Gaurtik aurrera Europan izango dugu sekula historian izan den parlamentu demokratikorik galantena: 425 milioi hiritarren 732 ordezkari bilduko dituen legebiltzarra. Euskaldunok errekatxoa baino ez gara uholde horretan, %0,7 inguru baino ez. Hala ere, uholde horren ametsetan jardun dugu, Nafarroako Luis III. eta Frantziako XIV. erregeak, batetik, eta Nafarroako Felipe VI. eta Gaztelako IV. erregeak, bestetik, Pirinioetako Bakea sinatu eta mugak finkatu zituztenetik, Bidasoako Faisaien uhartean, 1659an. Biak Nafarroako errege eta biak Nafarroaren kaltetan.
Geroztik, Europar Batasuna ez da Estatuen erdigunean jaiotako politikarien egitasmoa izan, mugalariena baizik, Schuman, De Gasperi eta Adenauer kasu. Eta, euskaldunok ere, mugak bertatik bertara sufritu izan ditugunez gero, aintzindari izan gara mugarik gabeko Europagintzan.
Europar Elkarte Ekonomikoa 1957an sortu bazen ere, Bidasoako aduanak zirela-eta, honako hau aurreratu zion Gipuzkoako Diputazioak Espainiako erreginari 1837an: “Tal vez llegará un tiempo en que las potencias, que van modificando mucho el ramo de las aduanas, las supriman todas por común acuerdo y utilidad”.
Era berean, Luis Eleizalde idazle eta hizkuntzalari bergararrak zera idatzi zuen 1914an: “Cada uno de los grupos nacionales muy diversos que constituyen la actual Europa tiene derecho a la vida y al porvenir. Cada uno de esos grupos nacionales –posea o no un Estado propio—es un elemento de la Europa actual y tendrá su intervención en la Europa futura”.
Ildo beretik, EAJk “Euzkadi-Europa” lelopean ospatu zuen 1933ko Aberri Eguna; Manuel Irujok “europar federazioa” proposatu zuen 1948an eta Jabier Landaburuk (“La causa del Pueblo Vasco”) moneta, gudaroste eta diplomazia bakarreko Europa batua aldarrikatu zuen 1956an.
Europa ekonomikoa izan bada. Europa politikoa hasi baino ez da. Geroak esango du aukera berriaz baliatzeko gauza izango garen ala ez euskaldunok. Baina, zer gerta ere, ez behintzat ustekabean harrapatu gaituenik esan.