“Adiskidetutako gizartea dugu helburu, biktimenganako oroimena, justizia eta giza eskubideekiko errespetua oinarri direla”.
Aurkibidea
I) FILOSOFIA ETA HELBURUAK:
II) ABIABURUKO LAU PRINTZIPIO:
1. Bizitza eta giza eskubideak errespetatzea
2. Biktimei begirunea erakustea
3. Egindako kalteen ordaina ematea
4. Elkarreekin bizitzea eta adiskidetzea
III) BOST ARDATZ ETA IBILI BEHARREKO BIDE BAT:
1. ardatza: Giza eskubide guztiak defendatzea eta sustatzea.
2. ardatza: Terrorismoaren biktima guztiei elkartasuna erakustea
3. ardatza: Oroimen historikoa berreskuratzea eta frankismo-garaiko biktimei ordaina ematea
4. ardatza: Askatasun nahiz eskubide zibil eta politikoen alde lan egitea
5. ardatza: Torturari aurre hartzea eta atxilo nahiz preso hartutako pertsonen eskubideak errespetatzea
Ibili beharreko bidea: “Bakeari eta bizikidetzari begira heztea. Adiskidetzea”.
I) FILOSOFIA ETA HELBURUAK:
1. Bakea eta bizikidetza sendotzen laguntzeko proiektua Zertarako?!
2. Gizarteari begira konpromisoa hartzeko proiektua Zergatik?!
3. Begirunea erakusteko eta ordaina emateko tresna izan nahi duen proiektua Nola?!
4. Bost ardatz eta ibili beharreko bide bat duen proiektua Egitura!!
I) FILOSOFIA ETA HELBURUAK:
1.- Bakea eta bizikidetza ekartzen laguntzeko proiektua… Zertarako?!
• Filosofia bat
Badakigu Eusko Jaurlaritzaren lanak zer-nolako mugak dituen Bakea eta Bizikidetza guregana ekartzeko prozesua sustatzeko orduan. Bakea behin betiko lortzea ez dago Gobernu baten lanaren esku; edo ez horren esku bakarrik, beste aktore askok ere eragina baitute horretan. Gobernu batek ezin du berak bakarrik bere kabuz bakea ekarri; baina, bai, bakea sendotzeko baldintza egokiak sortaraz ditzake eta elkarrekin egokiro bizitzeko ekimenak susta ditzake. Hauxe da gure filosofia, plan honen abiaburu: “Bakea guregana ekartzen eta gure arteko bizikidetza errotik hobetzen laguntzea, elkarrekin adiskidetzeko ibilbide horren aldeko egoerak eta baldintzak sortarazita”.
• Helburu nagusiak
Helburu nagusiak proiektu honen barruan programatutako jardun guzti-guztietan agertzen dira zeharka, hiru helburu hauek baitira gainerako guztien lokarri eta bilgune:
- Bat- Pertsona guzti-guztien bizitza eta giza eskubideak errespetatzea.
- Bi- Indarkeriaren eta terrorismoaren biktimei egindako kalte guztiak aitortzea, oroitzea eta dagokien ordaina ematea.
- Hiru- Politika aktiboak eta ekimen konkretuak garatzea, Bakegintzan hezi gaitezen, eskubideak eta askatasunak urratzeari aurrea hartu diezaiogun, eta aurrerantzean inoiz berriz horrelakorik gerta ez dadin.
2.- Gizarteari begira konpromisoa hartzeko proiektua… Zergatik?!
• Gobernuaren programa, abiaburu:
Lehendakariak, 2005eko ekainaren 22an, inbestidura-saioan egindako hitzaldian gobernu-programa aurkeztu zuenean, bere konpromisoa iragarri zuen, alegia, «bakearen eta adiskidetzearen aldeko Plan integrala egin eta onartuko zuela, plan horretan, Jaurlaritzak giza eskubideen arloan bete beharko dituen zeregin guztiak aintzat hartuta eta jasota». Konpromiso horri erantzuteko bidean egindako lehendabiziko aurrerapausoa da dokumentu hau.
• Gizartearen eskaria, erreferentzia nagusia
Gure gizartearen ustetan, terrorismoaren indarkeria anakronismoa da, eta ez da bateragarria gure garaiotako gizon-emakumeek duten konpromiso etikoarekin ezta bizitzan dituzten lehentasunekin ere. Orain, ETAk martxoaren 22an egindako adierazpenak bakerako abagunea ekarri du, eta euskal gizarteak konponbideak nahi ditu, eta ekimen argiak eta konkretuak eskatzen dizkigu. Eta horixe da, hain zuzen ere, proiektu honen iparra: aldarrikapen horri modu egokian erantzutea eta euskal gizartearen nahiak egokiro betetzea, giza eskubideak urratu dituen aro hau erabat eta betiko gainditu eta elkarren arteko bizikidetza hobetu dezagun. Gobernu honek bere gain hartu duen konpromisoa zehatz-mehatz eta ebaluatzeko moduan agertu nahi dugu, gizarteak eskatzen baitigu eragile eta eraginkor izan gaitezen bizikidetza eta giza eskubideen aldeko lanean.
• Egungo unea, itxaropen-ingurunea
Euskal politikan bakerako abagunean gara; eta azken aldi honetako historian behintzat ez da inoiz horren aukera argirik izan. Zailtasunak eta kontraesanak daude, egia da; baina elkarrizketa-nahia eta giroa baretzeko gogoa ere hor daude, hazteko gogoz, oraindik hain hauskorra den egoera hasi berri hau sendotu nahian. Gobernuak beti dauka ezinbestean bete beharreko zeregin morala, giza eskubideak defendatu behar baititu beti, eta indarkeria gainditzeko baldintzak sortarazi; orain ere, ETAk etenaldi iraunkorra iragarri duen honetan, egin litekeen ahaleginik handiena egingo dugu, bakea lortzeko dugun abagune honek atzerako bueltarik izan ez dezan.
• Giza eskubideak, elkarrekin egokiro bizitzeko oinarri
Ekidistantzia faltsu horiek alde batera utzita, hemen baliozkoa den erreferentzia-puntu bakarra dago bizikidetza lortzeko lanean: giza eskubide guzti-guztiak errespetatu behar dira, inolako bazterkeriarik gabe; horixe da guztiok izan beharreko ipar-orratza. Giza eskubideak defendatzea eta errespetatzea; horixe da gure arteko bizikidetza eta elkarrekiko bizimodua antolatzeko bizkarrezurra; horixe da gizarte zuzena, bidezkoa eta solidarioa bermatzeko bidea.
