertzen badugu, adibidez Schuman-ena, De Gasperi-rena edota Adenauer-ena, elementu komun bat nabarmen dezakegu: guztiek ere mugen zentzugabekeria bizi izan zuten. Schuman, Frantziako Gobernuan, Europar Batasunaren ideiaren sortzailea eta ikatzaz zein altzairuaz arduratzen zen goi-komisarioa izan zen. Aita Lorraine-koa zuen eskualde hori Frantziakoa zen garaietan. Aldiz, Schuman alemaniarra zen jaiotzez, 1876ren eta Frantzia eta Prusia arteko gerraren ostean. Urte batzuk geroago, 1918an, frantziar bihurtu zen eta, 1940an, berriro alemaniar izatera igaro zen, nahiz eta lau urte geroago, 1944an, berriro ere frantziar izatera igaro. Egia esateko, inoiz ez zion utzi Lorrainekoa izateari, gerrek behin baino gehiagotan estatuz aldarazi zioten arren. Mugen ondorioak jasan behar izan zituen; gerra-istorioen arrastoak baino ez diren mugena, hain zuzen ere.
De Gasperi, Europaren beste sortzailetako bat, Italiako presidente izan zen. Vienako Austriako Parlamentuan, oraindik ere ikus dezakegu gainean plaka bat duen aulkia. Aipatutako plakan De Gasperi, diputatu zenean, aulki horretan esertzen zela adierazten da. Jaiotzez Trentokoa zen; Austriako Hego Tirolekin batera, 1918an Italiakoa izatera igaro zen eskualdekoa, hain zuzen ere.
Era berean, Alemaniako Adenauer kantzilerra jaiotzez Renaniakoa zen. Gune horretan, 1918an, nazioarteko desmilitarizazioa pairatu zuten. Denak ere mugako gizakiak ziren. José Antonio Agirre lehendakariaren kasua ere halakoa da; euskalduna zenez, muga batek banatutako herrialde batekoa zen. Alde bat Espainiako Estatuan. Bestea, berriz, Frantziako Estatuan. Bidasoaren beste aldean gure anaiak atzerritar bihurtzen zituen historiako arrasto batek baino ez ditu banatzen.
Azaldutako guztia dela medio, Europarengan sinesten dugu. Mugarik gabeko Europan. Ez dugu beste mugarik nahi. Gehiegi pairatu ditugu, gure etorkizuna horietan eta estatu-nazioetan oinarritzeko. Egun daudenak desagerrarazi nahi ditugu. Horregatik sinesten dugu espazio komunean; bertako nazio, herri, eskualde, kultura eta hizkuntza guztiak errespetatuko dituenean. Eraikitzen ari garen Europak bide berriak eskainiko dizkigu, eta Euskal Herriaren proiektua bete-betean egokituko da Europako marko berriak eskainiko dizkigun aukeretara eta agertokietara.
Euskal Herria errespetatuko duen Europarengan sinesten dugu, eta, bertan, geure harria jarriko dugu ondare komunaren eraikuntzan. Hori dela medio, beti, norabide honetan jazoko diren aurrerapen ororen alde agertuko gara, nahiz eta txikiak izan. Europak moneta bakarra izatea eta Finlandian zein Alemanian, iparraldean zein hegoaldean, eurotan erosi ahal izatea positiboa da. Europako kanpo-politika komunean aurrerapausoak ematea positiboa da, Europako espazio judiziala eta segurtasun-espazioa izatea positiboa den aldi berean. Delitugileek eta mafiek badakite ez dagoela mugarik. Hori dela eta, beharrezkoa da Europan arlo horietan lankidetza sustatzea.
Hala, interesgarria iruditzen zaigu norabide onean doazen aurrerapenak onartzea, guk nahi adina urruntzen ez diren arren. Bihotza bero eduki behar dugu, burua hotz eta oinak lurrean. Baita Europan ere. Horregatik, Europako Konstituzioaren alde gaude.
Gogoeta hori gure esparruan kokatuta, Iparraldeko gizartea bere erritmo politikoek markatuta bizi da, eta inoiz baino gehiago sufritzen ari da, Frantziako administrazio-eremuan, den moduan existitu ezin izana. Aldiz, gizarte-bilakaera sakonak gertatzen ari dira (euskararen defentsa, tokiko garapena, hautetsiek «kontzientzia hartzea»…). Mugimendu abertzalea, bere aniztasunean, bilakaera horien motorra, eragilea eta katalizatzailea izan ohi da sarri, nolabaiteko inertziaren bat oraindik ere ezartzen den arren. Baina badira herritar oso aktiboak eta, sarri, berritzaileak ere. Eta, azken urteotan, immobilismo horri aurre egin ahal izan diote BATERA plataformaren lanari eta berariazko departamenduaren aldeko mugimenduari esker.
