Gure hitza. Hau da aurtengo leloa. Hitza, euskaldun batek duen gauzarik preziatuena da. Eta gure hitza, Euzko Alderdi Jeltzalearen hitza, bi esalditan laburtzen da:
-- Lehenengoa, gure goiburua: “Euskotarren aberria Euskadi da”.
-- Bigarrena, gure helburua: “Burujabetza” gure buruaren jabe izatea. Inoren menpe ez egotea.
Honetarako sortu ginen Alderdi moduan. Eta hau da gure izatearen arrazoia.
Aberria, bere nortasuna eta bere burujabetza. Hau da gure hitza. Abertzaleen hitza. Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa.
Eta gure hitza anitz euskalkitan baina hizkuntza bakarrean adierazten dugu. Esparru politiko ezberdinetan, baina aberri berean. Iparraldean lan ederra egiten ari zarete Departamenduaren alde. Instituzio propioen alde. Eskuararen eta gure nortasunaren alde. Iparraldea ez da anekdotikoa gure Alderdian. Iparraldea ez da abertzaleen ametsa soilik. Iparraldean politikagintzan aritzea Eusko Alderdi Jeltzalearen lehentasunetako bat da. Abertzaleak garelako, eta gure aberriak Bidasoa ibaia zeharkatzen duelako. Zazpiak bat garelako. Hau da gure hitza.
Eta Nafarroa gure lehentasuna da. Gure ama. Gure aberriaren sorlekua. Eta datorren urtean, hemen goian, Nafarroaren gobernuko ordezkari bat jezarriko da. Gurekin. Hauteskundeak irabaziko ditugulako. Eta Nafarroako instituzioetan egongo garelako. Eta lasai. Lasai batez ere Sanz jauna. Nafarroako instituzioak ez ditu inork guk baino gehiago errespetatuko. Nafarroaren nortasuna ez du inork guk baino gehiago errespetatuko. Gure nortasunaren ama delako. Eta ama errespetatzen badakigulako. Eta ez dugu inoiz onartuko Nafarroaren etorkizuna interes politiko batzuen truke aldatzea. Nafarroaren interesa eta etorkizuna, soil-soilik, nafarrek erabakiko dituzuelako. Demokratikoki. Hau da gure hitza.
Hortxe gaude. Gure historian zehar defendatu ditugun planteamendu berberekin. Eta orain denak mugitzen ari dira. Batasuna inguruko horiek esaten ziguten lehen, gu Madrilera joaten ginela PSOErekin hitz egitera. Hori txarto omen zegoen. PNV PSOEren morroi omen zen. Ikusi ezazue orain. Batasuna inguruko jende honek batzarrak, eguna joan eta eguna etorri, PSOErekin. Ez dakit zein baserritan. Otegi, Egigurenekin, Zapaterori gutuna bidaliz... Eta orain zer! Orain beharrezkoa omen da. Gu geu, ez dakit zer interes izkutu defendatzeko, biltzen omen ginen PSOErekin. Hauek, gure salbaitzale hauek, beti herriaren alde. Noski. Gure herriaren interesaren alde. Ayyyy! Hamaika ikusteko jaio ginen! Hauek ere nabarmen aldatu dira.
Eta besteak, sozialistak, orain Batasunarekin behin eta berriro bilduz. Gogoratuko duzue, orain zortzi urte, guk gauza berbera egiten genuenean. Orduan, gu geu terroristen lagunak omen ginen. PNV, terroristen laguna. Itun antiterrorista sinatu zuten, PNV hitza hiru aldiz aipatuz. Eta izugarrizko kanpaina politiko eta mediatikoa jaso genuen gure kontra. Bake bila aritzeagatik. Eta orain bide hori zilegia omen da. Hamaika ikusteko jaio ginen, bai! Ba, erdaraz esaten den bezala, bienvenidos al club. Bienvenidos al club. Hauek ere nabarmen aldatu dira.
Eta gu non gaude? Euzko Alderdi Jeltzalea non dagoen? Betiko lez. Betidanik egon garen tokian. Giza eskubideen defentsan. Indarkeria gaitzetsiz. Bakearen alde apostu zintzoa eta leiala eginez. Protagonismorik gabe. Isilean, beharrezkoa denean. Eta gure herriaren defentsan. Elkarrizketa bultzatuz. Eta herri honek bere etorkizuna eta bere autogobernua demokratikoki definitzeko eta erabakitzeko duen eskubidearen defentsan. Euskal Herriaren defentsan. Eta eguneroko herrigintzan. Hor dago Eusko Alderdi Jeltzalea. Nazioa eraikitzen. Nazio bat garelako. Nazioa eraiki nahi dugulako. Hau da gure helburua. Hau da gure hitza. Euskaldunon hitza.
