Hitzaldia
31Uztaila
2006
31 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
EAJren sorreraren 111.urteurrena

Hitzaldia
Uztaila 31 | 2006 |
Hitzaldia

Gaur, ehun eta hamaika urte betetzen ditu Euzko Alderdi Jeltzaleak. Gu guztiontzako jaieguna da. Ehun eta hamaika urteko joan-etorria gogoratzeko eta ospatzeko jaieguna. Baita eskuartean ditugun erronkak hausnartzeko eguna ere. Batez ere gogoan izanda aurtengoa benetan urte garrantzitsua dela gurea bezalako memoriadun Alderdiarentzat. Kontuan hartu gure Alderdi hau "Euskotarren aberria Euskadi da" aldarrikatuz sortu zela. Eta, beraz, gure helburua hasiera-hasieratik jakinekoa dela: Euskal nazioa eraiki. Bere erabakiak demokraziaz hartuko dituen nazioa. Euskaraz esan ohi dugun bezala: “Bere buruaren jabe” izango den euskal nazioa aldarrikatzen dugu. Eta euskal nazioa eraiki nahi dugula adierazten dugunean, egunero eraiki nahi dugula esan nahi dugu. 1991ko Aberri Egunean aldarrikatu genuen bezala, jeltzaleok uste dugu naziogintza eguneroko langintza dela, gure eguneroko bizimodutik eta ongizatetik hasita, gure eguneroko ekonomia indartuz eta areagotuz, gure nortasuna egunero defendituz eta suspertuz.

Memoriadun Alderdi batek ezin du 2006a bezalako urtea oharkabean joaten utzi. Aurten On Manuel Irujoren heriotzaren hogeita bosgarren urtemuga beteko da. Abertzaleontzat Irujo buruzagi ospetsua baino zerbait gehiago da. Buruzagi nafar handia da. Lege gizona, eta antolatzailea, udako halako egunetan, duela 70 urte, Gipuzkoako Defentsa Batzarra eta Euzko Gudarostea martxan jarri zituena. Europazale handia, Europa gure seme-alabek borrokatu beharko duten egitasmotzat zuena. Humanista handia. Nazioa pertsonaren ikuspegi humanistarekin, haraindikoarekin uztartu zuena, gure Estatutuetan dioenez.

Eskubide ororen funtsa ezeren aurretik pertsona dela, eta ez erakundeak edo aberria, sutsuki aldarrikatzen duen Irujo dugu. Eta ikuspegi beretik planteatzen du abertzaletasunaren gaia, pertsonaren eskubide gisa, norbanakoaren zein taldearen alderdietatik. “Nazioa eta Estatua pertsonaren zerbitzura eratzen direla gartsu defendatzen duen Irujo bera".

Eta, gainera, Irujo pragmatikoa ere badago. Hain baikorra den, gure kulturari eta Euskadiren nazio eta gizarte eraikuntzari hain estu lotutako hitz hori, pragmatismoa, errebindikatu nahi dut. Gure egitasmoa, baita oraingo euskal aberria ere, eraiki ditugun oinarrietako bat baita. Horregatik datozkit gogora On Manuelen hitz haiek, “kontzepzio idealista eta eskuzabalek ez dute ezertarako balio, gauzatzerik ez badaukate, bizitzan zehazterik ez badago, eraginkorrak ez badira, hitz batean esateko” zioenean. “Arrazoia izatea ez baita nahikoa. Arrazoia bizitzan barneratu behar da, gure urratsen gidari bihurtzeko". Jakinduria handiko hitz egokiak Irujorenak. Beharrezko hitzak 2006ko euskal gizartearentzat, batzuk politika abertzaleen nor den esateko ariketa teoriko, zapuzgarri eta alferrikako bihurtzen nola saiatzen diren kezkatuta begiratzen duenean; jendaurreko adierazpenean esentzialismorako lasterketa bihurtzen, gure nortasuna mantentzen aurrera egiteko, gure autogobernua garatzen, edo euskal herritarron bizitza kalitatea eta ongizatea bilatzen aurrera egiteko modurik onena zein den bilatzea alboratuz. Helburuak jartzea ez da nahikoa, lortzeko bitartekoak ere ipini behar dira. Zerean geratzeak ez du balio. Zelan ere zehaztu behar da.

