Hitzaldia
11Iraila
2004
11 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
Europako Alderdi Demokrataren aurkezpena

Hitzaldia
Iraila 11 | 2004 |
Hitzaldia

Arratsalde on eta agur bero bat zuei guztioi eta panel prestigiotsu hau banatzeko ohorea dudan buruzagiei. Italiara etortzea beti da atsegina, baina are atseginagoa da, horrelakorik baldin badaiteke behintzat, Penintsulako eremu eder honetara etortzea, niretzat hain ezaguna ez den txoko honetara. Beraz, bereziki eskertu nahi nioke nire adiskide Francesco Rutelli-ri igorri zidan gonbidapena, Europako Alderdi Demokrataren lehenbiziko ekintza publikoan parte har nezan. Dakizuen bezala, joan den uztailean formalizatu zen alderdia Bruselan eta hau da bateratu ondorengo lehenbiziko ekintza publikoa. Era berean, nire elkartasuna adierazi nahi dizuet galdu dituzuen soldadu eta zibil italiarrengatik eta, bereziki adierazi nahi nieke nire elkartasuna une latz hauetan Iraken bahituta dauden Simona Torreta eta Simona Pari kooperanteen familiei. Alderdi demokrata berria osatzea, europeistok sentitu dugun berezko behar bati dagokio funtsean. Izan ere, ikusi dugu Europako talde politiko handiek, Popularrak eta Sozialistak, hegemonia parlamentariorako duten grinan indar politikoak pilatu dituztela eta beraien koherentziaz eta barne kohesioaz ez direla arduratu. Europako Alderdi Popularraren kasuan, gainera, baztertu egin du Europako eraikuntza politikoari buruz zuen ohiko ikuspegi federala.
Alderdi Demokratak, beraz, Europan parlamentu alorrean dagoen hutsunea betetzen du, hain zuzen ere Europak jauzi politiko kualifikatua behar duenean erronka globalei aurre egiteko eta mundu mailan botere polo eta nahitaezko erreferentzia bihurtzeko.

Alde ilunagoak izan dituen arren Europa eraikitzea lan arrakastatsua izan dela esan dezakegu. Aurrekariak bazeuden arren, Europaren ideia inguru traumatikoan sortu zen egiazko indarrarekin, 100 urte baino gutxiagoan zoritxarreko hiru gerra izan ondoren, eta funtsezko helburua europarrok elkar hiltzen ez jarraitzea zenean. Azkeneko ia 60 urtean bake eta askatasun eremua garatzeaz gain, ongizatezko eta elkartasunezko esparru ekonomikoa ere sortu dugu eta hori egonkortasun politikorako lehen mailako faktorea izan da.

Baina mundua oso azkar ari da aldatzen eta ez Estatu-nazioek euren kabuz ez Europa ahulak egin diezaieke aurre berme osoarekin eta modu eraginkorrean erronka globalei, nola gure gizarteei eta hala guri hiritar gisa erasaten digutenei. Europa indartsua eskatzen dugu erabaki estrategiko globalen alorrean, baina oraindik ere ipotx politikoak baino zertxobait gehiago besterik ez gara nazioartean.

Ez dator nirekin bat politika fikzioa egitea. Egunero ari gara sufritzen zentzurik gabeko gerraren ondorio latzak. Gerra horretara AEBek eraman gaituzte herrialde aliatu gutxi batzuekin batera, Nazio Batuen ebazpenei ezentzunarena eginda. 

Beharrezkoa da AEBekin elkarlanean aritzea, elkarbanatutako diagnostikoan oinarritu, lankidetza zintzoan oinarrituta, baina inoiz ere ez mendekotasunean oinarrituta.

Seguruenez, banaketak gogoan izan arren, politikoki batutako Europaren gehiengo kualifikatuak liskar armatura ez joatea erabaki izan balu irmo, mundua seguruagoa litzateke gaur egun eta ez ginateke gure hiritar askoren zoritxarrari negar egiten ariko. Hau adibide txiki bat besterik ez da Europa hori behar dela adierazten duena, gaur egun ametsa baino zerbait gehiago da, baina etorkizunean zalantzarik gabeko errealitatea izango da.

