Elkarrizketak
16Otsaila
2006
16 |
Elkarrizketak

Idoia Zenarruzabeitia (Berria)

Elkarrizketak
Otsaila 16 | 2006 |
Elkarrizketak

Elkarrizketak

Berria


Zenarruzabeitia: "Kupotik zenbat diru itzultzen ari den neurtzeko bitartekoak nahi ditugu"
Kupoaren negoziazioa, Ekarpen Lege berria, edo Sozietate Zergaren erreforma. Aurten karteran ez zaizkio gaiak falta Idoia Zenarrutzabeitiari (Usansolo, 1959), eta Eusko Jaurlaritzak atal horietan lortu nahi dituen helburu orokorrei buruz mintzo da.
 
Duela bost urte Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa berritu ziren. Luze eta gatazkatsuak izan ziren negoziazioak Aznarren gobernuarekin. Nolako prozesua espero duzu aurten?
 
Duela bost urte Kontzertuak izan zuen lehentasun osoa, eta Kupoa ia aurrekoa bezala geratu zen, aldaketa handirik egin gabe. Geure helburua justizia egitea da. Hemendik kanpo jende guztia ari da elkartasunaz hitz egiten, eta ondo ikusten dut. Guk mila milioi euro ordaintzen dizkiogu urtero Estatuari, beste herri batzuenganako elkartasuna bermatzeko, baina, aldi berean, filosofia izan beharko litzateke Estatuak bere esku dituen eskuduntzetan hemen inbertitzea. Iaz, esaterako, 1.200 milioi euro bidali genituen Kupoaren bidez, eta inbertsioa 600.000 euro izan ziren. Justizia kontua da.
 
Espainiako Gobernuak urtero portzentaje jakin bat bideratzea eskatuko duzue? Nola orekatzen da alde hori?
 
Kupoa ordaintzen dugu, baina gero beste fluxu ekonomiko batzuk ditugu. Estatuak oraindik zerga batzuk biltzen ditu, eta, egokitu eta gero, dirua bidaltzen digu. Biak berrikusi behar ditugu. Beti izan dugu gaia buruan, baina ez dugu astirik izan eztabaidatzeko. Teorian, Kupoa Estatuaren eskumenak Euskadin garatzeko dirua da, eta gero ikusten dugu ez dela horrela gertatzen. Kupoaren Legean euren konpromisoak zeintzuk diren zehaztu beharko genuke. Urtero guk ordaintzen duguna neurtzen den moduan, euren konpromisoak, urtero edo bost urtean behin, inbertsioen bidez nola itzultzen diren ikusteko neurgailuak behar ditugu.
 
Hortaz, Kupoan ordaintzen ari den diruaren parte bat itzultzen dela bermatu nahi duzue?
 
Urtero ordaintzen dugu geure partea, eta, bost urtean behin, itxi egiten dira kontu guztiak, baina soilik gure aldetik eginikoak. Kontzertua bi aldeko ituna baldin bada, eurek ere konpromisoak hartu behar dituzte. Kupotik zenbat diru itzultzen ari den neurtzeko bitartekoak egotea nahi dugu.
 
Metodologian aldaketarik eskatuko duzue? Esaterako, inputazio indizea (EAEko errenta Estatukoarekin harremanetan jartzen duen kopurua) jaistea?
 
Kupoaren Legea oso konplexua da. Sinplifikatzeko asmoz, beti hartzen da inputazio orokorraren indizea deritzona erreferentzia gisa, %6,24 famatua. Baina horrez gain, beste lotura tekniko asko dituen legea denez, erreferente estatistikoa baino ez da: Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako BPGan duen pisua. Gaur egun, INEk kalkulatzen du, eta ez du askoz esanahi handiagorik.
 
Alor batzuetan Enplegu politikak, besteak beste eskumenak jasotzea negoziatzen ari zarete Madrilekin. Kupoa finkatu baino lehen hori ixtea bilatuko duzue?
 
