Forum-Europa
Egun on guztioi:
Lehenik eta behin, José Luis Rodríguezen agindupean Nueva Economía antolatu duen Bilboko Forum Europari eskerrak eman nahi nizkioke, hizketaldi hau zuekin partekatzeko eman didan aukerarengatik. Garai berri bati begira sortutako foroa da. Zorionak. Badakit antolatzaileen nahia bestelakoa zela; hau da, bake garaian ideien eta proiektuen eztabaida-foroa izatea. Oraingoz, itxaropena zapuztu egin da. Horrek guztiok hunkitu gaitu. Baina argi eta garbi daukat foro hau izango dela ETA osteko Euskadiko eztabaidari ekarpenak egingo dizkionetako bat. Litekeena da, laster, hori ikusteko adina perspektiba izatea. Nahiz eta gaur, oraindik ere Madrileko aireportuko T-4ko terminalean izandako bi pertsonen hilketak nahigabetuta gaudenean, batzuen ustean, hitz hauek borondatezko nahi hutsak izan.
Bigarrenik, bereziki, Eduardo Uriarteri eskerrak eman nahi nizkioke; jarraian gauzatuko dugun eztabaidako moderatzaileari, hain zuzen ere. Bada oraindik ezagutarazi ez duzun albiste bat; alabaina, erretiro profesionala hartzeko unea iritsi zaizu. Badakit, ordea, nola emango zenukeen. Modu argian, motzean, eta herritar anonimoak, gauza hauek urrun bizi dituenak, propio gisa ulertzeko eta sentitzeko moduan. Eta, gainera, hogei segundoan. Duela zortzi urte, Haize Energiaren Plan Sektoriala azaltzeko prentsaurreko hizketaldi batean, kazetariak datuekin eta informazioarekin josi ostean, betaurrekodun gizon batek aretoaren atzealdetik ondokoa aurpegiratu zidan, mikrofonoa aurrerantz eramanez: «Esan berri duzun hori guztia hogei segundoan azal al dezakezu guztiok uler dezagun?». Komunikazioaz ezertxo ere ez nekiela ohartu nintzen. Eta Eduardo Uriarte miresten eta maitatzen ikasi nuen. SPRIko prentsa-aretotik gustura ateratzen zenean, nire helburua bete nuen. Agian erretiratu eta ez dudala ezer askorik ikasi pentsatuko duzu. Hala eta guztiz ere, eskerrik asko Eduardo, kazetari ona izategatik. Bide batez, baita batzuoi erakutsi diguzunagatik ere.
Datozen minutuotan, euskal gizarteak bizi duen une politikoari buruzko gogoeta egiten saiatuko naiz, garai berrien aurrean jorratu behar ditugun eztabaidei buruz. Eta, nire ustean, euskal gizartea kezkatzen duten erronka nagusiak zeintzuk diren adierazi nahi nuke.
Bakearen erronka
Lehenengo erronka bakea da. Ez dut nahi politikoki zuzena izan. Boluntarismoa goresgarria izan daitekeela uste dut, baina buruzagi politikook garbi hitz egin behar dugu. Hilabete bada ETAk bake prozesua apurtu zuenetik. Elkarrizketaren amaiera, ulertu genuen moduan behintzat, apurtu egin da. Egun, ez dago horretarako baldintzarik. Prozesuak oinarri solidoak zituen; egiturazko mamia zuten bi korronte.
Batetik, 2001eko irailaren 11 osteko nazioarteko ingurunearen aldaketa, aurrerapena Europako espazio polizial eta judizial komun batean, eta nazioarteko muturreko terrorismoa bat-batean sartu izana daude. Horiek guztiek ETAri modu operatzailean bere espazioa murriztu diote. Oraindik ere, zoritxarrez, hil dezake, baina egunetik egunera gero eta zailtasun handiagoak izango ditu mugitzeko. Gero eta zabalera txikiagoa izango duen sinusoide bat bezala da. Eta hori ez da aldatu Barajaseko atentatuaren ostean.
