Hitzaldia
22Iraila
2006
22 |
Hitzaldia

JUAN JOSE IBARRETXE
Egoera politikoari buruzko Osoko Bilkura

Hitzaldia
Iraila 22 | 2006 |
Hitzaldia

Legebiltzarreko burua, legebiltzarkide jaun-andreok.

Egun on guztioi!

Politika orokorrari buruz egingo dugun lehendabiziko eztabaida honi errazago jarraitu ahal izateko, lau atal handitan banatu dut nire hitzaldia:

I. atala.- Euskal gizarteak ez dio inori abagune hau galarazten utziko, benetan aukera historikoa baitugu aurrera joateko, bakean bizitzeko eta gure etorkizuna erabakitzeko.

II. atala.- Gobernu dinamiko bat aurrera doan Herri batentzat.

III. atala.- Gobernu aktiboa behar dugu, proposamenak eskuan, Bakea eta Normalizazio Politikoa ekartzeko eta guztion artean xede bikoitz horri aurre egiteko.

IV. atala.- Euskal gizarteak zuzenean hartu behar du parte, euskal gizartea baita bidelagun eta berme, bakea eta normalizazio politikoa ekartzeko prozesuetan.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

I. atala.- Euskal gizarteak ez dio inori abagune hau galarazten utziko, benetan aukera historikoa baitugu aurrera joateko, bakean bizitzeko eta gure etorkizuna erabakitzeko.

Legebiltzar honetan iazko ekainean egin genuen inbestidura-saioan adierazi nuen uste osoa nuela legealdi honetan abagune ezin hobea, aukera paregabea izango genuela, bakea lortzeko guztiok dugun ametsa egia bihur zedin. Bada, aukera hori joan den martxoaren 22an sortu zen, euskal gizarteak bakearen alde behin eta berriz egin duen deiadarraren ondorioz, ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuenean.

Euskal gizarteak ez dio inori abagune hau galarazten utziko, benetan aukera historikoa baitugu bakean bizitzeko eta gure etorkizuna erabakitzeko. Lehendakari naizenez, berriz ere adierazi nahi dut hemen, gure Gobernu osoak Euskadin Bakea lortzeko eta Normalizazio Politikoa ekartzeko konpromiso irmoa duela. Egin beharreko ahalegin guztiak egiteko prest gaude, euskal gizartearekin batera, ibilbide luze honetan ager daitezkeen oztopo guztiak gaindi ditzagun. Ilusioa eta itxaropena jaio dira berriz ere gugan indartsu, eta guztion artean lortuko dugu hasitako bide hau, abiarazitako prozesu hau, atzera bueltarik gabea izan dadin.

Badakigu bakegintza ez dena zeregin erraza, eta horra hor, hasierako hilabete hauetan sortutako oztopoak, horren erakusgarri; baina, zorionez, gizarte heldu baten kemena dugu lagun, eta, iraganean egindako akatsak eta hutsak ere hortxe ditugu, hemendik aurrera zuzendu beharreko bidearen erakusgarri.

Nahasmena, arduragabekeria, etenaldi galduak, ekimen falta, gaizki-ulertuak, elkarrenganako mesfidantza eta Bakea hauteskunde-helburuetarako erabiltzea, horiexek izan dira iraganean egindako akatsetako batzuk, eta, orain, saihestu eta baztertu behar ditugunak.

Argi dago ETAk bete behar duela euskal gizartearen itxaropena ez zapuzteko eginbeharra, baina guk ere, erantzukizun politikoa dugunez, bidea zabaltzen eta oztopoak gainditzen lagundu behar dugu, gurean dabilen bake-haize hori gelditu ez dadin.

Prest gaude eta kementsu bultzatuko dugu, bake-haize hori leku guztietara hel dadin, gure atzean Herri bat dugulako, txalupako oihalak zabal-zabal, erako haIzea noiz etorriko, gure etorkizunaz erabakitzeko abagune historiko hau baliatzeko.

I.-1.- Bultza dezagun Bakearen haizea.

Su-eten iraunkorra iragarri zenetik sei hilabete igaro direlarik, lehen egiaztapen hau egin dezakegu: egiazki aurrerapauso batzuk egin dira, eta zuzena da horiek aitortzea. Su-etena begiztatu egin da, eta, gainera, joan den ekainaren 29an, Espainiako Gobernuko lehendakariak ofizialki irekitzat adierazi zuen ETArekiko elkarrizketa-prozesua. Beraz, oinarri sendoak dituen prozesu baten aurrean gaude, aldiz aurreko hizketaldi luze baten emaitzaren aurrean. Baina, itxaropen-sentimendu hori ez dago libre ezinegon- eta kezka-sentipen batetik, sentipen hori gero eta handiagoa baita zenbait gertakari nola garatu diren ikusita. Gertakari horiek, izan ere, harridura handia sortzen dute euskal iritzi publikoan, eta oztopo nabarmenak dira prozesuak aurrera egiteko eta sendotzeko.

Jakin badakigu bidea zaila izango dela. Alderdi Popularrak, esaterako, jendaurrean adierazi du Bake-prozesu hasiberria sendotzera bideratzen diren ekimen guztien kontra dagoela. Nire iritziz, estrategia hori guztiz okerra da, zeren eta, Bakeak porrot egiten badu, guztiok galduko baitugu. Horregatik, itxaroten dut eta nahi dut Alderdi Popularrak orain duen jarrera aldatzea eta lehenbailehen bat egitea elkarrizketarekin eta itxaropenarekin.

Baina, iraganera begiratzen duen jarrera horretaz gain, arduragabekeria iruditzen zaigu aukera hau aurrera eramateko lanean zuzenean inplikatuta daudenak behaztopa-harriak jartzen ibiltzea eta nahasmendua eragiten jardutea. Euskal gizarteak ez ditu ulertzen zenbait erabaki eta jarrera, jokoan dagoena hain larria denean.
Batasuna kexu da prozesua "blokeatuta dagoela". Ederki, baina nik galdetzen diet, zer dakarkio kale-borrokak bake-prozesuari? Zer dakarkio prozesua desblokeatzeari? Nik uste dut benetan ez dakarkiola ezer, xantaia jasanezin bat izan ezik, antidemokratikoa baita.

Bestalde, kezkagarria da Espainiako Gobernuko lehendakariak egun batean esatea prest dagoela euskal gizartearen borondatea errespetatzera eta, biharamunean, ukatzea Europan autodeterminazio-eskubiderik dagoela. Eta kezkagarria da, nabaria baita erabakitzeko eskubidea egikaritzea –are Europar Batasunaren babesarekin– gaur egun Europaren bihotzean zenbait gatazka politiko desblokeatzeko erabiltzen ari dela. Gaur beste herri batzuentzat aplikagarria dena, zergatik ukatzen zaio Euskal Herriari?

Ez da ulergarria, era berean, Espainiako Aginte Judizialak Batasuneko agintariek alderdi politiko guztiekin izan dituzten bilerak baimentzea eta, aldi berean, Lehendakariaren aurkako kereila bat izapidera onartzea, gauza bera egiteagatik.

Orobat, txundimena eragiten du espetxe-politika bera, alde batetik, ETAko presoen urruntzea eta sakabanatzea mantentzeko erabiltzea, eta, aldi berean, delitu larriengatik kondenatuta dauden beste preso batzuk kartzelatik ateratzeko usatzea.

Nahasmen apur bat sortzen du, era berean, Batasuna eta Espainiako Gobernua egiten ari diren pultsu-saioa, alderdi hori legeztatzea ahalbidetuko duen modua aurkitzeko, kontuan hartzen badugu egoera berri honetan arazo hori oztopo gainditzen erraza izan beharko litzatekeela bi aldeentzat. Izan ere, euskal gizarteak ez du honako hau ulertzen: Espainiako Gobernuak, alde batetik, ofizialki adieraztea ETArekiko elkarrizketa irekitzeko prest dagoela, eta, bestetik, Batasunarekin politikoki –hori bai, jendaurrean– hitz egiteari uko egitea.
Ziur nago azkenean, berandu baino lehen, zentzua nagusiko dela, zeren eta inork ez baitago prest, lehen zailtasunen aurrean, lortzen hainbeste lan eta ahalegin kostatu den apustu hau kareletik botatzeko. Ez dago inor horretarako prest. Baina, indarkeria-ekintzak, nahasmendua, txundimena eta ekimenik eza ez dira laguntzak, baizik eta Bakeren haizea barearazten duten oztopoak.

Nolanahi ere, inork prozesua geldiagotzeko tentazioa izango balu, beraren hauteskunde-interesetara egokitzeko, benetan, uste dut izugarrizko hutsegitea eta arduragabekeria larria izango litzatekeela.

Euskal gizarteak ez du onartzen hutsarterik. Ez ditu ulertzen aukera berri hau arriskuan jartzen duten maniobrak, eta ez da geldirik egongo, harik eta bakearen, elkarbizitzaren eta adiskidetzearen ametsa egia bihurtzen den arte.

I.2.- Euskadi, txalupako oihalak zabalik haizeari begira, prest dagoen Herria.

Luzaroan jasan behar izan dugu indarkeriaren zama astun hori; oinaze eta sufrimendu izugarria ekarri dio jendeari; arrisku larrian jarri du gizarte barruko bizikidetza bera, eta hazkunde ekonomikoa ere eragotzi du. Hala eta guztiz ere, euskal gizarteak gogor eta indar jarraitu du bere burua prestatzen, bazekielako jakin egunen batean Bakearen aldeko haizea iritsiko zela, eta ordurako gure Herriak oihalak zabal izan behar zituela itsasoratzeko.

Iritsi da ordua, hemen dugu aukera eta hementxe dago gure Herria aitzindari, aurre-aurrean, Estatu espainiar osoko hazkunde- eta ongizate-tasarik handienak baititu, eta, Europa osoa aintzat hartuta ere, aitzindari baita aurreko postuetan.

Bai, egia da oraindik ere zenbait arazo dugula konpontzeke. Industrializatutako beste herrialde batzuk hasi zaizkigu gogor lehian, enpresa batzuk beste leku batzuetara joan zaizkigu, ahalegin teknologikoa oraindik ez da nahikoa, lanean istripuak gertatzen dira, lan-kontratuak ere aldi batekoak dira gehienak, familia askok pobretasunean erortzeko arriskua dute, etxebizitza erosteko arazoak daude, batez ere, gazteen artean; horiexek dira, agian, nabarmen ikusten diren arazoak, eta geroago aztertuko ditut zehatz-mehatz, gobernuaren lana eta etorkizunerako konpromisoak azaltzerakoan. Baina, era berean, esan behar dugu, guztion artean egindako lanari esker, herri dinamikoa, herri irekia, herri lehiakorra eta solidarioa izatea lortu dugula azken urteotan. Ildo horretatik, legealdiko lehen urte hau igarota egin dugun balantzeari begiratzen badiogu, zalantzarik gabe, aurre-aurreneko postuetan gaudela ikusiko dugu.

Ezagutu diren azken datuen arabera –2006ko bigarren hiruhilekoari dagozkion azken datuen arabera–, euskal ekonomiaren hazkunde-tasa % 4,2ra iritsi da, Espainiako ekonomiarenaren (% 3,7) eta Europar Batasuneko batez bestekoaren (% 2,8) gainetik.

INEren adierazle ofizialei jarraiki, 2003. urtetik lidergoa berrekuratu dugu biztanleko errentan, Espainiako Estatuan. Duela bost urte Europako bost herrialde aurretik genituen biztanleko errentan, eros-ahalmenaren parekotasun-kopurutan neurtuta; gaur egun, ostera, Europar Batasunean, Luxenburgo eta Irlanda baino ez ditugu aurrean.

