Iritzia
11Urria
2006
11 |
Iritzia

Kutsidazu autoestimua

Iritzia
Urria 11 | 2006 |
Iritzia

Kutsidazu bidea, Ixabel filma ikusi eta hurrengo goizean Euskadi Irratian hari buruzko iritzia eman ondoren hasi nintzen idazten lerro hauek. Tertulian batez ere bi kontu aipatu nituen: filma bera oso ona iruditu zitzaidala eta batez ere El Diario Vascok eskaini zion trataera lotsagarria iruditu zitzaidala, ez kritika gogorra eta injustua egin ziolako, espazio ñimiñoa eskaini ziolako baizik. Etxekalte behin berriro ere.
Herri txikia gara eta euskaraz egiten diren kultur produktuak xumeak dira; ez daukate World Trade Center edo Alatristeren moduko super-ekoizpenen parean ipintzeko aukerarik -ezta, zorionez, pretentsiorik ere-. Baina, zorionez, iaz eta aurten Donostiako Zinemaldian luzemetraia berri bana estreinatzeko aukera izan dugu (Aupa Etxebeste! eta aipaturiko Kutsidazu). Ez dira mundu mailako arrakastak, baina duintasunez eta talentuz egindako produktuak dira, eta GURE produktuak dira.

Ezin dugu, nire ustez, gure kultur ekoizpenen kritika egin, munduko kultura erraldoien baitan ekoizten diren produktuak juzkatzeko erabiltzen ditugun parametroak erabiliz: ez ditugu ba gure enpresen azterketak egiteko Microsoft edo Boeing-en erreferentziak erabiltzen!

Euskaldunak gara, eta geure kulturaren biziraupena bermatzeko ezinbestekoa dugu euskarazko kultur produktuak sortzea, prestigioa ematea eta kontsumitzea. Erakunde publikoen obligazioa da ekoizpen horri babes egokia eskaintzea, batez ere azpiegitura industrial egoki bat osatzearen bidetik. Eta, kontsumitzaileon ikuspegitik, argi izan behar dugu lehoiaren buztan ala arratoiaren buru izan nahi dugun, alegia, ingelesez, espainieraz edo frantsesez sorturiko kultur produkzioen olatuaren azpian erortzen garen ala euskal kulturari eta bere garapenari babesa eskaintzen jarraitzen dugun.

Horrek ez du esan nahi munduan zehar arrakasta duten produktuei uko egin behar diegunik eta, alde horretatik begiratuta, itzulpengintzak eta bikoizketak duten papera azpimarragarria da guztiz, baina euskal nortasuna gordetzea eta iraunaraztea ezinbestekoa da gure txikitasunetik munduari eskaintzen diogun aberastasuna eta aniztasuna mantentzeko. Eta horretarako ekoizpen propioak behar ditugu.

Gure munduaren ikuspegia, gure historiaren irakurketa propioa, geure auto-pertzepzioa... guzti horiek munduari egiten diogun ekarpen zoragarriak dira. Gainera, ekoizpen fresko eta dibertigarriek garrantzi itzela daukate euskararen normalkuntza prozesuan, geroz eta jende gehiagori komunitate baten partaide direla sentiarazten dietelako eta hizkuntza ikuspegitik erregistro berriak jorratzeko elikagai ezinbestekoa direlako.

PARTEKATU