Iritzia
22Martxoa
2004
22 |
Iritzia

Europar talde berria

Iritzia
Martxoa 22 | 2004 |
Iritzia

Erromako alkate-ohi eta La Margherita ezker-zentruaren koalizioburu den Francesco Rutelliren ekimenez, azken asteburu honetan bildu dira Erroman bertan hamabost estatuko hogeiren bat alderdi, “Europako Alderdi Politikoen etorkizuna” izeneko jardunaldietan. Haien artean, Euskal Herritik, Eusko Alderdi Jeltzalea eta, Kataluniatik, Unió Democratica de Catalunya.
Ekimen honek, besteak beste, talde eskuindar eta sozialisten arteko erdigunean aritu nahi duen alternatiba indartsua eragin nahi du Europar Parlamentuan eta, esne-berbetan geratu ezezik, abiapuntu zehatzak burutu nahi ditu udaberrian izango diren hurrengo hauteskundeetan ildo beretsutik aurkeztu ahal izateko.
 
            Ideia honek hainbat sorrera eta zabalkunde ezberdinetako alderdiak elkartarazi nahi ditu europar egitasmo bateratuan. Bai ekialdeko Europan –Lituania, Letonia, Estonia, Polonia, Eslovakia, Eslovenia etab.— hasiak diren indar politiko berriak eta baita Erresuma Batuan sekulako tradizioa duten liberalak ere. Bai nazio bakarreko estatuetakoak direnak, Danimarka kasu, eta baita euren barruan errejio federalak dituztenak ere, Belgika esate baterako.
 
            Sortzear dagoen talde europar berri horren berezitasun ideologikoak zehaztekotan, bertan bilduko lirateke printzipio edo hastapenetan humanistak diren alderdiak, giza-eskubide guztien defentsan liberalak direnak, gizarte-aldarrikapenetan aurrerakoiak eta Europa federal batean estaturik gabeko nazioen eskuartzea bermatuko dutenak.
 
            Honako jaiotza honek badu, bataiatu aurretik ere, aitabitxi edo aita besoetakorik: Romano Prodi, Italiako L´Ulivo ezker-zentru koalizioaren sortzaile (1995) eta buruzagia, eta gaur egun Europar Batzordearen  presidentea dena.
 
            Geroak esango du ekimen honek aurrera egingo duen ala ez baina, hasteko, bistan da gero eta gehiago direla uste dutenak Europa hil ala biziko proiektua dela eta, estatuen azpitik eta internazional kontserbadore eta sozialiten gainetik, aurrera begira hirugarren alternatiba ezin bestekoa dela.

PARTEKATU