Tribuna Bartzelona
Arratsalde on guztioi:
Lehenik eta behin, Bartzelonako Tribunari gonbidapena eskertu nahi diot. Dudarik gabe, niretzat pozgarria eta atsegina da ideia eta ideologia ezberdinak modu demokratikoan kontrastatzen dituen foro entzutetsu honetan parte hartu ahal izatea.
Mundialean buru-belarri gauden honetan, futboleko hiztegia erabiliz etxean jokatzen dugula esango nuke. Eroso sentitzen naiz, Katalunia euskaldunentzat bigarren etxea bezala baita. Alderdi baten ordezkaria naiz. Maciàk zuzendutako katalanismoarekin eta Galiziako mugimenduarekin 1923ko irailaren 11n sinatu zuten euskaldunen oinordeko politikoa. Hitzarmen horri Triple Alianza deitu zioten. 1933an eta Galeuzca proiektuan Carrasco i Formiguera eta Rovira i Virgilirekin anaikidetasun politikoa berritu zutenen oinordekoa. 1937an Condor legioak bonbardatutako Bizkaia setiatuan heroi gisa jasaten zutenen oinordekoa. Bien bitartean, Generalitatek Carrasco i Formiguera bera bidali zuen ordezkari gisa, baina, itsasontzian zihoala harrapatu, eta Burgosen fusilatu zuten. Agirre lehendakariaren alderdia ordezkatu zuen, 1937an Kataluniako bere gobernuan hartu zuenean. Euskaldunek gudaren zorigaitzetik babesteko lekua aurkitu zuten bertan. Manuel de Irujoren alderdia ordezkatu zuen, 1938ko abuztuan Kataluniako autogobernua murrizten zuten zenbait dekretu onartu ondoren, Errepublikako ministro kargua utzi zuenean. Kargua Kataluniarekin elkartasunez utzi zuela adierazi zuen.
Agirre lehendakariak, Irujok eta beste askok beren testigantza politikoekin eta pertsonalekin erakutsi ziguten gure nazioen arteko adiskidetasuna eta konplizitatea. Ajuriagerrak eta Julio Jauregik adiskidetasun hori mantendu zuten, eta, konstituzioaren txostenetik kanpo utzi gintuztenean —trantsizioko akats politiko handienetako bat— Kataluniako gutxiengoak gure interesak defendatzeko apustua egin zuen.
Bizitzako gauza guztietan bezala gora beherak izan diren arren, horrek eta horrelako beste gertaera batzuk elkarri lagundu izanaren memoria historikoa eta politikoa osatzen dute. Ziur gaude Katalunia eta Euskadi bi errealitate nazional direla, nazio bat izateko eskubidea defendatu dutela, Europako proiektuaren zati izateko eskubidea dutela; baita herrien aniztasuna, kulturak eta hizkuntzak bere barruan errespetuz onartzen dituen Espainiako Estatuko kide izateko eskubidea ere. Horretan guztian oinarritzen dugu gure memoria.
Ziurtasun honetatik lagunarteko hausnarketa egitea da nire asmoa. Ziur bainago Euskadin bizi dugun itxaropen uneak urteetako zorigaitzaren eta sufrimenduaren ondoren behin betiko bakea lortzeko aukerak zabaltzen dituela. Ziur bainago Euskadin akordio politiko integratzaile bat lortzeko aukerak zabaltzen dituela; bai euskaldunen artean, bai euskaldunen eta Estatuaren artean. Baina ziur nago bakea aldaketarako faktorea izan daitekeela eta dena suntsitu eta ezabatzen zuen indarkeriak isilpean gordetako eztabaidak mahai gainean jarriko dituela.
Lehenengo eztabaida, dudarik gabe, euskal gizartea sorkuntzan, berrikuntzan, erreferentzia bihurtzea da, unibertsitateak talenturako eta tolerantziarako gune gisa garatzea, eraikuntza nazionalaren lehentasuna pertsonen hezkuntza osoa izatea, eta, horrela, Euskadi hiri eredu lehiakor bihurtzea. Gure etorkizuneko ongizatea eta gizarte eredua komunitate integratu batean oinarrituta, berezko izaera eta izaera zehaztua izango duena, pertsonen aldeko apustua egiten duena, horiek baitira gure aktiborik onenak. Hori guztia eraldaketa zikloak azkartu egiten diren munduan, eta, Alizia bitxikerien lurraldean ipuineko Bihotzen Erreginaren paradoxan bezala, gaur zauden tokian mantentzeko ahal duzunaren bikoitza korrika egitea komeni da. Eta, noski, are gehiago Europako eskualde nagusien lekuan jartzeko.