3.- Begirunea erakusteko eta ordaina emateko tresna izan nahi duen proiektua… Nola?!
Guzti-guztiok dugu bakegintzan bete beharreko zereginen bat; gutariko bakoitzak berea. Eusko Jaurlaritzak erabilgarri dituen bitarteko guztiak jarriko ditu lanean, elkarrekiko bizimodua hoberantz aldatu, eta bizikidetzarako aro berria has dadin. Nola? Bi eratara: batetik, bizitzeko eskubidea aldarrikatuta, bizitzak baitu lehentasuna gainerako gauza guztien gainetik. Bestetik, biktimei lagunduta eta begirunea erakutsita. Biktimaren ikuspegia gureganatu behar dugu. Horretarako, ekimen konkretuak burututa, gure gizartean irekita dauden zauri guztiak zaindu eta leundu behar ditugu, eta eskura ditugun bitarteko guztiak erabili, horrelako sufrimendurik gurean berriro gerta ez dadin.
• Bizitzeko eskubideak du funtsezko lehentasuna
Nahi genuke proiektu hau lagungarri izatea guztiok aitor eta ikus dezagun giza eskubideak urratu izanak eta indarkeriak zer-nolako sufrimendua ekarri duten. Horretarako, zenbaitetan erraza ez izan arren, batetik, barru-barrutik aitortu behar dugu pertsona askok sufritu dutela alferrik; dudarik gabe, lehentasunik behinena bizitzeko eskubidea defendatzea da, hori kenduta gainerako eskubideek ez baitute zentzurik; eta, bestetik, indarkeriaren mehatxua eta eskubideen eta askatasunen urraketa zuzenean jasan duten pertsonei lagundu behar diegu.
• Biktimez oroitzea; aurrera egin ahal izateko ezinbesteko bidea
Bizikidetza, elkarrekin bizitzeko modua hobetu nahi duen gizarteak giro egokia behar du, bakea, askatasuna, justizia eta giza eskubideen errespetua oinarri direla. Baina, horrez gainera, hobekuntza hori benetan sendoa izan dadin, eta iraganeko akatsak berriz gerta ez daitezen, biktimenganako oroimena izan behar da beti argi buruan. Ez dugu etorkizuna ahanzturaren gainean eraiki nahi; biktimen aldeko oroimena eta duintasuna zaindu nahi ditugu, beren sufrimenduaren omenez, etorkizunerako ikasbide, zauriak berriz ireki ez daitezen eta elkarrekin gero eta hobeto bizitzen ikas dezagun.
• Biktimen oinazea aitortzea, elkar ulertzeko bidea
Gizakiaren errukia kanporatzeko oinarrizko jarduna da, politikatik at, inoren sufrimendua aitortzea, min hori norberarengan sentitzea. Bakoitzak hurbilen duenaren mina sentitzen du barnerago; bakoitzak kide duenaren samina jasaten du mingarriago; hori ulergarria da. Baina bakegintzan denok egin behar dugu ahalegina, batez ere, Gobernuan eta politikagintzan dihardugunok, ez sentimendu hori aldarazten, baizik eta gure gizartea osatzen duten giza sufrimendu anitz horiek aitortzen eta gureganatzen, oinaze horiek arindu, leundu eta konpon ditzagun, ahal dugun neurrian behintzat.
• Era askotako sufrimenduak daude; egiaztapen objektiboa
Proiektu honetan behin baino gehiagotan nabarmendu dugu «guztiak» hitza: sufrimendu guztiak, biktima guztiak, zauri guztiak… Erabat jakitun gaude eta ondotxo dakigu oso-oso gai delikatuaz ari garela. Gure gizartean zauri asko daude sendatu gabe, oraindik zabalik. Hori horrela dela onartu gabe ezin izango genioke prozesu honi behar bezala eta modu egokian heldu.
ETAren terrorismoak utzitako zauriak sufritu ditugu, izugarriak, zauri egin berriak, atzera bueltarik ez duten zauriak. ETAk 800 pertsona baino gehiago hil ditu 40 urtetik gorako historia luze horretan. Beste askok bahiketa jasan behar izan dute, edo beren senitartekoak ikusi behar izan dituzte zaurituta edo elbarri. Enpresari ugarik jasan dute estortsioa eta txantajea. Azken urteotan, milaka pertsonak bizi behar izan dute mehatxupean. Horrek utzitako aztarna fisikoak, arrasto emozionalak eta ondorio ekonomikoak ezin dira kalkulatu ere egin. Guztiek dute erraietan gordeta samin izugarria eta bidegabea. Biktima guztiek jasan behar izan dute, gainera, erantsitako beste sufrimendu bat, askotan sentitu dutelako gizartea urrun zeukatela, eta instituzioen aldetik ere aitormenik ez zeukatela.
Horrez gain, ez dugu inoiz ahaztu behar ETAk Euskal Herriaren izenean jardun duela, eta bere helburu bakarra gizarte honen bizikidetza eta elkarbizitza higatzea eta urratzea izan dela beti. Beraz, ETAren terrorismoak ekarri duen sufrimendua aitortzeko orduan izandako hutsunea betetzea, horixe izango da Gobernu honen lehentasun nagusia.
Azken lau hamarkada hauetan, 350 pertsona inguru hil dituzte polizien ekintzek edo talde terroristek, besteak beste, GALek, eskuineko taldeek edo ezezagunek. Tortura-kasuak daude epai judizial irmoz egiaztatuta, eta beste tortura-kasu batzuk ere bai, giza eskubideen aldeko talde eta nazioarteko erakunde ospetsuek salatuta.
Euskal presoak sakabanatu eta urruntzeko estrategia darabilen espetxe-politikak ere sufrimendua eransten die presoen familiarteko eta lagunei. Aldi berean, gure gizarteko herritar-multzo zabal batek eskubide zibil eta politikorik oinarrizkoenak urratuta dituela ikusten du bere burua, oinarrizko askatasunik gabe utzi dutelako.