Eskumenei buruz bi urte daramatzagu berbetan, eta nekaturik nago. Geure gobernua osatu zenean, lehentasun batzuk jarri genituen, Eusko Legebiltzarrak duela hamar urte onartutakoaren haritik. Erabaki genuen alde bietatik enpleguko eskuduntzat lantzea. Guk duela sei hilabete geure jarrera ofiziala igorri genien, beraiek erantzun bat eman eta egutegi bat jar zezaten. Ez dugu izan erantzun ofizialik. Geure jendea ari da Lan Ministerioko jendearekin hitz egiten, batzarrak egiten, eta ez dugu ikusten erantzun argirik, ez baietz, ez ezetz, eta horixe da txarrena. Ezetz esaten badute, denok jakingo dugu zertan gabiltzan. Ez dit balio alderdi sozialistak ahoa betetzea Estatutuarekin, gero ez badira betetzeko gai.
 
Prozesu independentzat jotzen dituzue, ondorioz.
 
Ez, baina ez nau kezkatzen hainbeste noiz ematen den, badakidalako aurten edo datorren urtean eskumenen bat etortzen bazaigu diru hori Kupotik kenduko litzatekeela. Hori bai, geure esku hainbat eskumen baleude, gaur ordaintzen dugun dirua askoz gutxiago izango litzateke. Akaso, horixe da Estatutuak dioena ez betetzeko arrazoia. Gizarte Segurantza, Enplegu edo Azpiegituretan diru asko dago, eta agian Espainiako Gobernuaren jarrera, politikoa izateaz gain, ekonomikoa ere bada.
 
Zein ataletatik politikoa eta zein ataletatik ekonomikoa?
 
Espetxeekin, esaterako, une politiko egokia ez dela argudiatzen dute. Gizarte Segurantzari dagokionez, duela denbora gutxi Zapaterok esan zuen orain 25 urte lortu zela halako gai bat estatutu batean egotea, baina gaur egun ez zela sekula lortuko ohartarazi zuen. Ikusi besterik ez da egin behar Kataluniako eta Valentziako estatutuekin zer gertatu den. Mahai gainean jarri da, baina ez dute lortu. Baina guk dagoeneko onarturik dugu. Ahoa betetzen zaie Estatutuaren defentsarekin, baina gero ez dira gai proposamenik egiteko, ezta jarrerarik azaltzeko ere. Horregatik ez dut konfiantza mezurik bidali nahi prozesu horri buruz.
 
Kupoaren Legea kitatu ondoren, etxeko kontuak argitzeko unea dator, Ekarpen Legearekin. Dagoeneko Arabak eta Bizkaiak adierazi dute diru gehiago nahi dutela.
 
Baita guk ere. Logikoa da, Jaurlaritzaren esku dago gastu gehiena. Gure aurrekontua Bizkaikoaren halako zazpi da, eta ez da diru asko dugulako; gertatzen da geure esku daudela Osasun Saila, Hezkuntza, Segurtasuna, Justizia, eta 65.000 langile ditugulako. Euskadiko enpresarik handiena gara. Dirua mugatua da, eta betebeharrak gero eta gehigo. Halako logika batean sartzen bagara, Gobernuan askoz diru gehiago beharko dugu. Prest nago eztabaida horretarako, eta ziur nago gizartean Gobernuak irabazia duela diru banaketaren eztabaida. Dena den, nik uste dut hori ez dela bidea, herri txikia izanik guztien artean politikak egitea gero eta beharrezkoagoa izango baita.
 
Arabaren argudioa aski ezaguna da: gizarte gastua ikaragarri handitu zaiola azken urteotan, eta ez duela aurre egiteko nahikoa baliabide.
 
Eta gurea ez, ala? Har ezazu, esaterako, farmaziako gastuak. Gure biztanle gero eta gehiago adinekoak dira, eta osasun unibertsala eta doakoa ziurtatu behar zaie. Hori ondo dago, baina medikuak, ospitaleak eta halakoak izateko diru asko behar da, eta diru horrek herrialdeek kobratzen dituzten zergetatik etorri behar du.
 
Lan talde bat ariko da Ekarpen Legearen moldaketa aztertzen. Sartuko da gastuen egitura neurtzera?
 
Gobernuak diru gehiegi duela esatea benetako eztabaida ezkutatzea da. Diputazioek diru gutxi dutela eta Jaurlaritzak asko duela argudiatzeak ez dio inori mesederik egiten. Arazoa aldundien arteko banaketan dago gehiago: nola orekatzen dugun sistema aldundi bakoitzak besteei kalterik ez egiteko. Azken finean, Ekarpen Legea, Kupoa bezala, kalkulu araudiak dira. Sortu zirenean, soilik zerga zuzenak kudeatzen genituen. Duela hamar urte barne mailako BEZa jaso genuen, eta iaz, operazio baliokideei dagokien BEZa. Azken hori ez dago egokiturik, eta hor konpentsazio batzuk ezartzea beharrezkoa da. Sistema honek gauza ona du: arriskua partekatzen da. Erakunde batek bilketa ongi egiten badu, besteak hobea izaten ahalegindu behar du, kalteturik ez ateratzeko.
 