Beste eztabaida bat izango da XXI. mendeko mundu globalean eta irekian lidergoak sare ekonomikoak, sozialak eta politikoak artikulatzea eskatzen duela. Horregatik, elkarkidetza lehiakorreko ingurunean, gaur inoiz baino gehiago Kataluniaren eta Euskadiren arteko adiskidetasuna berritzeko beharra ikusten dut. Adiskidetasun hori benetako lotura eta ekintza positibo bihurtu behar dugu elkarkidetza ekonomikoan, sozialean eta politikoan. Alderdi horiek izango dira hurrengo minutuetan aztertuko ditudanak.
Proposatu dudan izenburuak bakea aldaketarako faktore gisa hartzen du. Izenburuak berak zehazten du lehenengo erronka, bakea bera. Aipatu nahi dut orain irekitako bakerako itxaropena posible dela euskal gizarte eta erakunde demokratikoek indarkeriaren aurrean indarra eta nagusitasuna azaldu dutelako. Printzipio etikoen garaipena da, nahiz eta, zalantzarik gabe, lan zaila dagoen oraindik egiteko.
Indarkeriaren bukaera izan daitekeena bizi dugun garaian, ezin da aipatu gabe utzi terrorismoa akats politikoa dela eta hainbeste pertsonei eta euskal nazioari eragin dion kalte morala, zilegitasun eza, baldartasun politikoa eta moraltasun falta. Bakea behin betiko izango da, armekin batera horiek justifikatu nahi dituen sistema inposatzailea desagertzen denean; helburu politikoak lortzeko edozerk balio duela esaten duen sistema amaitzean, hain zuzen. Ez indarkeriari/ bai elkarrizketari sistemak, hau da, bakearen aldeko apustuak eta bide demokratikoak bakarrik erabiltzeko apustuak, ez du inor behartzen bere nahi politikoak baztertzera. Azken finean, demokraziaren eta bere prozeduren garaipena.
Euskadin indarkeriaren bukaera marrazten eta ikusten lagundu duten elementuak asko dira, eta bakea lortzen lagundu dute. Nazioarteko testuinguruan aldaketak izan dira, euskal gizartean aldaketa sakonak, pentsaeran, sentsibilitatean, kontzientziazioan, azken urteetan Euskadiko indarkeria gunea gutxitzen lagundu duten biktimen inguruko mugikortasunean, urteetan indarkeriari estaldura politikoa eman dion muturreko ezkerraren eraldaketa... Baina, zalantzarik gabe, faktore horien guztien artean, gure gizartearen heldutasuna nabarmendu behar da. Eta horrek guztiak denon artean heldu beharreko irtenbidearen aurrean jartzen gaitu. Beraz, gure herriko sentsibilitate politiko ezberdinek inteligentziaz, apaltasunez eta lankidetzatik abiatuta ekiten badugu, aprobetxatu dezakegun aukera bat dugu aurrean.
Ibili beharreko bidean berradiskidetzeari arreta berezia jarri beharko diogu. Indarkeriak egindako mina hain handia denez, desagertuta ere gizarte bizitzaren normalizazioa ez da erabatekoa izango, pertsonetan eta gizartean zauriak utzi baititu. Hori dela eta, horrelako prozesu batean alderdi politikoek eta gizarte eragileek biktimei mina onartu eta osatzen lagundu behar diegu. Eta, elkartasun pertsonalaz harago, beharrezkoa da gizarteak biktimei bidegabeki jasandako sufrimendua aitortzea. Hori gabe ez da posible izango gure arteko berradiskidetzea lortzea.
