Iritzia
16Apirila
2006
16 |
Iritzia

Aberri Berria bakean

Iritzia
Apirila 16 | 2006 |
Iritzia

Lehen Aberri Eguna 1932an ospatu zen, EAJren ekimenez. Arrantzale bermeotar batek bezperan zioenez, «bihar, edo ito edo Bilbora», halakoxea zen-eta berpizkunde igande hark sortarazi zuen irrika eta emozio abertzalea.
Inork ez du porrota gustuko, denok dugu arrakasta maite. Garai hartako buruzagi jeltzaleek ere, ondo zekiten lehen Aberri Eguneko argazkiak bere oihartzuna eta ondorio politikoak ekarriko zituena. Onerako zein txarrerako. Baina horretarako arriskatu egin behar. Eta, kezka guztien gainetik, ospakizun-egitasmoarekin aurrera egitea erabaki zuten, euren abertzaletasun demokratikoan, eraikitzailean eta gizatiarrean sinisten zutelako. Eta asmatu egin zuten: 75.000 pertsonatik gora heldu zen Bilboraino; batzuk itsasoz, beste batzuk, mendiz mendi, oinez, É edo ahal zen moduan, euskal eskubide nazionalen aldarrikapen ozena egitera, euskotarren aberria Euskadi dela esatera eta entzutera. Urteroko egun handi abertzalea bilakatu zen Aberri Eguna. Eta 1936an ere ospatu egin zen, izugarrizko tentsiopean bazen ere. Urte hartan, uztaileko haize epelarekin batera, suntsipenak eta heriotzak harrapatu zuen gure herria. Bat-batean, 40 urte luze iraungo zuen sarraskia nagusitu zen. Halere, urtero izan genuen Aberri Eguna, ospakizuna etxeetan eta aldarrikapena eta errepresioa kaleetan. Gizatasuna bera ere ukatua zuen euskal gizarte hark, argi erakutsi zion munduari, diktaduraren indarkeria bortitzez ezin izango zirela sekula zapaldu justizia, askatasuna eta aberkide sentimenduak. Halaxe izan da: aurten, 75. Aberri Eguna ospatzen dugun igandean, Euskadi inoiz baino nazioago da; aberrigintzan aurrera egin dugu, batez ere, azken 30 urte hauetan, euskal herritarren gehiengo zabalak Euzko Alderdi Jeltzaleari buruzagitza politikoa eman eta, aldi berean, giza eskubideak eta euskaldunon borondatea bortxatu nahi zituen indarkeria politikoari ezetza eman zionetik gaurdaino. 1979an euskal gizartearen eta eragile politikoen gehiengoek hartutako bideari esker, abertzaletasunaren formulazio ideologikoaren adierazle zen Euskadi bera, errealitate soziala eta juridiko-politikoa bihurtu da.Euskadi 2006 erakargarria da. Nortasun eraikitzailea, berrikuntza eta ugalpena, lehiakortasuna eta solidaritatearekiko konpromisoa dira, besteak beste, Europan erreferentzia-gune bihurtu gaituzten ezaugarriak. Eta hau ez da berez etorri: euskal gizartearen indarra eta adorea izan dira, abertzaletasunaren buruzagitza politikoa bide, naziogintzan aurrera eraman gaituztenak, ilusioz, heldutasunez eta eskura genuen zelaian jokatuz; beti ere, etorkizunari ateak zabalik eutsiz, burujabetza bidean urrats berriak helburu. Beste aukera politiko batzuk Euzko Alderdi Jeltzaleak hartutako bidera ia 30 urte berandu ailegatzen ari direnean, gogoratu behar da egungo Euskadi nazio bizia dela, Europako beste nazio batzuen etorkizunerako borroka demokratikoaren ispilu.

Egungo Euskal Nazioak, erkidego gisa bere burua eraikitzearen aldeko apustua barneratua du, bere lehentasun politikoak adierazteko eta aldarrikatzeko kontzientzia eta gaitasuna ditu eta mundu zabalean dauden errealitateengandik ikasteko jarrera irekia du. Identitatea, irekitasuna, prestakuntza, sorkuntza, berrikuntza, komunitate zena, eskubide zibil eta politikoak, solidaritatea, hauexek dira Euskal Nazio Berriaren baloreak. Berauetan sakontzeko eta gauzatzeko ahaleginak ez digu ihes egingo jeltzaleoi. Ez lehen eta ez orain.

EAJ-PNV, ezer bada, Euskadiren aldeko konpromisoaren indarra da, Euskal Nazioa eraikitzeko konpromisoaren indarra, urratsez urrats naziogintzan aurrera garamatzana. Eta Aberri Egunean berresten dugun konpromiso honek, euskal gizarteak bere etorkizun politikoaz duen erabaki-ahalmenean eta itungintzan du oinarri: Foruek ziotenez, «ez ni zure menpe, ez zu nire menpe».

Lankidetza nazionalerako aroa da. Euskal abertzaleok gure eguna ospatzen dugun Aberri Egunean, jeltzaleok erroetara jotzeko sasoia dela deritzogu, konpromisoak berritzeko sasoia. Eta konpromiso honek, elkarrizketara, eta aurrera egitera, bultzatzen gaitu, jakin dakigulako urrats bakoitzean nazioa eraikitzen dugula.
Egun hauetan bake itxaropenean bizi gara; esperantzari leihoa zabaldu dio gure gizarteak. Hamarkada luzeak iraun dituen tragediaren ostean, bakearen eta askatasunaren ateetan gaude. Ez da bide samurra izango, baina denon artean lortuko dugu, bakea baita herri honen lehen ametsa eta aldarrikapena.Bakearen bidea sendotzen doan heinean, euskal gizartearen borondate demokratikoarenganako errespetua eta bere aitortza juridiko-politikoa ere mahai gainean jarriko ditugu jeltzaleok. Hauxe baita bake-bidean doan Aberri Berria eraiki nahi dugun jeltzaleon helburu estrategikoa: bakea eta elkarbizitza politikoa, akordioa eta herri galdeketa.

PARTEKATU