Eta gizona ere ez dut ahaztu nahi. Lizarra sorterritik erauzitako Irujo. Faxistek fusilatutako Fortunato Agirre lagunarengatik hunkituta negarrez ari den Irujo. Bere familiarengan eta bere zortean pentsatzen ari den Irujo, ministro izendatuko dutenean. 77ko udaberrian Lizarrara itzuli zen Irujo. Eta han, San Pedro eta Montejurra begien aurrean dituela, hauxe dioena: “Hitz egin eta sentitzeko uneak daude”. Eta hau, niretzat, sentitzeko unea da. XX. mendeak eman duen nafar bikaina, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen erreferente nagusietako bat aldarrikatu nahi dut, gaur: On Manuel Irujo.

Gogoratu ere aurten gogoratzen dugu Jesús de Galindezen desagerpenaren berrogeita hamargarren urtebetetzea. Amurrioko semea, 36ko tragediak erbestera behartu zuen. Eta han, atzerrian, Euzko Alderdi Jeltzaleak betidanik ondaretzat izan duen funtsezko ideia landu zuen. Alegia, askatasuna dela jeltzaleen ardatzik nagusienetakoa eta, zer gerta ere, non-nahi defenditu beharrekoa. Galindezek argi eta garbi jakin zuen askatasunaren aldeko borroka unibertsala dela. Bere doktoretza-tesian Trujillo diktadorearen sarraskiak salatu zituen. Horregatik, New York-eko metroan bahitu eta eraman zuten Dominikar Errepublikara, eta han, hilzoriraino torturatu ondoren erail zuten. Galindez eredugarri da euskal abertzaleontzat. Eta gaur, 2006ko San Inazio egunez, haren hilketaren berrogeita hamar urteurrena betetzen den honetan, Galíndez gogoratu nahi dut eta haren memoriari gorasarre egin. Gurea delako. Askatasunaren aldeko martiria izan zelako.

Aurten ere, Elbira Zipitriaren jaiotzaren ehun urteurrena ospatzen dugu. Jeltzale pizkorra eta euskararen normalkuntzaren aintzindari nabarmena, Elbira Zipitriak hezkuntza-konpromisoa eta eraberrikuntza pedagojikoa sustatu zituen. Abertzale zelako erbesteratu beharra izan ondoren, Donostiara itzuli zen 1943an eta Montesori, Freinet eta Paiget bezalako ikerle europarren teoriak indarrean jartzen ahalegindu zen, espainiar hezkuntza-sistemak baino hainbat hamarkada lehenago.

Oroitzapenaren urtea ezin da ahanzturaren urtea izan Elvira Zipitria bezala anonimatuan, bere alderdiaren barruan ere, bizi eta hil ziren emakumeentzat. Horregatik, Elvira Zipitriari egin geniezaiokeen omenaldirik onena, bere mendeurrenean, gure konpromisoa Emakume Jeltzaleen Historia ahanzturatik erreskatatzea da. Geure historiaren ikuspegi femeninoa ezagutzea emakume hauen boto eskubidearen, gaindipen profesionalaren eta pertsonalaren aldeko borroka ezagutzea da, baita Euskadiren eraikuntza nazional eta sozialarekin izan duten konpromiso zehatz eta ukigarria ere. Justizia kontua besterik ez da.

Aurten, halaber, euzko jeltzaleen diskurtso politikoa ondoen gidatu duten liburuetako baten berrogeita hamargarren urtemuga ospatu dugu: "La causa del pueblo vasco", Javier Landabururen liburuaz ari naiz. 1956ko maiatzean idatzi zuen, eta azaroan entregatu, Agirre lehendakaria buru izan zen Munduko Eusko Biltzarrerako ekarpen modura. Liburu hori sentipen abertzalea adierazi eta arrazoitzeko gida modura izan duen belaunaldikoa naiz. Gerraren eta erbestearen sorrerari buruzko produkzio politikorik onena da, ziurrenik, eta prospekzio politikoko lan handia. Landaburu bezalako euskal abertzale bat 50. hamarkadan Europa eta mundua berrogeita hamar urte geroago nondik joango ziren ikuspegirik zehatz eta argiena izan duena izan zen. Eta “La causa del pueblo vasco” liburuan jasotako egitasmoa errebindikatu nahi dut. Pentsamendu politiko hori da gu gidatzen gaituena, eta Alderdi honek arabar handi hau gogoratu behar du bere maisulan baten mende erdi beteko den urtean, eta espero dut 2006a liburua merezi duen modura omendu eta berreditatu barik buka ez dezagun.