Batera garrantzitsua izan da, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du; izan ere, departamenduaren aldeko mugimenduak Iparraldeko diskurtso politikoa egituratu du. Hautagai bakoitzak, hautetsi bakoitzak, iritzi-leader bakoitzak, hemendik aurrera, Euskal Herriko departamenduaren inguruan jarreraren bat hartu beharko du.
Bestalde, Frantziako gizartea blokeatzen duen paralisiaren jakitun izanda, «gobernantzaren» izenean (demokrazia parte-hartzaile lokala), gertutasun eta eraginkortasun administratiboaz hitz egiten hasi gara.
Baina ez gaitezen tronpa. Frantzian, ondorioak epe luzera baino izango ez dituen eta «uniformetasun jakobinoaren» eredua hautsiko duelakoan gauden «iraultza txikia» izan arren, epe motzera ez dugu inolako ilusiorik egiten. Halere, etorkizun hori hiru helbururekin eraikitzen hasteko aukera daukagu:
- Lehenik eta behin, euskarak eta euskal kulturak bizirautea.
- Bigarrenik, mugaz haraindiko lankidetza; hots, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko benetako lankidetza. Gure gizarteen artean. Izan ere geure burua ezagutu behar dugu, topo egin behar dugu, elkarrekin benetako euskal euroeskualdea eraikitzeko.
- Azkenik, Iparraldeko lurraldeak barne hartuko dituen erakunde politikoa, herritarren beharrei hobeto erantzuteko. Horretarako, erakunde-errekonozimendua, benetako konpetentziak, baita arauen eta legeen arloan ere, benetako aurrekontu-gaitasuna eta Europaren esparruan Hegoaldearekiko harremanak garatzeko borondatea behar dira. Hala, martxoaren 1ean sinatutako akordioa pauso garrantzitsua izan da mugaz haraindiko lankidetzaren esparruan.
Asko hitz egin dut Europaz. Eta hona hemen gai honi buruzko azken hausnarketa. Estatuen arteko barrera fisikoak kentzeak, aduana-barrerak desagertzeak, Europar Batasunaren esparruan estatuek konpetentziak galtzeak, mugaz haraindiko lankidetza-programak sustatzeak eta Bruselatik aldarrikatutako eskualde arteko promozioak aukera berriak ireki dituzte, nahiz eta duela gutxi arte erabat pentsaezinak izan. Horrela, Bidasoaren alde bateko zein besteko euskal lurraldeen artean lankidetza-modu berriak eskainiko dira. Hala, euroa martxan jarri izana bezalako ekimenek, Iparraldean eta Hegoaldean moneta bakarrak izateak, Bidasoaren alde bateko zein besteko bazkide ekonomikoen eta sozialen arteko harremanak hobetu dituzte.
Azaldutako guztiaren ondorioz, Europarengan sinesten dugu. Mugarik gabeko Europan. Ez dugu beste mugarik nahi. Gehiegi sufritu dugu, gure etorkizuna horietan eta estatu-nazioetan oinarritzeko. Egun daudenak desagerrarazi nahi ditugu. Horregatik sinesten dugu espazio komunean; bertako nazio, herri, kultura eta hizkuntza guztiak errespetatuko dituenean. Eraikitzen ari garen Europak bide berriak eskainiko dizkigu, eta Euskal Herriaren proiektua bete-betean egokituko da Europako marko berriak eskainiko dizkigun aukeretara eta agertokietara.
Europako proiektua gure asmo nagusienetako bat da, eta Euzkadik proiektu horretako zati izan behar du. Horregatik sinesten dugu espazio komunean; bertako nazio, herrialde, kultura eta hizkuntza guztiak errespetatzen dituenean. Europa horretan Euskal Herria errespetatuko da, eta geurea ondare komun horretakoa ere badela jakinaraziko dugu.
Erronka orotan gertatzen den moduan, Europako proiektuak ere erabaki-mailak eta gure ingurunearekiko dauzkagun harremanak berriro planteatzeko beharra sortzen du. Perspektibak, agian konplexuak, irekitzen ari dira, baina, era berean, interesgarriak ere badira benetako euskal euroeskualdea eraikitzeko horizonte honetan, XXI. mendean. Bakea, askatasuna eta herritar guztien ongizatea xedetzat dituen Europaren zati izango gara. Euskaldunok Europaren eraikuntzan ekarpenak egin nahi ditugu; bertako nazioen, kulturen, hizkuntzen eta aberrien aniztasunak aberastutako Europan, hain zuzen ere. Bertan, nazioak ez du banaketarik eragingo; pertsonak elkarrekin lotuko ditu.
Eskerrik asko.