Iñigo Urkullu
28Apirila
2006
28 |
Hainbat agiri

IÑIGO URKULLU
Lurzoruaren Legeari buruzko EAJren jarrera

Iñigo Urkullu
Apirila 28 | 2006 |
Hainbat agiri

Postura de EAJ-PNV respecto a las propuestas que se están trabajando en la ponencia sobre la Ley del Suelo.
1.- Legebiltzarrean bideratzen ari den Lurzoruari buruzko Legearen proiektuarekin ados dago EAJ-PNV. EAJ-PNVk uste du proiektu ona dela.

2.- Legebiltzarreko taldeak Legeak etxebizitza babestuentzat gordeko duen portzentajearen (73. art.) inguruko proposamen desberdinak eztabaidatzen ari direnez, EAJ-PNVk uste du bere ikuspegia aztertu beharra dagoela eta, horrenbestez, eztabaidara ekarri nahi izan du txostenaren izapideetako ekarpen gisa, Jatorrizko Lege Proiektuari eragiten dionean PSE eta Aralarrekin lortutako hasierako akordioak eta gero.

________________________________________

Gaiak lasaitasunez lantzeko besteko garrantzia dauka. Sakontasun nahikoa dauka eztabaida politikotik kanpo geratzeko, eta lehenengo etxebizitza eskuratzeko prozesu normalizatua bermatuko duen formularik onenaren inguruan erabaki zintzo bat bilatzeko deia egiten du; izan ere, gai hori da euskal gizarteak egindako azterketa soziologiko guztietan adierazten duen kezka handia eta nagusia.

Lurzoruaren Legeari buruzko eztabaidak Euskadin etxebizitzari dagokionez daukagun arazo larriari irtenbidea bilatzeko eskaintzen digun aukeraren inguruko eztabaida serioa egitea proposatzen dugu. Uste dugu aukera aparta dela eta ezin diogula ihes egiten utzi jeloskortasunak edo ideia alderdikoiek bultzatuta eta, are gutxiago, demagogiaz eta hipokresiaz. Gizartea bere arazoei irtenbidea bilatzeko eskatzen ari zaigu eta uste dugu egoerak eskatzen duen mailan egon behar dugula.

Gure ikuspuntua:

LEHENENGO ETXEBIZITZA ESKURATZEA DA EUSKALDUNEN LEHEN ARAZOA

Paradoxa ematen duen arren, gero eta etxebizitza gehiago eraikitzen dira (gure hiriburu eta herrien kanpoaldeei so egitea besterik ez dago) eta aldi berean pertsona gehienek ezin dute lehenengo etxebizitza bat eskuratu.

Ezin dugu gero eta urriagoa den lurzorua etengabe kolonizatzeko dinamikarekin jarraitu eta biztanle gehienak lehenengo etxebizitza lortu ezinik eduki. Egun, eraikiko diren etxe berriak lehenengo etxebizitzarik ez duten pertsonentzat gordetzea izan behar da konponbidea.

Etxebizitzaren arazoari eman dakiokeen benetako konponbide bakarra eraikin berririk gehienak oraindik lehenengo etxebizitzarik ez duten pertsonentzat gordetzea dela uste dugu. Guk %80 izatea proposatzen dugu.

EAJren PROPOSAMENAK eraikiko diren etxebizitza berrien %80 etxebizitzarik ez dutenentzat gordetzea planteatzen du, etxebizitza horiek erosleen ohiko bizileku izan daitezen.

%80 horren barruan, gutxienez %20 alokairu sozial publikorako gordeko da beti, nahitaez. Gainerako %60a egungo babes ofizialeko etxebizitzen (gutxienez 78.000 euro -13 milioi pezeta- inguru) eta tasatuen (210.000 euro - 35 milioi pezeta- gehienez ere) artean banatuko da.

Hau da, alokairu sozialari dagokionez, babes ofizialeko etxebizitzen promozio guztietan nahitaez gordeko den %20az gain, gainontzeko %60aren barruan portzentaje bat –erabaki beharrekoa- erreserbatuko da salgai dauden babes ofizialeko etxebizitzentzat. Gainerakoak tasatuak izango dira.

Beraz:
%20 alokairu sozial publikoko BOEentzat
%60 egungo BOEn (erabaki beharreko %) eta tasatuen artean. Prezioak: 78.000 eta 210.00 euro bitartean (13 milioi eta 35 milioi bitartean.)
%20 libreak

Formula hau lurzoru-mota guztiei aplikatuko zaie. Hiri-lurzorua eta urbanizagarria.
________________________________________
OHARRAK

Lotsagarria da proposamena mahai gainean daudenak baino “liberalizatzaileagoa” dela esan izana, objektibotasunez, hori ez baita egia.

Objektibotasunez begiratuta, planteamendu honek eraikin berri guztien artean %80 nahitaez etxebizitzarik ez dutenentzat izatea bermatzen du. Horren barruan, orain arteko proposamenak baino % nabarmen handiagoa gordetzen du diru-sarrera txikienak dituztenentzat.

Mahai gainean dauden formulak indarrean dagoen “Maturana Legea” deritzanaren ildo beretik doaz eta begi-bistakoa da garai batean iraultzailetzat hartu zenak ez diola irtenbiderik eman etxebizitzaren arazoari.