Lau pertsona aipatu ditut: Irujo, Galíndez, Zipitria eta Landaburu, laurak omentzen baititugu aurten. Iaz, 2005ean, Lauaxeta omendu genuen. 2004an, berriz, Agirre lehendakaria eta Saseta gudarien komandantea. Memoriaren jabe gara. Eta 2006 urtea, hain zuzen ere, memoria-urtea da. Orain dela hirurogeita hamar, gure Herriak tragedia latza bizi izan zuen. Gure leize eta bide-bazterrak odoletan zeuden Araban zein Nafarroan. Gipuzkoan, berriz, hasiak ziren lehen defentsak indarrean jartzen, gero, udazkenetik aurrera, Bizkaiak sekula gure historiak bizi izan dituen pasarterik larrienak eta epikoenak jasan zitzan. Jende bakezaleak, batere gerrarik nahi ez zuen jendeak, armetan jarriak aurkitu zituzten euren buruak. Baloreetan, printzipioetan eta xede emankorretan ondo baino hobeto hezitako belaunaldi aparteko hark gain-behera ikusi zuen bere bizitzaren nondik norakoa, eta gogotan zituen ametsak eta egitasmoak bertan behera hautsi zitzaizkion. Totalitarismoak, faxismoak, gerrak eta tragediak jende bakezale haren bidea zapuztu zuten. Ejertzito militar finko, prestatu eta armaz hornitua, idealez betetako boluntarioen kontra. Zibilen bonbardaketak lehenik, fusilatzeak, atxiloketak eta erbesteratu beharrak gero... diktadura, errepresioa, eta iluntasun goibela, ondoren.

1936ko uztailaren 19 hartan, Euzkadi Buru Batzarrak aldarrikatzen zuen herritarren eta faxismoaren arteko borroka planteatuta, bere printzipioek Herritarren eta Errepublikaren alde jarrarazten zutela, gure herriak bere askatasun mendeetan berena izan zuen erregimen demokratiko eta errepublikanoaren ildotik. Totalitarismoaren aurrean, aliatuak askatasunaren alde batu beharra zeukaten. Horrela, 1936ko urriaren 7an, Agirre faxismoaren ordez demokrazia defendatzearen aldeko hautua egin zutenen Gobernuko buru egin zuten. Lerratzearen faktura gogorra izan zen. Baina, erabaki hari esker, gure Alderdiak gaur jakinduria etiko eta demokratiko izugarria dauka.

Hirurogeita hamar urte joan dira tragedia hura hasi zenetik. Eta Memoria aldarrikatzeko unea da. Gerraren makinaria beldurgarriak birrindu zituen pertsonen samina eta dolumina gogoratzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Gerra bertatik bertara sufritu zuten pertsonen mina ez ezik, ondoren etorri ziren gutxiespena, iraina, isiltasuna, etsipena eta ahanztura ere gogora ekarri nahi ditugu.

Memoriaren unea da, bai; baina ez, ordea, gorrotoarena. Agirre lehendakariak esan ohi zuenez: “Gorrotoak ez du eraikitzeko balio, zapuzteko baizik.” Baina, hala ere, orduan izan ziren samina eta tragedia ez ahaztea beti ere onuragarri bezain komenigarri da demokraziaren balorea estimutan hartzeko, elkar-bizitza, elkar-ulertzea eta elkar-errespetatu beharra behin eta berriz indarrean jartzeko, eta orduko hondamendi hura berriro ez dadin gehiago itzuli. Hau da, memoriari behar diogu eutsi, gure ondorengo seme-alabek ez dezaten sekula ezagutzerik izan gure aurreko nagusiek orain dela hirurogeita hamar urte ezagutu behar izan zutenaren antzekorik.

