ABERRI BATZARRA<br>
Adierazpena
27Maiatza
2006
27 |
Hainbat agiri

ABERRI BATZARRA
Adierazpena

ABERRI BATZARRA<br>
Adierazpena
Maiatza 27 | 2006 |
Hainbat agiri

Aberri Batzarreko Ordezkariek Montenegron azken aldian gertatutakoak ikusita, bidezkoa dela pentsatzen dugu Aberri-Batzarrak maiatzaren 26an egingo duen batzarrean, honako ebazpen hau aintzat hartzea eta baldin bada onartzea:
Berlingo Harresiaren erorketaren ondoren eta Ekialdeko Europan ordura arte nagusi ziren erregimenen hondatzearen ondoren, Europako mapa geopolitikoak aldaketa nabaria izan du azken 15 urteotan.

Europar Batasunak, Europar Lankidetza Politikaren eremuan, ondorengoa zehaztu zuen bere “Ekialdeko Europa eta Sobiet Batasuneko Estatu berrien aitortzari buruzko Arau Ildoen” Hitzarmenean: “Batasunak eta bere Estatu kideek, Helsinki eta Parisko Gutunaren Azken Ebazpenen printzipioekin bat etortzen direla berresten dute, bereziki, autodeterminazio printzipioarekin” (Brusela, 1991ko abenduaren 16a).

Sobiet Batasuneko Errepublika ohi gehienak bereizi egin ziren Estatu subirano bihurtuz, Alemania bateratu egin zen eta Estatu bakarra osatu zuen, Txekia eta Eslovakia bereizi egin ziren eta bi Estatu independente bihurtu. Estatu hauek gehienak eskubide osoz lekukotu dira Europar Batasunean eta gainontzekoak integrazio bidean daude. Azkenik, Jugoslavia ohitzat ezagutzen genuena, guztiz desegin zen, eta Europar Batasunaren babes eta bitartekaritza lagun, Montenegro izan da autodeterminazio eskubidearen egikaritzan oinarrituta independentzia eskuratu duen azken errepublika.

Aurrekari hauekin guztiekin, EAJ-PNVren Aberri Batzarrak:

1. Poza adierazten du, beste behin, autodeterminazio eskubidea aitortu eta praktikan jarri delako Europar esparruan.

2. Autodeterminazio eskubidea, alderdikeri aldarrikapenez gaindi, Herri orori dagokion eskubidea dela egiaztatzen du. Eta gogora ekarri eta bere egin nahi du 1989ko Aberri Eguneko EAJren agiria, zeinetan europarzale eta Euzkadiren burujabetzaren alde lanean diharduen Alderdi gisa egiten duen agiria, gaurkotasun osokoa dena. Autodeterminazio eskubidea ez da negoziagarri eta berau ukatzeak, Herrien existentzia beraren ukapena dakar orokorrean, eta, bereziki, Euskal Herriarena.

3. Izaera politikoa duten gatazkak konpontzeko, Determinazio Askearen eskubidea eta bere egikaritza, tresna baliagarri, demokratiko eta baketsu dela berresten du. Hau da euskal gatazkaren kasua, foruen deuseztapenetan jatorria duena. Egun, bistan da, Europa mailan, gatazka politikoak Herriari hitza eskainiz konpon daitezkeela.

4. Euskal Herriari bere determinazio askearen eskubidea aitor diezaiotela exijitzen du, Nazio Batuen Gutunak eta NBEren Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenak bere 1.go artikuluan jasotzen dutenaren arabera: “Herri orok determinazio askearen eskubidea du. Eskubide horren ahalmenez, Herriek beren baldintza politikoak ezartzen dituzte eta, era berean, beren garapen ekonomiko, sozial eta kulturaletaz hornitzen dira”.

5. Eusko Legebiltzarrak 1990ko otsailaren 15ean Autodeterminazio Eskubidea aldarrikatu zuela gogoratzen du eta berretsi egiten du bere konpromisoa, eskubide hau gauza dadin "gure herriko hiru esparru juridiko-politikoetako herritarrak euren etorkizuna erabakitzeko kontsultatuak izan daitezen" 2004ko abenduaren 30ean Eusko Legebiltzarrean onartu zen Estatutu Politiko Berriaren Proposamenak dioenaren arabera.

6. EAJren Aberri Batzarrak berretsi egiten ditu, behin gehiagotan ,Euzkadi Buru Batzarrak urriaren 10ean onartu eta Batzar honen aurrean adierazitako printzipioak eta konpromisoak bakegintzarako eta askatasunez gure herriaren eraikitzeko. Gure Herriaren normalizazio politikoak, halabeharrez, Euskal Herriaren aitortza, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aitortza, eta, eskubide horren egikaritza adostean duela bere funtsa berresten du.

PARTEKATU