Bakea da lehentasuna. 2005eko maiatzean Diputatuen Kongresuan hartutako erabakiaren barruan, Gobernuko presidenteak ETArekin hitz egingo duela adierazi du. Elkarrizketa hori beharrezkoa da bakea atzeraezina izan dadin, baina ziur gaude elkarrizketa horietan ez dela euskal gizartearen etorkizun politikoari buruz hitz egingo. Hori egitea, bakea proiektu politiko batekin lotzea, proiektu hori zilegi izanda ere, helburu politikoak lortzeko indarkeria erabil daitekeela onartzea izango litzateke. Hau da aurrean dugun garaiaren erronka nagusia. 42 urte ditut, eta ez dut Euskadi bakean ezagutu. Gure seme-alabentzat beste zerbait nahi dut.
Bigarren erronka autogobernua da, euskal gatazka politikoa deitu denaren irtenbidea. Gatazka hori ez da Euskadirena bakarrik. Izan ere, Erromako Klubak La prima rivoluzione globale liburuan, 1992an argitaratutako atzera begirako lan interesgarrian, informazio eta komunikazio teknologiekin konformatzen den gizarteko antolaketa politikorako bi joera aztertzen ditu: zentripetua, dimentsio jakin batek eskatzen duen erronkei erantzuteko gune globalak sortzera bideratzen dena, Europar Batasuneko prozesura eramaten duena, adibidez. Eta zentrifugoa, Estatuaren errekonozimendurik ez duten izaera kulturaletan eta sentimendu nazionaletan oinarritzen dena. Aipatutako txostenak honakoa aipatzen du: “Dagoen sistema politikoan bateratu ezin direlako sortzen da gatazka; sistema estatua-nazioa ereduan oinarritzen baita”. Eta honakoa gehitzen du: “Erabakiak hartzeko guneak berriz formulatu behar dira, eta eraginak gozatzen edo jasaten dituztenengana hurbildu”.
Hori da, kode modernoan, Daniel Innerarity euskal filosofoak duela hiru hilabete eskas argitaratu duen azken liburuan aztertzen duena; El nuevo espacio público. 1992an Erromako Klubak aipatzen zituen indar zentrifugoen eta zentripetoan elkarbizitzari buruzko ondorioak dira. Innerarityk aipatutako lan horretan berriz formulatzen ditu: "Mundua bateratzea ez da murrizten integrazio ekonomikora, ezta bizimoduen eta kulturen konbergentziara ere; batasunaren eta ezberdintasunaren artikulazioaren arazoa aspaldikoa da, eta hor dago gakoa". Euskaldunok testuinguru honetan zehaztu behar dugu gure estrategia datozen garaiei aurre egiteko.
Erronka politiko horrek euskal gatazka ixtera behartzen gaitu, eta 1978an Konstituzioaren alde egin zuen %30,2 hori gainditu beharra dago. Zein helburu izan behar dugu euskal alderdiek akordio honetan? Zer eskatzen digu euskal gizartearen gehiengoak? Euskal gizarteak etorkizuna eraikitzeko eta modu demokratikoan erabakitzeko duen gaitasuna errespetatuko duen akordioa; baina, aldi berean, erabaki hori hartzeko leialtasunezko eta dogmatismorik gabeko testuinguruan Euskadiko sentsibilitateek eta identitateek partekatu ahal izango duten akordioa. Azken finean, akordio batera iristea da kontua. Egungo erakunde-esparrua errespetatuz aldaketarako duen benetako ahalmena erabiltzeko aukera emango duen akordioa; betiere, horretarako gehiengo sozialak eta politikoak baldin badaude. Hori guztia euskal gizartearen borondate politikoa, eta, batez ere, aniztasuna errespetatuz. Euskaldunen borondatea errespetatzeak identitate sentimenduak errespetatzea esan nahi du, eta horiek itun eta konpromiso eskema batean sartzea.
Horiek dira, nire ustez, irtenbide politikorako osagaiak. Euskal gizarteak eskatzen duen akordioa eta herritarrei kontsultatu behar zaiena. Horrek, elkarbizitza testuinguruaren aldaketa proposatzen bada, exijentzia politikoa eta demokratikoa eskatzen du. Kontsulta, beraz, prozesu baten ondorio da, eta prozesu horretan dugun guztia emango dugu. Ez da, inola ere, inoren aurka erabiltzeko arma, ezta alderdiek lan egiteko eta akordioa lortzeko duten betebeharra gizartearen esku uzteko erabiltzen duten aitzakia ere.