Bakea gure ekintza politikoaren lehentasun modura errebindikatu nahi dugu, gure helburu politikoei uko egin barik baina. Eta honaino heldu bagara, euskal gizarteak eta erakunde demokratikoek indarkeriaren aurrean sendotasuna eta nagusitasuna erakutsi dutelako izan dela azpimarratu nahi dut. Printzipio etikoen garaipena da, oraindik ere lan delikatua eginkizun daukagun arren, jakina. Gure Alderdiak, azkeneko urteotan, euskal gizartearen gehiengoarekin mantendu duen jarreraren garaipena da. Totalismoaren aurretik askatasuna jarri dugunon garaipena. Indarraren eta terrorearen bidez egitasmo politikoak ezartzeari demokrazia defendatuz aurre egin diogunon garaipena.

Indarkeriaren behin betiko amaieraren atarian gaude. Eta terrorismoak akats politiko ikaragarria izan dela, eta hainbeste jenderi eta euskal nazioaren helburuari eragin dion kalte morala agerrarazteko unea da, legitimitaterik ez duela, baldarkeria politikoa dela, eta erabat ezmorala dela. Eta demokraziarekin eta indarkeriaren kontra engaiatutako euzko jeltzaleak garelako diogu hori. Jada urruti geratzen den 1978. urtean herri honetan ETAren kontrako lehenengo manifestazioa antolatu zuen Alderdiaren duintasunetik diogu hori. Duela hogeita hamar urte ere bagenioen, gerora guk ordezkatzen genuen euskal nazioaren kausa indarkeriari heltzen ziotenen burugabekeriarekin eta totalismoarekin orbantzen saiatu zirenetako askok indarkeria lotsarik gabe justifikatzen zutenean. Demokraziaren defentsa eta indarkeriaren gaitzespena oso garbi eduki ditugu beti. Horregatik etorkizunari ere garbi begiratzen diogu. Etorkizuna memoriaren errespetutik ere eraiki beharko dugu, behin betiko bakeak, armak isiltzeaz gain, armak justifikatzen saiatzen den ezarpen sistema, helburu politiko jakin batzuk lortzeko edozer egin litekeelako sinesmena ere desagerraraziko dituela ziurtasunetik.

Bakea da lehentasuna. Bake justua, demokraziaren baloreetan oinarritua. Eta ez --inondik ere ez gero-- proiektu politikoren bati atxikitako bakea, nahiz eta proiektu politiko zilegia izan. Bakea eta proiektu politikoen arteko lotura egiteak adieraziko luke indarkeria baliagarria dela helburu politikoak lortzeko, eta Euzko Alderdi Jeltzaleak ez du inoiz horrelakorik onetsiko. Demokraziaren baloreetan oinarritutako bakea da erronka. Eta Euzko Alderdi Jeltzaleak erronka horri tinko eutsiko dio, jakin bai baitakigu euskal gizarteak gogokoen duen ondasuna dela jokoan dagoena, bakea alegia.

