Iñigo Urkullu
15Martxoa
2006
15 |
Hainbat agiri

IÑIGO URKULLU
Hamasei hilabete ondoren

Iñigo Urkullu
Martxoa 15 | 2006 |
Hainbat agiri

Hau da, orain dela hamasei hilabete, Batasunak Anoetan jakinerazi zuen adierazpenaren ondoren, Euzkadi Buru Batzarrak egin zuen balorazioa. Eta, hamasei hilabeteren ostean, Euzkadi Buru Batzarrak orduan esandakoak erabat indarrean jarraitzen du.
 
Egoera honek hainbat hausnarketa egin beharra eskatzen digu guztioi, bai alderdi politikoei eta baita komunikabideei ere.
 
Euzko Alderdi Jeltzalearen orain dela hamasei hilabeteko agiriak oraindik ere bete-betean balio badu, honek esangura du denak lehengo lepotik jarraitzen duela, ez dela funtsezko ezer berririk gertatu. Hamasei hilabete daramatzagula esne-berbetan, bazterrak nahasten baina, orain arte, aurrera egin gabe.
 
Euskal gizarteari zor zaion seriotasuna erakusteko ordua da. ETAk behingoz armak utzi behar ditu eta Batasunak, behingoz ere, orain dela hamasei hilabete agindu bezala, gatazka kaleetatik atera eta bide demokratiko hutsei ekin behar die.
 
Euskal gizarteari zor zaion heldutasuna erakusteko ordua ere bada. Batasunak ezin du bere ezintasunak edo nahiezak han-hemenka sakabanatzen jarraitu. Ezin du bere erruak inori leporatzen beti jardun.
 
Batasunak ezin du egun batean Euzko Alderdi Jeltzalea gutxietsi, bestean leialtasuna eskatu eta hurrengoan jeltzaleak direla bakegintza eragozten ari direnak salatu. Umekeriak egiteari utzi eta Batasunak erakutsiko al du behingoz heldutasun apurren bat?
 
Euzko Alderdi Jeltzaleak bere esku zegoen guztia egin du bakegintza-bidean. Aurrenik PSOErekin batera Diputatuen Kongresuaren ebazpena hitzartu.  Ondoren Rodriguez Zapatero presidenteari aldez aurretiko leialtasuna segurtatu. Eta, azkenik, bakegintza eta normalizazio politikoari buruzko ekimena hartu, aho batez onartu eta jendaurrean azaldu.  Batasunak, aldiz, ez du ez ebazpenik hitzartu, ez agiririk plazaratu, eta gero eta eztabaidagarriago da leiala ote den.
 
Hau guztia, inondik ere batere ahaztu gabe, Eskubide Estatuak eskaintzen dituen baliapideak direla-eta Zapateroren gobernuak jorratu ditzakeen urratsak. Bi erabaki, besteak beste: Batetik, espetxe-politika gizatasunez bideratzeari dagokion erabakia,  ahal-bait-lehen hartu beharrekoa gainera.  Eta, bestetik,  Fiskaltza Nagusiaren jokamoldea zentzuz eta tajuz betearazteari dagokion erabakia. Biak dira gizarteak, ulertu ezezik, benetan esker onez hartuko lituzkeen jarrerak.
 
Euzkadi Buru Batzarraren orain dela hamasei hilabeteko agiriak gaurkotasunik galtzea nahi du Euzko Alderdi Jeltzaleak. Eta armak uztea eta bitarteko demokratikoak besterik ez erabiltzea ETAk eta Batasunak bakarrik egin dezakete. Ordua da. Eta euskal gizartea horren zain dago. 
 

PARTEKATU