Iritzia
30Apirila
2006
30 |
Iritzia

Badator berriro trena

Iritzia
Apirila 30 | 2006 |
Iritzia

Joxe Joan Gonzalez de Txabarri

Iritzia

Berria eta El Diario Vasco


Egon ote daiteke gizonik, adimenik, hain begi-laburra denik Euskal Herrian burdinbidearen beharra, egokitasuna, erabilgarritasuna auzitan jartzera ausartzeraino? (...) Badakit iritziak aurrez aurre izan direla (...) eta oraindik erresistentzia pasiboa, aktiboa ez bada, aurkitzen ahal dugu (...) Argudio zaharrak dira, maltzurkeria hagitz entzunak (...) Mende bete dela, errepideak zabaldu beharrak astindu zuen herria goitik behera (...) Erresistentzia jarraikia izan zen, eta gaur egungo armen antzekoetan oinarritua. Iragarpen goibelak eman ziren, errepideak zabaltzez gerotan, eta status quo-aren profetek amaigabeko zoritxarra iragarri ziguten (...) Zertan gelditu ote dira sofisma eta beldur haiek, orain badakigunean zer zen eta zer den orain probintzia hauetako aberastasuna?» (1857)
Halaxe mintzatu zen Antonio Agirrezabal, Bergarako Erret Mintegiko katedraduna, Norteko burdinbideak (1864an zabaldu zen) Gipuzkoan barrena sartzeko egin behar ziren lanak hasi bezperan. Gure herriko burdinbide ardatz nagusia egin zenetik mende eta erdi joana da; orduko hartan, lan horrek ezbaia eta zalaparta franko sortu zuen gipuzkoar herrietan.

Joan den astelehenean Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko Administrazioak euskal Y-a eraikitzeko izenpetu dituzten hitzarmenetan, Euskadiren trenbide garraioan aro berri bat zabaltzeko oinarriak ipini dira. Albiste bikaina da, hemendik aurrera euskal herritarrok garraio sistema publikoa, soziala, garraio anitzekoa eta iraunkorra izango baitugu, eta gainera, lehiatzailea. Euskal Y-a herri proiektu estrategikoa da, garapen iraunkorraren ereduaren ikur, europar parametroetan.

Garraio eredu horren alde onak sobera nabarmendu izan dira. Euskal Y-k gure bizi kalitatea hobetuko du, joan-etorriak errazagoak izango dira, azkarragoak eta erosoagoak. Garraio ohitura berriak sortuko ditu, eta aukera berriak zabalduko dizkigu harremanetarako, lanerako, bizi izateko, aisialdirako... Horrez gain, Gipuzkoako ekonomiaren eta enpresen lehiagarritasunaren aldeko faktorea da. Eta gainera, garraio publikoaren aldeko ikuspegiaz, ingurunea eta ingurumena errespetatuz. Euskal Y-ri esker, gainezka diren euskal errepideetatik kamioi samalda aterako da, erregaiaren erabilera murriztu egingo da, baita gas kutsatzaileen aireratzea ere.

Euskal Y-k iraganaren eta etorkizunaren arteko muga ezarriko du. XIX. mende amaieran Norteko burdinbidearekin gertatu zen bezala, euskal Y-a lurraldearen bizkar hezur bilakatuko da, eta Irungo, Astigarraga-Donostiako, Ezkio-Itsasoko eta Bergara-Arrasateko guneak garapen sozio-ekonomikoaren ardatz berrituak izango dira. Lurraldearen, biztanleriaren eta jardueraren antolamenduan aldakuntza sakonak eragingo ditu, lurralde antolakuntzako irizpideak eguneratu eta birdefinitu behar izateraino. Gipuzkoar gizartea, beraz, eginkizun berri, akuilagarri eta itxaropentsu baten aurrean dago; aukera izugarriak zabalduko zaizkigu, eta ongi kudeatzen asmatu beharra daukagu, Gipuzkoa hiriaren proiektua sustatzen duten irizpideen arabera (lurralde oreka, gizarte baterakuntza, iraunkortasuna eta berrikuntza), eta Euskal hiriaren barnean.

Trazaketa osoaren inbertsioa lau mila milioi eurokoa izango da, gipuzkoar zatian bi mila milioikoa; horra hor inbertsio publikoa, Euskal Herriaren garapenaren motor nagusia. Izan ere, inbertsio publikoak jarduera eta aberastasuna dakar, ezinbesteko oinarria gizarte zuzen eta elkartasunezkoak behar dituen politika sozialak finantzatzeko baliabideak eskuratu nahi baditugu.

