JUAN JOSE IBARRETXE<br>
Ibarretxe-Zapateroren arteko bilera
04Apirila
2006
04 |
Hainbat agiri

JUAN JOSE IBARRETXE
Ibarretxe-Zapateroren arteko bilera

JUAN JOSE IBARRETXE<br>
Ibarretxe-Zapateroren arteko bilera
Apirila 04 | 2006 |
Hainbat agiri

Lehendakariak adierazi du Euskal Herria izango dela bake prozesuko protagonista
Euskal gizarteari egindako lana aitortu eta eskertu dio
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak Jose Luis Rodriguez Zapatero Presidentearekin Moncloan izandako bi orduko bileraren ostean adierazi duenez, esaldi batek laburtzen du gaurko egonaldia: "bake-prozesuaren protagonismoa Euskal Herriarena izango da; Euskal Herria da protagonista".
 
Lehendakariak adierazi duenez, gaur egun bizi dugun egoerak buruzagitza "lasai eta zentzuduna" eskatzen du. "Ez gaude buruzagitza lasterketa baten aurrean; guztion eginbeharra da bakea finkatzeko konponbideak bilatzea eta Espainiarekiko harremana adeitsua izateko akordioak lortzea".
 
Lehendakariak euskal gizarteari bere esker "ikaragarri eta zintzoena" adierazi nahi izan dio. Bere aburuz, "gaur egun gauden lekuraino iristeko gehien bultzatu duen eragilea izan da, eta orain aro berri eta erakargarri hau bizi badugu, bere bultzadagatik izan da". Horregatik, euskal gizarteari esan dio "ohiz kanpoko" une honetaz gozatzeko. "Euskal gizarteak merezi du, bera izango baita prozesu hau atzeraezin bilakatuko duena, bai bakegintzari dagokionean baita gizarteak demokratikoki baieztatuko dituen akordioak lortzeko unean ere" erantsi du.
 
Lehendakariak azpimarratu duenez, euskal gizarteak bere erabakiak errespetatuak izatea espero du. Bere ustez, "aukera eta konpromiso garaia bizi dugu" eta, ildo horretan, garbi utzi nahi izan du Espainiako Gobernua eta Lehendakaria bera eragile eraginkorrak izango direla helburu hori lortzeko. "Bakea lortzeko gogor lan egiteko prest gaude, alderatu ezin den helburua baita" erantsi du. Lehendakariaren ustez, ETA-ren su-etena ikuspegi etikotik erreala dela egiaztatu ondoren, demokratikoki egiaztatu beharko da erabakia, horretarako beharrezkoak diren akordioak lortzeko bi aldeko eta alderdi anitzeko elkarrizketa prozesua abiatuta.
 
Elkarrizketaren aldez aurreko fasea
 
Ibarretxek adierazi du elkarrizketa abiatu aurreko fasean aurkitzen garela, eta aldi honen helburua alderdi askok osatutako foro bat sortzeko oinarriak jartzea dela, akordio bat lortu ahal izateko. "Lehendakari gisa laguntzeko konpromisoa hartzen dut, presarik gabe, baina etenaldirik gabe, prozesu guzti hau posible izan dadin", hitzeman du.
 
Lehendakariaren ustez, proiektu politiko guztiek euren planteamenduen berri emateko aukera izan beharko lukete, eta akordioa lortu ondoren, erabaki hori euskal gizarteak berrestea izango litzateke desiragarriena.
 
Ibarretxek esandakoaren arabera, "indarkeriak suposatzen duen oztopoa desagertu ondoren eta elkarrizketaren ondorio gisa erabaki ahal izango du euskal gizarteak bere etorkizuna".
 
Lehendakariak prozesu honetan parte hartzeko eskatu dio euskal gizarteari, "bake eta normalizazio prozesua ez baita politikariei bakarrik axola zaigun gaia". Gaineratu duenez, "nik 49 urte ditut eta ez dut bakean bizi den Euskal Herria ezagutu. Niretzat oso garrantzitsua da nire alabei gizarte moderno bat uztea, baina are garrantzitsuagoa bakean bizi den gizartea uztea".
 
Alderdien Mahaia noiz abiatuko den galdetu diotenean kazetariek, Lehendakariak erantzun du "akordioak lortuko direla bermatzen den unean" deituko duela Mahaia. Ildo horretan gaineratu duenez, "Eusko Legebiltzarrean adierazi nuen uda ostean, eta Zapatero Presidentea Kongresutik pasa ondoren, abiatu genezakeela elkarrizketa foroa. Baina Mahaia deitzen dugunean, aurrera egiteko bermea izatea garrantzitsua dela deritzot. Mahaia deitzea baina garrantzitsuagoa da abiatzen denean beharrezko bermearekin egitea".
 
Lehendakariak berretsi duenez, "zuhurtziarekin" lan egitea ezinbestekoa suertatzen den aldez aurreko fase batean aurkitzen gara. Ildo horretan, Ibarretxek erantsi du "etorkizuneko elkarrizketa mahaia beharrezko bermeekin abiatzeko oinarriak" jarri behar ditugula. Gaineratu duenez, Mahai horretan "guztiak, bazterketarik gabe" egon beharko lukete eta "ezker abertzaleak bere ideiak adierazteko aukera izan behar du, gainerako guztiek bezala".
 
Erabakitzeko eskubideari dagokionean, Ibarretxek adierazi du alderdi bakoitzak bere ideien berri emango duela foroan eta "jarrera batzuk zein besteak zilegiak" izango direla.
 
Azkenik, Lehendakariak adierazi du Ajuria Eneako ateak beti egongo dira "zabalik" eta etorkizunerako "esfortzua, lana eta elkarrizketa" beharrezkoak izango direla.

PARTEKATU