Euskadin, 2005eko ekitaldian, dauden enpresen kopurua gehitu egin da (2.000 enpresa gehiago daude orain), eta errekor historiko batera iritsi gara (157.000 enpresa).

Urteko bigarren hiruhilekoari buruzko azken datuei begiratuta, enplegudunak 942.500era iritsi dira, aurreko urteko aldi berean baino 12.300 gehiago, eta gure langabezia-tasa, are, % 5en azpitik dago, hau da, praktikan enplegu osoko mailatan, eta hori pentsaezina zen duela urte eskas.

Gure batez besteko bizi-itxaropena 80,4 urte da, Europako altuena eta munduko altuenetako bat.
Bigarren mailako ikasketak dituen biztanleria gaztearen portzentajea % 81,1 da, eta horrek Europako batez bestekoaren gainetik eta Alemania eta Frantzia bezalako herrialdeen aurretik jartzen gaitu.

Errentari, bizi-itxaropenari eta hezkuntzari buruzko gure adierazleak aintzakotzat hartuta, Euskadi munduko lehen hamar herrialdeen artean kokatzen da, giza garapeneko indizean, Nazio Batuek erabiltzen duten metodologiaren arabera.

Eta hori guztia finantza publikoak erantzukizunez eta prestasunez kudeatuz lortu dugu. Horrela berretsi du berriki Standard and Poors nazioarteko agentzia ospetsuaren azken txostenak. Eusko Jaurlaritzaren kalifikazioa AA+ mailara igo du txosten horrek, bere saileko mailarik altuenera, alegia. Txostenaren arabera, eta hitzez hitz aipatuko du: "Rating-aren igoerak zorpetze-mailaren murrizte mailakatua adierazten du, eta hori Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-betetzearen sendotasunari esker izan da egingarri.

Baina, gainera, herritarren segurtasuneko gure indizeak ehun mila biztanleko 3,5 delitura iristen dira, hau da, Europako batez bestekoaren erdia baino gutxiago.

Euskadi, hori guztiagatik, herri erakargarri gisa agertzen da, bizitzeko eta lan egiteko ez ezik, bai eta milioika pertsonak bisitatua izateko ere. Urteko lehen erdiari buruzko datuen arabera, baieztatu ahal izango dugu 2006. urtean, gure historian lehen aldiz, 2.000.000 bisitaritik gora hartuko ditugula.

Zoritxarrez, horrelako berriek eta datuek ez dute behar bezalako islarik ez eztabaida politikoan ez komunikabideetan, eta horrek geure errealitate ekonomiko eta sozialari buruzko irudi desitxuratua eskaintzen du, zeren eta, gure arazoak ezkutatu gabe –arazoak eduki, baitauzkagu–, egiazta dezakegu gaur, Euskadin, bizi-maila onaz gozatzen dugula, segur aski gure historia osoan izan dugun bizi-mailarik onenaz.

Baina, iparrorratza edukitzeak ez du salbuesten arraunei eragitea. Eta gizarte aberats batek autoatseginean jauzteko eta "bertan goxo egoteko" arriskua dauka. Beraz, inork ez dezala ikus adierazle horien aurkezpenean triunfalismoko ariketarik. Ez da hori, inondik ere, nire asmoa. Aitzitik, gauzak ondo doazela egiaztatzen dugunean ahalegin handiagoa egin behar dugu arduradun politikoek; ahal izanez gero, orduantxe egin behar dugu ahaleginik handiena, zintzilik dauden arazoak konpontzeko eta zailtasunak igarotzen ari diren talde eta pertsonak artatzeko. Pertsona horietako bakoitza da benetan axola diguna, eta haiei zuzenduta daude orain arte Gobernutik garatu ditugun neurriak eta gaur Bilkura honetan azalduko ditudan ekimen berriak.

I.3.- Abagune historikoa dugu aurrean, euskal gizartea dagoeneko behar bezain heldua delako, eta guztion artean etorkizunaz erabakitzeko moduan gaudelako.

Bake-haizea dabil txistuka…, Herriak txalupako oihalak zabal-zabalik ditu…, eta prest gaude, abagune historiko honetan barrena, abantean hasi eta bake-portura iristeko.

Gure eskuetan dugu giltza, bide baketsuak eta demokratikoak erabilita, euskal gatazka politikoa konpontzeko, eta, askatasunez, inork gure gogoz kontra ezer ezarri gabe, estatu espainiarrarekin izan nahi dugun harreman-esparru berria zehazteko.

Hauxe da abagunea, aukera ederra, gure belaunaldiak baliatu behar duena, eta erantzukizuna ere bada, datozen belaunaldiei begira. Ezin diegu huts egin. Heldu da, bada, Elkarrizketa-ordua, letra larriz idatzita.

Elkarrizketa argia behar dugu, Elkarrizketa errespetuzkoa, Elkarrizketa berme demokratikoduna. Betidanik aldarrikatu dugu armak isiltzea eta Herriak hitz egitea nahi genuela. Armak isildu dira; orain, guri dagokigu hizketan hastea. Aukera historikoa dugu, bai, geure etorkizunaz erabaki dezagun.
_ _ _ _ _ _ _

Eztabaida honetan helburu bakarra daukat; alegia, ekimen politikoak planteatu nahi ditut aurrera egiteko, gure ongizate-maila hobetzeko, bake-prozesua sustatzeko, alde anitzeko elkarrizketa bultzatzeko eta euskal gizartearen partaidetza dinamizatzeko, bake-prozesu osoan eta normalizazio politikoa ekartzeko prozesu osoan.
Giza Garapen Iraunkorra aurrera eramateko konpromisoa hartu genuen, eta konpromiso horri erantzun nahian Gobernu honek orain arte sustatu eta bultzatu dituen ekimenak eta proposamenak azalduko ditut lehenik eta behin, gure planteamendua garatzen hasteko.

II. atala.- Gobernu dinamiko bat aurrera doan Herri batentzat.

II.1) Elkarrizketa eta negoziaziora irekia dagoen Gobernu bat.

Inbestidura-eztabaidan formalki adierazi nuen Gobernuaren konpromisoa dela gainerako alderdi politiko guztiekiko elkarrizketaren eta akordioen aldekoa izatea, euskal gizarteak legegintzaldi honetan aurrean zituen erronka politiko eta sozialei denon artean irtenbide bat aurkitzeko.

Bada, konpromiso horri zintzo izan gatzaizkio, eta gaur Legebiltzar honetan eskertu behar dut legebiltzar-talde guztiek hiruko Gobernuarekin akordioak lortzeko, euskal herritarren mesederako izango diren akordioak lortzeko, erakutsi duten erantzukizuna.

Gobernuak ahalegin guztiak egin ditu konpromiso hori betetzeko. Espainiako Gobernuarekin hitz egin dugu eta akordioak lortu ditugu. Horri esker, aspaldiko arazo batzuk desblokeatu dira, hala nola kupoarena, eta kobratzeko zeuden zenbait gastu jaso dira (Prestige, Osasuna eta Ertzaintzaren handitzea). Akordio historiko bat lortu dugu abiadura handiko burdinbide-sarea eraikitzen hasteko; Euskadin europar zientzia-zentro bat eraikitzeko hautagaitza bi gobernuen artean defendatzen ari gara, eta Mendekotasunaren Legea aplikatzeak eta enplegu-politika aktiboak transferitzeak eragindako arazoak konpontzen aurrera egitea espero dugu. Espainiako Gobernuarekin beste hainbat proiektutan ere lanean dihardugu, baina hemen azken bi proiektu esanguratsuenak baino ez ditut aipatu.

Diputazioekin ere elkarrizketa instituzionaleko ahalegin bat egin dugu, sozietateen zergaren gaineko akordio bat lortzeko eta Ekonomia-Itunaren aldeko jarrera bateratu bat ezartzeko. Itun horrek, hain zuzen ere, Europako erakundeen oniritzia jaso du berriki, Espainiako Auzitegi Gorenak defendatu dituen iritzien aurka. Europar Batasunaren bermea duela, orain ez dago argudiorik Ekonomia-Ituna auzitan jartzen jarraitzeko. Espero dut alderdi politikoen eta epaileen erantzukizunak arazo hori betiko garbitzeko aukera emango digula; ez dut besterik espero.

Eta, azkenik, Legebiltzar honetako legebiltzar-talde guztiekin hitz egin eta negoziatu dugu, ezin konta ahala ekimenen gaineko akordioak lortzeko. Zuek guztiok horren lekuko zarete, baina adierazgarriak diren batzuk aipatuko ditut, hala nola Aurrekontuen Legea, Lurzoruaren Legea eta Uren Legea.

Beraz, berriro ere eskerrona azaltzen diet oposizio arduratsua egiten jakin dutenei eta denok asetzeko moduko akordioak lortzeko euren hasierako jarrerak egokitzeko gai izan direnei. Lehen eztabaida honetan Gobernuaren konpromisoa berretsi nahi dut, euskal gizartearentzat hain emaitza onak izan dituen erantzukizun-, elkarrizketa- eta negoziazio-bide horretan aurrera egiteko.

II.2 Giza garapen iraunkorra: Gobernuaren kudeaketa guztiaren konpromiso eta asmoa.

Gobernuaren kudeaketa koalizio-hitzarmenean finkatu zen estrategiari erantzutera bideratu da. Hitzarmen hori hiru zutabe nagusitan bermatzen da: Garapenaren Zutabea, Pertsonen Zutabea eta Iraunkortasunaren Zutabea.
Hiru zutabe horien inguruan, lehen urte honetan gauzatu diren kudeaketa-jarduera aipagarrienak aurkeztuko dizkizuet, bai eta legegintzaldi osora begira orain garatzen ari diren ekimenak ere.

A) Gobernuaren ekintzaren lehen zutabea: garapenaren zutabea.

"Hazkunde ekonomikoa bultzatzen duen gobernu bat"

Azken hogei urteotan, Euskadik eraldakuntza ekonomiko sakon bat bizi izan du. Eraldakuntza horren eragin onuragarriak, bistan denez, euskal gizarte osoaren errenta-mailan eta ongizatean nabaritu dira.

Lehen eraldakuntza ekonomiko handi horren arrakasta-faktoreak, dena dela, kostu-abantailatan eta produkzio-eragimenean oinarritzen dira, eta ez dira etorkizuneko berme. Faktore horiek baldintza beharrezkoa dira, baina ez nahikoa, berrikuntza, globalizazio eta nazioarteko lehiako testuinguru berrian; hori egia da.

Hori dela eta, Gobernuak Euskadiren bigarren eraldakuntza ekonomikoa bultzatzea erabaki du, eta eraldakuntza hori bi estrategia nagusitan egituratuko da: lehiakortasunaren eta berrikuntzaren hobetzean, alde batetik, eta Euskadi Europako ardatz atlantikoan konexio logistikoko "belaunezur" gisa indartzean, bestetik.

Bi estrategia horiek "testuinguru ekonomikoa eta Euskadiko hazkunde eta aurrerabide sozialerako erreformak, 2006-2009" programan gauzatu ziren. Programa hori Plangintzarako eta Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak onartu zuen, 2006ko apirilaren 12an.

Lehiakortasunaren ardatzari dagokionez, zenbait ekimen nabarmen jarri dira abian, hala nola egoitza Donostian duen Lehiakortasunaren Euskal Institutua, Deustuko Unibertsitatearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, zenbait enpresa pribaturekin eta Harvardeko Unibertsitatearekin batera eratua. Baina, batez ere, aipatu behar da berriki onartu dela 2006-2010eko Lehiakortasun eta Gizarte Berrikuntza Plana. Plan hori eragile ekonomiko eta sozialekin batera prestatu da, eta Gobernuaren estrategia finkatzen du, hiru oinarrizko helburu lortzeko: gure enpresa-sarearen produktibitatea gehitu; Europarekiko konbergentzia teknologikoa lortu, eta industriak euskal ekonomiaren motor gisa duen garrantzia sendotu.