Aldundien arteko akordioa sustatzeko inbertsio plan berezi bat eskaini zuen Eusko Jaurlaritzak duela bost urte. Bizkaiko ahaldun nagusiak, Jose Luis Bilbaok, esan du aldundien eskumen diren gaietarako planak egitea ez dela bide «egokia». Berriro aukera hori eskainiko duzue negoziazioan?
 
Asteartean izan genuen EAEko Finantza Kontseilua, eta inbertsioetarako egitasmo horretara beste hogei milioi euro bideratu genituen. Inork ez zituen errefusatu, inork ez zuen ezetzik esan. Baina nik uste dut, Ekarpen Legeari lotuta edo ez, ohitura egokia dela halakoak bultzatzea. Proiektu batzuk, estrategikoak asko, garestiegiak dira foru aldundi batek edo udal batek bere kabuz egiteko. Badira guztion artean bultzatu beharreko kontuak, ene ustez.
 
Ekonomiaren egoerari dagokionez, enpresaburu batzuek erne egoteko ohartarazi dute, ziklo aldaketa datorrela-eta. Horrenbesterako da?
 
Egia da ekonomia ziklikoa dela, baina gure ekonomiaren hazkundea, joan den urtean, Espainiakoarena halako bi izan zen. Guk ez dugu mementoz ziklo aldaketa hori ikusten. Aurten ditugun aurreikuspenak onak dira, ez iazkoen parekoak, baina bai indartsuak. Ziur aski ziklo aldaketa iritsiko da azkenean, baina horrelako inpresioa izan genuen duela hiru urte ere, eta ondoren ez zen deus gertatu.
 
Kezka bat ere zabaltzen ari da azkenaldian, euskal industrien erabakiguneak ez ote diren atzerrira joaten ari. Sidenorrekin gertatu dena.
 
Hori, berez, ez da ez ona, ez txarra. Zeuk enpresa horiei ateratzen dizkiezun konpromisoen araberakoa izango da emaitza. Egia da ezin dugula industria guztia kanpoko eskuetan utzi, baina ezta alderantziz ere. Baten bat baldin badator, ezin ditugu ateak itxi, eta geure enpresen eta atzerrikoen artean sinergiak bilatzen lagundu behar dugu.
 
Beste proiektu bat zintzilik geratu zen iaz: BBK, Kutxa eta Vital Kutxaren arteko bat-egitea. Gobernua prest dago proiektuari bultzada bat emateko Aurrezki Kutxen Legea aldatuta?
 
Aspalditik esan dugu kutxen bat-egitea guretzat proiektu estrategikoa dela Euskadirako. Horixe da neure iritzia, baina Jaurlaritzatik argi esan dugu proiektua kutxek eurek bultzatu behar dutela, eta, hala bada, Gobernuak lagunduko die bidaia horretan. Batzuek zabaldu dute ez dela gauzatu legea oztopo zelako, baina ez da benetan dena erori Arabako erakunde eta alderdi batek, PPk, zapuztu duelako, eta beste bat, PSE, beldurtu delako? Legea bigarren maila batean dago. Kutxen artean akordioa dagoenean, guk moldaketa Legebiltzarrera eramango dugu, eta onartua izan dadin lan egingo dugu.
 
Badirudi 2007. urteko udal eta foru hauteskundeak igaro arte prozesua ez aurrera ez atzera egondo dela. Ados zaude?
 
Eta gero beste lau urte eskatuko dira gauzatzeko. Hasi zenean proiektua komentatzen, eta eragile guztiak posible zela esaten hasi zirenean, poztu nintzen, zeren eta herri honetan proiektu estrategiko bat bultzatzeko gutxienez hamabost urte behar dira. Hamabost urte joan dira herrialde bakoitzeko kutxek bat egin zutenetik. Ez dakit beste urtebete itxarotea asko edo gutxi izango den, esan nahi dudana da denbora gehiago pasatzen uzten badugu, gehiago galduko dugula. Ikusi besterik ez da egin behar kutxen sektorean gertatzen ari diren aldaketak. Besteak ari dira denbora irabazten, eta gu galtzen. Dena den, heldua da proiektua, eta ea gai diren euren artean ados jartzeko.
 