Amestutako Europa horretarako bidean oztopo garrantzitsuak gainditu beharko ditugu denok, baina ez Erromako Ituna sinatu zenetik gainditu ditugunak baino askoz handiagoak.

Une hauetan bidegurutzean gaude, egokiena litzateke hartzen ditugun erabakiak Batasuneko subjektu politikoek aho batez hartuak izatea. Baina 25eko Europa honetan aurrera irmo egiteko aho bateko akordioa ameskeria da. Lan agorra eta zapuzgarria da. Ez dugu Batasun politikoa eraikitzen aurrera egingo Batasuneko kide guztien aho bateko akordioaren atzetik baldin bagabiltza, beti egongo baita kideren bat, gaur egun Britainia Handia bezala, aurrerapena ukatuko duena eta denok esku-frenoa duen herrialdearen nahietara egokitu beharko gara.

Esperientzia historikoak erakusten digu jauzi egin beharreko prozesu sakon hauetan eta hainbat motatako borondateak bat egiteko metodo demokratikoa dagoenetan, beti egongo dela herrialde multzo bat prozesuaren motore izango direnak eta treneko bagoiei tirako dienak. Norbaitek atzera gelditu nahi badu, askonahiko herrialde multzoak jarritako erritmoari jarraitu ezin diolako, beti izango du bagoi nagusiarekin geroago bat egiteko aukera.

Gizateriaren mesedetan egin ezin duguna da blokeatuta gelditu aurrera egiteko borondaterik ez duenaren erabakiaren kontura. Izan ere hori eginez gero, Europak ez du aurrera egingo eta inoiz ere ez da errealitate garrantzitsua izango munduko xake jokoan.

Nazioarteko harremanen mundua alor konplexua da, hainbat kultura, politika eta erlijio biltzen baitira, horietako batzuk historikoki elkarren aurka ibiliak, eta horien gatazkak konpontzea, jarrera aldebakarretatik, ikuspegi motzak eta xumeak erabilita, arriskutsua da munduko bakearentzat.

Erronkak globalak baldin badira, planeta mailako erakundeetatik egin behar zaie aurre. Testuinguru horretan beharrezkoa da mundu mailako gobernu bat, hau da, berritutako Nazio Batuak errealitate unibertsal berriari erantzungo dietenak. Berrituko eszenategia ari da sortzen, eta horko subjektuak ez dira Estatuak baizik eta eskualde blokeak edo itunak. Horien artean legoke Europa zahar hau ere –beste bertute batzuen artean esperientzia eta jakituria ekarriko lituzkeenak-. Bada, eszenategi berri horretan funtsezkoa da ikuspegi aldeanitza eta globala.

Zentzu horretan, Europako Alderdi Demokrata abangoardiako tresna da, nola Europako bakea, askatasuna eta ongizatea finkatzeko, hala munduko elkartasunari eta egonkortasunari ekarpena egiteko ere.

Alderdi berria eta plurala, bertako kide batzuk iraganean elkarlanean jardundakoak garen arren, oraina elkarbanatzen dugu beste Europa zahar horretako ordezkari nabarmenekin, duela ia 15 urtera arte diktadura komunistaren pean bidegabe zapalduta egondakoekin. Kultura eta tradizio desberdinetatik gatozen alderdiak gara, baina elkarbanatutako etorkizunaren alde egiten dugu.

Europako Alderdi Demokratikoa osatzen dugun talde politikoen aniztasunarekiko eta desberdintasunekiko errespetutik eta tolerantziatik, funtsezkoa da etorkizunean Alderdi bateratu bezala jardutea, izendatzaile komun argiekin, sorrera Biltzarrean zehatzago definituko ditugularik horiek.

Ezinbestekoa da barne kohesio politikoa izatea, iraganean horrenbeste kritikatu baitugu horren gabezia. Horrela bihurtuko gara europartasun jatorrenaren erreferente eta erakarpen ardatz.