Lehiakortasun Planak biltzen dituen ekimen eta programa guztien zenbatekoa 2.041 euro da, eta, planak dituen jarduera-ardatzen artean, bi nabarmenduko ditut. Berrikuntzaren aldeko apustua –produktu eta sektore berriak bultzatuz– eta enpresa-hazkundea eta enpresa-talde sendoak –benetako euskal multinazionalak– sortzearen aldeko apustua, nazioartekotzearen erronkei aurre egiteko eta enpresa txiki eta ertainetatik tiratzeko gai izango diren enpresak sortzearen aldeko apustua, alegia. Azken helburu horrekin, Lehiakortasun Planak, lantresna berri gisa, industria-partaidetzako funts bat aurreikusten du, laguntza pribatuarekin 400 milioi eurora iritsiko dena; era berean, zerga-onurak eta -pizgarriak aplikatuko zaizkie enpresen bat-egite- eta bateratze-prozesuei, foru-aldundiekin elkar hartuta.

Lehiakortasuna hobetzeko eremu horretan berean kokatzen dira beste ekintza hauek ere: hitzarmen bat izenpetu da 28 kreditu-erakunderekin enpresa txikiak eta ertainak finantzatzeko; Europako Software Institutuarekin batera, euskal enpresen softwarea hobetzeko proiektu bat abiarazi da; banda zabaleko sarea udalerrien % 100era zabaldu da; hiru teknologia-parkeak garatu dira, eta enpresen nazioartekotzeari lagundu zaio honako hauen bidez: Industria Sailaren laguntza programen, SPRIren bulego eta agenteen atzerriko sarearen eta atzerrian negozio-plataformak abian jartzearen bidez. Lehen negozio-plataforma, hain zuzen ere, irailetik aurrera hasiko lanean, Polonian.

Gainera, beste jarduera batzuk ere bultzatu dira, hala nola Euskadiko lehen abionika-proiektua, Hegatek, Teknologia Aeronautikoen Zentroak bultzatua, eta teknologia-eduki handiko beste industria batzuk ere garatu dira, hala nola Biomedikuntza eta Biomaterialak, ikerketa kooperatiboko bi zentro berri sortuta –Biogune Bizkaian eta Bioimagune Gipuzkoan. Azken zentro hori, hain zuzen ere, berriki jarri da abian, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmen baten bidez. 36 milioi eurora iristen den hitzarmen hori ekainaren 14an izenpetu zen.

Ekimen horiei eta beste batzuei esker –hala nola kalitatea eta ikerketa teknologia sustatzeko eta enpresen inbertsioari laguntzeko programak–, euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzea eta globalizazioari, mehatxu bati barik, aukera bati gisa aurre egitea lortu da. Horiei, merkataritza txikiari laguntzeko programak ere gehitu behar zaizkie, merkataritza indartzeko planen, asoziazionismoa sustatzeko planen eta merkataritza-ekipamenduak modernizatzeko laguntza-programen bidez, bai eta turismo-sektoreari eman zaion bultzada ere, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez.

Hazkunde ekonomikoa sendotzeko Gobernua bultzatzen ari den bigarren estrategia, lehen aipatu dudanez, Euskadik Europako ardatz atlantikoan "belaunezur" logistiko gisa duen kokagune estrategikoa indartzea da, azpiegitura berrien programa orokor eta bateratu bat gauzatuta. Programa horretan era guztietako azpiegiturak sartuko dira: burdinbideak, errepideak, garraio-guneak, portuak, aireportuak eta energia-azpiegiturak, eta lau helburu izango dituzte: enplegua sortzea, barneko mugikortasuna, Europako sareetarako irisgarritasuna eta ingurumen-iraunkortasuna.

Azken urte honetan zenbait proiektu adierazgarri jarri dira abian, helburu horiek betetzen biziki lagunduko dutenak. Ildo horretan, lehenik eta behin, aipatu behar dut apirilaren 24an lankidetzako esparru-hitzarmen bat izenpetu zela Espainiako Gobernuarekin euskal Y eraikitzeko. Lan hori Euskadin inoiz egin den tamaina handieneko lana da, eta 4.178 milioiren aurrekontua du. Burdinbide-azpiegitura horrek bidaiari eta salgaientzako edukiera izango du, eta beste azpiegitura batzuei lotuta dago, hala nola Arasur plataforma logistiko berriaren garapena (lehen fasea urtarrilaren 26an inauguratu genuen), Judizko industrialdearen handitzea, martxoaren 1ean Navalaldea proiektua abian jartzea Pasaiako kanpoaldeko portuan, Maltzagaren eta Urbinaren arteko errepide-konexioaren lanak burutzea, bai eta Bilboko Portuaren inguruan alde logistiko bat bultzatzeko eta Bilboren eta Dunkerqueren artean "itsas autobide" delakoa egituratzeko proiektu aurreratuak ere. Azpiegitura horiei guztiei esker, Euskadi Europako plataforma logistiko garrantzitsuenetakoa bihurtuko da legegintzaldi honetan.

Baina, horietaz gain, abiadura handiko sarea Gasteiz, Bilbo eta Donostiako erdialdera iritsiko da, bai eta Bizkaiko metroaren oraingo lineekiko konexioa ere, eta, aldi berean, Etxebarriren eta Alde Zaharraren arteko 3. linea berria abiatuko da; Gasteizko tranbiaren lanak berriki esleitu dira eta laster ekingo zaie lanei, eta Leioa eta Unibertsitatea lotuko dituen tranbia eta Debagoieneko tranbia egia bihurtzeko proiektuak aurreratuta daude. Lan horiek guztiek benetako iraultza izango dira euskal herritarren barneko irisgarritasuna eta, azken batean, bizi-kalitatea hobetzeko.

Energia-azpiegiturei dagokienez, lehiakortasunaren hobetzean eragin nabarmena izango baitute, honako hau aipatuko dut: Legebiltzar honetan egin zen legebiltzar-eztabaidaren ondoren, 3E-2010 Estrategia Energetikoa aplikatzea, bai eta berriki Euskadour gasbidea inauguratzea ere, Frantziarekiko konexioan. Gasbide horrek Bizkaiko Golkoaren hornidura ziurtatuko du, eta Euskadi Europarekiko gas-trafikorako lehen bide gisa kokatuko da.

B) Giza garapen iraunkorraren bigarren zutabea: giza osagaia.

"Pertsonen zerbitzuan dagoen Gobernu bat"

Aurrerabide ekonomikoak ez du ezertarako balio, pertsona guztien ongizatea hobetzera bideratuta ez badago. Giza osagaia da, beraz, zutabe nagusia, eta zutabe horren gainean bermatzen da Gobernuaren ekintza guztia. Horregatik, gure helburu nagusia herritarren bizi-kalitatea hobetzera zuzendu diren gaiak izan dira, batik bat, honako arlo hauek aintzakotzat hartuta: etxebizitza, enplegua, gizarte-babesa, hezkuntza, osasuna, segurtasuna, familia, genero-berdintasuna, kultura, garapenerako lankidetza eta immigrazioa.

Hurrenkera horri jarraituz, etxebizitzaren arloan aipatu behar da ekainaren 30ean lehendabiziko Lurzoruren Legea onartu zela Euskadin, 26 urteko autonomia-aldiaren ondoren. Ez naiz luzatuko legearen edukiak azaltzen, luze eta zabal eztabaidatu baitira Legebiltzar honetan, baina aipatuko dut lege hori abaian jartzeak nabarmen handituko duela babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzoru-erreserba eta hirigintza-kudeaketako lantresna berriak ahalbidetuko dituela, pisu babestuen kopuru handiagoa eraikitzeko eta gazteek euren lehen etxebizitza eskuratzea errazteko. Legea hilaren 20an sartu da indarrean, eta esaldi batean laburbiltzen den funtsezko erronka bat dauka: etxebizitza duina zentzuzko prezioan izateko eskubideari erantzutea.

Enpleguaren eremuan, adierazi behar dut datu ofizialek gure historiako enplegu-mailarik altuenetan kokatzen gaituztela (942.000 enplegudunetik gora); langabezia-indizeak, berriz, esan liteke ia-ia enplegu osoaren mailatan daudela. Baina, datu horiek berez positiboak izan arren, gure helburu nagusia, enpleguaren kantitatea igotzea ez ezik, enpleguaren kalitatea handitzea ere bada, batez ere gazteen eta emakumeen artean.
Gure kezka nagusia, bestalde, laneko istripuen tasa murriztea da, Laneko Arriskuei aurre egiteko Legea betetzen ez duten enpresentzako zigorrak handituz. Hori dela eta, hutsegite oso larriak egiteagatik zigortuta dauden enpresekin kontratatzeko debekua ezartzen dio araudi batek Administrazioari. Ekainaren 7an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian araudi hori. Uztailean, gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Fiskaltzak lankidetzako hitzarmen bat izenpetu genuen, laneko osasunaren aurkako delituen jazarpena indartzeko.
Enpleguaren arloko beste helburu nagusia, aldi baterako lan-kontratuen indize altuak murriztea da, Europako neurrietatik urrun baitaude oraindik. Espainiako Estatuan onartu den azken lan-erreformak ondorio positiboak izan ditu, baina ez dira nahikoak. Horregatik, nahiz eta Euskadin ez daukagun oraindik lan-harremanen esparru autonomorik (esparru hori aurreikusita dago Estatutuan eta behin eta berriz erreklamatu zaio Espainiako Gobernuari), ahalik eta gehien estutuko dugu gure autogobernu-ahalmena, Enpleguaren Euskal Legearen proiektuaren onarpena bultzatzeko. Lege horrek, beste neurri batzuen artean, enplegu egonkorra sustatzeko berariazko programak jasoko ditu, baina izango dugu egitasmo horiek eztabaidatu eta adosteko aukerarik gaur hasten dugun bilkura-aldian.

Gizarte-babesaren arloan, Euskadi da oinarrizko errenta izateko eskubidea legez bermatzen duen Estatuko erkidego bakarra. Errenta hori lanbide arteko gutxieneko soldataren % 87raino iristen da. 2005. urtean 32.000 onuradun baliatu ahal izan dira eskubide horretaz; beste 28.000k, gainera, gizarte-larrialdiko laguntzak jaso dituzte. Badakigu, dena dela, gizarteratzeko arazoak dituzten pertsonentzako elkartasun-programen kudeaketak etengabeko hausnarketa-, ebaluazio- eta egokitzapen-prozesu bat eskatzen duela. Helburu horrekin, Gizarte Politiken Ebaluazioko I. Plana prestatu dugu.

Era berean, gai horretan Legebiltzar honetan onartu diren ekimen guztiak bideratzeko, joan den otsailean ponentzia bat eratu zen, Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legea eta Gizarte Eskubideen Gutuna antolatzeko eta eguneratzeko, pobreziaren aurkako eta gizarte-elkartasunaren aldeko eredurik egokiena ezartzeko helburuarekin.

Hezkuntza-eremuari dagokionez, unibertsitateko irakasleekin hainbat hilabetetan negoziatu ondoren, soldata-osagarriei buruzko akordio bat lortu zen uztailean. Akordio horrek lan-egonkortasuneko esparru bat eskaintzen du, eta Unibertsitatearen garrantzi estrategikoarekin bat datorren soldata-maila bermatzen du. Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitatearen Ebaluazio Agentzia ere eratu da, eta, aurrera begira, Unibertsitate Plan bat aurreratzen ari da, finantziazio-esparru egonkor bat jasoko duena. Era berean, unibertsitateaz kanpoko eremuari dagokionez, gure hurrengo erronka euskal curriculum-proiektu berri bat onartzea da; azken hilabeteetan, hain zuzen ere, gogor lan egin da proiektu horretan.