Autogobernua garatzeak Europako erakundeen parte-hartzea beharko du, gure nazioek dituzten eskumenetan eta egungo hitzarmenek aukera ematen duten alorretan. Ez da bidezkoa Euskadik eta Kataluniak autogobernua murriztuta izatea bere eskumenekoak diren Europako politikak zehazteko, erabakitzeko eta gauzatzeko zuzeneko parte hartzerik ez dutelako. Eta hori guztia Estatuak Europako politika ulertzeko modu jakobinoa duelako; XIX. mendeko diplomaziarako XXI. mendeko sareetarako baino egokiagoa den modua, hain zuzen.
Daniel Innenarityk El nuevo espacio público liburuan aztertzen duen bezala, politikaren eraldaketa baten aurrean gaude, gizartearen aniztasunak eskatzen duen eraldaketaren aurrean. Gizarte aniztasun horrek kultura eta identitate aniztasuna ere biltzen ditu. Hori da aurrean dugun dilemarik handiena, datozen urteetan irudimen eta sorkuntza politikoan ahalegin handiena eskatuko digun arazoa, Europa mailan batez ere: aniztasuna artikulatzea. Hausnarketa hori beharrezkoa da Europan, izan ere, Lituaniako hiriburua, Vilnius, Poloniako hiria zen mende hasieran; Hungariako Vojvodina Serbiar Errepublikako zatia da; Alsaziak bere kultura germaniarra Frantziako Estatuan bizi du; euskaldunak, katalanak, flamenkoak, tiroldarrak, hungariarrak eta finlandiarrak pixkanaka desagertzen ari diren mugek banatzen gaituzte. Horrelakoa da bizi garen mundua, eta antolatu egin behar dugu.
Europa elkarrekiko mendekotasunean dagoen mundua eskatzen duen politika berriaren benetako paradigma da. Europan sartzeko prozesu politikoa erantzun berria da —eta litekeena da egunen batean eredu izatea ere— egun munduko subiranotasuna baldintzatzen duten zirkunstantzientzat. Europako eraikuntza politikoak nazio eraikuntzarako proiektu guztietatik ezberdintzen duten berezitasunak ditu. Europa zentro zurrun batetik gobernatu behar ez den, hierarkia zorrotzik ez duen eta homogeneotasuna sortu behar ez duen gizarte baten erakunde mota da. Bertan aniztasuna ez da arazoa, irtenbidea baizik, eta printzipio hori zorrotz betetzen da.
Europar Batasunak, gobernu egitura konplexua dela-eta, boterea ulertzeko eta gauzatzeko modua aldatu du. Tradizioz absolutua eta parteka ezin daitekeen subiranotasunaren ideia aldatu egiten da, eta zenbaitek “subiranotasun konplexua” deitu dutena bihurtu da: subiranotasun galerek subiranotasun irabaziak emateko duten aukera paradoxikoa.
Gure erronka nagusia Estatuaren ideia tradizionalean oinarritutako kontzeptuak baztertzea da, bai eta estatuen, nazioen eta gizarteen arteko harremana ulertzeko modu alternatiboa garatzea ere. Hori erronka handia da euskal gizartearentzat, eta, dudarik gabe, euskal abertzaletasunarentzat ere bai.
Baina hirugarren erronka handia ETAren ondorengo gizarteak begi-bistan utziko duen errealitate berrira egokitzea da. Azken sei hilabeteetan egindako aldaketa kualitatiboa da horren adibide. Gaurko mundua 2000. urtekoaren oso ezberdina da. 1999an Internet eta merkataritza elektronikoa abiatzen ari ziren. Hogei euskaldunetik bat zegoen sarera konektatuta, eta erabilera ia marjinala zen. Gaur egun, informazio ugari dago eskuragarri, eta horrek ez dakar ia kosturik. Fenomeno horren ondorio sozialak, ekonomikoak, kulturalak eta politikoak nabaritzen hasi dira, eta, egun, zaila egiten zaigu noraino irits daitekeen imajinatzea.
Gaur egun, hiritar amerikar askoren errenta aitorpen asko, Ameriketako aholkulari fiskalen bidez, Asiako adituek egiten dituzte, seguru asko haiek jakin gabe. Bostongo ospitaleek erradiografiak Indiara bidaltzen dituzte Internet bidez ilunabarrean. Indian egunez aztertzen dituzte, eta Bostonen, eguna argitzean, medikuek beren gaixoen erradiografi aztertuak mahai gainean izaten dituzte. Hori guztia pentsaezina zen orain dela hamar bat urte.