Baina, euskal gizarteak aspaldiko zauri bat ere badu oraindik irekita; ez oraintsukoa, baina gaur egunean ere min ematen jarraitzen duena. Frankismoak utzitako biktimez ari gara. Harrezkero, 70 urtetik gora igaro dira kolpe militarra izan zenetik, eta oraindik ez zaie jendaurrean eta duintasunez ordaindu, behar bezalako aitormen sozial, politiko eta materiala erakutsita, bidegabekeria haren ondorioak jasan zituztenei. Garai hartako oroimen historikoa eta egia ere ezin izan dira oraindik erabat berreskuratu. Bidegabeko gerra haren ondoren “garaituta” bizi behar izan zutenak ahaztuta egon direla erakusteko, nahikoa da datu hauek gogoratzea: gutxi gorabehera 30.000 gorpu daude bide-bazterretan edo hilerrien atzeko aldean lurperatuta Estatu osoan, 30.000 pertsona baino gehiago fusilatu baitzituzten (hori, gerra ondoren bakarrik); euskal lurrean 3.000 pertsona inguru fusilatu zituzten. Sufrimendu hori urrutikoa eta aspaldikoa da itxuraz, baina orduko lekukoak eta biktimak oso hurbil ditugu; haietako asko oraindik bizirik daude, eta denbora luze horretan ezkutuan eta isilean eraman behar izan dute mina. Sufrimendu horrek merezi du eta behar du oraindik ere bere ordaina.
• Biktimen aldeko aitormena eta ordaina, gure konpromiso politikoa
Bake-bidetik doan gizarte batek ezin du aurrera egin terrorismoaren biktimei dagokien lekua eman gabe, eta indarkeriak utzitako zauri guztiei eta giza eskubideen urraketa guztiei kasu egin gabe. Bake-bidean aurrera doan gizarte horretara iristeko, eta proiektu honen abiaburu diren helburuak betetzeko, Gobernuak, bere asmoei tinko eutsita, ekimen-multzoa jarri nahi du martxan, gure gizartean oraindik sendatu gabe dauden sufrimendu guzti-guztiak osatzeko, erabat eta oso-osorik.
4.- Bost ardatz eta ibili beharreko bide bat duen proiektua. Egitura!!
• Bost jarduera-ardatz dituen Plana
Lanerako plan honetan bost ardatzen inguruan jardungo dugu, bertan ezarritako filosofia eta helburuak betetzeko: (1) giza eskubide guztiak defendatzea eta sustatzea, (2) terrorismoaren biktima guztiei elkartasuna adieraztea, (3) oroimen historikoa berreskuratzea eta frankismo-garaiko biktimei ordaina ematea, (4) askatasunak eta eskubide zibil eta politikoak defendatzea, (5) torturari aurre hartzea eta atxilo nahiz preso hartutako pertsonen eskubideak errespetatzea. Ardatz horietako bakoitzean ekimen-kopuru handia planteatu da, jardun horien bitartez sufrimendua aitortu eta leuntzeko, eta etorkizunean giza eskubiderik berriz ez urratzeko. Zenbaitetan, jardun horien bitartez, arazoaren iturri den hori konpondu nahi izango dugu zuzenean; beste batzuetan, berriz, nahiago izango dugu hezkuntzan edo gizartearen sentsibilizazioan lan egin, edo bakearen kultura eta giza eskubideen aldeko errespetua zabaldu; edo balio zibikoak eta ezberdintasunarenganako tolerantzia sustatu.
• Ibili beharreko bide bat duen proiektua
Beharrezkoa da bakearen alde lan egitea, nahitaezkoa da biktimen mina eta samina aitortzea, ezinbestekoa da giza eskubide guztien alde lan egitea; baina, hala ere, indarkeriarik gabeko gizartea, ez da, besterik gabe eta berez, adiskidetu den gizartea. Euskal gizarteak zorra kitatu behar du biktimekin, hitzordua jarria du bakearekin, eta ibili beharreko ibilbidea du aurretik: bizikidetzara iristeko bidea ibili behar dugu, elkar errespetatuta, tolerantziaz eta adiskidetasuna helburu dugula. Lehen urratsak egin behar ditugu bide horretan, betiere, herritarrak bakegintzarako hezten, horixe baita funtsezko tresna, eta eraginkorrena.
• Proiektu irekia eta dinamikoa
Behin helburuak zehaztuta, ez dugu dokumentu itxia planteatu nahi, hasieratik bere horretan finkatuta egonez gero, agortuta egongo bailitzateke sorburutik. Azken batean, lan-tresna lagungarria eskaini nahi dugu, giza eskubideak defendatzeko arloan Gobernuaren sail guztietan berdintsu jokatzeko eta batera lan egiteko ildoak eta ardatzak argi egon daitezen. Lanerako plangintza irekia da, beraz; eta legegintzaldia aurrera joan ahala gauzatzen eta eguneratzen joan beharko dugu ezinbestean, ikuspegi kuantitatibo nahiz kualitatiboak aintzat hartuta. Ildo horretatik, beraz, bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiteko tresna aktiboa eta dinamikoa da plan hau.
Badakigu jakin, bai, zailtasun eta eragozpen ugari izango dugula, proiektu honetan sufrimenduak denak batera aztertu nahi direlako, hau da, indarkeria erabilita eta banakako nahiz taldekako giza eskubideak urratuta gure gizartean bidegabe eta modu izugarrian eragin diren sufrimendu guztiak osotasunean aztertu nahi direlako. Guztiok egin beharko dugu ahalegina, eskuzabal eta enpatiaz joka dezagun.
Guk, arduradun politikook ere, milaka eta milaka herritar ezezagunek beren eguneroko bizimoduan erakusten diguten ereduari jarraitu beharko genioke, bakoitzaren ezberdintasunak onartuta eta errespetatuta, guztiak elkarrekin egokiro bizitzeko gai baitira. Eusko Jaurlaritzak gonbita egin nahi die Legebiltzarreko talde guztiei, indar politikoei eta gizarte-eragileei, bakea ekartzeko eta bizikidetza hobetzeko ahalegin honetan guztiok batera lan egin dezagun. Bide beretik, esan behar dugu aurkeztutako proiektu honek proposamen irekia izan nahi duela, eta, elkarrizketaren eta adostasunaren bitartez, proiektua eztabaidatzeko eta gauzatzeko lanetan etor daitezkeen ekarpenak jasotzeko borondatea era baduela.