Bigarrenik, eta nire ustean garrantzia handiagoa duena, urte gehiegiz ETAri babesa eman dion ingurune politikoan eta soziologikoan izandako aldaketak leudeke. Ingurune horrek talde terroristaren diskurtsoa onartu du bere isiltasunarekin, eta, aipatutako taldearen arabera, indarkeria ekintza politikorako balizko tresna da. Mundu horrek amaiera nahi du, Batasunaren inguruko zati handi batek ez du nahi ETAk indarkeria erabiltzen jarraitzea, eta, kasu guztietan arrazoi etikoengatik ez bada ere, gehiengoak ETAren indarkeria bere proiektu politikoa lortzeko oztopoa dela uste du. Hala, ETAk indarkerian oinarritutako espiralarekin jarraituko balu, Batasunaren mundu horretako zati handi baten gaitzustea sortuko litzateke. Bidea grapizazio batena izango litzateke; hots, gizartearen babes oso urria duen hondakin-terrorismoarena, eta epe ertainera amaieraren aurrean geundeke. Baina bide horretan, autoizendatutako ezker abertzalearen mundua inplosionatu egingo litzateke. Berlineko harresiarekin zerbait antzekoa gertatu zen; erori ostean, denek esaten zuten ezinezkoa zirudiela halako burbuilari lau hamarkadaz bere horretan eustea, baina urtebete lehenago askok uste zuten benetako sozialismoa deiturikoa mundu solidoa eta trinkoa zela.
Hitzok entzun ostean, inork ez dezala pentsa hau amaituta dagoenik. Egoera honen aurrean ETAren erreakzioa litekeena da aurreranzko ihesaldiarena izatea. Horrek bere amaiera bizkortuko luke, garai gogorrak biziaraztera ere eraman gaitzakeen arren. Edota, agian, egungo geldialdiari bere horretan eusten saia daiteke, elkarrizketei berriro heltzeko ahalegina eginda. Baina orain ez zait axola eta ez dagokit ETAk egiten duenari edota egiten ez duenari buruz hitz egitea. Axola zaidana guk zer egin behar dugun jakitea da.
Lehenik eta behin, bi adierako seinalerik ez da eman behar. Alderdien eta gizarte-eragileen arteko elkarrizketari bai. Beti. Hitza geratzen zaigulako, Blas de Oterok gogorarazten digun moduan. Baina hitz egiteko jarri genion baldintza, indarkeriari amaiera jartzeko borondate garbia, inola ere betetzen ez duen ETA batekin ez. ETAk negoziatzea lehergailuak jartzearekin bat datorrela uste badu, ETAren amaiera urruntzen arituko gara; izan ere, erakundeak berak bakarrik har ditzakeen eta hartu behar dituen erabakiak ez hartzea sustatzen arituko gara. Eta Batasunari dagokionez, hitz egin bai. Baina elkarrizketa politikoa —eztabaidatzeko, estrategiak partekatzeko eta akordioetan aurrerapausoak emateko aukera ematen duena— ez. Ez, behintzat, euskal gizartearen eskakizunari erantzuten ez dion bitartean; indarkeriaren aurrean behingoz ahotsa altxatzen ez duen bitartean, hain zuzen ere. Joko-arau hauek dira bakearen eraikuntzan aurrerapausoak emateko aukera ematen digutenak. Nahiz eta indarkeriarekin amaitzea baino askoz gehiago izan, hortik hasi behar da.
Bien bitartean, gaia alderdikerien eztabaidatik atera behar da. ETAren atentatu batek ezin gaitu zubiak apurtuta harrapatu, ETAri gizartea zein ordezkari politikoak aurrez aurre jartzeko gaitasuna duela adieraziko diogulako, nahiz eta erakundea ahula eta gizarte-babes eskasekoa izan. Terrorismoaren gaitzespenari buruzko alderdien arteko gutxieneko oinarriak; terrorismoari aurre egiteko polizia-mekanismoei babesa ematea; alderdikerietan oinarritutako erabilerarik gabe, biktimekiko elkartasuna eta babesa; indarkeriaren baliabidea egungo arazo politikoetatik modu naturalean eratorritakoa ez dela eta herrialde honen etorkizuna ETArekin ezin dela negoziatu argi eta garbi esanda, terrorismoa deslegitimizatzeko diskurtsoa; salbuespen-politikarik gabe eta giza eskubideak hitzez hitz errespetatuta, zuzenbide estatuaren mekanismoak aplikatzea; eta elkarrizketan oinarritutako itxiera lantzea, horretarako baldintzak jazotzen direnean. Hau da, behin betiko, indarkeriarekin amaitzeko borondate irmoa dagoenean. Nire ikuspuntuaren arabera, hori da konponbiderako biderik tinkoena. Zalantzekin, noski. Baina estrategia argiekin. Borondate irmoarekin, baina boluntarismorik gabe.