Globalizazioa ez da fenomeno berria. Thomas Friedman-ek The world is flat saiakeran esaten duen bezala, berrikuntza globalizazioaren aro berri honetan kooperatzen edo lehiatzen ari direnak dira. Mendeetan, merkataritza eta lehengaiak kontrolatzen zituzten kontinenteen eta itsasoen nagusitasuna Estatu Batuen eta inperioen zeregina izan da. Hala, XIX. mendera arte herrialdeak ziren lehiatzen zirenak, aliantzak egiten zituztenak eta hegemoniengatik borroka egiten zutenak.
XX. mendean enpresa multinazionalak izan dira merkatuak eta lana nazioarteko bihurtu dituztenak, eta erregionalizatutako gune ekonomiko handi horien sorrerak izan dira estatu-nazioa aldatu duten egitura politiko eta ekonomiko handien jatorria; hala nola, Europar Batasuneko kasua, hasiberria den Mercosur-en kasua edo Ipar Ameriketako Merkataritza Askerako Ituna.
Azken sei edo zazpi urteetako berrikuntza informazio eta zerbitzuak trukatzeko sare globala unibertsalizatzea izan da, eta horrek ekarri du globalizazio berri horren eragileak pertsonak izatea. Gaur egun, heziketa, talentua eta produktu edo zerbitzu bat sortzeko gaitasuna duen pertsona bat mundu globalean lehiatu daiteke. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, herri txiki bat munduan baliagarria den aktibo bakarra kontuan hartuta eraiki behar da, hori baita gune lehiakor bat sortzeko balio bakarra. Gure jendea. Nazio eta eskualde txikiak egoera berri honetan lider izan gaitezke. Horretarako, bide bakarra har dezakegu: gizarte industrialetik gizarte sortzailera doan bidea, pertsonetan berrikuntzan inbertituz, eta gure tolerantzia garatuta eta kanpora irekita.
Ordezkatzen dudan alderdiak zuzendutako euskal gizarteak, azken 25 urteetan, egitura ekonomiko eta soziala berritzeko apustua egin du. Eta erabaki horiek izan dira euskal ekonomiaren lehen eraldaketa eragin dutenak. Birmoldaketa industrialaren, promozioaren eta inbertsioaren aldeko apustua, ordura arte ez zegoen egitura zientifikoaren eta teknologikoaren sorrera, gure egitura industriala nazioartera bultzatzea, “cluster”en bidez kooperazioaren aldeko apustua, energiaren dibertsifikazioa, sorkuntza elektrikoa berritzeko inbertsioa, energiaren eraginkortasunaren aldeko apustu sendoa, lehiakortasunerako formazio profesionalaren eta teknikoaren aldeko apustua, inbertsio zerbitzuaren fiskalitatea, lana, berrikuntza eta nazioartera irekitzea...
Egungo ikuspegitik begiratuta denak begi-bistakoa dirudi. Baina hartutako erabakiak dira egungo egoerara eraman gaituztenak. 1995-2005 epean komunitate autonomoen artean biztanleko BPGren hazkunderik handiena eta, Nafarroarekin batera, Estatuko familia-errentarik handiena izan duen gizarte izatera eraman gaituzte hartutako erabaki horiek.
Azken 25 urteetan I+Grako inbertsioa BPGri dagokionez 25 aldiz handitu duen gizartea, eta industria sektorean I+Grako inbertsioa Europako batez bestekotik gora dago. BPGren %30eko esportazio tasa du, Alemaniak, Italiak, Frantziak edo Espainiak baino altuagoa. Eta Europar Batasunean komunitatearen batez besteko errenta %88koa bazen, egun %120koa da. Langabezia tasa, berriz, %5,5ekoa da, Espainiako batez bestekoa baino hiru puntu gutxiago. Estatu osoan, kontratu pribatupean, ikerketaren %50 biltzen duen gizartea. Azken 14 urteetan turisten sarrera bi puntu eta erdirekin bidertu duen gizarte irekia. Joan den apirilean, Frantziako “Les Echos” egunkari ekonomiko entzutetsuak gure ekonomiari buruzko erreportajea argitaratu zituen “Espagne: la recette du ‘miracle’ basque” (Espainia: euskal mirariaren errezeta) izenburupean. Euskadik ETA ondorengo bere bideari ekin diola frogatzen duen adibidea da hori.