Horretarako, Gobernuak urtero horri buruzko txostena aurkezteko konpromisoa hartu du, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordean lan-plangintza noraino garatu eta bete den jakinarazteko, eta Legebiltzarreko talde guztien ekarpenak jaso ahal izateko.
II) ABIABURUKO LAU PRINTZIPIO:
1. Bizitza eta giza eskubideak errespetatzea
2. Biktimei begirunea erakustea
3. Egindako kalteen ordaina ematea
4. Elkarrekin bizitzea eta adiskidetzea
II) ABIABURUKO LAU PRINTZIPIO:
Historia astuna eraman dugu politikagintzan, elkar ulertu gabe, elkarrekin haserre eta elkarren aurka, eta, beharbada, oraindik aldean daramagun zama horrek, modu objektiboan begiratuta, zailtasunak dakarzkigu bai bakearen eta bizikidetzaren aldeko proiektua sustatzeko eta aurrera eramateko orduan, bai eta adostasun politikoa eta soziala lortzerakoan ere. Hala eta guztiz ere, saiatu bai, saiatuko gara behintzat. Horretarako, guztion adostasunaz, lanerako oinarri sendoak finkatzea, horixe da eman beharreko lehendabiziko urratsa. Ildo horri jarraituta, erabat ziur gaude, alderdien arteko ika-mikak alde batera utzita, bat etorriko garela oinarrizko lau abiaburuak onartzeko orduan, abiaburu horiexek baitira proposamenaren iturri, helburuen zutabe eta Gobernuaren lanaren oinarri: Bizitza eta giza eskubideak errespetatzea. Biktimei begirunea erakustea. Egindako kalteen ordaina ematea; eta bizikidetza eta adiskidetzea. Lau abiaburu horiexek dira Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoaren adierazgarri orain gauden bidegurutze historiko honetan.
1.- Bizitza eta giza eskubideak errespetatzea
• Oinarrizko printzipioa.
Bizitza eta giza eskubideak proiektu honen lehendabiziko abiaburu direla adierazterakoan, berriz ere argi eta garbi utzi nahi dugu ez dagoela beste ezer bizitzeko eskubidea baino garrantzitsuagorik, ez gainetik, ez aurretik. Ezertxo ere ez, baina. Bizitzaren gainetik ez dago ez lurralde edo nazio asmo jakinik, ezta ustezko estatu-gailentasun ukiezinik ere. Horretan ez dago inolako zalantzarik, horixe baita haitz sendoa; eraiki nahi dugun guztia oinarri horren gainean eraiki behar da, Plan hau edo Gobernuaren jarduna ez ezik, bizikidetza bera eta edozein proiektu, pentsaera, helburu, ideia edo eskubide ere bai. Argi dago; funtsezko oinarria da, lehendabiziko abiaburua. Hala ere, beharrezkoa da, eta komenigarria ere bai, hori behin eta berriz gogoraraztea, eta are gehiago gure Herri honetan, sarritan jarri izan baitira hemen helburu batzuk nahiz besteak bizitzaren eta giza duintasunaren gainetik.
• Tolerantzia.
Tolerantziaz jokatu eta giza eskubideak errespetatu behar direla-eta, beti eta etenik gabe horri buruz pedagogia egitea, horixe da printzipio honek dakarkigun konpromiso behinenetako bat. Prebentzioa sustatzeko bidea da, egoerari aurrea hartzeko modua; gizakien duintasuna urratzen duen bitartekorik inork berriz erabil ez dezan. Tolerantzian eta besteenganako errespetuan oinarrituta hezi behar dugu, horrela ahultzen baita dogmatismoa, alegia, helburuei pertsonei baino garrantzi handiago ematen dietenen jokabidearen sustraia. Norbere helburuak balio absolutua daukala sinetsi eta norbera erabat arrazoi guztiaren jabe dela sentituz gero, seguru egote horrek ematen du bidea helburu baten defentsan etikoak ez diren bitartekoak erabiltzeko, eta argi berdea emateko giza eskubideak urra daitezen. Dogmatismoa eta intolerantzia gainditu behar ditugu, beraz, horixe baita, zalantzarik gabe, bizitza-eskubidea eta giza eskubideak defenditzeko beste moduetako bat. Eta hori lortzea da, hain zuzen ere, proiektu honen asmoetako bat.
• Konpromisoak.
Abiaburuak, printzipioak, konpromiso konkretu eta aktiboetan gauzatu behar dira; bestela, asmo onen erakustaldi erretorikoa baino ez dira izaten azkenean; eta desegin egiten dira, nola azukrea uretan, hala asmo hutsak denboran. Lanerako plan honek, beraz, neurri konkretu eta zehatz asko jarriko ditu martxan, arlo guztiak aintzat hartuta: gizartea, politika, legegintza, hezkuntza eta zabalkundea; horren bitartez, bizitza eta giza eskubideak errespetatuko direla bermatzen lagundu nahi dugu, guztion ondare izanik, errespetu horren gainean baitaude eraikita gizartearen askatasuna eta bizikidetza demokratikoa. Euskal gizarteak oso ondo daki zein beharrezkoa den errespetuaren ondare hori ondo zaintzea eta gordetzea, zoritxarrez eta tamalez, zuzenean bere haragian sufritu behar izan dituelako, belaunaldiz belaunaldi, indarkeriaren ondorio lazgarriak.
2.- Biktimei begirunea erakustea
• Elkartasuna.
Biktimei begirunea erakustea, horixe da proiektu honi eusten dion bigarren abiaburua. Biktima guztiei, banan-banan eta jendaurrean, aitormena eta begirunea erakusteko konpromisoa eta borondatea du Gobernuak arlo politikoan eta sozialean. Era horretan, terrorismoaren biktimekin kendu gabe dugun begirune-zor historikoa ordaindu nahi dugu, Herri honetan beste biktima batzuek izan dute-eta aitormen hori.