Eta bidegurutze politikoaren unea ere bada eta, beraz, balioez hitz egiteko ordua. Abertzaleak garen aldetik gure ekintza politikoa gidatu behar duten balioez. Planteatuta dauzkagun arazoei erantzuteko mahai gainean egon behar diren balioez. Konplexurik gabe, txalo errazen bila joan barik hitz egiteko ordua da. Argi daukat zein den ekintza politikoan nolabaiteko erosotasuna ematen duen diskurtso mota. Norbere aldekoak berotu eta kanpokoak zigortzen dituena. Baina ez da hau bezalako une erabakigarrietan nazioa eraikitzeko balio duen diskurtsoa. Benetako nazioa. Espazio erkide, horizonte partekatu, eta nortasun bateragarrietan oinarritutako nazioa. Abertzaleok izanik, egunero geure jardun politikoan bilatu behar dugun balioen nazioa.
Demokraziaren balioa. Denok behartu behar gaituen errespetu demokratikoarena. Euskal gizartearen borondatearen errespetua, etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko printzipio modura. Eusko Legebiltzarrak 1990ean autodeterminazioaz onetsi zuen ebazpenean nazio zioenez, eraikuntza prozesu dinamiko, pixkakako eta demokratikoa, gure historian zehar hartzen ditugun erabakiek, plebiszituetakoak barne, abagune historikoaren barruko eta kanpoko baldintzei, izatezko aukerei eta euskal herritarren interesari adituz, osatzen duten multzoa dela sinistuta. Demokraziaren kontzepzio dinamikoa, alegia, nazioak egunero, gauden testuinguru historikoa eta daukagun gizartea kontuan hartuta hartzen diren erabakien multzoaren bitartez, egin eta eraikitzen den zerbait dela pentsatuta, alegia.
Bizikidetzaren eta kohesioaren balioa. 1988ko Aberri Eguneko Manifestuan esan genuen: Nazioa kohesioa da, nortasuna, balio kategoriak konpartitzea, sentipen kolektiboa. Eta, bereziki, herri bat izatea ala ez izatea baldintzatzen duten oinarrizko erronkei batera heltzea. Gure lehenengo erronka herri bat izatera heltzea da, herri plural baina homogeneoa, barruko zatiketak gaindituz edo gutxituz.” Gaur, hurrengo belaunaldirako euskal gizartearen oinarriak finkatuko ditugun unean, inoiz baino balio handiagoa daukate. Euskal gizartearen kohesioa oinarrizko irizpidea dugu, lehentasuna, auzi politikoa gainditzeko funtsezko edozein akordiori heltzeko orduan. Kohesionatu gabeko gizarterik gabe nazio demokratikorik ez dagoelako. Eta kohesioa ematen duten aldaketek soilik bideratuko gaituzte Euskal Nazioaren eraikuntzara XXI. mendean.

Prozesu honetan Euskadiren etorkizunari buruzko akordio integratzaileak lortzeko helburu jarri diogu gure buruari, orain indarrean daudenek besteko onespenik ez duen akordiorik ez inposatzeko printzipioa betetzeko moduko gehiengo kualifikatuekin. Euskal nazioaren kohesioaren aldeko apustua egiten dugulako hartu dugu erabaki hori. Abertzale eta humanista garenez, gehiengoen joko politikoa eta erkidego bat osatzeko orduan behar den akordio zabala bereiztu behar direlako printzipioa onartzen dugulako. Eta berdin joka dezaten eskatzen diegu gainerako indar politikoei. Ziur baikaude Euskal Nazioko sentipen eta nortasun politiko ugariak akordio batean integratu behar direla. Gure historiaren, gure herri nortasunaren, demokraziadun nazio gisa, barruan sartzen diren sentipen eta egitasmo politiko ugariak direlako.

Autogobernuaren balorea. Autogobernuan sinesten dugu. Hau da, gure eguneroko bizimoduari dagozkion arazorik gehienak gure erakundeen bitartez konpontzeko ahalmenean sinesten dugu. Beraz, Hezkuntza, Osasuna, pertsonen arteko elkartasuna, sustapen ekonomikoa, kultura nahiz hizkuntza-esparruak izan, gu geuk kudeatzeko gauza garela sinesten dugu. Mende berriari eta bizi ditugun inguru berriei egokitutako autogobernuan sinesten dugu. Gure erronka ez da erabaki-nahia soil-soilik. Ez gara fetitxe hutsa aldarrikatzen ari. Alderdi liderra garenez gero, Euzko Alderdi Jeltzalearen egiazko erronka, euskal alderdien eta euskal gizartearen ahalik eta zatirik gehienaren babesa akordio baten inguruan lortzea da, gure herri-nortasuna garatzeko, bizimodu-maila hobetzeko eta ongizatea segurtatzeko behar ditugun tresna guztiak geureganatzeko.

