JOSU JON IMAZ<br>
ETArekin elkarrizketatzeari ekiteko iragarpena dela-ta
30Ekaina
2006
30 |
Hainbat agiri

JOSU JON IMAZ
ETArekin elkarrizketatzeari ekiteko iragarpena dela-ta

JOSU JON IMAZ<br>
ETArekin elkarrizketatzeari ekiteko iragarpena dela-ta
Ekaina 30 | 2006 |
Hainbat agiri

EAJk positiboki baloratu du atzo Rodriguez Zapatero presidenteak egindako adierazpena. Adierazpen horretan, Zapaterok ETArekin elkarrizketatzen hasiko dela esan zuen Euskadin indarkeriarekin behin betiko bukatzearren. EAJk prozesu horretan inplikatzen lagunduko dio orain bizi dugun egoerara iristeko lagundu duen bokazio berarekin: erantzukizunarekin eta malgutasunarekin, segurtasun osoz, talentu negoziatzailearekin, diplomaziarekin eta umiltasunarekin. Denon artean hasiko dugun lan horren garrantziaren eta hartzen dugun arduraren jakinaren gainean gaude. Eta bakea nagusi izango den etorkizun bati eta gure herrirako normalizazio politiko bati begira egiten dugu.
Itxaropen egoera honetara iristeko gure gizarteak izandako heldutasunaren garrantzia nabarmendu nahi dugu. Bidezko bakea lortzeko aukera lortu dugu denon artean, duintasun eta askatasun egoera baten barruan: herritarren garaipena da, konpontzeko, bakeak egiteko eta bere uste demokratikoak bakea lortzeko tresna nagusitzat dituen gizarte bat kohesionatzeko aukera da. Euskadiko gizarteak behin eta berriz mezu argi bat bidali digu: bakea denon artean lortu behar dugu, dogmatismorik gabe, eta blokeo antzurik gabe. Eusko Alderdi Jeltzaleak helburu hori lortzearren aurrera egiteko uste sendoa du. Guztion lankidetzaren artean heldu behar dugun aukera iritsi zaigu.

Bakearen eta normalizazioaren aldeko gure ekimenean (Euzkadi Buru Batzar, 2005eko urriak 10a) honakoa esaten genuen: “bakeak ez du prezio politikorik, baina politikak bakearen alde asko egin dezake”. Hori da datozen asteotan aztertzen saiatu beharko dugun bidea. Duela hamahiru hilabete Kongresuan ebazpen bat negoziatu eta onartu genuen, eta bertan Eusko Alderdi Jeltzaleak parte-hartze aktiboa zuen. Ebazpen horrek Ajuria Eneako hamargarren puntua hartzen zuen bere baitan, indarkeriarekin bukatu ahal izateko ETArekin egin beharreko elkarrizketa ETAk benetan indarkeriarekin bukatzeko asmo sendoa duela egiaztatzean egin zedin. Hori dela-eta, Estatuko botere eskudunen eta ETAren arteko elkarrizketaren hasierari babesa emango diogu. Indarkeria elkarrizketaren bidez bukatzearen alde egiten dugunean, halako gatazkak elkarrizketa eta adostasun fase bat izanda bukatzen diren esperientzia historikoarekin egiten dugu. Euskadiko herritarrei baino ez dagokien erabakitzeko eskubidea erakunde armatu bati ematea guztiz ezberdina da.