Eta gaur, bisitatzen gaituzten guztiak ere agurtu nahi ditut. Eta etxekoak ere bai, noski. Zuek guztiak. Iparraldetik etorritako abertzaleok, Nafarroatik etorritakoak, Bizkaitik, Gipuzkoatik, eta Arabatik etorritako abertzale guztiei eguerdi on…
Kanpotik heldutako gonbidatuak ere agurtu nahi ditut. Bloque Nacionalista Galego, Encarna Otero; Convergencia Democrática de Catalunya, Pere Macias; Unión Democrática de Catalunya, Marta Llorens; Unió Mallorquina, Maximiliano Morales; Partit Socialista de Mallorca, Gabriel Barcelo; Bloc Nacionalista Valenciá, Pepa Chesa; Partido Andalucista, Julián Alvarez; Coalición Canaria, Flora Marredo; Angolako Unita, Virgilio Samakuva; Frente Polisario, Mohamed al Mamun; Movimiento por la determinación de la isla de Bioko, Anacleto Bokesa; Partido Demócrata del Kurdistan, Fakhar H. Sadiq; Parti de la Nacion Corse, Jean Christophe Angelini; Unión Démocratique Bretonne, Jean Le Pape; Parti Breton, Daniel Cariou; Bloc Catala, Monique Juanola; Mouvement Région Savoie, Pierre Ottin Pecchio.
Aurten omendu ditugu Irujo (duela 25 urte utzi gintuen); Galindez (duela 50 urte bahitu, torturatu eta hil egin zuten); Landaburu (duela 50 urte idatzi zuen La causa del pueblo vasco; liburu horrekin egin gara abertzale belaunaldi oso bat); Elvira Zipitria (emakume horren historiak anonimatuan jarraitzen du, baita bere Alderdian ere). Horiek guztiak aurten omendu ditugu, 2006an. 2005ean Lauaxeta omendu genuen. 2004an Agirre lehendakaria eta Saseta (gudarien komandantea) omendu genituen. Memoriaren jabe gara. Eta 2006. urtea, bereziki, memoria urtea da.
Duela hirurogeita hamar urte, gure herriak tragedia bizi izan zuen. Gure leize eta bide bazterrak odolez busti ziren Araban eta Nafarroan. Gipuzkoa egun hauetan erori zen, eta Bizkaian gure historiako pasarterik epiko eta tragikoena hasi zen. Bakezaleak ziren, eta hala zarete, oraindik hemen baitzaudete zenbait gudari. Ez zuten eta ez zenuten gerrarik nahi. Totalitarismoa, faszismoa, tragedia eta gerra gainera etorri zitzaizkien bakezale haiei. Zibilen aurkako bonbardaketa kanpaina ankerra, prekarietatearen eta idealismoaren aurrean prestatutako eta armez hornitutako gudarosteak. Eta, horren atzetik, fusilamenduak, kartzela, atzerria, diktadura, errepresioa, erbestealdia eta iluntasuna.
Hirurogeita hamar urte igaro dira tragedia hura hasi zenetik. Eta memoria eskubidea aldarrikatzeko garaia da. Berandu dator eskubide hori. Gizakiak sortutako tirania handienetako baten gerra makinariak azpian hartutako hainbat eta hainbat pertsonen sufrimendua, etsipena eta mina ez ahazteko eskubidea. Sufrimenduari iraina, isiltasuna eta ahanztura nola gehitzen zitzaizkion ikusi zuten hainbat biktimaren mina aldarrikatzeko garaia da. Memoria garaia da, baina ez gorroto garaia. Agirre lehendakariak esan ohi zuen bezala: “Gorrotoak ez du eraikitzeko balio, zapuzteko baizik”. Memoria garaia da, halako tragediarik inoiz errepika ez dadin. Gure seme alabek ez dezaten inoiz duela hirurogeita hamar urte gure arbasoek bizi izan zutenaren antzekorik ezagutu.