Osasunaren arloan, martxoaren 21ean, itxaron-zerrendetako gehienezko epea ezartzen duen dekretua onartu zuen Gobernuak; epe hori gainditzen delarik, gaixoak sare itunduko osasun-etxe bat aukeratu ahal izango du ebakuntza egiteko, eta Osakidetzak ordainduko dio. Gainera, Osakidetzako enplegu-eskaintza publiko handienaren oinarriak onartu dira. 4.000 lanpostu berritik gora izango dira, eta egonkortasuna emango diote plantillaren % 95i.

Gizarte- eta kultura-integrazioan funtsezko eragina duten beste proiektu aipagarri batzuk dira euskal museoen eta Euskadiko liburutegiaren proiektua onartzea, eta, joan den irailaren 1ean, Etxepare Institutuaren proiektua onartzea, euskara eta euskal kultura mundu osoan zabaltzeko.

Era berean, aipatzekoa da Eusko Jaurlaritzak berriki izenpetu den akordioa –irailaren hasieran enpresaburu-erakundeekin eta lau sindikatu nagusiekin atzo bertan–, euskararen gizarte-erabilera normalizatzeko eta, guztion artean, euskal gizartea, hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegitik, gizarte bateratua eta kohesionatua bihurtzeko.
Bestalde, pertsonen bizi-kalitatea bultzatu da, hainbat ekimenen bidez, hala nola familiei diru-laguntzen bidez laguntzea, maiatzaren 30ean laguntza horiek arautzen dituen dekretua onartuta: 900 eurorainoko laguntzak lehenengo seme edo alabarengatik, eta orain artekoak baino laguntza gehiago bigarren eta ondorengoengatik. Lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko bultzada; hori dela eta, 2 eta 3 urte bitarteko haurren eskolatze-premiak % 100ean bete dira. Gizonen eta emakumeen berdintasunerako defentsa-erakundearen arduradun berria izendatu da, eta berriki Berdintasunerako IV. Planaren lerro estrategikoak onartu dira. Gobernu Kontseiluak datorren asteartean berretsiko duen plan horrek emakumeen aurkako genero-indarkeria eragozteko berariazko neurri batzuk jasotzen ditu.

Gobernuaren kudeaketaren bigarren zutabe honetan, era berean, Ertzaintza zabaldu dela aipatu behar dut: Ertzaintzak 8.000 ertzain izango ditu, 500 agenteren promozio berriari esker. Bide Segurtasuneko Plan berria onartu dela, 27 organismo eta erakundek parte hartuta. Eta, azkenik, esan behar dut, Immigrazioari buruzko I. Plana betearazi dela, eta 2000-2009ko Immigrazioari buruzko II. Euskal Plana prestatu dela (plan hori urrian onartuko da), eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Lege-proiektua onartu eta Legebiltzar honetara igorriko dela.

C) Gobernuaren ekintzaren hirugarren zutabea: iraunkortasuna.

Ingurumen-babesean, euskal lehen sektorearen sendotzean eta teknologia garbiago eta berriztagarriagotan oinarritutako energia-estrategia bat betetzean oinarrituta dagoen garapen iraunkor bat ari gara gidatzen. Ildo horretatik, betearazi ditugun ekimen aipagarrienetako batzuk zerrendatuko ditut:

- Ekainaren 23an Uren Legea onartzea.

- Aizkorriko Parke Natural berria onartzea eta aitortzea (Natura europar sarearen barruan).

- Urtarrilaren 31n Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa eratzea, Kyotoko konpromisoak betetzen direla zaintzeko.

- Teknologia berrien zerrendatua onartzea.

- 5.000 biztanletik gorako udalerri guztiak Udalsarean sartzea, Tokiko 21 Agenda ezartzeko.

- Ibilgu publikoetara egiten diren isurketa kutsagarriak % 50etik gora murriztea.

- 50.000 etxetresna elektriko zaharretik gora berritzea eta kontsumo txikiagoko beste batzuekin ordeztea, Renove plan berezi baten bidez.

- Euskal Itsasertza Babesteko Plana onartzea.

- 3E-2010 Euskal Energia Planaren helburuak betetzea, gas naturala (% 43) lehen energia-iturria bihurtzea, petrolioaren gainetik (% 39).

- Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Lege-proiektua onartzea.

- Datozen urteetan 1.000 gazte berri lehen sektorean txertatzea ahalbidetuko duen plana onartzea.

- Eusko labela kalitate-marka gisa sendotzea nekazaritzako elikagaien 14 produktutan.

Honaino, legegintzaldiko lehen urtean Gobernuaren kudeaketak izan dituen proiekturik aipagarrienen zerrenda eta Europa mailan giza garapen iraunkorraren arloan erreferentzia izan dadin herri bat eraikitzeko gaur egun garatzen ari diren ekimenen balantzea.

Baina, gainera, hemendik lasterrera abiaraziko ditugun proiektu berrietako batzuk aurreratu nahi dizkizuet, legegintzaldiko bi erronka nagusiei erantzuteko proiektuak, hau da, konbergentzia teknologikoari eta biztanleko gizarte-babesaren arloko konbergentzia europarrari.


II.3 Legegintzaldiko bi erronka nagusien betetzean aurrera egiteko proiektuak: konbergentzia teknologikoa eta konbergentzia soziala.

A) Berrikuntzarekiko konpromisoa: Europarekiko konbergentzia teknologikoa lortzeko ekimenak.

Helburu bat proposatu nahi diot euskal gizarte osoari: Euskadi Europako erreferentzia bihurtzea berrikuntzaren arloan datozen hamar urteetan.

Erronka kolektibo hori egia bihurtzeko, konpromisoa hartzen dut legegintzaldi honetan erronkaren bultzada eta lidergoa neure gain hartzeko, honako ekimen hauen bidez:

- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Plan berria

Azken urtean zehar, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plan berria lantzen aritu gara, gure Herriko zientzia-, teknologia- eta enpresa eragileekin batera. Plan hori udazken honetan onartuko da, eta legegintzaldiaren amaieran sartuko da indarrean. Lehiakortasunaren euskal estrategian txertatutako plan horri esker, jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emango du ikerketaren arloan, eta Euskadiren bigarren eraldakuntza ekonomikoari berme osoz ekitea ahalbidetuko digu. Planak bere egiten du zientzia, teknologia eta berrikuntza direla Euskadiren lehiakortasunaren motorrak eta ezagutzaren ekonomia berriaren haziak. Duen garrantzi estrategikoa kontuan izanda, egokia iruditu zait eztabaida honetan plan horren funtsezko alderdietako batzuk eta datozen hilabeteetan abian jarriko ditugun lantresna berriak azaltzea.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plan berriak Europarekiko konbergentzia teknologikoa planteatzen du helburu estrategiko nagusitzat, 2010. urteari begira. Hori lortzeko, planaren indarraldiko urteetan hainbat baliabide mugiaraztea aurreikusten du (guztira, 4.500 milioi euro), finantziazio publiko eta pribatukoak.
Horrek aurrekontu-ahalegin altua eskatu du: hain zuzen ere, lehen urte honetan % 25eko hazkundea ekarri du partida horrek, eta urteko % 11tik gora iraungo du. Beraz, 2009. urtean planari eskainiko zaion aurrekontu-partida, gutxienez, 2005eko ekitaldiko hasierako egoera baino % 50 handiagoa izango da.

Zientzia eta Teknologiako Plana garatzeko, hainbat jarduera-programa jarriko dira abian, baina guztiak zortzi ikerketa-arloren inguruan egituratuko dira: biozientziak, garraiorako elektronika, fabrikazio-sistema berriak, energia alternatiboak, elikadurako teknologia berrien garapena, telekomunikazioak, ingurumen-iraunkortasuna eta, azkenik, ikerketa sozialaren arloa. Era berean, oinarrizko ikerketa ez-bideratuaren arloa ere indartuko da, batez ere unibertsitate-ikerketako sistemaren bidez.

Ikerketa-arlo horien garapenari esker, oraingo industria-sarearen lehiakortasuna sendotu eta hobetu ahal izango da, eta etorkizuneko sektore berriak sortu, hala nola bioteknologia, nanozientziak, biomaterialak, energia alternatiboak eta abionika. Sektore horiek jada errealitate bihurtu dira Euskadin, ikerketa-zentro publikoek zein sektore pribatuko eragile zientifiko-teknologikoek eta enpresakoek bultzatuak.

Ildo horretan, prozesu horretako berehalako pauso gisa honako hau iragarri nahi dut: lehen Parke Zientifikoa Bizkaiko campusean eratzea eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroak eratzea, energia alternatiboei eskainia Araban (Fagune), eta nanozientziei, Gipuzkoan (Nanogune).

Baina, plan horretan jasotzen diren aurrekontu eta ekimenez gain, euskal erakundeak konprometituta gaude, politiko eta ekonomikoki, neutroien espalazioko europar ikerketa-zentro handi baten eraikuntza errealitate bihurtzeko. Proiektu estrategiko hori, gaur egun, Europar Batasunaren erabakiaren zain, eta onartuko balitz, 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarriko luke.

- Zientzia eta Teknologia eta Ikerketa Politikako Euskal Kontseilua

Zientzia eta teknologiako sistemaren eraldakuntza sakon horri ekiteko, oraingo kudeaketa-egiturak berrikusi egingo dira, eta erabaki eta koordinazio politikoko organoak sortuko dira, politika eta jarduera-programa berriak modu eraginkorragoan kudeatzeko lantresna berriak geureganatzeko.

Horretarako, urtea amaitu baino lehen, Zientzia eta Teknologia Politikako Euskal Kontseilua eratuko da, hura arduratuko baita zientzia eta teknologiako sistema osorako lerro estrategikoak proposatzeaz. Ni neu izango naiz kontseilu horretako buru, eta beste kide hauek izango ditu: ikerketa-politikan zuzenean inplikatuta dauden Jaurlaritzako sailetako buruak, hiru ahaldun nagusiak, hiru unibertsitateetako errektoreak eta Berrikuntzaren Euskal Agentzia berriko eta Unibertsitate Ikerketarako Euskal Fundazioko arduradun nagusiak. Zientzia Politikako Kontseilua, gainera, Nazioarteko Zientzia Lantalde batek aholkatuko du.

- Unibertsitate Ikerketarako Euskal Fundazioa eta Berrikuntzaren Euskal Agentzia

Zientzia eta Teknologia Politikako Kontseiluak ezarritako Zientzia eta Teknologiako Euskal Planaren lerro estrategikoak betearazteko, zientzia eta teknologiaren zerbitzuko bi organo berri eratuko dira: alde batetik, Unibertsitate Ikerketarako Euskal Fundazioa, askotariko organoa, unibertsitateko zientzia-eremuan ikerketa sustatzeko eta bikaintasuneko 100 ikertzaile geureganatzeko, eta, bestetik, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, erakunde publiko batzuk, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko zenbait kide eta beste hainbat eragile ekonomiko eta sozial bilduko dituen fundazio publiko-pribatu gisa, patente berrien erregistroa bultzatzeko, Europako ikerketa-proiektuetan parte hartzeko, Zientzia eta Teknologiako Euskal Sistema atzerrian zabaltzeko, eta kudeaketako bikaintasuna sustatzeko.

Euskadik aurre egiten dio ezagutzaren eta berrikuntzaren herri bihurtzeko erronkari, gure lehiakortasuna ziurtatzeko eta enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna hobetzeko. Proiektu horiek, nire ikuspegitik, garrantzi handiko lanabesak dira helburu hori lortzeko.

B) Elkartasunarekiko konpromisoa: Europarekiko konbergentzia soziala lortzeko ekimenak.