Eta, aldi berean, ETA garaitzea edota elkarrizketan oinarritutako amaiera bilatzea bezalako aukeren arteko eztabaida zaharra gainditu egin behar da. ETA duela urte garaitu zuten. Euskal gizarteak garaitu zuen. Euskal erakunde demokratikoak politikoki eta sozialki desligitimatzeko proiektuak huts egin zuen. Orain, indarkeria amaitu behar da. Eta elkarrizketan oinarritutako amaiera ahalbideratzeko baldintzak sortu beharko dira. Esandakoari uko egiten ez diogun arren, gaur, otsailak 2, oneski, ez da posible.
Autogobernuaren erronka
Bigarren erronka autogobernua da. Egonkortasuna emango digun autogobernua, akordio politiko zabalak hartzera eramango gaituena, eta euskaldunen hurrengo belaunaldiaren etorkizunerako berebiziko garrantzia duten beste arlo batzuetan eztabaida politikoa zentratzen lagunduko diguna. Elkarbizitzako eredua zehaztuko duen akordio politikoa. Era berean, Estatuarekiko harremanen markoa ere definituko du, eta harreman hori alde bien arteko eraginkortasunean, bermeetan eta leialtasun-baldintzetan oinarrituko da. Ituna eta ezarpen-eza dira gizarte aurreratuetan joko-arauak eratzen dituen prozeduraren gakoak. Azken finean, egungo erakunde-markoak errespetatzetik abiatuta, aldatzeko benetako potentzialtasunak erabiltzeko aukera emango duen akordioa lortu behar da, betiere, horretarako gehiengo sozialak eta politikoak daudenean. Hori guztia euskal gizartearen borondatea demokratikoki errespetatuta egin behar da, bertako aniztasuna kezkati errespetatuta. Euskal herritarren borondatea errespetatzeak nortasun-sentimendu desberdinak errespetatzea barne hartzen du, itunean eta konpromisoan oinarritutako eskema batean integratzeko ahalegina eginda.
Integrazioaren ikuspegi politikotik, konponbideak konpromiso bikoitz batean oinarritu behar du; konponbideari buruzko akordio zabala Euskadin, eta hemen hitzartutakoaren onarpen politikoa Gorte Nagusietan. Azken finean, egun indarrean dauden konpromisoak atxikimenduan berdinduko dituen akordio zabal baten konpromisoa Euskadin, eta alderdi sinatzaileen konpromisoa konpromiso hori defendatzeko. Defentsa hitzartutakoaren arabera egingo da erakunde-izapidetze osoan, eta, azkenik, euskal herritarrek berretsi beharko dute. Aipatutako modu horretara, integrazio politikoari dagokionez, euskal gizartearen borondatea errespetatzen da, eta gehiengo nazionalista mugatzen da. Baina, era berean, onartutako erabakien errekonozimendu juridikoari eta politikoari bide ematen zaio, Gorte Nagusietan Estatuko alderdien gehiengoak ere mugatuta.
Itunerako eta akordiorako borondatea izaten jarraitzen dugu; izan ere, gure ustean, gure etorkizun kolektiboaren gaineko antolamendu askean eta euskal gizartearen zein Estatuaren arteko itun-borondatean oinarritutako printzipioan baino ezin daiteke ulertu autogobernua. Ituna eta ezarpen-eza gizarte aurreratuetako joko-arauak eratzeko prozedura osatzen dutela uste izaten jarraitzen dugu. Eta euskal gizartea, Euskadi, gizarte aurreratua da.