Euskadi erakargarria da. Turismo zifrez gain, Erasmus belaunaldiko ikasleek euskal unibertsitateak jartzen dituzte gogokoenen artean. Baina garrantzitsuena honakoa da: urteetan kolpatutako autoestimuaren ondoren, identitatea finkatzeagatik, berritzeko eta hazteko gaitasunagatik, elkartasunarekin eta kooperazioarekin hartutako konpromisoagatik Europan erreferentzia den nazio gisa ikusten hasi garela geure burua.
Gurea bezalako herri txiki batentzat, aukeraz beteriko garaia bizi dugu. Eta buruzagitza politikoak erronka horiek agenda politikoan sartzen baditu bakarrik aprobetxatuko ditugu aukera horiek. Euskal gizartea sorkuntzan eta berrikuntzan erreferentziazko lider bihurtzea da erronka.
Mundua aldatzen ari da. Gaur egun hemen egiten ditugun gauza asko Txinan edota Polonian egiten dira. Gure industria da eta izan da indar ekonomikoaren eta egungo ongizatearen oinarria. Hemendik bost edo sei urtera gure industriak ezingo ditu orain hemen egiten diren gauza asko egin. Bizkortu, herri bezala mugitu, edo garai txarrak etor daitezke. Gure egungo ongizatea ez da betiko. Ikerketarako, teknologiarako, zientziarako, unibertsitaterako, sorkuntzarako eta berrikuntzarako gizartea mugiarazi behar dugu. Horrela egin ahal izango dugu hemendik sei edo zazpi urtera txinatarrek edo hinduek oraindik egin ezin dezaketena. Eta denontzako lana izango dugu. Eta erronka hauek planteatzeko errezeta bakarra dago, gure pertsonen eta sorkuntzaren aldeko apustua egitea.
Gure identitatea sartu behar dugu, gure izateko era, gure bertute tradizionalak, euskaldunak historikoki bereizi izan gaituena; baina balore berriak txertatzen ditugun heinean.
Erronka horri aurre egiteak euskal gizarte berritzaile baten eraikuntzan inplikatzea esan nahi du, aldaketei aurre hartuko dien gizartea, ongi egindako lanak duen garrantzia ezagutzen duten ongi trebatutako pertsonek osatua; gurea denarekin identitate sentimendu sendoa dutenek, bertako kide guztiekin elkartasun aktiboan inplikatzen den komunitate bateko kide sentitzen direnek eta epe luzerako proiektua partekatzen dutenek osatua, hain zuzen. Mundura begira dagoen Euskadi, sorkuntza ezberdinetara irekita dagoena, gure artean talentua eta sorkuntza garatu nahi duten beste toki batzuetako pertsonak erakartzeko gai dena. Gurekin euskaldunak izateko erakargarritasuna sentitzen dutenak. XXI. mendean Euskadiren biziraupena eta garapena bermatzeak esan nahi du euskaldunok bereizten gaituzten eta euskaldunok garatzen ditugun baloreek gurekin bizi nahi dutenentzat erakargarriak izan behar dutela. Gure belaunaldiaren helburu nagusiak erakargarri izatea izan behar du. Horixe da gure proiektuaren arrakastaren bermea.
Euskal nazio berritzailea egungo munduan irauteko berme bezala; gaurko munduan aldaketa da irauten duen bakarra, eta hura aprobetxatzeko formula bakarra berrikuntza da, berrikuntza teknologikoei, kulturalei eta sozialei aurre hartzeko gaitasuna.
Baloreetan oinarritutako hezkuntza, pertsonen formazio integrala bilatzen duena; ongi egindako lanak definitzen dituen profesionalez osatutako sarea sortzea eta erraza ongi eta zaila ahalik eta ondoen egitea helburu duena. Azken finean, gizarte akordio handia. “Euskal kontratu soziala” apustu partekatu baterako. Euskadi sorkuntzan zein berrikuntzan erreferentziazko lider bihurtzea nazio eraikuntzako lehentasun gisa pertsonen hezkuntza integralaren alde apustu egingo duen proiektu mobilizatzaile handi baten bidez, eta berrikuntza gizartearen erronka nagusitzat hartuko duen apustuaren bidez. Alderdien arteko akordioa eta gizartearen akordioa. Pertsonen aldeko apustua da gure aktiborik onena. Eta gure seme-alabek guk ditugunak baino bizitza estandar hobeak izateko aukera emango duen bakarra.