Gizarte-elkartasunaren eremuan, gure helburua biztanleko gizarte-babeseko gastuetan europar konbergentzia lortzea da.

Aurreko legegintzaldian, errentan eta enpleguan lortu genuen konbergentzia. Legegintzaldi honetan, konbergentzia teknologikoaz gain, konbergentzia soziala lortzen ahaleginduko gara. Horixe da gure ongizatearen laugarren zutabea, eta gizarte zuzen eta solidarioago bat eraikitzeko funtsezko lantresna.

INEren azken datuen arabera (2003. urteari buruzko datuen arabera), Euskadik biztanleko 4.436 euroren gastu nominala du gizarte-babesean, hau da, gutxi gorabehera, 5.200 euro, eros-ahalmenaren kopuru homogeneotan, Europaren aldean, hau da, Europar Batasunak batez beste biztanleko gastatzen dituen 6.000 euroren % 85.
Gizarte-babesaren arloan sartzen diren gastu guztietatik, erdiak baino gehiago (% 58 gutxi gorabehera), Estatuak kudeatzen ditu, Gizarte Segurantzaren bidez, hauek dira, batik bat, erretiroari, langabeziari, alarguntzari, baliaezintasunari eta laneko gaixotasuneko bajei dagozkien gastuak. Gizarte-babeserako jasotzen diren gainerako aurrekontu-partidak honako hauek dira: osasun-asistentzia, familia, etxebizitza eta gizarte-bazterketa, horien ardura euskal erakundeei baitagokie.

Ez dut saihestu nahi honako egintza hau: oraindik ere eskualdatzeke dago Gernikako Estatuaren 18. artikuluan ageri den Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketari dagokion transferentzia. Gobernuak behin eta berriro erreklamatu du eskumen hori, baina Estatuak ere behin eta berriz ukatu dio, euskal herritarren ongizatearen kaltetan.

Ziur nago Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa euskal erakundeen eskuetan balego, konbergentzia sozialaren gaineko eragina guztiz positiboa izango litzatekeela. Nolanahi ere, gure konpromisoa da geuri dagozkigun ekimenetan ahaleginak areagotzea, gizarte babeseko gastu guztietan europar batez bestekoa iristeko. Hori lortzeko, datozen asteetan honako proiektu hauek onartuko ditugu:

- Etxebizitza Plana.

Aurreratzen dizuet hurrengo Gobernu Kontseiluan Etxebizitza Plan berria onartuko dugula. Plan horrek babes ofizialeko 27.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du 2006-2009 aldian, eta, guztira, 580 milioi euroren aurrekontua izango du. Etxebizitza berri horiek eraikitzeari esker, bai eta Bizigune programaren bidez etxebizitza hutsak mugiarazteari eta iruzurraren aurkako borrokari esker ere, legegintzaldiaren amaieran erantzun egokia eman ahal izango diegu gaur egun Etxebiden izena emanda dauden pertsonen kopuru handi bati.

- Osasun-sistemarako inbertsio-programa berezia

Konpromiso sendoa daukagu gure osasun-sistemaren etengabeko hobekuntzarekin, orain arte lortu diren kalitate-maila bikainak sendotzeko, gizarte-babesaren funtsezko lantresna baita. Hori dela eta, langileriaren arloan egin diren eta egingo diren ahalegin itzelez gain, ia bukatuta dago inbertsio-plan bat. Plan hori datorren hiruhilekoan onartuko da, eta 600 milioi euro ingururen aurrekontua izango du. Aurrekontu hori legegintzaldi honetan abian jarriko diren hainbat jardueratan gastatuko da, baina plana ez da behin betiko burutuko 2012. urtea arte. Inbertsio-plan hori hiru atal nagusitan egituratzen da: zentro berriak sortzean; aurretik daudenak berritzean, eta goi-teknologiako ekipamendua erostean. Zentro berrien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 25 osasun-zentro berri, landa-kontsultategi berri batzuk eta Arrasateko Ospitalea, oraingo zentroetan abian dauden lanez gain. Horretaz gain, 254 ohe gehiago ezartzeari eta larrialdi-zerbitzuak eta zainketa kritikoetako unitateak handitzeari ekingo zaio. Era berean, Osakidetza digitalizatu egingo da, eta, lehen fasean, akutuen ospitaleetara eta hamar anbulatorio espezializatutara iritsiko da digitalizazioa.

- Familiei laguntzeko plana

Familiei Laguntzeko II. Plana datorren Gobernu Kontseiluan onartuko da, eta plan hori izango da, hain zuzen ere, familia-unitate guztien aldeko gure konpromisoa bultzatzeko bizkarrezurra. Plan horrek berriki amaitu den lehenengo planean egin den ahalegina bikoiztuko duen baliabide-mugiaraztea aurreikusten du, eta neurri garrantzitsu batzuk berretsiko ditu, hala nola lehen seme edo alabarengatiko laguntzak (neurri horiek aurretik abian jarriak dira, atzeraeraginez, aurtengo urtearen hasieratik). Laguntza horiek, esan behar da, gure inguruko edozein administrazioren gainetik daude, eta Europako edozein herrialderekin parekatzeko moduko mailatan daude.

Plan hori urrian onartuko den beste dekretu batekin osatuko da, laneko bizitza eta familia uztartzeko neurri berriei buruzko dekretuarekin, hain zuen ere, eta, besteak beste, honako neurri hauek jasoko ditu: eszedentziagatik ematen diren diru-laguntzak langile autonomoei zabaltzea; mendeko pertsonak zaintzeko laguntza-neurriak ezartzea, eta guraso langileentzako diru-laguntzak ematea, bi urtetik beherako haurrak zaintzeko.

- Arazoak dituen pertsonentzako gizarteratze-plana:

Era berean, arazo gehien duten pertsonak gizarteratzera zuzendutako neurriak indartuko dira, eta, horretarako, 2006-2010eko Gizarteratzeko II. Euskal Plana onartuko da. Plan hori bereziki zuzendua egongo da gure gizarteko talde ahulenei, lan-merkaturatzen eta gizarteratzen laguntzeko. Plan berri horrek gizarte- eta lan- arloko pizgarrien oraingo programak indartuko ditu. Esan behar da, gaur egun, 1.300 onuradunek baino gehiagok jasotzen dutela oinarrizko errenta.
_ _ _ _ _ _ _ _

Horra hor konbergentzia teknologikoaren eta elkartasunaren erronkari bultzada bat emateko zenbait proiektu eta ekimen, eta Gobernuak epe laburrean horiek guztiak abian jartzeko konpromisoa hartzen du. Ziur nago proiektu eta ekimen horien emaitzek Euskadiren egoera Europar Batasuneko abangoardiako postuetan sendotzea lortuko dutela, errentari, enpleguari eta gizarte-zuzentasunari dagokienez, eta, legegintzaldiaren amaieran, munduko lehen bost herrialdeen artean kokatuko gaituztela, giza garapenaren indizean.

Ziur nago helburu hori lortzeko modukoa dela, elkarrekin lan egiten badugu eta erronka ilusio-sortzaile hori gizartearekin partekatzen badugu.

III. atala.- Gobernu aktiboa behar dugu, proposamenak eskuan, Bakea eta Normalizazio Politikoa ekartzeko eta guztion artean xede bikoitz horri aurre egiteko.

Gobernua, joan den urteko ekainean eratu zenetik hona, eragilea eta eragingarria izan da elkarrizketaren, bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko lanean. Erantzukizunez jokatu dugu, eta harremanetan izan gara etengabean bai alderdi politikoekin, bai ekonomia- eta gizarte-arloetako eragileekin baita Gobernu espainiarrarekin ere. Zuhurtziaz eta seriotasunez jardun dugu, eta garrantzi handia eman diegu benetako lanari eta alde biko elkarrizketei, hedabideetako izenburu deigarri horiek albo batera utzita. Eta gure lanean aurrea hartu izan dugu beti, aukera bat baino gehiago aurkeztu, eta proposamen zehatzak egin, betiere, korapiloak askatzeko eta arazoak konpontzeko, bai bakeari begira bai normalizazio politikoari begira.

Horixe da gure konpromisoa eta horixe izango da gero ere gure jardunbidea. Bide hori urratu, zabaldu eta berdintzeko ahalegin horretan, zenbait proposamen aurkeztu dut ondoren, bake-prozesuan, elkarrizketan eta normalizazio politikoan aurrera egiteko lanean lagungarri izan litezkeelakoan.

III. 1.- Zer ekarri dio Gobernuak bake-prozesuari:

A) Bakea eta bizikidetza ekartzeko plana

Inbestidura-eztabaidan hitz eman nuenari erantzunez, Kontseilu Politikoak apirilaren 26an egindako bileran bakea eta bizikidetza ekartzeko plana onartu zuen; ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak berretsi zuen, eta, azkenik, plan hori zuzenean martxan jarri behar duten hiru sailburuek Legebiltzar honetan aurkeztu zuten plana ekainaren 28an.

Gatazkak konpontzen eta bake-prozesuak aurrera eramaten aditu eta aritu direnek oso ondo iritzi diote plan horri, Nazioarteko Batzordean aste honetan bertan elkarrekin egindako laneko bilera batean.

Plan hori, ene aburuz, lagungarri eta eragingarri izan liteke oso, bakearen eta bizikidetzaren bidea garbitu eta zabaltzeko orduan, etorkizunean gure artean adiskidantza sendotzeko oinarriak eta ardatzak jarri nahi dituelako; hona hemen ardatz horiek:

- Giza eskubideak sustatzea

- Terrorismoaren biktima guztiei elkartasuna erakustea

- Oroimen historikoa berreskuratzea

- Eskubide zibil eta politikoak defendatzea

- Atxilotutako pertsonen giza eskubideak errespetatzea

- Bakearen aldeko heziketa ematea

Guztiok dakizuenez, orain plan hori Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean dago aztergai. Gobernutik, berriz ere, gogorarazi nahi dugu aurkeztutako proiektu hori proiektu irekia dela, malgua dela, moldagarria, eta Legebiltzarreko taldeek egoki iritzitako ekarpen eta hausnarketa guztiak egin ditzaketela eta horiek denak aintzat hartuko ditugula.

Gobernuak badihardu Plana osatzen eta horretarako ekimenak bultzatzen, eta, besteak beste, Gerra Zibilaren 70. urteurrenean ekitaldiak antolatu zituen, Bakearen alde hezteko plana bideratu du, atxilotutako pertsonei laguntzeko protokoloak ere ezarri ditu, eta hortxe dago Biktimen Zuzendaritzak eta Giza Eskubideen aldeko Zuzendaritzak egindako lan bikaina ere; horietaz ez dut luze jardungo orain, baina, bai, uste dut komenigarria dela bi arlo jakini buruz zenbait proposamen eta hausnarketa egitea hemen, nire aburuz, erabakigarriak izan bailitezke Bake-prozesuak aurrera egin dezan. Biktimen arloaz eta atxilotutako pertsonen arloaz ari naiz.

B) Bake-bidean aurrera egiteko bi proposamen

1.- Biktimei begirunea eta elkartasuna erakustea:

Terrorismoan izandako biktimei begirunea eta elkartasuna erakustea, nire ustez, funtsezkoa eta oinarrizkoa da bake-prozesuak aurrera egin dezan. Horri lotuta, Legebiltzar honetan saio monografikoa egingo dugu gai horri buruz laster, esparru horretan orain arte lortutako adostasuna indartzeko eta zabaltzeko; eginbehar hori dugu, etikaz jokatu nahi badugu, eta horrela, gainera, beste pausu bat egingo dugu bakearen bidean.