Eta orain bakea lortzeko beste aukera bat dugu. Bakearen ilusioa eta itxaropena bizi ditugu. Eta gauza bat esan behar dizuet: euskaldunon hitza, euskaldunon hitza da eta izango da gure jarduera politikoaren erabateko lehentasuna. Baina ez diegu uko egingo gure planteamendu eta helburu politikoei. Non dago EAJ prozesu honetan? Beti egon izan garen lekuan gaude. Argi ditugu gure ideiak. Bakearen aldeko apustua egiten dugu. Aljerren ere halaxe egin genuen, nahiz eta han egosi ziren gauza askotatik kanpo utzi gintuzten. Printzipio etiko argiak ditugu. 1998. urtean egon ginen bezala gaude. Gerrira arte lokatzetan sartuta, arriskatuz batzuetan onespenik gabe , bakea sendotzeko.
Beti egon izan garen lekuan gaude. Bakea baita gure Alderdiak, euskal gizartearen gehiengoarekin batera, azken hogeita hamar urteetan izan duen jarreraren garaipena, askatasuna defendatuz, ez totalitarismoa. Demokrazia defendatuz, eta ez indarkeriaren eta izuaren bidez proiektu politikoak inposatuz. Elkarrizketaren aldeko apustu garbia eginez, herri honetan denok batera joan gaitezen. Hausturarik gabe. Inor menderatu gabe. Inor baztertu gabe.
Horregatik, etorkizunera begiratzen dugu, beldurrik gabe. Eta etorkizun hori ere memoriaren errespetutik abiatuta eraiki beharko dugu. Ziur gaude behin betiko bakea lortzeko ezinbestekoa izango dela armak uztea eta, horrez gain, armen erabilera justifikatzeko erabili izan den inposaketa eskema ere alde batera uztea; izan ere, denak ez baitu balio helburu politiko jakin batzuk lortzeko.
Beti egon izan garen lekuan gaude. Eta honaino iritsi gara EAJk duela 27 urte egin zuen apustuari esker. EAJren gidaritzari esker. Ditugun ekonomia, zerbitzuak, bizi kalitatea eta enplegua ditugu, duela 27 urte herri hau eraikitzeko apustua egin genuelako batzuek. Besteek, aldiz, ez dute besterik egin; ozen hitz egin, bazterrak txikitu eta gurpiletan makilak jarri baizik. Hori guztia gorabehera, aurrera egin dugu. Batzuek herri honetan eta herri honek duen indarrean inoiz sinetsi izan ez duten arren, eta 27 urtez Madrilgo gobernuan bereari eutsi dioten arren, eskuinekoek zein sozialistek, gure autogobernua bete gabe eta geldiaraziz; oztopoak oztopo, honaino iritsi gara.
Eta Euskadi beste akordio politiko bat lortzeko bidean jarriko dugu; euskaldunek libreki eta demokratikoki erabakitzen dutena errespetatzeko akordioa, autogobernurako marko berria emango digun akordioa, gaitasun handiagoarekin, motore handiagoarekin, zaldi gehiagorekin, euskaldunen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko. Gure nortasuna errespetatuko duen akordioa; gure nortasunari eusteko eta nortasun hori garatzeko tresnak emango dizkigun akordioa. Gu guztioi erabakitzeko aukera emango digun akordioa. Bakean eta askatasunez. Akordioa bideratuko dugu. EAJren hitza da. Euskaldunon hitza.
Alderdi honek hitza beteko du. Gure etorkizuna bakean eta askatasunez erabakiko dugu. Mahai, aulki, ohe edo sofak tarteko, akordioa lortuko dugu. Ez gaitezen mahaiaren ideiarekin gelditu; hori tresna bat baino ez da. Garrantzitsuena akordioa da. Eta etorkizunerako akordio hori zuek guztiok berretsi behar duzue. Zuk ostiralean esan zenuen bezala, Lehendakari.
Lehendakari, bide batez: zoragarria zara. Baliotsua zara. Herri hau modu txukunean zuzentzen duzu. Kemenez. Sentimenduz. Horrexegatik astintzen zaituzte ahal duten guztia. Badakitelako gure gizonik onena zarela. Errespetatuena. Maitatuena. Kuraiarik handiena duena. Baina, Lehendakari, argi eduki. Zenbat eta gehiago astindu, hainbat eta gehiago maitatuko zaitugu. Eraso bakoitzaz indartu egiten zara euskal gizartean eta gure bihotzean. Maite zaitugu Lehendakari! Eta behar zaitugu Lehendakari!.