Horrexegatik nahi dugu biktimek gure elkartasun aktiboa sentitzea gertutik. Biktima guztiak babestuta sentitzea nahi dugu, inor ahaztu gabe, inor erabili gabe, inor konparatu gabe. Biktimek sufritu duten oinaze neurrigabea aitortuta egotea nahi dugu. Jakinarazi nahi diegu sufritu duten bidegabekeriak ez duela justifikaziorik, eta, batez ere, gizarte honek benetan maite dituela, sigletan nahiz aukera politikoetan inolako bereizketarik egin gabe. Jakinarazi nahi diegu etengabean gogoan dugula jasan duten oinaze lazgarria, atzera bueltarik gabea; eta jakinarazi nahi diegu, zalantzarik gabe, gure gizartearen oroimenean iraungo dutela beti. Jakinarazi nahi diegu barkamena eskatzen diegula, guztiok inoiz egin ditugun akatsengatik.
• Adostasuna.
Biktimei begirunea erakusteko printzipio hori, ordea, ez da berez eta bera bakarrik nahikoa. Ikuspegi politikotik begiratuta, ahalik eta adostasunik handiena lortzeko konpromisoa hartu behar da arlo honetan. Azken urteotan, gai honi buruz egon den zatiketa politikoak areagotu besterik ez du egin sufrimendua. Hori ikusita, argi dago biktimei laguntza eta elkartasuna erakusteko orduan ezinbestekoa dela adostasun sozial eta politikoa lortzea; beharrizan horri erantzun behar zaio lehenbailehen eta lehentasunez. Biktimei aitormena eta begirunea erakusteko ekimen guztietan, adostasunez eta haserrerik gabe, alderdi politiko guztiek denek batera lan egiteko konpromisoari lotuta dago abiaburu hau.
• Errespetua.
Jakina denez, begiruneaz eta adostasunaz gainera, errespetua ere merezi dute-eta biktimek. Inork ez dauka biktimen egoeraz jabetzeko eskubiderik. Norgehiagoka politikoan ez da dena zilegi. Onartezina da, erabat, biktimen samina alderdikeriaz erabiltzea. Ez da bidezkoa biktimak inork inoren kontra arma gisa erabiltzea. Ez da bidezkoa biktimenganako elkartasuna inork ideia, proiektu edo arrazoi politiko jakin bati lotzea. Aniztasuna errespetatu behar da, biktimen artean ere, gizartean gertatzen den modu berean, aniztasuna baitago ideietan eta sentsibilitateetan. Biktimenganako elkartasunak doakoa izan behar du, bakoitzak defendatzen dituen ideia politikoak alde batera utzita; elkartasunerako arrazoi bakarra izan behar dugu beti: giza duintasuna defendatzeko konpromisoa; besterik ez. Era horretara ulertzen ditu Gobernuak, bai biktimei begirunea erakusteko printzipio hori, bai eta horri lotuta datozkigun konpromiso guztiak ere. Esparru horren barruan jokatuta hartuko dute erabateko osotasuna arlo honetan burutu nahi ditugun neurri eta programa guztiek.
3.- Egindako kalteen ordaina ematea.
• Erabateko ordaina.
Terrorismoak eta giza eskubideen urraketak gure herrikide askori ekarri dizkieten galera batzuk ezin dira inola ere berreskuratu; ez dute atzera bueltarik, eta ez dago inolako planik horren ordainik eman dezakeenik. Horren jakitun gaude; baina, hala eta guztiz ere, proiektu honen funtsezko abiaburu gisa hartu behar dugu, nola ez bada, bere onera ekarri litekeen guztia ahal den neurrian konpontzeko konpromisoa. Esan nahi dugu oso garrantzi handikoak direla, jakina, era guztietako laguntzak, ekonomikoak, materialak nahiz bestelakoak, baina, horrekin batera, eta oso modu berezian gainera, azpimarratu behar dugu lehentasunezkoa dela ordain morala ematea, eta, horri lotuta, oroimena eta elkartasuna eskaintzea, duintasuna eta aitormena adieraztea, justizia eta iraganari buruzko interpretazio kritikoa, publikoa eta konpartitua egitea. Biktima guztiei erabat eta osotasunean ordaina ematea, horixe da gure borondatea. Hona hemen, bada, abiaburu honek eskatzen digun lehendabiziko konpromisoa.
• Erakundeen arteko koordinazioa.
Erakundeen arteko koordinazioak, zailtasun guztiak gaindituta, administrazioaren atal eta maila guztiak lankidetzan eta eraginkortasun-logika berean jarri behar ditu, betiere, guztion artean helburu bakar bat erdiestearren: biktima guztiei laguntza ematea, beren inguru politikoa nahiz erasoaren jatorria edozein dela ere. Ezin gara ibili bakoitza bere aldetik, gure indarrak alferrik galtzen, edo lan bera bi aldiz egiten. Beharrezkoa da elkartasuna sozializatzea, eta ikusteko moduan gorpuztea, horretarako, bake- eta humanizazio-kulturaren balioak zabalduta gizartean. Erakundeen arteko lankidetzak, beraz, herritarren parte hartzea sustatu behar du, eta koordinazioa estutu behar du gizarteko eragileekin, batez ere, afektatuen elkarteekin eta bakearen nahiz giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeekin.
• Etengabeko jarduna.
Gobernuak plan honen bitartez biktimei begirunea eta laguntza emateko ekimena nahi du sustatu, eta horretarako oinarriak ezarri, jardun horrek etorkizunean ere iraun dezan denboran barrena. Kontua ez da une konkretu honetan ekimen-multzo jakin bat bultzatzea, besterik gabe; gure borondatea da sufrimenduaren oroimen hori, sufritu dutenekiko elkartasun hori eta giza eskubideen defentsa hori betiko izatea, gure gizartean egunero zabaldu beharreko ardura eta etengabe gogoratu beharreko ikasgaia izatea, bai guretzat, bai datozen belaunaldikoentzat ere. Konpromiso hori gureganatzea ere, neurri batean behintzat, bada egindako kalteari ordaina ematea. Planaren bitartez bideratzekoak diren ekimen asko eta asko filosofia honetan daude oinarrituta.
4.- Elkarrekin bizitzea eta adiskidetzea
• Gaur bertan hasita.