Gobernuak hitz ematen du Terrorismoko Biktimen aldeko Elkartasun Legearen zirriborroa aurkeztuko duela Legebiltzarrean eta lege hori legebiltzarkideen aurrean eztabaidatuko duela, urtea amaitu baino lehenago, alde batetik, Euskal Administrazioak biktimei eskaintzen dizkien laguntza materialak handitzeko, eta, bestetik, zubi morala eraikitzeko, biktimen sufrimendua arindu, oroimena indartu eta justizia zabal dadin.

2.- Atxilo hartutako pertsonen giza eskubideak errespetatzea.

Giza eskubideak ezin dira zatitu edo banandu, eta, horrenbestez, beti errespetatu behar dira, egoera eta une guzti-guztietan, eta pertsona guzti-guztiekin, baita delitu larriak egiteagatik askatasunik gabe daudenekin ere. Espetxeetako politika ezin da inola ere erabili, ez da inoiz erabili behar, trukerako txanpon modura, estrategia politiko jakin batzuk lortzearren, atxilotutako pertsonak xake-partida bateko piezak bailiran.

Horrexegatik, orain hemen jende guztiaren aurrean eskatu nahi diot Espainiako gobernuburuari, Legebiltzar honek behin eta berriz emandako ebazpenak entzun, eta Gobernu Kontseiluak askotan hartutako erabakiak aintzakotzat har ditzan; Diputatuen Kongresuak berak 1998ko azaroaren 10ean emandako ebazpena onartu behar du, nazioarteko erakundeek erakutsitako jokabidea kontuan hartu, eta erantzukizun politikoak berak zentzuz eskatzen duena egin, giza eskubideekin bat datorren espetxe-politika bat bideratu eta burututa, bake-prozesuan ahalik ondoen laguntzeko.

Dena den, Eusko Jaurlaritzak, egun indarrean dagoen Gernikako Estatutuaren arabera, arlo honetan berari dagokion erantzukizuna hartu nahi du bere gain. Orain, beste behin ere, aurrea hartu behar dugu, eta datorren asteartean, hilak 26, egingo den Gobernu Kontseiluan, egun indarrean dagoen Gernikako Estatutuan ezarrita dagoena betetzearren, espetxe-arloaren eskumena dela-eta estatuari erreklamazio ofiziala egin behar zaiola onartuko dugu formalki, izan ere, Gernikako Estatutuaren arabera, Euskal Erakundeek izan behar baitute erabateko eskumena espetxeen antolamendua, araubidea eta funtzionamendua taxutzeko orduan, baita espetxeei buruzko legeria betearazteko orduan ere –10.14 eta 12.1 artikuluak, hurrenez hurren . Hori dela-eta, Transferentzia Batzorde Mistoa lehenbailehen biltzeko deialdia egin dadila eskatuko da aipatutako Akordio horretan, era horretara, eskumen horren transferentzia nola egin zehazteko.

Ez da zilegi, ez ikuspegi juridikotik ez politikotik, transferentzia hori ukatzea eta ez ematea “terrorismoaren aurkako borrokan Espainiako Gobernuaren tresna estrategikoa delako”, halaxe adierazi baitzuten Espetxe Erakundeetako zuzendariak eta Herri Administrazioetarako ministroak berak ere bai.

Horrexegatik, bada, Bakearen bidea urratu eta zabaldu nahi dugulako, beharrezko dugu espetxe-politika adostua, dinamikoa eta malgua; beharrezko dugu giza eskubideak beti errespetatuko dituen politika, eta horrexegatik eskatzen dugu geurea den eta guri dagokigun eskumena, orain arte, azken 26 urteotan, behin eta berriz ukatu digute-eta zentzuzko inolako arrazoirik gabe.

III. 2.- Normalizazio Politikoa ekartzeko ibilbide-orria: Elkarrizketa-Akordioa-Kontsulta. Aurrera joateko proposamenak:

Nahasmena; eztabaida askotxo izaten da-eta jendaurrean mahai bat edo mahai batzuk eratuko ote diren, autodeterminazioaz, Batasuna legeztatzeaz, Konstituzioaren mugei buruz, eta abar, eta abar… eta gizartea, hortxe, begira; harrituta zenbaitetan, aurrean duen nahaste-borrastea ikusita, eztabaida politikoak eta hedabideek gustura, luze eta zabal aireratzen baitute hori guztia. Egoera horrelakoa izanda, gizarteak, zenbaitetan, noraezean ikusten du bere burua, irtenbide argirik gabe, labirintoan erdi galduta dagoelakoan.
Egia da, honelako prozesu batean sartzerakoan, normala dela nahasbideak sortzea eta kontraesanak egotea. Elkarrizketak zorabioa dakar, eta jende guztiak nahi izaten du ahalik indartsuen jarri mahaian, bere mugak eta baldintzak ezarrita aldez aurretik. Baina ez dugu ikuspegi orokorretik alde egin behar. Ez dugu eztabaida antzuetan astirik galdu behar, horrek noraezean ikusi gaituenari bakarrik baitakarkio onura.
Norentzat da, bada, onuragarri Elkarrizketa Mahaia atzeratzea?

Ez diot galdera horri erantzunik emango. Alderdi politiko bakoitzak badu bere interpretazioa horren inguruan, eta badauka inori zer aurpegiratu; baina euskal gizarteak oso argi dauka atzerapen hori norako den kaltegarri: normalizazio politikoa iristeko prozesurako, alderdien arteko elkarrizketa abiarazteko lanerako, akordio politikoak lortzeko aukerarako eta euskal gizarteak berretsi behar dituen konponbideak bilatzeko ahaleginerako.

Egoera horretan gaudela, nola atera, bada, anabasa honetatik? Nola egin aurrera?

Horretarako, bide bakarra dago: proposamen konkretuak egitea.

Lehendakari naizenez, elkarrizketa-prozesua sustatzea eta bultzatzea, horixe da nire betebeharra, nire ardura; aurrera egin ahal izateko, eta indar politikoek gero aintzat har ditzaten, hausnarketak eta proposamenak mahai gainean jartzea, hori ere bada nire zeregina, une hauetan, denok ahalegindu behar dugulako, elkarlanean, elkarguneak eta bilguneak aurkitzen, Normalizazio Politikoaren bidean hurrengo pausoak eman ditzagun aurrera.

Gaur egun, zorionez, ados gaude; ezin dira bakea eta normalizazio politikoa nahastu, eta horretan denok gatoz bat. ETAren indarkeriak bukatu egin behar du behingoz eta betikoz, eta ni etsita nago horrela izango dela. Baina, nolanahi den ere, bake-prozesuak ez du inoiz normalizazio politikoaren prozesua hipotekatu edo bahitu behar, ez da alderantziz ere.

Bada arazo politiko bat, indarkeriaz haratago, eta arduradun politikoek arazo hori konpondu behar dugu lehenbailehen. Akordio demokratikoa adostu behar dugu guzion artean, euskal gizarteak etorkizunaz erabakitzeko duen eskubidea baliatzeko modua izan dezagun, eta elkarri begirunea aitortuz, Euskadi eta Espainia elkarrekin bizitzeko eremua aurkitzeko bidea izan dezagun. Horretarako, inor baztertu gabe Elkarrizketa Politikorako Mahaia osatzerakoan dauden eragozpenak gainditzea eta bide horretan aurrera egitea, horixe da gure lehendabiziko zeregina.

Horixe da, azken batean, Politika Orokorrari buruzko eztabaida honetan, legebiltzarkideek eta gizarteak berak aztergairako aintzat hartuko dituztelakoan, ondoren egingo ditudan proposamen ireki hauen muina eta xede:
Lehendabiziko proposamena: Binakako elkarrizketa abiaburu, guztion arteko elkarrizketa helburu.
Nire ustez, behar-beharrezkoa da binakako oraingo elkarrizketa-fase hau gainditu eta alderdi anitzeko elkarrizketa bati ekitea, berme guztia izango duen Alderdien Mahaia formalki eratzen hasteko, prestakuntza gisa.
Posible da binaka indar politiko guztietako ordezkariekin biltzea; orduan, zergatik ezin izango da, bada, hori bera egin, baina alderdi guztiak egonda? Zeri diogu beldurra?

Horixe da, beraz, lehendabiziko proposamena, Politika orokorrari buruzko saioan eztabaidagai izan dadin zuen esku utzi nahi dudana.

Uste dut, samur esanda, gizartearen iritziz, Batasuna legeztatu / ez legeztatu, horren inguruan sortutako ika-mika aitzakia modura erabiltzen ari direla batzuk, zuhur eta arduraz egin beharreko alderdi anitzeko elkarrizketari ez heltzeko.

Bildu, baina, zertarako? Zein helburu lortzeko? Hurrengo proposamenean emango diogu erantzuna galdera horri.

Bigarren proposamena: Guztion arteko elkarrizketan, errespetatu beharreko jarraibide etiko eta demokratiko minimoak aldez aurretik adostea.

Ba al da, bada, guztiok onartutako jarraibide etiko eta demokratiko minimorik? Uste osoa dut baietz, eta, gainera, esango nuke oraindik mahai gainean ditugun galdera askori erantzuten ere lagunduko digutela seguru aski. Alderdi politiko batzuek eta besteek jendaurrean jakinarazi dituzten planteamenduak aztertuta, nire iritziz, hiru printzipio atera litezke argi, elkarren osagarri eta bateragarri:

1.- Printzipio etikoa:

Printzipio honek argi eskatzen du, batetik, giza eskubide guzti-guztiak errespetatu behar direla, indibidualak nahiz kolektiboak, eta, bestetik, prozesuan parte hartu nahi duten indar guztiek hitz eman behar dutela edozein proiektu politiko defendatzerakoan, bakar-bakarrik, bide baketsuak eta demokratikoak erabiliko direla, ez besterik.

2.- Aniztasun-printzipioa.

Printzipio honek inor ez baztertzeko konpromisoa dakar, eta, beraz, errespetatu egin behar da parte hartu nahi duten indar politiko guztiek, kidez kide, guztiak maila berean direla, elkarrizketa-prozesuaren edozein fasetan sartzeko eskubidea dutela.

3.- Printzipio demokratikoa:

Printzipio honek euskal gizartearen borondatea errespetatzeko konpromisoa dakar, eta, kontsulta demokratikoa eginda, gizarteak iristen duen bizikidetza-akordio integratzaile hori berrestekoa.

Horrelako jarraibide etiko eta demokratiko minimoak aurretiaz adosteko Akordio horrek, alde anitzeko elkarrizketa-esparru batean, ez du Mahaiaren osaera aurretik ezartzen, eta ez du baldintzarik jartzen beste lurralde-esparru batzuek bertan parte hartuko dutenentz.

Hirugarren proposamena: Guztion arteko elkarrizketan, Ahotsak adierazpenean jasotako printzipioak ezartzea abiaburu gisa, errespetatu beharreko jarraibide etiko eta demokratiko minimoak aldez aurretik adosteko orduan.

Proposamen hau aurreko hausnarketaren osagarri edo ordezko izan daiteke. Zorionez, dagoeneko, elkarrizketa-foro multilateral batean lortu da adostasuna. Esparru desberdinetako eta politika eta lurraldearen ikuspegitik sentikortasun desberdinetako emakumeak bat etorri dira Ahotsak Manifestuan jasotako printzipio partekatuen inguruan. Bide batez, esan behar da akordio hori izan dela, politikaren eta lurraldetasunaren ikuspegitik, adostasunik zabalena lortu duena orain arte eta, beraz, aitortu eta zorion ditzagun merezi dute, eta horixe egin nahi dut ganbera honetan jendaurrean.

Hona hemen nire proposamen formala: lan hau abiaburutzat hartzea alderdien arteko elkarrizketa-foro batean gutxieneko baldintza etiko eta demokratikoak beteko dituen aldez aurreko akordioa lortzeko.