Funtsezkoa da bertako alderdien arteko komunikazio estu eta jarraitua harremanak lantzeko, gure artean konfiantzazko eta ulermeneko guneak ireki eta gara daitezen. Gune eta jarrera horien bidez, egon ziur gaur egungo proiektuko ilusioak errealitate arrakastatsu bihurtuko direla.

Milaka urte dituen herri europar baten ordezkari gisa hitz egin nahi dizuet; herri horrek beste estatu, nazio eta eskualde askorekin batera, bere txikitasunetik eta umiltasunetik, ekarpenak egin ditu Europako anima eta aniztasuna definitzen duen kulturen arragora.

Hiritarrek berarekin bat egingo duten Europa eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da kultur aberastasun hori zaindu eta sustatzea, dena homogeneizatzen duen globalizazio prozesu honetan gero eta pertsona gehiago baitira Europan babes animikoa beraien berezko erkidegoan bilatzen dutenak.

Europako proiektuan borondateak sartzeko ezinbestekoa da tokiko, eskualdeko, nazio eta estatu mailako nortasunak errespetatzea, giza izaeraren behar intimoagoei ere erantzun eraginkorra ematen baitiete.

Zentzu horretan, aniztasunaren kontzeptuari heldu beharra dago ez Europa eraikitzeko prozesuaren oztopo gisa baizik eta funtsezko aktibo politiko gisa, Europako hiritar gehienen bihotzek atseginez hartzen dutena.

Ezinbestekoa da kontinentea osatzen duten hiritarrak eta herriak eroso sentitzea Europako egitura berrian. Horretarako funtsezkoa da, eta demokratikoki aitzakiarik gabekoa, borondate indibiduala eta taldearena errespetatzea.

Guretzat, Europako prozesu politikoa gogoan izanda, subsidiariotasunaren printzipioa funtsezko kontzeptua da Europa demokratikoa eraikitzeko, behetik gora. Hau da, zerbitzu publiko bat ez dezala kudeatu administrazio eskalako goragoko erakunde batek, beragoko batek modu eraginkorrean egin badezake lan hori. Ez dezala probintziak administratu Udalak hobeto eta eraginkorrago kudea dezakeen eskumen bat bere hiritarren zerbitzurako. Eta gauza bera kasu guztietan.

Zentzu honetan Europa bere hiritarren nahien arabera egingo da edo ez da egingo. Izan ere, hiritarrek hitza dute eta etengabe zigortzen dute hauteskundeetan eta erreferendumetan. Funtsezkoa da gizabanakoa, pertsona izatea proposamen eta ekintza politiko ororen subjektua.

Askotan herri zerbitzariok ez dugu behar adinako gaitasun pedagogikoa izaten hiritarrengana iritsi eta gure ekintzak azaltzeko, denon mesederako direnak, eta hitz-jario ulertezinean galtzen gara jendea gauza publikoetatik aldenduz.

Beraz, hurrengo Biltzarrean Europaren arazoa eta munduan duen zeregina garatu beharra daukagu. Segurtasuna, nazioarteko terrorismoa, Turkia Batasunean sartzea, etab.

Hori bezain garrantzitsua da europarrek eguneroko bizitza dituzten arazoez aritzea: hazkunde ekonomikoa, hezkuntza, osasuna, gizarte laguntzak, immigrazioa, ingurumena, kontsumitzailea babestea, etab. Hori guztia hausnarketa berri baten markoan eta birplanteamenduarenean. Europako nortasun seinaleetako bati buruzko hausnarketa eta birplanteamendua daukagu egin beharra. Hau da, hain harro sentitzen garen Europako gizarte ereduari buruzkoa.

Beraz, Europa sutsuki sentitzen eta Europan sutsuki sinesten dugunok lan liluragarria dugu. Amets europarra egia bihurtzeko aukera historikoa. Alegia, gure seme-alabentzat mundu toleranteagoa, bidezkoagoa eta askeagoa eraikitzeko aukera historikoa.

PARTEKATU