Euskal gizarteak tirabira gogorrak eta gatazka politiko handiak bizi izan ditu urte askoan, etenik gabe eta modu iraunkorrean. Egia esanda, ernegazioa eta amorrua handiegiak izan dira gehiegitan, edozein gizarte demokratikotan bidezkoak izan litezkeen maila guztiak gaindituta; eta aitortu beharra dugu gure bizikidetzaren kalitatea eta elkarrekin bizitzeko modua nabarmen hobetu litezkeela, zalantzarik gabe. Ezinbestekoa da, beraz, gaur bertan lanerako oinarriak ezartzen hastea, bihar-etziko bizikidetza politiko eta soziala gero eta hobea izan dadin, eta elkarrizketa, tolerantzia, errespetua eta adostasuna izan daitezen beti arlo politiko eta sozialean jarduteko jarraibideak.
Indarkeriak eta terrorismoak oinaze- eta sufrimendu-aztarnak utzi dituzte han eta hemen gure gizartean, eta biktimek zuzenean dakite horren berri. Iragana gogoratzeko oroimena behar da, oroimen kritikoa eta egiazkoa, eta emandako mina leuntzeko aitormena ere behar da, horiexek baitira etorkizuna eraikitzeko oinarriak. Planaren laugarren abiaburu honen bidez, hain zuzen ere, guztiok nahi genukeen bizikidetza hori bideratzeko egoerak eta baldintzak sustatu nahi ditugu. Bihar-etzi elkarrekin egokiro bizitzeko modua izango dugu, baldin eta, gaur bertan hasita, horra iristeko bidea urratzeko gai bagara.
• Gizartetik abiatuta.
Abiaburu horrek, baina, ez du esan nahi biktimak inolako «betebehar moralik» duenik bere erasotzailearekin adiskidetzeko, nahiz eta, oker egonda, inork aurkakorik esan duen askotan. Biktimak ez du horrelako betebeharrik, bestela, zama izugarria utziko genukeelako, bidegabe erabat, biktimen bizkar gainean. Adiskidetzea lortu behar dela diogunean, ez dugu esan nahi ezinbestean denok lagun eta adiskide izan behar dugunik, ez; elkar errespetuz tratatu behar dugula, hori besterik ez dugu esan nahi. Adiskidetze horrek, batez ere, ausardia beharko du; bai, bidegabekeriak egiteagatik eta giza eskubideak era batera nahiz bestera urratzeagatik barkamena eskatzeko gai direnen ausardia.
Gizarteak ere izango du bere ardura, aurrerapausoak eman behar baititu bizikidetzaren kalitatea hobetzeko bidean; horretarako, iraganari buruzko interpretazio kritikoa hausnartu beharko du, eta, batez ere, beharrezko diren mekanismo guztiak jarri beharko ditu martxan hezkuntza-arloan, horixe baita tresna egoki-egokia eta eragingarria gure arteko errespetu- eta tolerantzia-mailak hobetzeko.
• Hezkuntzatik abiatuta.
Hezkuntza-arloan landu beharreko jardunak dedikazio eta trataera berezia merezi du. Ezinbestekoa da bakearen kulturak dakartzan balioak zabaltzea eta sustatzea. Alegia, nahitaezkoa da era guztietako pentsamoldeak, jardunak eta ekimenak sustatzea eta bultzatzea, gizakien oinarrizko eskubide eta askatasunak defendatzeko eta bermatzeko balioak gero eta gehiago sendotu eta finka daitezen gure gizartean, betiere, oinarrizko eta elkarren osagarri diren bi kontzeptu hauek abiapuntu direla: berdintasunaren printzipioa eta ezberdintasunaren errespetua.
Gure arteko auziak era baketsuan konpontzen laguntzen diguten tresna horiek erabiltzen eta sendotzen ikasi behar dugu. Eta horrek esan nahi du bakea eta bizikidetza sustatzeko hezkuntza-proiektu zabal bat bultzatu behar dugula aurrera begira. Hezkuntza entzunda, guztioi datorkigu burura hezkuntza akademikoa, eskolakoa, baina, horiez gainera, gizartean, familian eta elkarteetan eman beharreko heziketa, edo heziketa publikoa eta politikoa ere ez dira ahaztu behar, gure gizarteak behar besteko tresnak eta baliabideak izan ditzan erabilgarri, auziak modu demokratikoan eta baketsuan konpondu ahal izateko.
III) BOST ARDATZ ETA IBILI BEHARREKO BIDE BAT:
1. ardatza: Giza eskubide guztiak defendatzea eta sustatzea.
2. ardatza: Terrorismoaren biktima guztiei elkartasuna erakustea
3. ardatza: Oroimen historikoa berreskuratzea eta frankismo-garaiko biktimei ordaina ematea
4. ardatza: Askatasun nahiz eskubide zibil eta politikoen alde lan egitea
5. ardatza: Torturari aurre hartzea eta atxilo nahiz preso hartutako pertsonen eskubideak errespetatzea
Ibili beharreko bidea: “Bakeari eta bizikidetzari begira heztea. Adiskidetzea”.
1. ardatza.
GIZA ESKUBIDE GUZTIAK DEFENDATZEA ETA SUSTATZEA
Jarduteko printzipio politikoak
• Pertsona guzti-guztien bizitzarekiko eta giza eskubideekiko begirunea aldarrikatzen dugu, salbuespenik gabe.
• Indarkeriako eta banakako zein taldeko giza eskubideen aurkako ekintza eta adierazpen guztiak gaitzesten ditugu.
• Gatazkak ebazteko bide baketsu eta demokratikoak baino ez erabiltzearen aldeko apustua berretsi nahi dugu.
Konpromisoak eta ekimenak
A) Giza eskubideen inguruan hausnarketa, sentsibilitatea eta prestakuntza emateko ekimenak.
1. Udalaren arloan gizartea sentsibilizatzeko programak bultzatzea, programa horiek giza eskubideekiko, eta bereziki, bizitzeko eskubidearekiko begiruneari buruzkoak izanik.
2. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 60. Urteurrena dela-eta, Nazioarteko Biltzar bat burutzea.
3. Giza eskubideen, segurtasunaren eta askatasunaren arloan hausnartzeko nazioarteko topagunea antolatzea.
4. Giza Eskubideen arloan nabarmendutako pertsonak saritzeko, urtero René Cassin saria antolatzea.
5. Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoarekin Lankidetza Hitzarmen bat ezartzea, Giza Eskubideen arloan adituak prestatzeko egitasmoak garatze aldera.