Lehendakaria ondo ari da, dagokiona egiten. Baina guk guztiok ere dagokiguna egin behar dugu. Pilak jarri behar ditugu maiatzeko hauteskundeetarako. Eta jendeak ez ditu alkate eta zinegotziak aukeratuko udaletxeetarako, edota batzarkideak eta diputatu nagusiak, alderdien mahai bat egiteko. Aukeratuko ditu eguneroko arazoak konpondu ditzaten. Pertsona bakoitzarenak. Herri bakoitzarenak. Talde bakoitzarenak. Esate baterako, Bilboko ibaiaren garbiketa eta berbideratzea; Pasaiako Badiaren Erregenerazioa --Kanpoko Portu Berria--, trenbide berria, gizarte-zerbitzuak, zaborren kudeaketa... Guzti hori egin dezaten aukeratu behar ditu jendeak ordezkariak udaletxeetarako. Beraz, hemen alkate eta zinegotzi ugari zaudete. Eta instituzioetatik ere nazioa eraikitzen da. Eta politika guzti hauei buruz hitz egin beharra dago. Kudeaketaz. Gizarte-eraikuntzaz eta nazio-eraikuntzaz. Orain hori tokatzen da.
Eta orain Udalek eta Diputazioek nazio eraikuntzari eta gizarte eraikuntzari heldu behar diete. Egunerokotasunean. Zuei guztiei esker, hemen zaudeten ehundaka zinegotzi eta alkateri esker. Egunero lan egiten duzue, ordutegirik gabe, familiari eta atsedenari orduak kenduz, eta, horri esker, arazoetatik eta konponbideetatik inor baino gertuago gaude. Herriagandik hurbil dagoen Alderdia gara. Jendearen arazoez arduratzen gara.
Gogoratuko zarete, hemen zaudetenak. Duela hamabi bat urte Xabier Arzalluzek kontatu zuen minusbaliatuen elkarte bat Sabin Etxera joan zela berarekin hitz egitera, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen aurretik. Alderdiak beren helburuak jaso zitzan nahi omen zuten, irisgarritasun gaiari eta bestelakoei buruz. Xabier oso harkorra izan zen, eta hori guztia programan jasoko genuela esan zien. Azkenean, Xabierrek galdetu omen zien, ea beste alderdiekin egon ziren, eta baietz erantzun omen zioten. PSOEk hau esan ziela, PPk bestea... eta HBk zera esan ziela: “zuek ez kezkatu. Lehenik autodeterminazioa lortu behar da, eta, hori konpondutakoan, zuena ere konponduko da”. Bada, alderdi batzuk haiek bezala dabiltza. Soilik erabakitzeko eskubidean pentsatzen dute. Eta, bitartean, erabaki egin behar da. Guk, beti bezala, herri gisa ditugun eskubideak exijitzen ditugu, baina, aldi berean, jendearen arazoez arduratzen gara.
Beti egon izan garen bezala. Gizarte laguntza behar duten pertsonekin; adineko jendearekin; lehenengo etxebizitza eskuratu nahi duten gazteekin, alokairuko etxebizitza sustatuz, BOE gutxi batzuentzako loteria izan ez dadin, edo BOEri erantsitako etxebizitza tasatua sustatuz baremoak gainditzen dituzten baina etxebizitza librerik eskuratu ezin dutenentzat. Lurzoruaren Legea onartu berri dugu, eta ildo honetan aurrera egin dugun arren, ez dugu behar adina aurreratu, izan ere euskal lurraldeetako sozialistek eta komunistek, sasiaurrerakoi horiek eragotzi egin digute nabarmen alokairuaren eta etxebizitza babestu gehiagoren alde egiten duen legea edukitzea. Erakundeen laguntza behar duten eta nolabaiteko urritasuna duten pertsonengandik hurbil egon behar dugu; lanpostu gehiago sortzeko lurzoru industriala behar duten enpresekin (gelditzen den apurrarekin espekulatu egiten baita, diru gehiago ematen duten beste erabilera batzuetarako). Jendearengandik gertu egon behar dugu. Hori da gure Alderdiaren indarra.