Euskal Y -a Euskal Herriaren ardatz egituratzaile nagusietako bat izango da. Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko lehen lotura osatu beharra dago, lehenbailehen, Iruñerako loturaz, eta Bordele eta Hendaia bitarteko zatiaz. Urte gutxiren buruan, beraz, euskal lurralde eta hiriburuen arteko batasuna beste era batean ikusiko dugu. Etxe barrurako ikuspegi honez gain, dena dela, euskal Y-a Euskal Herriak kanpora izango duen leihoa izango da; Atlantikoko nahiz Mediterranioko ardatzetan txertatzeko aukera emango digu, penintsularekin nahiz kontinentearekin lotura zuzena, eta Espainiako trenbide sare zaharkitu eta endogamikoa, behingoz gainditzeko aukera.

Euskadi europar sareari lotzeko hautuak adierazten du euskal abertzaletasun instituzionalak aldezten duen eraikuntza nazional eta sozialerako eredua. Printzipio sakonetan errotutako eredua da; erretorika hutsala gaindituz, politika aktibo eta zehatzak garatu nahi ditugu, Euskadi gizarte zuzen, elkartasunezko eta berritzailea izan dadin, pertsonenengana bildua, eta gizarteaz, ekonomiaz edo ingurumenaz Europako herrialde aurreratuenen kide. Euskal Y-az, Euskadigo eta Europago izango gara.

Batera jokatzeko garaia da. Iritzi guztiak dira, noski, zilegizko, eta oposizioak errespetu guztia merezi du. Alabaina, zilegizkoa izango da, baita ere, koherentzia apur bat eskatzea errebindikazioen eta praktikaren artean; jarrera estetiko hutsak gainditzea eta oposizio antzua ez egitea. On litzateke iragan hurbiletik ikastea (A-15 autobideaz ari naiz). Lastertasun handiko trena ez da deabruaren makina suntsitzaile bat, ondorio sozial, ekonomiko edo ekologiko hilgarriak sortuko dituena. Burdinbide misto bat besterik ez da bidaiariak eta salgaiak bide beretik ibiltzeko aukera ematea, horra hor bere baliorik handienetakoa, ezaugarri bikainekoa, nazioarteko zabalerakoa eta bi bidekoa, egungo sarearen osagarri. Gezur eta demagogia hutsa da ustezko dikotomiatzat aurkeztea, aurkakoak balira bezala, alde batetik balizko gizarte interesaren eta ekologiaren babesaren jabe omen diren plataformak; eta bestetik, auskalo zer interes ekonomiko ezkuturen mende ei diren erakundeak. Euskal herri erakundeek argi eta garbi erakutsi izan dute iraunkortasunaren aldeko ikuspegia bere egiten dutela. Adibide soil batzuk aipatzearren, hor dira Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu dituen neurriak AP-1 autobidea eraikitzerakoan, Urumeako autobia egiterakoan, edota aste honetan bertan aurkeztu den Endarlatsako errepidearen trazaketan. Euskal Y-ri gagozkiola, Gipuzkoan barrena egingo duen bidea bera da frogarik begi bistakoena: bidearen % 66 tuneletan eta % 9,5 zubi-bideetan egingo du. Paris eta Milan artean, Frankfurt eta Munich artean posible den hori, zergatik da ezinezko Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñea artean? Zeren izenean egin behar ote dio uko Euskadik garraio sistema publiko, sozial, garraio anitzeko eta iraunkorrari?

Denok tren berean igotzeko garaia da. Erakundeen arteko elkarlana indartu eta maila guztietara hedatzeko garaia heldu da; gizarte zibilaren eta herri erakundeen arteko adostasuna sendotzeko garaia heldu da, euskal Y-ren onura guztiak gauzatu daitezen 2010erako. Erakundeen arteko lankidetza eta gizarte adostasuna, hara hor proiektu estrategikoak lantzeko eredu sendoa.

Orain mende eta erdi, gure aurrekoek jakin izan zuten, aztura zaharrak astinduta eta «status quo-aren profetei» jaramonik egin gabe, trenera igotzen. Gaur, 150 urte geroago, antzeko bidegurutzean gaude: badator berriro trena. Haien adibidea, haien etorkizuneko ikusmena, historiaren lezio paregabea da, gaur, atzo bezala, trenera igotzea «oso garrantzizkoa» baita, gure «aurrerapena» eta «etorkizuna» jokoan baititugu.

PARTEKATU