6. Urtero, Giza Eskubideen Adierazpenari buruzko sentikortze-kanpaina garatzea.
B) Giza eskubideak defendatzeko eta sustatzeko jarduerak.
7. Kulturen arteko gizarte baten baitan, berdintasun- eta errespetu-balioak sustatzea.
8. Giza eskubideen alde diharduten gizarte-erakunde eta –mugimenduei laguntza bideratzea.
9. Giza Eskubide guztien alde lan egingo duen eta horiek betetzen direla zainduko duen Nazioarteko Behatokia bultzatzea.
10. Gatazkei aurrea hartzeko europar sarearen aldeko laguntza eskaintzea.
2. ardatza.
TERRORISMOAREN BIKTIMA GUZTIEI ELKARTASUNA ERAKUSTEA.
Jarduteko printzipio politikoak.
• Indarkeria- eta terrorismo-mota guztien aurrean erabateko gaitzespena azaltzen dugu, etikaren zein politikaren ikuspegitik.
• Terrorismoaren biktimen oinazea erabat eta baldintzarik gabe aitortzen dugu, biolentziaz eta izuaz baliatuz burututako bidegabekeriarik deitoragarriena den heinean.
• Egindako kaltearen oroimena, justizia eta aitormen alorreko aldarrikapen guztien alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.
• Biktimek edozein bake-prozesutan duten funtsezko eginkizuna aitortzen dugu.
Konpromisoak eta ekimenak
A) Oroimen historikoa. Aitormena eta egia.
1.- Udalaren arloan biktimei begirunea erakustearen alde egitea.
2.- Erakusketa ibiltariak sustatzea eta hedatzea.
3.- Komunikabideetan kanpinak garatuz, terrorismoaren biktimei begirunea erakustea eta gogoan izatea.
4.- Talde eta elkarteen bidez, biktimen onarpena bultzatzea.
5.- Terrorismoaren biktimei begirunea erakusteko jardunaldi instituzionala antolatzea.
B) Arreta, Ordaina ematea eta Justizia:
6.- Terrorismoaren biktimekiko elkartasunari buruzko Legea sustatzea.
7.- Herri Administrazioen eta biktimen arteko elkarrizketa eta hurbiltasuna finkatzea.
8.- Terrorismoaren biktimei eta euren elkarteei prestazio materialak eta diru-laguntzak bideratzeari buruzko politikak bere horretan mantentzea, eta hala badagokio, hobetzea.
9.- Biktimentzat iraingarri izan daitezkeen pintadak eta kartelak kentzea.
10.- Biktimentzat iraingarri izan daitezkeen kale eta plazen izenak berraztertzea.
11.- Komunikabideetan terrorismoari buruzko berriak emateko kode etiko bat bultzatzea.
12.- Bakeari begira egindako heziketa-programetan terrorismoaren biktimak agertu eta horien testigantzak jasoko direla bermatzea.
3. ardatza
OROIMEN HISTORIKOA BERRESKURATZEA ETA FRANKISMO GARAIKO BIKTIMEI ORDAINA EMATEA.
Jarduera printzipio politikoak.
• Frankismo-garaiko biktimei zor zaiena aitortu eta begirunea bermatze aldera, egia jakiteko eskubidearen aldeko konpromisoa azaltzen dugu.
• Oroimen historikoa berreskuratzeko borondatea berretsi eta frankismo-garaiko biktimek ordain moral eta ekonomikoa jasotzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu.
• Gerra zibileko zauriei duintasunez aurre egiteko eta orduko izugarrikeriak gogorarazteko beharra azaltzen dugu, ezein ideia edo proiektu politiko totalitarioren izenean inoiz errepika ez daitezen.
Konpromisoak eta ekimenak
A) Oroimen historikoa. Aitormena eta egia.
1. Frankismoaren matxinadaren 70. urteurrena dela-eta, egitasmo-omenaldi bat garatzea.
2. Gerra- eta frankismo-garaiko errepresioa krudeltasun bereziz pairatu zuten taldeei begirunea erakusteko ekitaldiak sustatzea.
3. Ikus-entzunezko artxibategia eta gerra zibileko Euskal Ondare Historikoa berreskuratzea.
4. Frankismo-garaiko errepresioaren eta erbestealdiaren inguruko erakusketa ibiltaria. Proiektua: “Oroimen bizia”.
B) Justizia eta Ordaina ematea.
5.- Frankismo-garaiko espetxeratuen eta errepresioaren biktimen egiaztagiriak eta artxiboak berreskuratzea.
6.- Diziplina-batailoietan kondenatuta egon behar izan zutenei kalte-ordain ekonomikoa emateko programa areagotzea.
Frankismoaren biktimei zuzendutako laguntza-programen barruan zain dauden kasuak aztertzea.
8.- Politikaren eta legearen arloko ekimenak, Espainiar Estatuan eta Europar Batasunean Frankoren diktadura gaitzesteko eta frankismoaren biktimei begirunea erakusteko.
4. ardatza.
ASKATASUNAK DEFENDATZEA, ETA ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOAK BERRESKURATZEA
Jarduteko printzipio politikoak.
• Pertsona guztien giza eskubideen nahiz askatasun zibil eta politikoen alde lan egiteko konpromisoa azaltzen dugu.
• Eskubide zibil edo politikoak urra ditzaketen tresna eta metodo mota guzti-guztien aurkako gaitzespena azaltzen dugu.
Konpromisoak eta ekimenak
A) Eskubide zibil eta politikoen sustapena eta defentsa.
1.- Giza Eskubideen aldeko sentikortze-kanpainak garatzea, eta, bereziki, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenean jasotako eskubideen ingurukoak.
2.- Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Adierazpenak Euskadin eta Estatuan nola gauzatzen diren aztertzeko mintegia antolatzea.
3.- Askatasun zibilen esparruan eta balio demokratikoen alde lan egiten duten erakundeen ekimenak sustatzea.
4.- Pertsona guztien eskubide zibil eta politikoak urratzearen aurkako ekimen parlamentario eta instituzionalak proposatzea.