Zuetako asko mundu ekonomikotik zatozte. Azken finean, Kontzertu Ekonomikoaren kontzeptua esparru politikoan aplikatzeaz ari gara. Kontzertu Politiko horrek, kulturalki, herrialde honetako nazionalismoaz gain, tradizio karlista-foruzaleko eskuina eta ondare liberal-foruzaleko ezkerreko jendea ere bilduko ditu. Azken batez, euskal gizarteko pentsamendu-korronte nagusiak identifikatuta sentituko garen harreman-eredu politikoa. Gure idiosinkrasia eta gure nortasuna errespetatuko dituena, gure borondate demokratiko askeari errespetatua izateko mekanismoak izaten utziko diona, sentsibilitateak barne hartzen dituena, Estatu anitz batean harremana artikulatzen duena itunen eta akordioen bidez, eta alde guztien aldebakarkotasun-tentazioak saihestuko dituena. Hots, itunak egitera, elkar ulertzera behartuko gaituena, nahiz eta erabakiak hartzea konplexuagoa izan. Giltza bikoitzeko formula izango da, eta, bertan, kutxa elkarrekin baino ezingo dugu ireki. Malgutasunarekin interpretatuta, badira era honetako formula onar dezaketen mekanismo juridiko-konstituzionalak.
Osatzen ari den Europa berrirako autogobernua. Osatzen ari den mundu berrian, euskal erakundeen erabateko eskumen-esparrua zehaztuko duen autogobernua hezkuntzaren, hizkuntzaren eta kulturaren esparruetan. Zerga-esparru propioko ezaugarriak dituzten arau-erabakien Kontzertu Ekonomiko babestua, eta, ondorioz, edozer esparrutan (nola judizialean hala Europakoan) erabaki horiei zuzendutako errekurtsoak beste sistema nagusietakoen moduan jarri ahal izango dira zalantzan. Mundu ireki batean ingurune lehiakor iraunkorra garatzeko beharrezko arlo ekonomikoetan, ingurumenekoetan eta heziketakoetan eskumena izateko ahalmena. Lehiakortasun globaleko ingurune zabal batean, elkartasun-esparruei bere horretan eusteko beharrezkoak diren sistema soziala eta segurtasun sozialeko sistema, zerga-politika solidarioarekin osatuta. Estatuko gainerako lekuekiko beharrezko elkartasun-mekanismoekin konpromiso argia erakutsita.
Gainera, itun hau betetzeko erabateko berme judizialak eta bi aldeko arbitraje-sistemak barne hartzen dituen autogobernua. Euskadiko Erkidegoaren eskumeneko esparruetan, Europako instantzietan parte hartzea egungo Itunek horretarako aukera ematen duten arloetan. Eta kulturaren, ekonomiaren, azpiegituren, gizartearen eta ingurumenaren esparruetan, euskal euroeskualdea osatuko duen mugaz bestaldeko lankidetza-politika irekia. Politika hori Adurretik Ebrorainokoa eta Enkarterrietatik Zuberoarainokoa izango litzateke, bizi-kalitate oneko hiri-egitura garatuko du, eta zatirik luzeena, Baiona eta Bilbo artekoa, 45 minututan egin ahalko da Euskal Y-ari esker. 30 eta 45 minutu artean Donostia-Gasteiz-Iruñea-Baiona hiri-egitura lotuko duen garraio-sistema. Bernardo Atxagak esango lukeen moduan Euskal Hiria. Datozen urteetarako hau da gure autogobernu-eredua: erabakitzeko gaitasuna, itunean konpromisoa eta erantzukidetasuna, parte-hartzea erabakitzeko maila orotan eta kanpoaldera irekitzea.