Are gehiago. Zinez uste dut emakumeen zeregina futsezko balioa dela eta erabakigarria izango dela bakearen alde egiteko, normaltasun politikoa lortzeko eta euskal gizartean bizikidetza hobetzeko. Horregatik, gonbidapen publikoa eta proposamen formala egin nahi diet alderdi politikoei emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa prozesu honetan ere aplika dezaten eta, ondorioz, emakumeak ere izenda ditzaten elkarrizketa multilateralerako ordezkaritza ofizialetan eta ondorengo alderdien mahaian parte hartzeko.

Laugarren proposamena: Alderdien Mahaia osatzeko metodologiari buruzko akordioa.

Inbestidura-eztabaidan planteatu nuen ondo bermatutako elkarrizketa-mahaia osatu beharra zegoela. Arriskugarria izango litzateke mahai horretan jartzea, aldez aurretik metodologia adostu gabe egonda. Horretarako, lantaldea osatu behar litzatekeela iradoki nuen, eta hitzez hitz honako hau esan nuen: “lantalde hori indar politiko guztiek izendatutako ordezkariek osatuko dute; taldeak adostutako proposamena egin eta aurkeztu beharko du, ondo zehaztuta egon dadin Elkarrizketa Politikorako Mahaiak erabakiak nola hartu behar dituen; besteak beste, metodologia, egitura, helburuak, edukiak, abiaburuak, osaera eta prozedura. Horrez gainera, lantalde horrek epe konkretu bat ere proposatu beharko du, eta konpromisoa hartuko dugu, normalizazio politikoa lortzeko akordio batera iritsiko garela epe horretan”.

Proposamen hori oraindik ere Mahai gainean dago, eta indar politiko batzuek begi onez ikusi dute. Nire iritziz, tresna hori oraindik ere arazo metodologikoak argitzeko lagungarria da oso, zintzo eta seguru jarduteko, jarraibide horiek ondo adostuta eta lotuta egon behar baitute Alderdien Mahaia osatu aurretik.

Batzorde hori martxan jartzeko erabakia bera garrantzitsua litzateke euskal gizartearentzat, azken finean, alde anitzeko elkarrizketan lortutako lehendabiziko erabakia bailitzateke. Batzorde horrek, aurretiaz finkatutako denbora-tarte jakin batean, txostena aurkeztuko lieke alderdi politikoei, besteak beste, edukiak, prozedurak, erabakiak hartzeko moduak eta epeak nolakoak izango diren zehazteko, nire iritziz, beharrezko baita gorabehera horiek denak ondo finkatuta izatea Mahaia osatu aurretik.

Bosgarren proposamena: Batasuna legeztatzea.

Gure Gobernuak Alderdien Legea indarrik gabe uztaren alde egin du lan, eta ez orain bakarrik, Terrorismoaren aurkako Itunaren babespean Lege hori onartu zen unean bertan erakutsi baitzuen bere jarrera. Nire ustez, lege hori iraganeko legea da, Konstituzioan jasotako eskubide zibil eta politikoak urratzen ditu, eta Europan ere lege hori ez da homologatzeko modukoa; horren erakusgarri, Frantzian Batasuna lege barruan dagoen alderdia izatea oraindik ere. Alderdien Legea indarrik gabe uztea, horixe litzateke normalizazio politikoa iristeko laguntzarik handiena. Ulertzen dut, nahiz eta ni horrekin bat ez natorren inola ere, Alderdi Sozialista beldur izatea, Legea indarrik gabe utziz gero, Alderdi Popularrak hauteskundeetan erabaki hori bere alde erabiliko ote duen. Eta, era berean, ulergarria iruditzen zait Batasunak Estatuari berme juridikoak eskatzea ere. Legea indarrik gabe uztea/legeztatzea, horren inguruan bakoitzak bere argudioetan irmo itxita jarraituz gero, gatazka honek konponbide zaila dauka. Nire Proposamena bikoitza da, era horretara, alde guztiek zilegi dituzten jarrera guztiak babestuta egon daitezen. Alde batetik, Batasunak Estatutu berriak aurkeztu beharko lituzke, eta, bestetik, Gobernuak Batasunari berme juridikoak emateko konpromisoa hartu beharko luke, edo bai zati batzuk moldatuta, Europan defendatzen zail direnak, batez ere, edo bai aurretiaz itundu eta adostutako beste formula bat erabilita eta beste interpretazio juridiko bat emanda.

Seigarren proposamena: Nafarroak eta Iparraldeak parte hartzea.

Bi jarrera dira auzi honetan, eta biak iruditzen zaizkit zilegi; zilegi da euskal gatazka negoziazio-mahai bakar batean konpondu behar dela esaten dutenen jarrera; eta zilegi da, Euskal Herria egun osatzen duten lurralde-eremuak zenbat, beste horrenbeste mahai egotea proposatzen dutenen jarrera ere. Baina, gaur eguneko egoera zein den aintzat hartuta, eta Nafarroari dagozkion erabakiak gizarte nafarrak berak hartu behar dituela onartuta, iruditzen zait, Nafarroak mahai horretan nahitaez parte hartu beharra, negoziatu ezin litekeen baldintza modura ezarriz gero, gainditu ezinezko oztopoa sor litekeela, eta alde anitzeko Mahaiaren osaera infinitura arte atzeratzea ekar lezakeela. Auzi honetan, inor baztertuko ez duen printzipioa aplikatu behar da; horixe da nire proposamena. Era horretara, alderdi nafarrek eurek, edo, hala dagokienean, Iparraldekoek eurek, erabaki behar dute baterako elkarrizketa-mahai bakarrera bilduko ote diren, edo, aldiz, bakoitzak bere elkarrizketa-mahaia osatzea nahiago duten, betiere, hala badagokio, beharrezko diren komunikazio- eta harreman-bideak irekita.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Horiexek dira, beraz, Legebiltzarreko talde guztiekin batera hausnartzeko eta kontrastatzeko egokiak eta lagungarriak zirelakoan Politika Orokorrari buruzko eztabaida honetara ekarri ditudan proposamenak. Hauxe da izan, berez, elkarrizketarako benetako foroa, eta euskal gizartea orain guri begira dago, onura ekarriko dugun itxaropenez. Gizarteak espero du eztabaida honetan ekimenak bultza ditzagun, horien bitartez, alde anitzeko elkarrizketan hasten laguntzeko, eta euskal gatazka politikoari irtenbidea emateko Akordioa bilatzen jarraitzeko.
Hiruko Gobernua osatzen dugun alderdiok hasieratik adierazi genuen, Koalizio-programa aurkezterakoan, Akordio berri bat adosten eta osatzen lan egiteko prest geundela erabat. Baina, era berean, tinko eta irmo adierazi genuen ez ginela esku hutsik abiatuko ibilbide horretan. Legebiltzar honetan gehiengo osoz modu demokratikoan onartutako Proposamena dugu esku artean, eta proposamen horrek, gainerako guztiek ekarri ditzaketen hausnarketa eta ideia guztiak inola ere baztertu gabe, funtsezko oinarriak ditu normalizazio politikorako akordioa lortu ahal izateko.

Badakit jakin, Estatutu berriari buruz aipamen hutsa eginda bakarrik, alderdi jakin batzuk oso urduri jartzen direla. Baina errealitatea hortxe dago, temati, eta bilgune honetan gauden legebiltzarkide guzti-guztiok hemen ere tinko bermatu beharko genuke Euskal Legebiltzarrari eta berak hartutako erabaki instituzionalei zor zaien errespetua. Legebiltzar honek gehiengo osoz onartutako proposamen hori barregarri uzten edo gutxiesten ahalegindu dira alderdi batzuk, eta jarrera hori, proposamenarekin ados egon zein ez, antidemokratikoa da, besterik gabe.

Gure erakundeenganako errespetua eskatzen dugu, beraz, Estatutu Berrirako Proposamen hori Legebiltzar honetako 39 kidek onartu baitzuten, eta, aldeko boto gehiago eskuratzen duen bestelako proposamenik ez dagoen bitartean, behintzat, alderdi politiko guztiek eta euskal gizarteak berak ere hortxe dute proposamena eskuragarri eta erabilgarri, guztion artean irtenbide baketsua eta demokratikoa aurkitzen laguntzeko.
Euskal gizartearentzat normalizazio politikoa gurera ekartzeko ibilbide-orria argi eta garbi idatzita dago, eta hiru etapa ditu zehatz-mehatz bereizita:

Elkarrizketa, inor kanpoan utzi gabe.

Akordio Politikoa.

Galdeketa demokratikoa euskal gizarteari.

Legealdi honen hasieran jakinarazi nuenez, nire konpromisoa, eta hiruko Gobernuarena ere bai, ibilbide-orri hori betetzea da, eta hasitako ibilbide hau bukaeraraino eramatea, azkenean euskal gizarteari galdetuta.

IV. atala.- Euskal gizarteak zuzenean hartu behar du parte, euskal gizartea baita bidelagun eta berme, bakea eta normalizazio politikoa ekartzeko prozesuetan.

Herritarrak parte hartzeko proposamena

Azkenik, hemen adierazi nahi dut behar-beharrezkoa dela euskal gizarteak ere prozesu osoan zuzenean parte hartzea, eta gizarte horrek lagun izan behar duela alderdi politikoei prozesu honetan nahitaez dagokien zereginean.

Ziur naiz guztion artean Bakea eta Normalizazio Politikoa iritsiko ditugula, baldin eta euskal gizon-emakume guztiok benetan sinesten badugu prozesua geure-geurea dela, guztiona dela, eta guztiok parte hartuta aurkitu behar dugula irtenbidea. Euskal gizarteak berak erabaki behar du, azken batean, eta, horrenbestez, euskal gizartea bera da bere etorkizunaren protagonista.

Horrelaxe adierazi dut behin eta berriz nire hitzaldi eta ekitaldi publiko guztietan, eta horrelaxe jakinarazi nuen inbestidura-saioan ere, hantxe planteatu bainuen beharrezkoa zela tresna egokiak martxan jartzea gizartearen ordezkarien ekarpenak bideratzeko, eta euskal gizartearen beraren partaidetza ere errazteko, era horretara, ezinbesteko diren indar politikoen lana osatu nahian, euskal gizarteak ere normalizazio politikoa, bakegintza eta adiskidetzea hezurmamitzen eta zeregin horretan lagun egiten parte har dezan.

Erraztu, bideratu eta laguntzea, hiru konpromiso horietan islatzen dira gizartearen partaidetza bultzatu nahi duen proposamen honen helburuak eta filosofia:

A.- Erraztu.

Alderdi politikoen eta erakundeetako arduradunen betekizuna eta erantzukizuna da euskal herritar guztien eskubideak erraztea zuzenean eragiten dien proiektu batean parte hartu, eztabaidatu, beren iritziak adierazi eta beren borondatea azaldu ahal izan dezaten. Bideak jarri behar ditugu nahi duten herritar guztiek prozesu osoan zehar parte hartu ahal izan dezaten. Gizartearen partaidetza bultzatzeko proiektuak euskal herritar guztiei irekita egon behar du, inolako bazterketarik gabe, xalotasunari eta argitasunari nagusitasuna emanda.

B.- Bideratu.

Kontua ez da politika ordezkatzea, ezta alderdiekin eta gizarte-mugimenduekin lehian jardutea ere, horrek galbidera eramango bailuke, hasiera-hasieratik, gizartearen partaidetza bultzatzeko prozesua. Irtenbidea da gizarte-erakundeekin, herritarren mugimenduekin eta udalekin lankidetzan aritzea horien jarduerak bultzatzeko eta euskal herritarren iritziak eta nahiak bideratzeko, betiere, Elkarrizketa Politikorako Mahaiak eta erakundeek aintzat har ditzaten.