Azken eguna arte ez zen akordiorik izan hiru aldundien artean Sozietate Zergan tasa bera izateko. Ez dakit egiazko arriskua ikusi zenuten bakoitzak bere kasa onartzeko?
 
Bi hipotesiak zeuden. Gu astero batu ginen aldundiekin, eta guztien asmoa tasa bakarrean adostea zen. Noski, batzuek modu batera nahi zuten akordioa, eta beste batzuek bestera. Arriskua agian bai, baina, benetako arriskua balitz, ez ziren etorriko Gobernuarekin batzartzera.
 
Bizkaiak eta Gipuzkoak arinegi jokatu zuten tasa %32ra jaitsiko zutela iragarri zutenean, Arabarekin hitzartu gabe?
 
Bakoitzak bere moduak ditu politika egiteko eta erakundeak kudeatzeko. Hilabete luze bat gora eta behera ibiltzeak ondorio zuzen bat izan zuen: mundu guztiak ahaztu zuen auzia nondik zetorren eta benetako erantzuleaz, eta bakarrik islatu zen aldundiak ez zirela gai ados jartzeko. Hori izan zen efekturik txarrena.
 
Horren haritik, eman zen irudia ez zen gutxi antzean izan?
 
2005eko hasieran Auzitegi Gorenaren epaiari nola erantzun zehazteko ez genuen arazorik izan. Baina urte bukaerarako beste epai bat iritsi zen, eta orduan bakoitzak bere ñabardura, bere ikuspuntua, jarri zuen mahaian. Ahaztu zen arazoa nondik zetorren, eta akordio faltarekin geratu zen jende guztia. Nahiz eta bakoitzak bere ikuspuntua izan, uste dut gai izan behar dugula, diskrezio osoz, kontuak prestatu eta egiteko. Geuk ez genuen batzarrei buruz deus esaten, hori zelako gure ardura. Saiatzen gara adosten, eta ondoren esan beharrekoak esango dira. Alderdi politiko batek, sozialistek hain zuzen ere, beste aldera begiratzen ari ginela eta paso egiten genuela zabaldu zuen, eta hori ez da egia. Batzarretan ari ginen lanean. Isilik egoten jakiteak ere badu bere balioa.
 
Eta tasa berriro auzitegietan dago. Atzera botako duten beldur zarete?
 
Epaiak agertu zirenetik bide erraza ez zela izango bagenekien. Legebiltzarrean lege proposamen bat aurkeztu dugu Kontzertua ikuspuntu juridikotik bermatzeko. Politikan akordioak lortu arren, halako gauzak gertatzen dira. PPk eta PSE-EEk alde bozkatu dute hemen, eta ikusiko dugu Madrilen gauza bera esaten duten.
 
Eta nork du arazoa konpontzeko giltza?
 
Itun bat bada, giltza bik egon behar dute, politika mailan zein kudeatze mailan. Itunaren ateak zabaltzeko giltza bakar bat ez, giltza birekin zabaldu behar da, eta ixteko, berdin. Osterantzean, giltza bakar batekin bazabiltza, Kontzertuaren eta itunaren sisteman ez duzula sinesten esan nahiko du.
 
Tasa ia iragankorra da, erreforma sakonago baten esperoan. Datorren urterako indarrean egongo da erreforma hori?
 
Bai, helburu horretarako lanean ari gara Eusko Jaurlaritzako eta Aldundietako ordezkariak Zergak Koordinatzeko Organoan. Sozietate zergari nahiz PFEZari dagozkion zein neurri moldatzea posible den aztertzen ari gara.
 
Eta zer iruditzen zaizu Madrilen bidea, tasa jaitsi bai, baina aldi berean kenkariak ezabatu?
 
Zapaterok aurkeztu zuen programa eta Solbes ministroaren neurriek ez dute inolako zerikusirik. Beste sistema bat da. Geuk ingurumenari, enpleguari edo berrikuntzari dagozkion kenkariei eutsi nahi diegu gerora begira ere. Zirriborroak duen neurririk arriskutsuena dirua aurrezteko prebisio sistemei dagokien puntua da. Horren bidea jarraitu behar dugu.

PARTEKATU