Gainera, orain Y-aren aurka daudenak, duela hamar urte Guggenheim eraikitzearen aurka zeuden berak dira; Bilboko Metroari ezetz esan ziotenak, eta Leitzarango autobiaren aurka agertu zirenak. 80ko hamarkadan, Iruñera doan autobia NATOko tankeak kontinentetik penintsulara garraiatzeko aldapekin, zabalerekin eta kargekin diseinatu zutela zioten paperak atera beharko lirateke mahai gainera. Garai hartan azpiegitura militarra zela esaten zuten. Orain, Azpirotzeko errepide zaharretik ibiliko direla imajinatzen dut, argi eta garbi azpiegitura zibila eta ez militarra. Zer gertatuko ote zen herrialde honetan kasu egin bazitzaien, eta EAJ hemen egon ez balitz proiektuok konbentzimenduarekin eta adorearekin defendatzeko?
Badakit abenduaren 30az geroztik zapuztutako itxaropenak eztabaida hau gauzatzea zailagoa egiten duela. Ez naiz inozoa. Baina ez nago prest ETAri politika egiteko daukagun gaitasuna eta ekimena itotzen uzteko, ezta euskal herritarroi herrialde honek behar duen autogobernua bilatzea eragozten uzteko ere.
Europaren eraikuntza
Euskal gizarteak eztabaida eta erabakitze maila guztietan hartu behar du parte. Europako politikan eta nazioarteko politikan ere aktiboak izan behar dugu. Europako Alderdi Demokrataren sortzaileetako bat den heinean, EAJk Europaren eraikuntzarekin eta konstituzio-prozesuarekin Europan hartutako konpromisoa nabarmendu nahi dut. Ez da kimera hutsa, Europaren eraikuntza argitu duen bake prozesuaren fruitua soilik ez da. Arrazoia ez da duela hamarkada eta erditik hona bizi izaten ari garen hazkundearen eta ongizatearen atzean dagoen merkatu ekonomiko eta moneta bakarrean oinarritutako proiektua. Segurtasunaren, askatasunaren eta ongizatearen ikuspuntutik, bizirauteko beharrezkoa zaigun Europa da. Azken urteotan bizi dugun energiaren inguruko eztabaida geoestrategikoa ikusten dugunean, Europaren aldeko uste sendoek bat egiten dute integrazioko proiektu politikoa bizkortu behar dela esatean. Alemaniarren sei hilekoa, Frantziako presidentetzarako hauteskundeei lotuta, inflexio-puntu bilakatu behar da, Europako konstituzio-proiektuaren funtsezko zatiei berriro heltzeko eztabaida sortuta. Europa elkartutakoaren, indartsuaren eta Estatu Batuekin batera Ozeano Atlantikoaz bestaldeko lankidetzan lan egingo duenaren aldeko apustua egin dugu, polo anitzeko mundu bati egonkortasuna emanda. Bertan, ardatz atlantikoak lankidetzarako espazio pribilegiatu izaten jarraituko du.
Gainera, geurea bezalako herrialde txikiek aukeraz betetako garaia bizi dugu. Aukera horiek agenda politikoan erronka bat sartzearen aldeko apustua eginda ―burutzagitza politiko garbitik, eta egonkortasun politikotik zein instituzionaletik― baino ezin dira aprobetxatu. Horixe da gure belaunaldiaren erronka. Euskal gizarteak erreferentzia izatera igaro behar du ondokoetan: sormenean, berrikuntzan, unibertsitateak talentuaren eta tolerantziaren polo gisa garatzean, eraikuntza nazionala lehentasun nagusi gisa hartuta pertsonen heziketa integrala zehaztean, Euskadi osoa hiri-eredu lehiakor bihurtzean, etorkizuneko gure ongizatea eta gure gizarte-eredua integratutako komunitatean oinarritzean, nortasun propioarekin eta zehaztutakoarekin, pertsonen aldeko apustua egiten duenarekin. Gure aktiborik onena. Sortzen ari den bestelako mundu honetan, Euskadi abangoardiazko lekuan kokatzeko buruzagitza hau da euskal gizartearen erronka handia, eta EAJ erronka hori bere gain hartzeko prest dago, erakunde gisa duen erantzukizunetik abiatuta: Eusko Jaurlaritzatik, foru-aldundietatik eta maiatzean aukeratuko dituzten udaletatik.