Akordio politikoa definitu eta berretsi ondoren, testu juridiko zehatz baten bidez garatu beharko da. Estatutu berria Euskadirentzat, eratzen ari den Europa berrian autogobernu beharrak aseko dituena. Eratuz doan mundu irekian, hezkuntza, hizkuntza eta kultur alorretan, euskal erakundeentzat, nortasuna garatzeko beharrezkoa den eskuduntzen erabateko esparrua zehaztuko duen Estatutu berriaren testua. Kontzertu Ekonomiko blindatua, arauzko erabakiak bertoko esparru fiskalerako izan daitezen eta, ondorioz, edozein esparrutan, judizialean zein Europan, egiten zaizkien errekurtsoak beste edozein sistema orokor bezala eztabaidatu eta ebatz daitezen. Eskuduntza ahalmena mundu irekian ingurune lehiakor eta iraunkorra garatzeko behar diren ekonomia, ingurumen eta prestakuntza gaietan. Gizarte eta gizarte segurantza sistema, zerga politika solidarioaz osatuta, konpetentzia globaleko ingurunean elkartasun esparruak mantentzeko beharrezkoak baitira.

Gainera, erabateko berme juridikoak eta bi aldeetako epaitze sistemak, itun hori betetzearen gainean. Europan oraingo Euskadiko Erkidegoaren beren eskumen esparruetan Tratatuek ahalbidetzen dituzten eskuduntzen alorretan parte hartzea. Eta kultura, ekonomia, azpiegitura, gizarte eta ingurumen esparruetan lankidetzako politika irekia, euskal euro erregioa osatzeko, Aturritik Ebrora, eta Enkarterrietatik Zuberoara. Guk nahi dugun Euskal Herria, mugarik gabeko Europan eraiki behar dugun eremu partekatu hori, Barkoxe eta Izabatik Lanestosaraino artikulatu gura baitugu. Demokratikoki. Herritarrek askatasunez adieraziko dituzten eta errespetatu beharko diren erabakien bitartez. Euskal herritarrek, XXI. mendeko Euskal Hiriak. Horixe da gure eredua datozen urteotarako autogobernurako: kudeaketa ahalmena, konpromisoa itunean eta ardura-kidetasunean, erabakimen maila guztietan parte hartzea, eta kanpora irekitzea.

Nortasunaren balioa. Gure nortasuna zer,nor garen da. Geure burua zelan ulertzen dugun. Bizitzen hasten ari garen munduan aurrera egiteko behar ditugun balioen inguruan eratutako kultura politikoa. Euskal gizartea gizarte berritzailea da, aldaketei aurre hartzeko gai dena, ondo egindako lanaren garrantzia ezagutzen duten, berezkoaren nortasun zentzu sendoa duten, kide guztiekiko elkartasun eginkorrean inplikatzen den erkidego batekoak diren, eta epe luzerako egitasmoa duten pertsona ikasiengan oinarritzen dena. Mundura, diferentzia sortzailera irekitako Euskadikoak gara, eta gai izan behar dugu beren talentua eta sormena gure artean garatu nahi duten beste herrialde batzuetako pertsonak gurera erakartzeko. Nortasun, dinamismo eta erkidego espazioa aurki dezaten hemen. Geu bezala euskal herritarrak izatea erakargarri izan dakien. XXI. mendeak Euskadiren iraunkortasuna eta garapena bermatzeak euskal herritarrak identifikatzen dituzten eta euskal herritarrok garatzen ditugun balioak gurekin bizi nahi dutenentzat erakargarri izan daitezen esan nahi dugu. Erakargarri izan nahia, horixe izan behar da gure belaunaldiaren oinarrizko helburua. Gure egitasmoaren arrakastaren bermea. Euskadi XXI. mendean arrakasta izango duen nazio aitzindari izan dadin egitasmoa.

