Iritzia
06Abendua
2006
06 |
Iritzia

Kulturaren bide berriak

Iritzia
Abendua 06 | 2006 |
Iritzia

Miren Azkarate

Iritzia

El Correo eta Berria


Bide berriak urratzea da nire Sailak hartutako konpromisoetako bat, kulturgintzaren enkarguz eta Kulturaren Euskal Planaren bitartez. Ezagutza eta dibertsitatearen aroan gaudelarik, garbi dugu kultura-politika ez dela bakarrik gizartearen eta komunitatearen eraikuntzan zentralitatea izatera mugatu behar, baizik eta kultura-politikak bere ohiko tresnatik haratago joan behar duela, adibidez, sustatze politikak bultzatuz eta ekipamenduetan inbertsioak eginez. Aurrekontu sail hauek, hain zuzen, %11ko igoera izan dute Legebiltzarrera igorri dugun aurrekontu proposamenean eta horretan txertatzen da ere 7,5 milioiko inbertsioa Euskadiko Artxibo Nazionalaren sorrerari begira.
Ikuspegi berri horretatik ulertzen da kultura ere badela eskumena eta zeregina beste sailetan, hala nola, Industria, Turismo, Gizarte gaietan, Hezkuntza eta Ogasunean, eta oihartzun nabarmenez arlo bakoitzean, gainera. Hala, euskal ekonomia ezin da ulertu balore materialik ez duten sormenezko industriarik gabe, ezta gure Ogasuna BEZa eta bestez zerga batzuen zati diren kultura jardueratik eratorritako diru sarrerari gabe edo eta kulturak turismoarengan eta oro har ekonomiarengan duen eraginik gabe. Gisa berean, hezkuntzako kurrikuluak ezin dira konprenitu kultura edukirik gabe, edo integrazio soziala gehiagora doan gizartearen inkulturizaziorik gabe.

Bistan da Kultura sailari ez dagokiola beste sailen politiketan sartzea, baizik eta erabilgarriak eta partekagarriak izango diren lankidetza ildoak sortu behar dituela, benetako gakoa izanik Sail horiek kulturaren gaiari beren eskumenetatik heldu ahal izatea. Hori eginez gero, kultura-politika sakonagoa eta eraginkorragoa bihurtzen da. Eta hori da, hain juxtu, Ikus-entzunezko Klusterraren kasua, nagusiki Industriak kudeatua, edo Hezkuntzak gure laguntzaz egindako Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola bideragarria den ala ez ikusteko azterketa. Edota Ogasunak proposatutako formulak kulturarentzako finantziazio bide berriak zabaltzeko; baita ere etorkinen Integrazio kulturala lortzeko egitekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailetik abiatuak. Sail horiek, guztiek, beren bidea egin behar dute, beraiei dagokie erabakitzea eta helmuga garbi ikusten duten neurrian murgilduko dira zeregin horretan. Eta, aldi berean, luberri horien jorraketan Kultura saila lagun eta lankide izan eta izango dute

Kulturaren Euskal Planaren beste premisetako bat, kulturgintzaren eskariz, arlo berriak aztertzea eta jorratzea da, hala nola, arrisku-kapitala, finantziazio berezitua, edo fiskalitatearen berritzea. Gure gain hartzen dugu erronka hori, jakinda bide batzuk beharrezko nahiz bideragarriak izan daitezkeela, eta bestetzuk, ez oso erabilgarriak, eta, horregatik, bidera ezinak. Eta hori ez da, inolaz ere, porrota, baizik eta ardura hartzea eta ondorengo arriskua, gure kulturaren onerako. Bestela esanda, kulturak berezkoa duen sormenaren printzipioa kultura politikan aplikatzean dago koska.

Dibertsitatearen eta kultura aroan, kulturaren arazoak ez dira konponduko baldin eta sortzaileak edo kultura enpresak (eskaintza eta arrisku- jarduerak izaki) beste edozein ekonomia jarduera gisa bakarrik hartuko bagenitu. UNESCOren 2005eko Hitzarmenean berezitasunaren printzipioa gomendatu digute. Bide zehatzak behar dira kulturen sostengurako, baina horri bi modu oso desberdinetan hel diezaiokegu: aparteko neurriak bereiziak hartuz, edota kultur esparruan beste arloetan erabilitako neurri horizontalak ezarriz. Bigarren bide honek lor ditzake erakunde arteko adostasun gehien; hartara, Dekretuak zein garapen-arauak behar dira, neurri handi batean Kultura Sailetik kudeatuak, baina baita ere beste esperientziak moldatuz.

Horrela jokatuz gero, Kulturaren Euskal Plana tresna berritzaile eta etengabe eguneratzeko modukoa da, politika zaharrak hobetzeko eta berriak garatzeko. Eta berritasunak oso garrantzitsuak dira. Bide horretan, planaren lehenbiziko bi urtetan, orain arte jorratzeke genituen biga alor zabaldu ditugu: kultura esparruko informazioa eta estatistikarena Behatokiaren bitartez eta erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetzarena, Jaurlaritzaren sailak, Foru Aldundiak, eta Udalak batzen dituen Erakundeen Arteko Batzordearen bitartez. Bestalde, politika kulturala demokratizazioan sakondu dugu, kulturgintzaren parte hartzearekin eta nazioarteko atala ere zabalduko dugu legez sortzeko atarian den Etxepare Institutuaren bitartez. Bi urte hauetan, interpretazio auziak bideratu ditugu, esate baterako, telebistako diru sarreren %5arena. Eta garapen mugatua duten dantza edo teknologia berrien bideak sasiz garbitu ditugu. Azkenik, diru-laguntzatik haratago, finantziazio edo fiskalitatearen bidea ere urratu dugu.

Aurrera begira ditugun eduki berriak agerikoak dira. Begien bistakoa da ez dutela zerikusirik identitatearen ustezko obsesioekin, ez baitugu halakorik, nahiz eta egia ere baden ez dugula nortasunik ez duen inor ezagutzen. Asko eta ongi egin lan da eta hala ere esku bete lan dugu zain: bide franko urratzeko eta esparru ugari jorratzeko, guztion laguntzarekin.

Bide zehatzak behar dira kulturen sostengurako, baina horri bi modu oso desberdinetan hel diezaiokegu: aparteko neurriak bereiziak hartuz, edota kultur esparruan beste arloetan erabilitako neurri horizontalak ezarriz. Bigarren bide honek lor ditzake erakunde arteko adostasun gehien; hartara, Dekretuak zein garapen-arauak behar dira, neurri handi batean Kultura Sailetik kudeatuak, baina baita ere beste esperientziak moldatuz

PARTEKATU