B) Adierazteko, elkartzeko eta politikan esku hartzeko oinarrizko eskubideak errespetatzea.
5.- Eskubide zibil edo politikoak murriztu edo urra ditzaketen lege-arauak aldatzeko ekimen zehatzak sustatzea.
6.- “Euskal erakundeen eskumeneko gaietan, lehen belaunaldiko oinarrizko eskubide eta askatasunak gauzatu ahal izateko ahalik eta lanik handiena egitea”.
C) Informazio-askatasunaren defentsa.
7.- Informazio-askatasunaren aldeko sentikortze-neurriak garatzea.
8.- Euskal hedabideak itxita sortzen den egoera larriaz ohartzea, eta horri buruz hausnarketa sustatzea.
5. ardatza.
TORTURARI AURREA HARTZEA ETA ATXILO NAHIZ PRESO HARTUTAKO PERTSONEN GIZA ESKUBIDEEN ALDE LAN EGITEA.
Jarduera printzipio politikoak.
• Tortura eta bestelako tratu krudel eta laidogarriak erabat debekatzeko ukaezinezko konpromisoa berresten dugu.
• Zigortutako pertsonen eta euren familien giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe-politika aldarrikatzen dugu.
• Egoera humanizatzeko ekimenak eta euskal presoak euren familia- eta gizarte-ingurunera hurreratzeko politika bideratzearen aldeko jarrera azaltzen dugu.
Konpromisoak eta ekimenak
A) Torturari eta tratu txarrei aurrea hartzea:
1.- Inkomunikazio-erregimenean eta inkomunikaziorik gabe Atxilotutako Pertsonen Asistentzia Koordinatzeko Ertzaintzaren Protokoloak ezartzeko bidean aurrera egitea.
2.- Tratu txarrak edo tortura egon diren kasuetan, nazioarteko erakundeen esku hartzea bultzatu eta bideratzea.
3.- Zaintza, prebentzio eta kontroleko ekimenak garatzea, torturak eta tratu txarrak galarazteko.
B) Atxilotutako pertsonen eta beren senitartekoen Giza Eskubideak errespetatzea:
4.- Espainiako gobernua premiatzea, euskal presoak, beren gizarte eta familiarengandik gertu dauden kartzeletara ekartzeko Plana egin dezan.
5.- Espetxeen Erregelamenduaren erreforma eskatzea, atxilotuek zigorra beren gizarte eta familiarengandik hurbilen dagoen kartzelan betetzeko eskubidea barne har dezan.
6.- Espetxeratuta daudenak gizarteratzeko eta laguntza humanitario, sozial, sanitario eta juridikoa emateko laguntza-programak garatzea.
7.- Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legea garatzea, askatasunik gabe bizi diren pertsonek unibertsitate-ikasketak egiteko modua sustatzearren.
8.- Kartzelan dauden pertsonen senitartekoei zuzendutako humanizazio-neurriak bultzatzea.
IBILI BEHARREKO BIDEA: “BAKEARI ETA BIZIKIDETZARI BEGIRA HEZTEA. ADISKIDETZEA”.
Jarduera printzipio politikoak.
• Begirunea, tolerantzia, elkarrizketa, elkartasuna eta justizia bezalako balioetan oinarritutako bizikidetza taxutzeko, bakeari begira heztearen aldeko apustua berresten dugu.
• Jakin badakigu, bakean bizitzea ez dela, besterik gabe, gatazkarik gabe bizitzea; gatazkei aurre egitea da, betiere, inolako indarkeriarik erabili gabe eta, elkarrizketa eta ulermena bake-tresnatzat erabilita.
• Gure gizartean autokritikaren espiritua, barkamena eskatzeko apaltasuna eta barkatzeko prestutasuna sorrarazteko konpromisoa hartzen dugu, adiskidetzeko bideak izan daitezen.
Konpromisoak eta ekimenak.
1. Bakean hezteko Euskal Plana egitea, orokorrean, gizarteari eta bereziki, hezkuntza-esparruari zuzendurik, balio demokratikoetan eta Bake-kulturan oinarritutako hezkuntza lortze aldera.
2. Bakean eta balio demokratikoetan funtsatutako hezkuntzaren inguruko departamentu arteko Batzordea sortzea.
3. Bakean eta balio demokratikoetan oinarritutako hezkuntzaren alde diharduten elkarteen Topagunea sortzea.
4. Idazkaritza Tekniko bat sortzea, bakean oinarritutako hezkuntzaren alde lan egiten duten elkarteen Topagunearen eta Herri Administrazioen arteko harremanak susper ditzan.
5. “Eskola Inklusiborantz, elkarbizitzarako eta Bakerako hezkuntza” izeneko lehentasunezko Jarduera Lerroa garatu eta azpimarratuko duen Hezkuntza Berriztatzeko Programa 2007-2010 onartzea.
6. Ikaskuntza-maila guztietako (formala eta ez-formala) ikasketa-programetan, bakearen, giza eskubideen eta demokraziaren inguruko zeharkako hezkuntza-jarduerak txertatzea.
7. Ikastetxeen eta familien arteko lankidetza sustatzea, tolerantziaren aldeko hezkuntza-programak garatu eta ezarri ahal izateko.
8. Beste Autonomia Erkidegoetako edo herrialdeetako ikasle eta irakaleekin aldizkako trukealdiak antolatzea.
9. Ikastetxe, udaletxe eta astialdiko taldeen inguruan, bakean hezteko praktika egokien mapak lantzea.
10. Bakean heztearen inguruko ereduzko proiektu integralak sustatzea.
11. Etorkinekiko bizikidetzaren alde eta horiek gizartera eta kultura molda daitezen jardutea, betiere, euren nortasuna errespetatuz.
12. Bake-kultura eta balio demokratikoak hedatzeko, herri-komunikabideetan dibulgazio-programak babestea.
13. Bake-kulturan eta adiskidetzean oinarrituko diren haur eta gazteei zuzendutako sentikortze-kanpainak bultzatzea.
14. Adiskidetzeko Topaguneak bideratzea, horietan pertsonak elkar daitezen eta, elkarri, nazioarteko esperientzien berri eman diezaioten.
15. Adiskidetze-prozesua suspertzeko baldintza egokiak sortuko dituzten gizarte-sareen garapena bultzatzea.