Hitzaldi honen hasieran aipatu dut, XXI. Mendeko mundu global eta irekian, sare ekonomikoen, sozialen eta politikoen artikulazioa eskatzen duela lidergoak. Eta gaur, hemen, Katalunia eta Euskadiren arteko lankidetza lehiakorrerako estrategiaren aldeko apustua egin nahi dut. Lankidetza ekonomikoa, soziala eta politikoa.
Ez naiz ezer asmatzen ari, datuak hor baitaude. Lankidetza ekonomikoa etengabea izan da Euskadiren eta Kataluniaren arteko harremanetan, eta Kataluniako finantza sistemaren une garrantzitsuetan euskaldunak ez gara urrun ibili, zerikusia izan dugu. Gaur pozik eta inbidia sanoarekin begiratzen dut Caixarekin, Caixa Catalunyarekin eta Banco Sabadellekin duzuen finantza eraikin sendoa, are gehiago Aznarren lau urtekoan euskal finantza entitate batek izan zituen gorabeheren ondoren, eta —zergatik ez esan— euskal bankuak bateratzeko egin ditugun akatsengatik. Zoriondu egin nahi zaituztet, eta pentsatzen dut mende honetako finantza sisteman lankidetzari heltzeko eta Europako erreferente bihurtzeko eginkizuna dugula.
Baina ikusten dut, era berean, azken urteetako zurrunbilo politikoak eta, batez ere, Madrilgo gune jakin batzuen botere ekonomikoaren patrimonializazioak periferiatik ekonomia modernizatzeko egin den edozein ahalegin madarikatu duela. Eta horrek izan dezakegun estrategia komunerako interesa lauso dezake: industria eta zerbitzu korporazio sendoak sortzea. Bai eta Europan zein nazioartean erakargarria izango den Bilbo-Bartzelona ardatzak egituratutako lurraldea artikulatzea ere, Toulouse-Bordeaux ardatza bertara erakarriz.
Kataluniaren eta Euskadiren arteko lankidetza beharrezkoa da gure herrialdeen lehiakortasunerako, baina Espainiaren lehiakortasunerako ere oinarrizko zutabea da. Benetako ekonomiaren motorrak gara, eta benetako gaiez hitz egiteko garaia da.
Gure ereduak ezberdinak dira, baldintza historikoek hala egituratu dutelako. Beti miretsi izan dut Katalunia munduan eta, bereziki, Europan proiektatzeko duzuen gaitasunagatik. Nazioarteko inbertsioarentzat herrialde erakargarria da. Guk, ordea, terrorismoak eragindako arrazoiengatik, 70eko hamarkada bukaerako eta 80ko hamarkadako krisialdiaren ondoren, gure industria eraldatzeko erronkari aurre egin behar izan diogu, gure barruko indarrarekin eta, batez ere, gure enpresarien espiritu ekintzaileari eta teknologiaren alde egindako apustuari esker.
Gaur harro esan dezaket gure herriak enpresa egitura sendoa duela, teknologikoki aurreratua eta produktibitate handikoa. Bakarrik egin behar izan dugu aurrera; izan ere, urteetan ez gara erakargarri izan nazioarteko inbertsioarentzat. Formazio profesionalaren, berrikuntza teknologikoaren, elkarrekiko bermearen funtsen, garapen eta arriskuaren kapitalaren , ikerketa zentroen eta abarren aldeko apustuak merezi izan du. Baina aitortu beharra daukat industriaren eta teknologiaren dinamizazioaren garai zailetan zenbait enpresek eta pertsonek izan zuten garrantzia. 80ko hamarkada eta 90eko hamarkadaren hasiera MCC gizartearekin eta berrikuntzarekin konpromiso handia duen korporazio gisa garatu zen. Garai horretan, Iberduerok, José Antonio Garrido bezalako pertsonekin, I+G+B euskal industriaren egiturari lotzeko apustua egin zuen, gerora Gamesa garatuz; Sanchez Asiain eta Pedro Luis Uriarteren BBVa... Urte gogorrak pertsona eta talde nabarmenekin. Baita konprometitutako enpresari ugari ere.