Zortzi hilabeteko lana gelditzen zaigu arazo bakoitzarentzako konponbideak eskaintzeko, Euskadin herriz herri ilusioa eta gidaritza eskaintzeko. Ez goaz bakarrik. Zuekin guztiekin goaz. Eusko Alderdi Jeltzaleak herri hau etorkizunera zuzentzea nahi duten ehundaka mila euskaldunekin goaz. Industria zahar haiek eta langabezia izugarri hura atzean utzi eta Euskadi egungo egoerara ekarri dugula ikusi dutenekin goaz. Kiratsa zerien hiri eta ibai poluitu haietatik (hala kantatu zuen Lazkao Txikik: “Urumeako ibaiak kaka usaina dakar”) gure herri eta hirietako pasealeku ederretara. Irten Europako edozein hiritara. Hemengo alkate batek espaloietan eta hiriko eraikinetan Bruselan zein Londresen ikusten diren materialak ezarriko balitu, jende askok protesta egingo luke. Munduan barrena ikusten dena baino askoz herri eta hiri hobeak ditugu. Honaino iritsi gara, iraultzaileak Alemania Ekialdeko ereduari begira zeuden bitartean (horma bota zutenean jendea aldendu egin zen eredu horretatik), edo Fidelen Kubari begira (hor ere, gehiagok alde egingo lukete, ahal izanez gero. Irla bat baita.) Eta guk Europara begiratzen genuen. Eta orain Europako liderrei begiratzen diegu. Haiekin lehiatzeko. Euskadi tropelaren buru jartzeko. Etorkizuna, bizi kalitatea eta ongizatea eraikitzen jarraitzeko.
Indarrak hartu behar ditugu. Euskadiko Alderdi liderra gara. Euskaldun gehienek beren seme alaben herria guk zuzentzea nahi dute. Ahal dugun guztia egingo dugu, konplexurik gabe, eskuzabaltasunez, bakea lortzeko. Euskaldunen borondatea errespetatzen duen, gure nortasuna errespetatzen duen, eta euskaldunoi prestatzeko, lan egiteko eta geure proiektuak gauzatzeko aukera emango digun autogobernua lortzeko negoziazioa bideratuko dugu. Eta Euskadi zuzenduko dugu, bakean. Munduan euskalduna, irekia, prestatua, berritzailea, lehiakorra eta eskuzabala izan nahi duen Euskadi. Hau da udaberrian euskal gizarteari herriz herri aurkeztuko diogun proiektua. Horretarako, Euskadi honaino gidatu izana dugu berme gisa, eta ziur gaude gai izango garela hemendik aurrera ere hala egiteko. Umiltasunez eskatzen diogu euskal gizarteari berriz ere gugan konfiantza izan dezan Euskadi bakean zuzentzeko. Hurrengo hauteskundeak irabazteko. Eta ez gara bakarrik aurkeztuko. Zuekin guztiekin batera aurkeztuko gara, eta zuen guztien laguntzarekin eta lanarekin egingo dugu, denok batera.
Hemen zaudeten guztiok ez duzue bakerik ezagutu. Nik berrogeitahiru urte ditut, eta ez dut inoiz bakerik ezagutu. Hau mingarria eta gogorra izan da pertsona askorentzat. Eta itzela gure herriarentzat. Gure nazioarentzat. Gure izen onarentzat. Honexegatik bakea behar dugu. Eta bakea lortzen saiatuko gara. Bakegintza prozesuan leial eta zintzo jokatuko dugu. Helburu nagusi batekin: bakea lortzea. Gure seme-alabei beste ondare bat eman nahi diegulako. Gure seme-alabentzat beste gizarte bat nahi dugulako. Hau izango da gure helburu nagusia hurrengo garaietan. Nire hitza ematen dizuet. Euskaldun baten hitza. Bakea lortuko dugu. Eta Eusko Alderdi Jeltzaleak bere onena emango du helburu hau lortzeko !
Eta ez dugu ahaztuko zer garen. Zer nahi dugun. Gure herria zein den. Gure herriaren askatasun-nahia. Gure etorkizuna eraikitzeko eta erabakitzeko dugun eskubidea. Abertzaleak gara. Aberria maite dugu. Eta normalizazio politikorako prozesu bat bultzatuko dugu. Bi oinarri izango dituena. Lehena, demokrazia, erabakiei errespetua. Eta bigarrena, gure herriaren izaera, aniztasuna eta kohesioari errespetua. Herria maite dugulako, eta honexegatik, euskal nazioaren oinarriak, partekatuak eta tinkoak nahi ditugulako.
Amesten dut. Amesten dut, bakea lortuko dugula. Amesten dut, gure herrian guztion arteko akordio zabal bat lortuko dugula. Gure izaera, erabakia, eta aniztasuna errespetatuko duen akordioa. Amesten dut Euskal Herrian sufrimendua behingoz amaituko dela. Amesten dut elkarlanean gure herria eraikiko dugula. Amesten dut beste herriekin batera, aske eta adiskidetzan, etorkizuna elkarrekin egingo dugula. Amesten dut, amets hauek, gu guztionak direla. Eta ziur naiz, denon amets hauek egia bihurtuko direla gure indarraren eta gu guztion lanaren eraginez.
Gora Euskadi Askatuta