Estatuaren gaurko egitura eta berau eratzeko araua onetsi zenetik ia hogeita hamar urte igaro ondoren, egungo hau une historiko zeharo erabakigarria dugu.
Garai hartako inguruabar politiko, historiko eta sozialen ondore gisa sortu zen egungo lurralde-eredua, Estatu espainiarra osatzen duten herri guztien elkarbizitza politikorako esparru bilakatu dena.
Gaur egun, aldi horiek igaro ondorik, inguruabarrak erabat ezberdinak dira. Gizarte globalizatuan bizi gara, eta halako gizartean eskema zurrunek, jarrera itsuek eta adiera eta alde bakarreko interpretazioek ez dute inondik inora errazten arestion aipatu dugun elkarbizitza politikoa. Aitzitik, arauek tresna bizi eta eraginkorrak izan behar dute, hots, gure herrietako hiritarren eta mende berrian bizi den gizarte moderno eta aldakorraren beharrizan, asmo eta itxaropenekin bat datozen baliabide eragingarriak.
Horrenbestez, gure iritzian, eratze-arauaren egokitzapen eta interpretazio malgu eta irekiari ekiteko moduko inguruabar historikoak gertatzen ari dira une honetan, halako moldez non beharrizan berriei erantzun egokia eman ahal izango baitzaie.
Badakigu, eta ziur jakin ere, alderdi politikoak gizartearen zerbitzuan dauden tresnak direna, eta gure lana, zati handi batean behintzat, bideak urratzea eta etorkizuneranzko aurrerabidean gure gizartearen aitzindari izatea dena.
Seguru gaude guztion artean, berdintasun baldintzetan jarduteko esparru erkidea bilatzeko ahalegina egiten badugu, gauza izango garela bakean harremanak izateko eta elkarrekin bizitzeko, norberaren diferentziak begirunez zainduz.
Herri guztiak gara bakarrak gure desberdintasunengatik. Baina hori gorabehera prest gaude diferentzia horiek urruntzeko tresna izan beharrean hurbiltzekoak izan daitezen, herrien arteko elkarren arteko dependentzia harremanak ezartzera iritsi arte.
Nazionalismoak ezin dira Estatua ezabatzeko eta hausteko formatzat jo, integrazio eredu desberdina bilatzeko era baino ez direlako.
Oraingo aldi honetan, Estatuko herri ezberdinen Autonomia Estatutuak erreformatzeko prozesua hasi da.
Hori dela bide, une erabakigarri hau aprobetxatu behar dugu, Estatua hainbat naziok eta kulturak osatzen dutela islatzen duen errealitateari erantzun egokia eskaintzeko urratsak emate aldera.
Horren guztiaren ondorioz, CIU, EAJ-PNV, BNG eta PA alderdi nazionalistok gure indarrak bildu nahi ditugu, bereizten gaituena barik batzen gaituena identifikatu asmoz, gure alderdiok ados dauden gaiak nabarmendu asmoz, pluralismotik eta aniztasunetik abiatuz, biharko egunean ororentzat erdietsi beharreko helburuak defendatze aldera.
Ildo horri jarraiki, Konstituzioari buruzko eztabaida sustatzeko eta, aniztasun politikoa errespetatuz, herrien arteko elkarbizitza orekatsu eta baketsua nagusi izango den esparru politikoa bermatzeko, gure ekintza politikoan bat datozen gaiei dagokienez, ondoko ADIERAZPENA egiten dugu:
1.- Herriek askatasunez euren etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko duten eskubidea, nazio askotako Estatu baten barruan eta, ondorioz, estatu espainiarra eratzen duten herri guztien diferentzia eta identitateekiko begirunea eta herri horien arteko solidaritatea.
2.- Jarduketa politikoaren esparru guztietan lurralde mailako eskuordetzan aurrera egiteko beharrizana, hala Estatu osoan nola Europar Batasunean.
3.- Autogobernua sakondu behar da; halaber, hori lortzeko lanean arituko diren erakundeak ere sortu behar dira, beti ere herri bakoitzaren beharrizanak eta berezitasunak errespetatuz.
Badakigu, jakin, kultura eta nortasun arloko aniztasunak denontzat onuragarriak direna eta Estatuko herrien arteko erlazio-esparru berria erdiets daitekeena.
Sevillan, 2006ko apirilaren 1ean.-
Sin.: CIU, EAJ-PNV, BNG eta PA