Baina gaur berriz ere bidegurutze batean gaude. Gure enpresa egitura mundu globalizatura egokitu behar dugu. Finantza eta enpresa giharra eman behar diogu. Alde horretatik, datozen urteak erabakigarriak izango dira; izan ere, gure enpresa egiturak bat-egiteak eta irenspenak jasan beharko ditu mundu mailan lehiakor izateko. Gure kutxak modu egokian dimentsionatu beharko dira, Europako finantza sisteman finantza enpresa eraginkorren eta eragingarrien rola bete, eta herriaren garapen sozio-ekonomikoa lagundu. MCC Arizmendiarrieta sortzailearen ildoei jarraituz egokituko da garai berrietara; sena eta errealitate berrietara egokitzeko gaitasuna zuenaren ildoei jarraituz, hain juxtu. Eta nire nahia da korporazio handietan euskal aktiboaren eta estrategiaren presentzia berreskuraztea.
Erronka hauek lasai eta zuhurtziaz jarri behar ditugu martxan. Baina Europako merkatu bakarrak eta ekonomia globalizatuak paradigma asko aldarazi dituzte; horien artean, merkatuaren dimentsioa eta beharrezkoa den gihar enpresariala, finantzarioa eta teknologikoa. Horregatik dute zentzua enpresen arteko itunek, eta, horregatik, aukerak irekitzen dira elkarren artean begikotasuna sentitzen duten kultura ekonomikoen, politikoen eta sozialen artean; Kataluniak eta Euskadik ordezkatzen dutena, adibidez. Mugarik gabeko Europar Batasunaren testuinguru historikoan egiteko gai ez bagara, Batasunean eragile ekonomikoak eta politikoak izateko aukera galduko dugu. Ez ditugu ahaztu behar elkarrekin garatu behar ditugun komunikazio eta logistika azpiegiturak ezarri diguten eskema erradiala hausteko; izan ere, Donostiatik Bartzelonara abiadura handiko trenean joateko Puerta del Soletik pasarazi gaituzte. Alde horretatik, orain dela gutxi egindako aurrekontu akordioak, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Estatuko Gobernuak adostutakoak, euskal Y trenbidearen garapena ahalbidetuko du, bai eta Iruñearekin bat egitea ere. Era berean, etorkizunean, Ebroko trenbide ardatza izango denarekin ere bai; abiadura handiko Bilbo-Bartzelonarekin eta Europako trenbide zabalerakin lotura duena. Horrela, gure gune ekonomikoak bi ordu eta erdian lotu ahal izango ditugu.
Joan den ekainaren 18an Kataluniak ireki duen aro berri honetan Kataluniako gizarteak etorkizunari aurre egiteko autogobernurako eta finantziaziorako tresna berriak bilatzea nahi dut. Europan parerik ez duen elkartasun konpromisoa duen Kataluniakoa bezalako gizartea, eta, finantzari dagokionez, modu mingarrian eta bidegabean bere irudia elkartasun ezarekin eta berekoikeriarekin lotu da. Zuek baliabideen kudeaketan urrats bat eman duzue. Eta ez dut zalantzarik urrats horrek jarraipena izango duela etorkizunean. Izan ere, Europaren etorkizuna sistema fiskal lehiakorren esku dago. Bertan, komunitateen arteko elkartasun egokirako mekanismoak erabilita, nazioek eta komunitateek ingurune ekonomikoarekin eta sozialarekin lehiakorrak eta orekatuak izateko beren baliabideak eta fiskalitatea kudeatu ahal izango dituzte. Hots, ardura ereduak erabiliz, eta ez laguntza ereduak.
Azken finean, bake agertokiak eztabaida politikoa bideratzeko aukera ematen digu, urte askoan Euskadin hitz egin ez dugunaz hitz egiteko. ETA ondorengo garaiaz hemen hitz egin nahi nuen, Katalunian. Bake aldaketarako faktorea izango delako. Baita gure harreman ekonomikoen eta sozialen katalizatzailea ere. Eskerrik asko.