Mundua aldatzen ari da. Egun, Txinan edota Polonian hemen egiten ditugun gauza asko egiten dituzte. Gure industria gure indar ekonomikoaren eta egungo ongizatearen oinarria da eta izan da. Hemendik bost edota sei urtera, gure industriak ezingo ditu egin orain hemen fabrikatzen ditugun gauza asko. Edo mugitu, herrialde gisa mobilizatu, edo garai txarrak iritsiko dira. Gure egungo ongizatea ez da betiko. Ikerkuntzaren, teknologiaren, zientziaren, unibertsitatearen, sormenaren eta berrikuntzaren aldeko gizarte-mobilizazio handia behar dugu. Horrela baino ezingo dugu egin sei edota zazpi urte barru txinatarrek edota hinduek oraindik egin ezin dezaketena. Eta denontzat lana izango dugu. Eta erronka horiei aurre egiteko, errezeta bakarra daukagu: gure pertsonen eta euren sormenaren aldeko apustua egitea.
Baloreen gizartea
Erronka honi aurre egiteko, gure nortasuna, izateko modua, ohiko bertuteak, historikoki euskal herritarrok egungo errealitateetan ezaugarritu gaituztena gaineratu behar ditugu, balore berriak sartzen ditugun heinean.
Erronka honi aurre egiteak euskal gizarte berritzailea eraikitzea esan nahi du, aldaketei aurre hartzeko gai dena, ongi egindako lanaren garrantzia ezagutzen duten prestatutako pertsonengan oinarritutakoa, geurea denaren nortasun-zentzu handiarekin, bertako kide guztien elkartasun aktiboan inplikatzen den komunitate batekoa, eta epe luzeko proiektua partekatzen duena. Kohesionatutako Euskadi, eta bertako proiektua sentsibilitate desberdineko pertsonek partekatuko duguna; mundura irekitako jendea, sormen-desberdintasunera irekitakoa, gure artean euren talentua eta sormena garatu nahi duten beste leku batzuetako pertsonak erakartzeko gai dena. Gurekin batera euskaldunak izateko erakarriak sentitzen direnak. XXI. mendean Euskadiren iraupena eta garapena bermatzeak ondokoa esan nahi du: euren bizitza gurekin partekatu nahi dutenentzat euskaldunok garatzen ditugun eta identifikatzen gaituzten balioak erakargarri bilakatzea. Gure belaunaldiaren funtsezko xedeak erakargarri izan behar du. Hori izango da gure proiektuak arrakasta izateko bermea.
Prestatutako pertsonek osatutako Euskadi, bizitzako etapa guztietan heziketari lehentasuna emango diona, jada, giza kapitala ezagutza, garapena eta ongizatea sortzeko berme bakarra den mundu batean. Baloreetan oinarritutako heziketa, eta helburutzat pertsonen heziketa integrala duena, ongi egindako lanaren balioak definitutako profesionalen sarea eratzeko.
Azken finean, gizarte-akordio handi baten buru izan nahi dugu. «Euskal kontratu soziala», partekatutako apustu baterako. Euskadi sormenean zein berrikuntzan buru den erreferentzia bihurtzeko, eraikuntza nazionalerako lehentasun nagusi gisa, pertsonen heziketa integralaren eta, gizarte-erronka handi gisa, berrikuntzaren aldeko apustua egingo duen proiektu mobilizatzaile handi baten bidez. Alderdien arteko akordioa eta gizarte-akordioa. Gure aktiborik onena pertsonen aldeko apustua da. Baita gure seme-alabei geuk bizi ditugun bizi-estandarrak baino handiagoez gozatzeko aukera emango duen bakarra ere.
Hitzaldi hau Orixe poetaren bertso batekin amaitu nahi nuke; izan ere, herri baten, gurearen, irauteko bokazioa, eta etorkizun horrekin egungo belaunaldiak konpromisoa hartzeko beharra ekartzen ditu gogora:
GEROAK ESAN BEZA
«HERRI BAT IZAN ZAN»
EDO TA HATS EMAIOGUN
HONTAN IRAUN DEZAN