Konpromisoaren balorea. Nazio-eraikuntzan behin eta berriz jo-ta-ke ahalegindu garenon konpromisoa. Hainbat urte luzetan eta egoera aldagarrietan nazio-eraikuntzan pausuz pausu saiatu garenon konpromisoa. Esanak esan, batere konplexurik gabe, Euskadi gure lehentasuna dela aldarrikatu dugunon konpromiso irmoa. Urratsik urrats elkarrekin hitz egin, hitzartu eta erabaki dugunon konpromiso adostua. Denon artean amesten dugun nazioa elkarrekin eraiki eta gure seme-alabei utzi nahi diegunon konpromiso sendoa. Kementasunaren eta konfiantzaren beharretan gaude. Alderdien eta pertsonen interesen gainetik, Euskadi lehentasuntzat hartuko duten pertsonak behar ditugu. Benetako konpromisoaren beharretan gaude. Historiaren bidegurutze honetan euskal naziogintzaren oinarri sendoak jorratu nahi dituzten pertsonen premia dugu. Gaur egungo euskaldunen nahikunde eta borondate askearen araberako nazioa eraikitzeko konpromisoa aldarrikatzen dugu. Nazio egituratua, nazio hezurmamitua, non hiritarrek elkarrekin partekatuko dituzten euren norabidea eta etorkizuna.

Demokrazia, bizikidetza eta kohesioa, erabakimena eta autogobernua, nortasuna eta konpromisoa. Funtsezko balioak abiatzen ari garen prozesurako. Bi urtean euskal herritarron bizikidetzaren etorkizuna XXI. mendearen lehenengo laurdenean zelakoa izango den definituko dugu. Ez da trintxeretako garaia, zelaira irteteko garaia baizik. Aurkari politikoaren bila joateko garaia, zoru erkidean topo egitekoa. Jabetzen naiz azaleko irakurketa batean topaketarako dei hau printzipioetako epelkeria modura, norberaren posizioen defentsan ahulezia modura eta, baita taulan abiatzeko posturak irmoki finkatzeko orduan adore falta modura. Baina pixka bat pentsatuta, erraz ohartuko gara azkenean, horren guztiaren atzean, naziogintzarako konpromiso kontziente eta arduradun handia gordetzen dela.

Bere printzipioez oso seguru eta tinko dagoena soilik baita aurkariarengana, bestearengana gerturatzeko gai. Herri horrentzat daukan egitasmoaz oso ziur dagoena baino ez da zelaira lasai irteten, irabazteko askoz ere gehiago daukala, galtzeko baino. Euskal nazioa biziki maite duena soilik dago edozer egiteko prest, nazio hau denon artean, oinarri sendoen gainean, libre eta trinkoa eraikitzeko .

Gerra, diktadura, klandestinitatea eta jazarpena pasatu behar izan dituen Alderdia gara. Eta guzti horiek gainditzeko gauza izan gara, memoriaz baina ez gorrotoz, eta azken hogeita bost urteotan sekulako jausia egin dugu gure nortasuna berreskuratzen, gure erakundeak berreraikitzen, euskaldunen bizimodua eta aukerabideak areagotzen, eta gure autogobernua suspertzen. Gero eta nazioagoa gara. Orain dela hogeita zazpi urte gure Alderdiak asmatu egin zuen. Eta asmatu zuen betidanik gureak izan diren bi dohain indarrean jartzen: Printzipio irmoak abertzaleak garen aldetik, eta malgutasuna printzipio horiek praktikan ezartzerako orduan, euskal gizartearen gehiengo soziala eta politikoa lideratu ahal izateko. Beti ere buruzagitzan, hiruzpalau pausu gizartearen aurretik. Baina ez gero hogei pausu, gizarteak ez baitio alde egiten duenari jarraitzen.

Hauxe da Euzko Alderi Jeltzaleak ehun eta hamaika urtean zehar izandako arrakastaren errezeta. Eta duela hogeita zazpi urte gure aurretik zeudenek asmatu egin zuten. Ziur nago, haien printzipio eta balio berberekin, eta garai politiko korapilatsu baina itxaropentsu honetan, geuk ere berriro asmatuko dugula. Zer den asmatzea? Euskadi beren etorkizuna erabaki ahalko duten pertsona libreen nazioa izan dadin; denok bakean biziko garen nazio kohesionatua, bere erakundeez harro dagoen herria, mundu irekian nortasun erakargarria duena, garrantzitsuena pertsonak eta bizitza osoan garatzeko izango dituzten aukerak izango diren lurraldea. Horixe da berriro asmatzea. Horrexek izan behar du orain ekiten diogun prozesu politikoaren helburua. Merezi duen helburua, benetan.


Gora Euskadi askatuta!

PARTEKATU