Indarkeriaren bukaera eta gatazka politikoa bereizteko beharra defenditu dugu. Gatazka politikoa egungo egoera juridiko-politikoaren ondorioa da, eta egoera horrek Euskadiko gizartearen parte handi bat ez du gogobetetzen. Guk ikuspuntu horretatik bereizten dugu aipatutako behar hori, eta ez dugu uste gatazka indarkeriak jarraitzearen arrazoia denik. Halaber, bakeak ez duela proiektu eta printzipio jakinei lotuta egon behar azpimarratzen dugu. Izan ere, Euskadiko herritarrek erabakitzen dutenarekiko errespetua ez da erakunde armatu batek ezarri nahi duen zainketarekin eta murriztapenekin bateragarria. Alderdi politikoek eta herriaren ordezkari diren erakundeak dira prozesuaren izaera demokratikoa bermatzeko arduradun bakarrak. Ondorioz, inposaketarik gabeko negoziazio erabakitzailea izango da, aniztasunarekiko errespetuaren aldetik, berdintasun proiektu guztiak betetzeko baldintza berean ipiniaz, eta azken hitza esateko aukera herritarrei emanaz.

Atzo Euskadiko alderdi politikoek eta Euskadiko herritarrek bere etorkizun politikoari buruz askatasunez eta demokratikoki erabakitzen dutena errespetatzeko adierazi zuen borondatea itxaropenez hartu dugu. Beraz, leialtasunezko eta dogmatismorik gabeko egoera batean, askatasunez erabakitzeko eta Euskadiko herritarren borondatea errespetatu ahal izateko ituna lortzeko borondatea duela adierazi nahi du Eusko Alderdi Jeltzaleak, herrialde honetako sentsibilitate politiko guztiek onartzeko moduko itun bat, hain zuzen ere.

Demokraziaren arauen onarpenean oinarritutako hitzarmena eta akordioa. Egungo erakundeei errespetua adieraztea eta horiek aldatzeko benetako aukera egotea. Izan ere, horrek giza eskubideak errespetatzen dituzten eta ildo demokratikoek defendatzen dituzten ideia eta proiektu politiko guztiak onartzea da. Azken finean, askatasuna eta giza eskubideak errespetatzen dituen edozein proiektu defendatu ahal izatea, baita egi bihurtzea ere, betiere beharrezkoa den gizarteko babesa badu, eta prozedura demokratikoak erabiltzen baditu. Hori posible izateko, ordenamendu juridikoko aukerak erabil ditzatela eskatzen dugu, zabalik dauden birtualtasun guztiak erabiltzeko borondatez, eta biderik ez ixteko bokazioz.

Gainera, guk ere Euskadiko indar politikoen akordioa integratzailea izan behar dela uste dugu. Euskadiko herritarren nahi demokratikoarekiko errespetua topagune gisa hautematea nahi dugu. Eta guztiek partekatutako eskubide gisa sentitzeko eta onartzeko planteatzen dugu. Herritarren nahia errespetatzeak, nortasunaren sentimenduak errespetatzea ere esan nahi du eta horretarako hitzarmenaren eta konpromisoaren eskeman sartzen saiatu behar gara. Gure herriaren integrazioa eta kohesio soziala kaltetu gabe Euskadiko gatazka historiko-politikoa konpondu nahi dugunentzat erronka da.

Hori dela-eta, herritarren nahien ordezkarien arteko elkarrizketa hasi beharra dagoela uste dugu oinarri sozial zabala duen akordio politikoa lortu ahal izateko. Inork ez du nahi gizartean eragina duten erabaki garrantzitsuetatik baztertua izatea eta ez du baztertua izan behar. Beraz, irtenbide integratzaileak behar ditugu, zentraltasunetik eta adostasunetik artikulatutakoak.

EAJk hilabeteak eman ditu beste alderdi politiko batzuekin alderdi anitzeko foro batentzako lanak prestatzen. Bereziki, gaur lan hauek ongi bukatzeko aktiboki parte hartuko dugunaren konpromisoa argi uztea nahi dugu. Bestalde, alderdien multzoarekin arrazoizko epe batean Alderdien Mahaiaren egutegiak, prozedurak eta metodologiak zehaztu nahi ditugu, oinarri politiko eta sozial zabala duten akordioak lortu ahal izateko.

Sabin Etxea, 2006ko ekainaren 30a

PARTEKATU