Proposatutako formularekin hurrengoa lortzen da:

- Erosleen ohiko etxebizitzarako (1. etxebizitza) nahitaez izatean, lurzoru berriaren –etxebizitza berriak- okupazioak funtzio soziala beteko duela ziurtatzen da (ondasun ekonomiko hutsa izatetik gizarte-ondasuna izatera pasatzen da).

Benetako adibidea: 800 etxebizitzako (lau bloke) promozio berri batetik, 640 erroldatuta egon arren etxebizitzarik ez dutenentzat izango dira.

Horietatik,
160 alokairu sozialekoak izango dira
480k 78.000 eta 211.000 euro bitartean (13 eta 35 milioi pezeta bitartean) balioko dute diru-sarreren arabera
160 libreak izango dira.

- Erreserbatzeko derrigortasuna eraikin berri guztiei aplikatuko zaie, eta gaur egun babes ofizialeko etxebizitzen portzentajeak saihesteko lurzoru urbanizagarriaren eta hiri-lurren artean dauden tranpak eragotziko dira, horixe baita egungo formulen nahikotasun-faltaren arrazoia.

- Alokairu sozial publikoan bermatutako proportzioak gazteen emantzipazioa, biztanleen lanaren araberako mugigarritasuna eta etxebizitza behar duten pertsonen txandaketa ahalbidetuko ditu, eta EBk alokatzeko etxebizitza publiko sare handia finkatzeko ematen dituen gomendioak beteko ditu. BOE bat lortzeko gutxieneko diru-sarrerak izatea eskatzen duen egungo baldintza saihestuko du.

- Etxebizitza babestuen eta etxebizitza libreen artean dagoen hutsune handia beteko du, eta gizarteko ia sektore guztiei lehenengo etxebizitza bermatuko die, bai diru-sarrera txikienak dituzten pertsonei eta bai erdi-mailako errentak dituztenei ere.

- Pertsonak 50 urterako hipotekatzea saihestuko du.
- Etxebizitzaren prezioa zehazteak lurzoruaren benetako prezioa kontrolatzea ekarriko du berarekin eta espekulazioa eragotziko du.

- Etxebizitza babestu multzoek etxebizitza libreen merkatura ekarriko duten lehiak etxebizitza erabilien eta etxebizitza berri libreen prezioak arrazionalizatu eta jaitsaraziko ditu. Era berean, errentagarritasun-itxaropenak txikitzean, etxebizitza hutsak merkaturatuko dira.

- Ez da hornidura-guneak, ekipamendu publikoari dagozkionak, BOEk eraikitzeko erabili beharrik egongo, etxebizitza babestuak etxebizitzak egiteko guneetan eraikiko dira eta. Hornidura-guneak erreserbatu ziren helbururako erabili ahal izango dira, hau da, biztanleentzako jolas- eta aisialdi-guneak egiteko; horrek gure hiri-inguruetan bizi-kalitatea hobetuko du.

- Etxebizitza berri libre kopurua nabarmen mugatzean, etxebizitza berriak inbertitzeko lekurik gogokoen bihurtzen dituen dinamika apurtuko da.

- Sistemaren jasangarritasuna bermatuko da, lurzoru berriak bigarren etxebizitzetarako erabiltzea saihestuko da, etxe huts kopurua txikituko da eta Euskadin oraindik erabilgarri dagoen lurzoru apurraren zati bat hurrengo belaunaldiei uzteko aukera egongo da.
---------------------------------------------------------------------------------------------------------------

KONPARAZIORAKO DATUAK

LEGE-PROIEKTUA

ALOKAIRU SOZIALEKO ETXEBIZITZAK: Ez da bat ere bermatzen.

ETXEBIZITZA BABESTUAK (BOEk eta TASATUAK), 156.000 EURO GEHIENEZ: Eraikiko diren etxebizitza guztien %50 bermatzen du gutxienez.

ETXEBIZITZA LIBREAK: Eraikiko diren etxebizitza guztien %50 gehienez.

Ez da bermatzen pertsona guztiek etxebizitza babestua eskuratzeko aukera izango dutenik, ezta errentarik txikienek etxebizitzaren bat lortuko dutenik ere.

PSErekin TRANSAKZIOA EGITEKO PROPOSAMENA

ALOKAIRU SOZIALEKO ETXEBIZITZAK: Ez da bat ere bermatzen.

ETXEBIZITZA BABESTUAK (BOEk eta TASATUAK), 210.000 EURO GEHIENEZ: Eraikiko diren etxebizitza guztien %52,5 bermatzen du gutxienez.

ETXEBIZITZA LIBREAK: Eraikiko diren etxebizitza guztien %47,5 gehienez.

Ez da bermatzen pertsona guztiek etxebizitza babestua eskuratzeko aukera izango dutenik, ezta errentarik txikienek etxebizitzaren bat lortuko dutenik ere.

EAJ-PNVren PROPOSAMENA

ALOKAIRU SOZIALEKO ETXEBIZITZAK: Eraikiko diren etxebizitza guztien %20 bermatzen da gutxienez.

ETXEBIZITZA BABESTUAK (BOEk eta TASATUAK), 210.000 EURO GEHIENEZ: Eraikiko diren etxebizitza guztien %60 bermatzen da gutxienez.

ETXEBIZITZA LIBREAK: Eraikiko diren etxebizitza guztien %20 gehienez.

Pertsona guztiek etxebizitza babestua eskuratzeko aukera izango dutela bermatzen da, baldintza jakin batzuen arabera.

PARTEKATU