C.- Lagundu:

Euskal gizartearen parte-hartzeak lagungarri izan behar du, nahitaez, alderdi politikoei prozesu honetan dagokien zereginean. Herritarren parte-hartzea modu egokia da gizarte modernoen konplexutasunari erantzuteko eta, heldutasun demokratikora iristeko prozesu bat izateaz gain, sendotu egiten du talde-identitatea. Alderdien Mahaiak hartzen dituen erabakiak eta akordioak sendoagoak eta bidezkoagoak izango dira baldin eta, prozesu osoan zehar, iritzi publikoaren babesa izan badute.

IV. 1 Lanerako tresnak

Gizartea partaide duen proiektu irekia eta dinamikoa bultzatzea ezinezkoa izango da, baldin eta herritarrengandik hurbil dauden horiek laguntzen ez badute, edo udal, sindikatu eta gizarteko bestelako foroen bidez herritarrekin harremanetan dauden horiek lankidetzan jarduten ez badute. Ikuspegi hori aurrean dugula, gu beti egongo gara parte hartu nahi duten erakunde eta kolektibo guztiekin lankidetzan eta elkarlanean aritzeko prest. Zehatzago esanda, herritarren partaidetzak, nolanahi den ere, hiru lan-tresna nagusi hauek izango ditu betiere erabilgarri:

1.- Udalak

Udalak harremanetarako funtsezko bide dira herritarren partaidetza guregana ekartzeko orduan, betiere, udalean udaleko auzo-elkarteak, gizarte-mugimenduak eta eragile politikoak bilduta zeregin horretara.

2.- Bakearen aldeko herritarren mugimenduak.

Euskal gizarteak eskarmentu handia du bakegintzan, eta ezin dugu inola ere orain arte egindako lan hori guztia albo batera utzi. Kolektibo horiek urteetan eta urteetan asko lagundu dute konponbide-prozesua martxan jartzeko beharrezko ziren baldintzak sortzen, eta orain prozesua garatzen ere nahi dute parte hartu. Egin duten lan hori eskertu behar diegu, eta bide beretik jarraitu behar dugu.

3.- Ekonomia- eta gizarte-arloetako eragileak.

Nazioartean izandako esperientzietan ikusten denez, enpresa-munduak eta sindikatu-munduak lan handia egin dezakete bakegintzan. Beren ideiak eta beren ekimenak funtsezkoak izaten dira askotan prozesuak indartzeko eta sendotzeko. Eurek esan beharko dute nola eta noraino nahi duten prozesuan parte hartu, baina, Gobernuak behintzat, beren partaidetza sustatu eta bultzatuko du.

IV. 2. Jarduera-ardatzak

- Definizioa: Gizartearen partaidetza sustatzeko proposamen irekia eta malgua.

Lehenengo fase batean, helburuak, tresnak eta jarduera-ardatzak kontrastatu egingo dira gizartearen partaidetza nork bere esparruan dinamizatzeko ardura duten eragile nagusiekin.

Parte hartzeko proposamen honek irekia eta malgua izan behar du, nahitaez, prozesu osoan zehar, eta ekimenak egokitu egingo dira prozesuaren bilakaeraren arabera eta Alderdi Politikoen Mahaiarekin kontrastatu ondoren.

- Burutzapena: abiaburuko hiru jarduera-ardatz.

Ekimenak gauzatzeko orduan, beharrezko egokitzapenak egingo dira herritarren partaidetza bideratzeko prozesuaren fase desberdinetan gizarteak berak planteatutako eskakizunei leku egiteko.

Edozein modutan, aurreratzen dizuet parte hartzeko hiru ardatz nagusi bultzatu nahi ditugula:

- Herritarren partaidetza sustatzeko udal-bilguneak.

Helburua da udal-esparruan komunikazio-espazio bat sortzea, normalizazio eta baketze prozesuaren bilakaerari eta edukiei buruzko eztabaidaz informatzeko eta eztabaida hori gizarteratzeko eta, udal-esparrutik, herritarren ekarpenak ordezkari politikoei eta erakundeetakoei helarazteko. Ildo horretatik, aurreratzen dizuet lan-bilkura bat egin nahi dudala berehala EUDELekin lankidetza-formula egokienak elkarrekin baloratzeko, betiere, udalerriek bertako herritarren ekarpenak jaso eta bideratzeko modua egin dezaten.

- Harreman-bide zuzena eta interaktiboa.

Informazio-teknologia berriak erabiliko dira euskal herritar guztien partaidetza ahalbidetzeko, inolako traba politikorik gabe, lurralde-mugarik gabe eta gizarte-bazterketarik gabe. Ikuspuntu honetatik, gure helbura da komunikazio-bide bat irekitzea prozesuan parte hartu nahi duen edozeinek erabil dezan. Gainera, kanal bereziak egongo dira diasporarentzat eta gazteriarentzat.

- Esparru ekonomiko-soziala.

Nire iritziz, ukaezina da ekonomia eta gizarte eragileek, beren kolektiboen bitartez, Alderdien Mahaiari ekarpen ezin eskertuzkoa egin ahal diotela eta egin behar diotela . Hortaz, enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek berek finkatu beharko dute nola parte hartu eta nola bideratu beren bazkideen ekarpenak. Nire aldetik, gonbidapen irekia egiten diet bazterrean geldi ez daitezen, begirale hutsak izan ez daitezen; bat egin dezaten, alegia. Ildo horretatik, konpromisoa hartzen dut ekonomia eta gizarte eragile guztiekin etengabeko kontrastea egiteko eta, formalki, bide bat irekitzeko beren ekarpenak eta prozesuan izango duten partaidetza modurik egokienean bideratzeko.

IV. 3. Guztion erronka

Herritarren parte-hartzea bideratzeko prozesua funtsezko laguntza-tresna izango da arduradun politikoen lana bermatzeko. Euskal gizartearen partaidetza aktiboa lortzea denon erronka da. Izan ere, Euskadin bizikidetza, bakea eta normalizazio politikoa behin betiko eraikitzeko, ezinbestekoa da elkarrizketa, adostasun eta lan ahalegin handia egitea hiru esparrutan: alderdi politikoen esparruan, erakundeen esparruan eta euskal gizartearen esparruan. Ez dira elkar baztertzen duten esparruak, baizik eta, ezinbestez, osagarriak. Errealitateak eta irekitako itxaropenak herri honetako pertsona guztien babesa, bultzada eta parte-hartze aktiboa behar dute.
Erabat sinetsita nago euskal gizarteak bake eta normalizazio politikoko prozesuan izango duen parte-hartzeak balio demokratikoa erantsiko duela, prozesuen legitimitatea sendotuko duela eta, prozesuok burutzeko orduan, eraginkortasun-maila areagotuko duela.
_ _ _ _ _ _ _ _ _
Amaiera:

Euskal gatazka konpontzeko abagunean gara, urrats erabakigarrian. Abagune hori bide onetik eramateko aukera historikoa dugu aurrean.

Eusko Jaurlaritzak, oro har, eta nik neuk ere bai, lehendakaria naizen aldetik, gure konpromisoa agertu nahi dugu hemen guztion aurrean, elkarrizketa-prozesua sustatzen jarraituko dugulako, orain arte egin dugun bezalaxe, azken buruan, euskal alderdi politiko guztien artean Normalizazio Politikorako Mahaia osatzeko gai izan gaitezen. Heldu da guztiok sakon lan egiteko ordua, euskal gizartearen itxaropena egia bihur dadin. Euskal herritarrei ezin diegu huts egin, eta gugan utzitako ilusioak eta itxaropenak ezin ditugu bete gabe utzi.
Heldu da, bada, benetako Elkarrizketa eta benetako Akordioa iristeko benetako ordua.

Elkarrizketa, inor kanpoan utzi gabe, euskal gatazka konpontzeko orduan guztiok garelako beharrezko.
Elkarrizketa, betorik jarri gabe, euskal gizarteak ez duelako utziko alderdi politiko batek nahiz besteak konponbidea aurkitzeko esperantza zapuztu dezan.

Elkarrizketa, mugarik gabe, konponbidea euskal gizartearen eskuetan dagoelako, hemen bizi eta hemen lan egiten dugunon eskuetan.

Elkarrizketa, kidez kide, denok maila berean egonda jardun behar dugulako hizketan, hau da, bide baketsuak eta demokratikoak erabilita proiektu politiko guztiak defenditzeko eta gauzatzeko aukera dagoela jakinda.

 Elkarrizketa argia, hasiera-hasieratik argi eta garbi hitz egin behar dugulako beti. Ez dezagun euskal gizartea nahasteko azpijokorik erabili. Zintzo jokatu nahi dut, gaur ere, Legebiltzar honekin eta neure buruarekin. Euskal Herriak eta estatu espainiarrak elkarrekin egokiro bizitzeko duten arazo historikoa ez da, besterik gabe, eskumen honetaz edo eskumen hartaz hitz eginda konponduko.

Bene-benetan uste dut asmo hori duenak huts egingo duela, eta okerreko bidetik doala, nahita, gainera; eta zilegi da, politikoki, hori egitea, baina uste dut euskal gizarteak ez duela berretsiko eskumen-multzo jakin bati lotutako konponbide-akordiorik.

Elkarrizketa-prozesuaren bukaeran, Euskal Herriak bide demokratikoak izan behar ditu zabalik, bai askatasunez bere etorkizuna erabakitzeko, bai barnean nahiz kanpoan izan nahi dituen harremanen esparrua zehazteko. Zer nahi dugun izan eta nola nahi dugun bizi, hori erabakitzeko aukera izan behar dugu. Geure eskubidea baita. Azken batean, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako Estatutu Berria defendatzen ari nintzela, 2005.eko otsailaren 1ean Espainiako Gorteetan adierazi nuen moduan, “elkarrekin bizitzea erabaki ahal izan behar dugu”.
Euskal gizarteak berak izan behar du, osorik hartuta, bere hitza adierazteko eta bere erabakia hartzeko aukera. Eskaera hori ezin da aldarrikapen politikotzat hartu, printzipio demokratikoa, integratzailea eta bateragarria baita. Horixe da demokraziaren muina, eta herriaren borondatearenganako errespetua. Euskal gizartearen erabakiak, modu baketsuan eta demokratikoan hartuta egonik, izan behar luke bideren bat hezurmamitzeko, eta, beharrezko balitz, dagokion ordenamendu juridikoa ere interpretatu eta egokitu beharko litzateke.

Horrenbestez, euskal gizarteak berak du, hau da, euskal gizartea osatzen dugun gizon eta emakume guztiok dugu, inor baztertu gabe, konponbidearen giltza eskuetan. Era batera zein bestera prozesuan parte hartzeko ardura izan behar du gutariko bakoitzak, eta guk ere, erantzule politikoak izanda, gizartearen partaidetza hori sustatu, bultzatu eta bideratzeko betebeharra dugu.

Azkenik, guztiok arduraz eta zuhurtziaz joka dezagun eskatu nahi diot gizarte osoari, guztion itxaropen hori bertan behar geratu ez dadin. Guzti-guztiok egin behar dugu arraunean norabide berean, hedabideek, gizarte- eta ekonomia-arloetako eragileek, herritarren elkarteek, alderdi politikoek eta erakundeek; denok batera, Bakea eta Normalizazio Politikorako Akordioa lortzeko bidean. Gure zeregina izango da bide hori berdintzea, garbitzea, auziak konpontzen laguntzea, eta arazoak gainditzeko aukerak eskaintzea.

Horixe izan da, bada, Politika Orokorrari buruzko eztabaida honetan nire hitzaldia gidatu duen iparrorratza. Nahi nuke, eta espero dut hala izatea, eztabaida honetan guztiok proposamenak egitea, horrela egingo baitugu denok urratsa aurrera. Horixe eskatu digu euskal gizarteak, eta horixe da, gainera, gure erantzukizun politikoa.

Eskerrik asko.

PARTEKATU